Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Auskalo, Luk

Haranburu Altuna, LuisElkar, 1995 Nobela

Aurkezpena

  Luk Otamendi, liburu honetako protagonista, konstruktore ospetsu, aberats eta sibarita da, plazer-mota guztietan aditua. Garai honetako garaile bete-betea dirudi, triunfadore bat. Eta, hala ere, bestelako irudia ateratzen da bere jarduna —eta bere seme Xuren kontrapuntua— aditu ahala: Luken bizimoduko geruzetan arakatu eta sakontzen hasiz gero, bere burua engainatzen dabilen gizajo bat aurkituko dugu azal distiratsuaren azpian, abenturak amaitu diren mende bukaera honetako antiheroi modernoa.

Pasartea

I

 

«Zergatik behar dut nire zoriona ezkutatu?» (Luk)

 

  Ez. Ez naiz oraindik ohitu hainbesteko edertasun borobil, gazte eta leunaren ondoan itzartzera. Izar gazte baten aldamenean esnatzea bezala da. Punta eta ertzik gabeko izarra. Bere gorputz guztia baita zelai eta gihartsu. Okela. Goizeko bostak ziren eta Anak nire alboan zirauen. Berarekin iragaiten ditudan gauak instantez beteriko denbora azkar eta jatorrizkoa iruditzen zaizkit. Ez naiz, ez, ohitu nire zorion berri eta ezin hobe honetara. Nire loa xumea da. Edozerk esna nazake. Edozein hots edo isilune handiegik iratzar nazake. Xu izan da gaur goizean iratzarri nauena, etxeratzerakoan egin dituen soinu baldar bakoitzak zirikatu du nire lo sotila eta iratzarmendu argi batera bultzatu nau. Goizeko bostak... hori da garaia etxeratzeko.

  Xu eta ni, Luk eta Xu, usatuak eta ohituak gara bata besteari. Ene seme koitaduak merezi ez duen aita topatu du niregan. Aita gazte eta orobat liberala aurki dezake niregan. Eskerrak naizen bezalakoa naizela eta bere kupida eta kuita guztiak ulertzen dizkiodan! Beste zenbaitek bere albedriora utzirik zuen jadanik. Hogei urterekin eltzetik babak atereak nituen nik. Xu eta bere modukoak berriz, ez lukete baba xipiena ere jango ni bezalako gizon emankor eta solidarioak ez bagina beren inguruan izango. Suerte haundia du Xuk ni bezalako aita bat edukitzearekin. Komuneko zisterna konpondu behar dugu, Xuk ez dio nik bezalako trebetasunarekin tiratzen sifoiari eta goizalde guztirako zarata jartzen dio bonbari. Behar den bezala tira arte. Anari ere badirudi komuneko bonbaren hotsak desosegua ematen diola, buelta bortitz bat eman baitu eta maindireak zapuztu ditu bere oinaren ostikadarekin. Bai eder agertzen dela orain! Pertsianetatik xirriskatutzen den egunsentiak argi zurbil eta indezente batez nabarmentzen du bere jarrera. Bai eder eta eme aurkitzen dela. Eskua luzatu dut eta ez naiz bere larrua ukitzera ausartu. Bart gauean eginahalak egin ondoren lo egiteari eman zionean nire pijamaren jaka utzi nion eta goizaldean biribildurik nekusan nire jaka bere zilborretik gora eta titietan zimurturik. Beheko partean salmoi kolorezko bragatxoek hunkigarri eta epel markatzen diote ipur masaila. Bai leun eta defentsa gabe agertzen dela nire begietan! Ez dut ez nire eskuaz ukituko, beldur bainaiz iratzarri eta maindireaz ostera bere soina estaliko ote duen. Minutuak eta orduak iragan nitzake bere soinari so eta ukitu gabe maitatuaz. Horretan nagoelarik pasiluan Xuren pausoak sumatu ditut eta harriturik jarri naiz ohean bere pausoak nire gelarantz datozela konturatu naizenean. Eskerrak bart ateko sarraila barrendik ixteko ardura izan nuen. Ateko maratila astindu du Xuk, eta nik korrika batean egin dut salto ohetik. Oherantz begiratu dut bat-batean maindirearekin estaliaz Anaren gorputz biluzia eta atez bestaldetik galdetu diot:

  —Zer duk, Xu? Zer gertatzen zaik?

  —Hitzegin behar dizut, aita.

  —Bihar hitzegingo diagu.

  —Inportantea da, Luk.

  —Ondo da. Itxaroidak salan, banoak hara.

  Eta Xuren pausoak sumatu ditut urrutiratzen nire albornozaren bila nenbilen bitartean. Salara iristean irribarre maltzur batekin hartu nau semeak.

  —Hauek ez dira garaiak tertuliarako —esaten diot, nire aztoramendua ezkutatu nahiz.

  —Zer, printzesarekin zaudelako? —aurpegiratzen dit Xuk.

  —Zer printzesa eta zer arraio. Sar hadi herorren gauzetan. Ea, Xu. Utzi berriketak eta esaidak zergatik esnatu nauan. Igande goizeko bostak dituk.

  Isilik eta serio jarri da bat-batean. Astiro hazkuratzen ditu begiak behatzekin.

  —Fani da.

  —Zer gertatzen zaiok hire arrebari?

  —Nirekin egon nahi zuela eta atzo hotsegin zidan. Gaur elkarrekin afaltzeko gelditu ginen, baina ez da agertu. Problemak dituela uste dut.

  —Baina zein problema tipo?

  —Ez dakit. Gainera amaz galdetu zidan.

  —Hortarako esnatu nauk goizeko bostetan... ama deitzen duan atso horretaz mintzatzeko?

  —E! Lasai, aita. Ez jarri horrela.

  —Zer jarri eta zer redios! Ez diat hitzegiten jarraitzeko asmorik.

  —Baina aita, Faniz nahi nizun zerbait esan, ez amaz.

  —Berriro galdetzen diat, zer gertatzen zaio bada Faniri?

  —Ez zait batere gustatu bere joera. Ezta ere atzo hotsegin zidaneko bere ahotsaren doinua.

  Jakin nahi nuen, baina ez nuen ezer gehiago galdetzeko asmorik. Anaren beroa eta leuntasuna etorri zaizkit burura. Zertarako arduratu, beldurtzen eta ikaratzen nauten gauzez? Goizeko bostetan gainera. Bestalde, Fani zetorkidan burura, nire alaba ttipi xumearen imajina buruan nuen, gero eta azkarrago, jiraka eta bueltaka. Ez nion ordea galdetu nahi ezer Xuri, ez nuen jakin nahi.

  —Aita! -Zer?

  —Luk... Fanirekin hitzegin behar duzu. Uste dut beharrezkoa dela zuk berarekin hitzegitea.

  —Zer nahi didak esan?

  —Kaka zaharra! Zurekin ez dago hitzegiterik!

  —Xu, egon hadi lasai, ez hadi horrela jarri. Hitzegingo diat, hitzegingo diat bai Fanirekin.

  Eta isilune luzeak estali gaitu bere patxada faltsuarekin. Xuren agurra iruditu zait bere pausoak arrastaka pasiloan zehar nabari ditudanean. Baina nire oroitzapena Fani izan den neska koxkor, beltxaran eta algaratsuarengana joan da. Galduriko ildo baten arrastoaren atzetik bezala. Nire gelara sartu naiz eta Anaren gorputz gazteak Fanirena gogoratu dit oraingoan. Izan ere, biek ere ez dute diferentzia handirik adin kontuan. Anak hogeita bi une ditu eta Fanik hemeretzi.

  Astiro, mesanotxeko kajoia ireki dut eta han edukitzen dudan zilarrezko kutxatxoa hartu dut eskuan.  Kokainazko bi arrasto xuri tajutu ditut eta zurrut, arrasto xuria nire sudurretatik buruhezurreraino iragan denean berehala iruditu zait egunsentiaren eztanda. Ana ahuspez dago, lo, eta nire hanka bere izterretan zeharka gurutzatu dut. Instantean sumatu dut nire zilborpeko makilazoa.

  —Hmm! hmm! —egin du Anak.

  Zergatik? Zergatik behar dut nire zorion hau ezkutatu eta gorde?

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera