Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Amasei seme Euskalerriko

Etxaide, JonKulixka Sorta, 1958 Saiakera

Hitzaurrea

Itz-bi

 

 

        Ez noakizu, irakurle, liburu onen egillea aurkeztera, ezpaitut burua orrenbesteraiño galdu. Euskal-idazle gazteagoetan baldin bada iñor ezagunik eta nabarmenik, Etxaide'tar Jon duzu bat, iñondik ere.

        Duen izena eta entzutea eztu jendeak musutruk emana, merezi onez irabazia baizik. Eztugu euskal-soroan Etxaide'ren antzeko langille trebe eta saiatu geiegirik izan. Aldizkarietan dozenaka agertu dituen idaz-lanak bazterturik ere, eta ez baztertzekoak direlako, eztago Alos-torrea-tik gaurko onetaraiño datorren liburu-sillari begiratu besterik. Ongi asi bazen, etzuen orrenbestez etsi. Eztio geroztik utzi izkera lantzeari, belarrietaratzen zitzaizkion itz eta esaera jatorrak jasotzeari, atertu gabe paper zaar eta berriak irautzeari. Orrela eldu da gaur darabillen mintzaera ugari, zeatz, bere gisako, arin eta gerri-biguiñaren jabe izatera.

        Ez noski zail eta nekagarri izan zaiolako beterentzat erraz eta eroso izan oi dena. Orrelaxe aleginduak dituzu, eta ez litzateke gaitz izango nor bere izenez izendatzea, leen eta oraiñagoko euskal-idazlerik gaillenenak. Eta orrelaxe alegindu bearko ere du egun edo biar bear bezala mintzatu nai lukeanak, bere burutik sortutako uste, irudipen eta kasketak izkuntzaren lege eta oiñarritzat eztauzkanak.

        Etxaide'k —zalantzarik bada, zabal bedi liburu au— zearo menderatu du euskera. Menderatu eta bereganatu. Etzaio iñoiz nabari orrako maizegi gure artean suma ditekean cliché-alderako ixuri ori. Dituen ondasun aberatsak iñorengandik artuak baditu —eta nor ezta izkuntza-gaietan besteren zordun?—, aspaldi beretu zituen. Eztitu bide ibilliegiak maite. Eskuan duen mintzabideari, dela flauta dotorea dela gure larre-txirula, soiñu eta doiñu berriak ateraztea dagokio iztun trebeari.

        Lotsatuxe bederen emen agertzen banaiz, liburu onezaz bi itz esatera nator, bere garaiean Euskaltzaindiaren saria eraman zuen ezkero. Euskaldun ospetsuen artean, ori baitzen gaia, euskal-idazleen bizitzak eta lanak aukeratu zituen Etxaide'k, eta ezin zezakean obeki aukera. Eztitugu bear adiña ezagutzen eta, gure ezjakiña estaltzeko edo, bein baiño geiagotan ukatu ere egiten ditugu. Gizon bakoitza gizartearen zordun da beti eta gizaldi bakoitza, baita gurea ere, aurreko gizaldien. Zor ori ezagutzeak eta aitortzeak ez gaitu beiñere gutxitzen. Alda-naiak eragiten badigu ere, berri-billa bagabiltza ere, eztigu batere kalterik egingo zer aldatu eta berritu bear dugun jakiteak. Eta orain nai duzunean jakin zenitzake jakitekoak: liburu onexetan arkituko dituzu, laburki baiña argi eta garbiro emanak, amaika berri eta iritzi, baita egille bakoitzaren zati autatuak ere. Euskaldun guztiok berriro ere zorretan gaude Etxaide'rekin eta ez nolanaiko zorretan.

 

L. Mitxelena

Euskaltzaindikoa

Pasartea

        Donostiarrik gutxi izanen da, euskal-donostiar zaharretan alegia, Kontxensi'ri deritzan abestiaren aitzea eztaukanik. Bearbada askok eztute jakingo egillea nor dun, baiñan donostiar kutsudunik geienak entzun dute Kontxensi'ren lenen ahapaldi au:

 

                   Maite bat maitatzen det maitagarria

                begi ederra du ta guztiz argia;

                               daukat urruti,

                bañan ezin kendu det buruti;

                               aren itxura,

                saldu al-ba'liteke pisura,

                               urriaren truke

                nork erosi faltako ez luke.

 

        Amar ahapaldi dira danera, danak neurri beran eratuak. Au da, lenengoa, bigarrena, laugarrena, seigarrena ta zortzigarrena amar silabakoak. Irugarrena, boskarrena eta zazpigarrena berriz bostekoak. Oskideak bikoteka.

        Olerki au, lenago esan dugunez, Logroño'ko baitegian idatzi zun eta iñoiz bere emazte izango zen Sorkunde Bengoetxea'ri agertzen dio bere maitasun garra eta bere biotz atsekabetuak darion negarra. Erromantiku kutsu ioria dager aurreneko ahapalditik azkeneraño. Oñazeak eta uzkurtasunak erdituak dagoz bere bertso guztiak, baiñan, azkenean, aldi artako erromantikurik geienak oi zutenez, etsi-aldira jo bearrean, itxaropen ezti bati zabaltzen dizkio leiotillak.

        Manterola'k gorespen aundiak egiten ba'dizkio ere olerki oni (garai artan olerki onik gutxi baitzan eta Manterolak guziai jotzen dio txalo errikoitasunez), ez dezakegu goi-maillekotzat jo, irudimenez, bulkoz eta goi arnasez, arrunta, aula, gexa baita.

        Alabaiña, olerki ontan geiena arritzen gaituna bertso-neurria da. Nundik atera ote zigun euskal-bertso ta olerkitan sekula erabilli etzan neurri ura?

        Aita Donosti'ri eskutara zitzaion agiri zahar batek jakiñerazten digu neurri onen sorkuna: «Además procuró con ella introducir en la poesía bascongada la medida de cierta canción castellana conocida con el nombre de churripampli que en aquél tiempo se cantaba mucho en todas las provincias de España, había también penetrado en Guipúzcoa, usurpando los derechos del antiguo zortziko». Aita Donosti'k baietsi ahal izan du idazle ezaunezak diñona Españi ta Mexiko barrena egin azterketetan.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera