Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Arrotza paradisuan

Irazabalbeitia, InakiElkar, 1991 Nobela

Aurkezpena

        Arrotza Julius da, izar arteko merkataria; espazioko piraten eraso baten ondorioz noraezean gelditzen da bere astruntzia, galaxia mutur batean galdutako izar bateko hirugarren planetara iritsi arte, paradisura...

        Paradisu hori ez da ordea hain zoragarria ere: nekazari gizartea da, zilarrezko gazteluan bizi diren jauntxoen pean dagoena, eta orain berriz, Hegoaldetik datozen Urdinen zapalketaren beldur ihesi abiatu dira...

        Bi mundu, bi kultura gurutzatzen dira, eta tartean maitasun eta gorrotoak, burruka eta askatasuna, Irazabalbeitiaren lehenbiziko nobela honetan.

Pasartea

        Eguzkiaren azken izpiak mendien atzetik ezkutatzen ari zirenean, zaintzaileetako batek ore horixkaz betetako plater bana ekarri zien afari legez Julius, Haritz eta Oihanari.

        —Buag! Hau nazka! —bota zuen Haritzek orea dastatu bezain pronto.

        Besteek adostasunez burua mugitu zuten.

        Azkar eta ixilik irentsi zuten jatena, orearen zapore garratz higuingarriak gorakoa eragiten bazien ere. Gauerako indarra hartu behar bait zuten.

        Kanpoan gero eta ilunago zegoen, ilargia oraindik atera gabe zegoelako. Kilkirren kantua zen nagusi eta noizean behin hontzen urrubia entzuten zen urruntasunean. Igelen kroa-kroak osatzen zuen koroa.

        Kanpamenduan Gerlari Urdinak afaltzen ari ziren su handien inguruan jarririk. Hasiera batean isilik eta lasaitasunez aritu ziren baina, ardoa edan ahala ahotsak ozenago bilakatu ziren eta barre-algarak ugaritu.

        Juliusek hau ikusi zuenean, «Bagoaz», esan zien bere lagunei.

        Botaren barne aldetik kutxa beltz txiki bat atera zuen. Dendaren atzekaldera joanez, kutxatxoaren mutur bat larruaren kontra jarri zuen eta botoi bat sakatu.

        Erre usaina nabaritu zuten bi harandarrek, zazpi itxurako lerro bat marraztuz Juliusek larrua moztu zuenean.

        —Azkar eta ixilik —esan zien Juliusek bere lagunei, burua zulotik dendaren kanpo aldera atera eta inor ez zegoela ikusi zuenean.

        Ilargia horizontean oso baxu zegoen oraindik eta sortzen zituen itzal luzeek basorainoko hiruren lasterketa maskaratu zuten.

        —Orain nere untziraino joan behar dugu —azaldu zien Juliusek—. Non gauden ba al dakizue?

        Oihanak ezjakinezko keinua egin zuen. Haritzek pentsakor aztertu zuen ilargiaren argixka motelaren pean paisaiak zuen itxura.

        —Oker ez banago ez gaude gure herritik oso urrun —esan zuen—. Nik uste, Putzuetako makaldian gaudela. Entzun...

        Kaxkagorria urrats arinez basoan murgildu zen. Julius eta Oihana atzetik jarraitu zitzaizkion lasaixeago.

        Haritz erreka baten ondoan geldirik aurkitu zuten.

        —Zuzen nengoen. Hau Putzueta da. Zure untzia ez dago oso urrun.

        —Goazen ba. Arin ibili behar dugu. Denbora askorik ez daukagu eta —esan zuen Juliusek, mutilari abiatzeko keinua eginez.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera