Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Antigua 1900

Alvarez Enparanza, Jose LuisKutxa, 1993 Saiakera

Hitzaurrea

HITZAURREA

 

    Liburu hau gida-liburua da; bidai-gida-liburua zehazkiago. Bere eskuetan liburu hau hartuko duen irakurleari, hauxe proposatzen baitiot: ez berak eta ez nik ezagutzen dugun eskualde ilun bateraino laguntzea.

    Areago: sekula inork bisitatuko ez duen Eukal Herriko zoko apal galdu hartara joatea: Antigua zaharrera, hain zuzen; betirako suntsitua den Antigua ahantzira abiatzea. Eta Lugaritz eta Ibaeta auzo zaharrak elkartzerakoan suntsitu tiren urte urrunetan nirekin etortzea.

    Mundu txiki hura, dena dela, auzokideek berehala erreparatuko dutenez, ez gaitu antigutarroi (antigutar zaharroi bereziki) arras ezezagun gertatzen. Han-hemenka, haurtzaroan bederen ezagutu genuen herriska suntsikor haren aztarnak topatuko ditu irakurleak, bidaia harrigarri honetan barrena mugarri tinko gisa. Aipatzen diren, are batzutan ikusten ere diren, pertsonak, era berean, askotan, senide hurbilak dituzke irakurleak; zenbait aldiz aiton-amonak, edo berauen adiskide, omen, izanak.

    Bidaia hau, horregatik, geure barne-zoletara garamatzan mentura bitxi eta hunkigarri izango zaio askori; eta, agian, hitsegi ere bai tarteka. Denok baitaramagu, harrigarriro iltzaturik, geronen arbasoen giro eta inguramendu hartara inoiz iritsi ezinaren tristura izkutua.

    Antigutar gazteago batzuk, agian (eta asko balira hobe, nik uste) barne-ximiko batez kurrituko dituzte Antigua zaharreko paraje horiek; azkeneko hilabeteotan osoki desitxuraturik eta errausturik. Aurrerapena... agian!

    Niretzat bederen, jator aitortzen dizuet, esperentzia harrigarria izan da liburu berezi honen prestakuntza. Behin eta berriz nabaitu baitut, eta azkarki nabaitu, neronen zimentarriak ikutzen

nituela; eta nire izate osoa daldarka abiatzen zitzaidala. Hau guztia ez da batere «progrea»; baina gauza ezaguna da ni beti «progre» eta «snob» guztiez trufatu naizela.

Eta goazen orain harira.

  Bidaia hau egiteko, «Donostia»tik abiatuko gara. Antigutarron ustez, Loretopeko tunelaz Ekialdekoa baita «Donostia», Antigua aparte utzirik... Eta gaur «Mirakontxa» deitzen dugun aldapan gora joanez, halako batez, Loretopea eskuin aldean uzterakoan, zausk! ...Orain dela ehun bat urtetako Antigua zaharra topatuko dugu. «Ehun bat» diot; argazkiei eta irudiei dagokienez, eta salbuespen batzu salbu, eskain ditzakedanak 1875 eta 1925 urte-tartekoak direlako.

    Fotoak eta marrazkiak lagun, hemendik eta handik sartuko gara, dena bertatik miatu nahian; eta garai hartako bizimodua, pertsonak, inguramendua, are zaratak eta kiratsak berak ere senditzen saiatuko gara.

    Ohar orokor bat: irudiak eta argazkiak aurkezterakoan, «ezker aldea» irakurtzean, irakurleak bere ezkerrean ikusten duena besterik ez da konpreni behar.

    Plano batzu ere erantsi ditut, lagungarri gerta daitezkeelakoan. Hauetan, eta beren horretan kopiatu ditugun dokumentuetan, erdal ortografia aldrebesak, ageri diren bezalaxe utzi ditugu. Baina geure testuan, ahoskera aldatu gabe, gaurko euskal ortografi arauez idatzi ditugu euskal izendapenak: toponimoak, antroponimoak, etab. Garaia badela uste baitut.

    Zehaztasunari dagokionez, azkenik, bi hitz bakarrik: artxiboetan ehunka ordu pasa arren, zalantza pilo bat daukat oraindik neure barruan. Alde batetik, artxiboetako dokumentu eta plano zaharretan, hutsegina franko aurkitzen delako, are kontraesan ugari ere. Eta bestetik, herri-oroimen delakoa motxa izanik oso, lekukoen esanak albait ongienik bildurik ere, askotan egarriak gelditu garelako, eta zalantza gorrian maizegi.

    Liburu hau, dena dela, idarokizuna denez, eta oroitzapena, eta urrutimina, eta ikerlan hotz eta hutsa ez den neurrian, bere horretan argitara ematea erabaki dut. Ondoko urteotan bestek egingo baitu segurki hoberik eta zehatzagorik. Agian bai!

Txillardegi, 1991

Pasartea

XII. TXUBILLO

 

    Nork ez du Txubillo tontorreko dorre hau ezagutzen? Mundu guztian barrena aurki daiteke Monte Igueldoko Torreoia noizpait bederen ikusi duenik. (Ikus 266. orrialdea).

    Argazki horretan ageri, zaigun itxuran, berri xamarra seinale. Konpondu berria, alegia. Eta, beraz, 1912 urtea aspaldian joan ez dela esan dezakegu. Noizkoa da argazkia? 1915 ingurukoa edo? Horrelako zerbait; bisitarien jazkerak salatzen duen bidetik. Dorrearen gainean dagoen itzal-zalearen parasolak, agian, beste kokabide bat eskain diezaguke.

    Hots, eta hasteko, goiko herriari deritzo Igeldo; eta ez funikularraren makineria gordetzen duen Txubillo honi (eta ez bertako beste bi txubilloei ere, minuskulaz oraingoan).

    Arrobi mendi-katearen kaxko honi, Txubilloz gain, Arri-mendi ere deitu izan bide zaio (ikus Euskal Erria, 1887, XVII. eta Euskal Erria, 1888, I., 382). Militar arrotzek beren alde Montefrío ere esan diote beren plano militarretan. Eta azken joan den mendean hor antolatu zen harri-erabilketa eskergarengatik, Arrobi izena gaineratu zaio (baina hau, harrobiak luzera guztian hasi zirenez, Mendizorrotz-aino gutxienez). 1863tik aurrera Donostiaren hedakuntzak, harri gehiago eta gehiago eskatzen zuelako.

    Bego, beraz, Txubillo izendapena. Donostia-ko Consuladoak, itsas-farola gisa erabiltzekotan, 1773an eraiki zuenean, Kantauri-ko lainoen eta behe-lainoen maiztasuna gutxietsiz altxa bide zuen. Eta ondoko itxura horretan eraiki zuen; hementxe, ezkerretakoan.

    Txubillo, beste alde batetik, eta esaten ahantzi baino lehenago, Ibaeta da; eta Antigua, beraz: Erroiegi (Ib. 26), Millabider (Ib. 27), Olarain (Ib. 30), Mugitza (Ib. 33), Arburu (Ib. 37), Antigua-ko baserriak dira. (Ohar bat hemen ekologizaleen zerbitzu- tan: erroiak zeuden Txubillon bertan...)

    Argazki hau Euskal Erria aldizkariak argitara zuen mende honen haseran (E.E., 1906; LIV, 357 orr.); argazkilaria bertan agertzen den López-Alén kronikaria bera izanik.

    Farola behin eta berriz jausi zen karlistan eskuetara lehenengo karlistadakoan; Donostiako liberalei eta Madrileko agintariei arazo larri bihurtuz.

    Mikelete liberalek gogor eutsi zioten bigarren karlistadan; karlistak ordurainokoan dorreaz nagusi ezin zitezkeelarik.

    Gure Txubillo hura labezomorroak baino itsusiagoa zen: soila, ia-ia etxerik gabea...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera