Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

Mikaela detektibea

 

 

        Egun hartan Joxe arotzari zerbait arraroa gertatzen zitzaion. Mikaelari hori iruditu zitzaion behintzat. Egunero bezala tabernara joan, eta egunon esan gabe eseri zen betiko mahaian. Ogia eta ardoa eraman zizkionean, Joxek ezta aurpegira begiratu ere. Zerbait gertatzen zaio gaur Joxeri! —zioen berekiko Mikaela argiak. Urteak ziren, Joxe, beste auzoko langile asko bezala, bazkaltzera joan ohi zela Mikaelaren tabernara. Beraz, ondo ezagutzen zuten elkar eta ziur zegoen egun hartan zerbait gertatu zitzaiola...

        —Nahiko lan egin al da, gizon? —esan zion Mikaelak.

        —Ezer askorik ez dugu egin, baina tira! —erantzun zion besteak.

        Bestetan, Joxek pozik kontatzen zizkion eguneroko gora-behera guztiak. Bai, gizon alaia zen Joxe eta, sarritan, berriketan ari zelarik, potajea platerean hozten zitzaion. Baina egun hartan ez. Eguerdi hartan, aurpegi ilun eta kezkatiaz, urduri eta presaka irentsi zituen babarrun gorriak.

        —Gaur laister irentsi dituzu, gizon! —esan zion Mikaelak jakia zerbitzatzen zion bitartean—. Gose handia duzu gaur ala?

        Erantzunik ez. Mikalea kezkatzen hasi zen. «Badauka zerbait gizon honek! Joxe ez da horrelakoa!... Zer gertatzen ote zaio?»

        Mikaela, hirurogei urte inguruko emakumea, tabernaria zen. Gorputzez sendoa, ile grisasta distiratsua, onda leun batzurekin, azal fineko aurpegi zuria, bi masail arrosasta. Ez zen oso bizia baina, bai kolpe ziur eta abilekoa. Oso bihotz zabala zuen. Argia eta langilea zen... Biziki maitatzen zuten bere bezeroek, ondo tratatzen bait zituen. Bazkal denboran, berriketa eta kontu franko ibiltzen zuten tabernari eta bezeroek: berriak banatu eta berriak jaso. Ez zen aholku emaile txarra gure Mikaela!

        —Joxe, gaur zerbait gertatu zaizu! —hau esanez, Mikaela, sukaldeko lanak utzi eta Joxeren mahaian eseri zen.

        —Hain nabarmen al nabil, ala?... Zu ere konturatu al zara?... Bai, jota nago. Izugarrizko buruhausteak dauzkat...

        —Zer dela eta?

        —Mikaela, norbaiten beharrean nago; agian zuk esku bat...

        —Bai, gizona! Esaidazu... Zer gertatzen zaizu? Gaixo ez zara ba aurkituko? Donostiako alabak zerbait, agian?

        —Ez... Ez...

        —Zer duzu bada?

        —Mikaela... dirua osten didate! —eta hau esanez, gaitz batek jotakoen antzera, burua makurtu zuen Joxek.

        —Eta hori al da guztia?... Hori besterik ez bada... Nik zerbait okerragoa zenuela pentsatzen nuen! Beno, eta nolatan... konta iezadazu!

        Pertsona egokiago batengana ez zitekeen Joxe zuzendu lapurketa hura argitzeko. Zeren, Mikaela, tabernaria izateaz aparte, korapilo eta nahaspila askoren argitzailea bait zen. Bere grina ezkutukoa edo sekretua, polizi ikerketagintzan zetzan. A, Sherlock Holmesek ezagutu izan balu Mikaela! Mikaelari esker, Antxoniri geranioak nork atera zizkion jakin ahal izan zen. Joxemielen katua afaritako akabatu zuena ere bai eta elizako argizarioholak ostu zituena... etab... etab...

        «Eta guzti hori tabernatik irten gabe!», Mikaelak esan ohi zuen harro-harro. Egia esanda, polizi-nobelen irakurle amorratua zen. Xabier Gereñoren Pipa saileko ale guztiak mesanotxean eduki oh zituen... «Noizbehinka kontsultatzeko edo...» Mikaela pozik zegoen lapurreta hori zela eta beste korapio ilun baten aurrean aurkitzean.

        «Beno, konta iezadazu nola gertatu den lapurreta hori!» esanez, korapilo hura askatzeko prest jarri zen. Lehenbizi ondo entzun, zehaztasun guztiak jaso, dudamuda guztiak argitu eta gero... gainerako guztia berak berekasa egingo zuen.

        —Beno, baina... konta iezadazu, Joxe!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera