Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Apaiz zaharraren gitarra

Irigoien, Joan MariElkar, 1996 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        2000. urtearen atarian kokatzen da istorio gazi-goxo hau. Pertsonaia ugariz maisu handi batek egindako koktela da: don Meliton apaiza, bere iloba Leontxi, Bideopit segurtasun indarren zainburua, Zitz eta Zotz epotxak, doña Kamila maistra, Faraonides arkitektoa, Baltasar magoa, oilo zuria, kangurua... Hauek elkarrekin gurutzatzen direnean era guztietako sentimendu eta ustekabeak sortuko dina: maitasunezko txinpartak eta gorrotozko tximistak. Hemengo gertakizun asko gure herri honen ispilu dira, hori bai, umorez eta fantasiaz gainezka kontaturik. Liburu honek irakurleari ez dio aspertzeko denborarik emango, ez baita geldituko puzzlearen pieza guztiak bere lekuan ikusi arte.

Pasartea

        Bideopitek —Gorostiagako segurtasun indarren zainburuak— hiriko zoko-moko guztiak bideoz begiratzeko eta zelatatzeko ohitura zuen.

        Gorostiaga bazter haietako hiririk politena zen eta hiru auzotan banatuta zegoen: Hondarraga, dendari eta merkatari aberatsena, bere hondartzarekin eta Igeltxo mendiarekin; Intxaurraga, ez aberats ez pobrea zen jendearena; eta Altzaga, Auzo Beltza ere deitua, hiruretan pobreena eta itsusiena, baina ez berez itsusia zelako, baizik eta hondatu egin zutelako, politikariek eta eraikitzaileek XX. mende amaiera hartan bultzatutako hirigintza-plan okaztagarrien ondorioz; hirigunetik urrunena, etxe merke eta dorre zatar eraiki berri asko biltzen zituen Altzagak, baita ingurumariko zenbait baserri zahar ere; eta parke bat zuen, parke publikoa, udaletxearen lurretan zegoena, herritarrek goza zezaketen ia berdegune bakarrean.

        Bideopiten izen ofiziala don Polikarpo Gogorza zen, eta Bideopit, haren izengoitia, bi zatiz osatua: Bideo eta Pit: lehenari dagokionez, ez du esplikazio gehiagorik merezi; bigarrenaren inguruan, berriz, bi interpretazio daude: batzuen ustez, zainburuari menpekoak dantzan jartzea gustatzen zitzaion han koartelean eta, txilibitua ahoan hartuta, batera eta bestera ibiltzen zituen, aurrera eta atzera, eskuin-ezker, pit, pit eta pit; besteen ustez, aldiz, haurtzaroko datu batean aurkitu beharko litzateke oinarria, zeren eta bai baitirudi pixa ahalik eta urrutien edo ahalik eta goren egitea izaten zuela garai hartan jolasik gogokoenetakoa, horretan ibiltzen zelarik bere lagunekin maskuria kargatuta zuen bakoitzean, pititoari beharreko inklinazioa emanez, pixak deskribatutako parabolarekin itua jotzeko: lotan zegoen sugandila edo hegan

zihoan tximeleta; hain omen zen abila eta hain omen zen trebea maniobra haietan, bestalde, non haur-esperientzia haietatik hasi baitzitzaizkion lagunak Pititoski deitzen, eta Pititoskitik, Pit. Gero, tiro-praktika haien ondoren, garai haietan pititoarekin egindako ia gauza guztiak bekatu zirenez, bere parrokiako apaizarengana joango zen, konfesatzera:

        —Don Meliton: aste honetan ere, zera...

        —Zenbat aldiz?

        —Berrogei bat aldiz.

        —Ai, mutila! Zergatik ez duk hurrengoan heure ur-pistola hori mozten eta ferietako edo festetako barraka horietakoren batean salgai jartzen...?

        Norbaitek pentsa lezake zaletasun hartatik suhiltzaile izatera ere hel zitekeela, baina ez: erabakia hartu behar izan zuenean, ez zuen inolako zalantzarik izan don Polikarpo Gogorzak, polizia edo zaintzailea izan nahi zuela aitortu baitzuen behin eta berriro, maiteago zuela sua piztea itzaltzea baino, pistolak mangerak baino gehiago alegia, eta odoletik zetorkiola dei hura; horregatik izan zela, halaber, ume-umetatik, ehiztari amorratua, eskopetaren tiro-hots bakoitzak norbait zela sentiarazten ziolako, eta beraz, lanbide hartarako bokazioa zuela.

Baina aipatu alorretan abila bazen ere, badirudi besteetan ez zela hainbeste, eta letrak, esate baterako, kontrako eztarritik jarzen zitzaizkiola, eta maisuak irakurtzeko agintzen zionean, hantxe geratzen zela, ez arre eta ez so, temoso-temoso: gero, ehizara joan, eta antzarak edo kurriloak zeruan letrak egiten ikusten zituenean, mila bider madarikatuko zituen, baita hantxe errotu ere hegazti haienganako gorrotoa, bizitza osoan ezin ahantzi izango zuena. Aurrerago, haietako bat goitik behera botatzen zuenean, bihotza pozez bete eta bere buruari behin baino gehiagotan esango zion: «Letra bat gutxiago».

        Hiriko zainburua zen neurrian, bazekien, gainerantzean, teknika sikologikoetan oinarritutako irakaspenak behar-beharrezkoak zirela bere menpe zituen lankideen borondatea irabazteko, eta horrela, goizero-goizero zutik eta lerroan jartzen zituen koarteleko patioan zaintzaile eta jagole guztiak, eguneroko lehen galdera egiteko:

        —Zein da herria zaintzeko biderik eraginkorrena?

        Eta zaintzaile guztiek batera erantzuten zioten, buru-buruan sartuta zuten harako lelo harekin:

        —Bideoa da bidea, makila konponbidea!

        Ez dago esan beharrik galdera-erantzun hura hiriko Sikologi Departamentuko batzorde batek moldatua zela, ondotxo baitzekiten batzordekide haiek askoz errazago itsasten zitzaizkiola oroimenari zirtoak eta hitz jokoak, edota bertsoak eta esaldi errimatuak, erritmorik gabekoak baino.

        Jarrera eta jokabide haien ondorioz, beldurrik gabe baiezta genezake hain zela arduratsua Bideopit jauna bere eginbeharretan eta zaintze-lanetan, non Gorostiagako hirian ez baitzen gizon-emakumerik, ez etxe ez sukalderik, haren bideobegi edonondarrari ihes egingo zionik.

        Inork ez zekien nola, baina mutil hura, errekaz iritsi zen Gorostiagako hirira, urak bultzata, eskalapoi baten barruan sartuta, jostailuzko trainerua irudi, negarrez.

        Negarrez iritsi izan ez balitz, inortxo ere ez zen ohartuko, eta Altzagatik behera dagoen ur jauzitik amilduko zen ziurki, hantxe itoz... baina ez, mutila negar batean iritsi zen eta, negar hura aditu orduko, erreka ertzera hurbildu, eta haurra jaso zuen Leontxik... errekaren beste ertzetik Bideopit jaunaren bi jagolek eszena osoa bideoz hartzen zuten bitartean.

        Ezen, hasieran esan dugun bezala, ohitura hori baitzuen Bideopit jaunak, hiriko zainburuak, zokomoko guztiak bideoz begiratu eta zelatatzekoa, eta egun hartan ere berdin jazo baitzen: eskalapoi hartan sartuta zetorren haurra jasotzera zihoanean, errekaren bestaldetik zaintzaile bi haiek eszena filmatzen ari zirela ohartu ez zen ba Leontxi!

        —Zer? Ez al duzue ni baino artista ederragorik pelikulan hartzeko? Ez naizela ni gero Marilyn Monroe!

        —Barkatu, etxekoandre, baina gu don Polikarpo Gogorza jaunaren agindutara gaude, eta...

        Gau hartan, zaintzaileek filmatutako bideoa ikusi zuenean, komentario bakarra egin zien buruzagiak:

        —Ez nekian Liliput puska bat Gorostiagan genuenik. Haragia dagoen prezioan, ez diat uste Leontxik, don Melitonen ilobak, hain negozio ona egin duenik, haur horrek ehun gramo ez ditik eta... Neure eskuetan baneuka, plantxan erre eta ogi tartean jango nikek.

        Eta barre egin zuen don Polikarpo polizi buruak, barre egin zuten bi zaintzaileek... arnasa hautsi beharrean barre eta barre, nork bere biriketako hauspoei arre...

        Handik aurrera, Bideopiten gizonak ikertzen ibili ziren ea haurraren ama nor izan zitekeen, baina bideo eta ezkutuko mikrofonoek ez zuten, behingoz, arrastorik aurkitu ahal izan, eta Leontxik eta don Melitonek semetzat hartu zuten haurra.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera