Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Azkuko belagaian

Olano, MikelKutxa Fundazioa, 2007 Nobela

Aurkezpena

    Izenik aipatzen ez den mediku baten ametsa —edo ihesbidea— Nicaraguako Estelí hirira joatea eta bertan lankidetza-programa baten ardura hartzea da. Bizitzak —edo galbideak—, ordea, gainbeheran doan Estarta izeneko herriskara darama. Estreinako topaketa desorekatu horretatik bertatik, medikua bere ametsaren azterketa klinikoa egiten hasiko da, eta Estartako herritarrak, berriz, munduan dagozkien koordenada berriak zehazten.

 

Pasartea

Azkuko belagaian

ballea 1

 

    Ospitaletik atera nintzenean, kalea jendez gainezka zegoen eta mundu guztia —txuriz eta gorriz jantzita— norabide berean zihoan, baina nik hutsik eta ohi bezain arre ikusi nituen hiriguneko bazter guztiak. Une hartan gogo bakarra bainuen, edo, hobeki esan, gorputzaren agindu zorrotz bakar bat sentitzen: bikini bat erosi behar nuen, hondartzan luze etzan eta haragia eguzkiaren esanetara jartzeko. Espaloira iristean, esperoan zegoen aurreneko taxira sartu eta soinu handiko arropa-denda batera jotzeko eskatu nuen.

    —Berehala, doktorea —erantzun zidan gidariak.

  Beti izan naiz eguzkizalea, jakina, baina hondartzarako neraman irrika hura udako apeta hedonistaren eta fototerapiaren arteko zerbait zen. Alde batetik, opor batzuk hartu nahi nituen, Nikaraguara joan aurretik egingo nuen azken aisialdia, bai bainekien Nikaraguan —ipar mendebaldeko Estelí izeneko hirian— ez nuela aisialdirako aukerarik izango. Gobernuz kanpoko erakunde batekin joatekoa nintzen, irail erdian antza, neure borondatez eta mantenu truke, baina hango osasungintzan gora egiteko batere asmorik gabe. Aitzitik, lehen hezkuntzako ikastetxe bateko zuzendaritza-taldean lan egiteko burubidearekin aterako nintzen. Izan ere, Violeta Chamorroren trantsizioa ongi iragana izanik, medikuntzaren kudeaketa guztia Nikaraguako bertako profesionalen esku omen zegoen: «Aspaldi ikasi dugu arrantzan», esaten omen zuten hango arduradunek, «baina arrantzale gehiagoren beharra daukagu». Eguzkitara joateko bigarren arrazoia askoz haragikoiagoa zen: ospitalean emandako bost urteetako nazka eta lotsa eguzkiaren zartagian erre nahi nituen, betiko suan kiskali eta betiko ahaztu sistema publikoan ezaguturiko bizio guztiak. Izan ere, osasungintzako sarean sartzeko oposaketak gainditu nituenetik, dezepzio mota ugari ezagutu bainituen, dendenak neurri berdinekoak izan arren: mediku hasi berritan izandako injenuitatearen tamainakoak. «Begira horrako baldosa horri», esaten zidan beterano batek, ospitaleko ezkaratzetik igarotzen ginen aldi oro, «hor egiten geninan tu hire adinean». Dezepzio edo espektakulurik deserosoenak, hala ere, onkologian izan nituen, azken bi urteak sail hartan eman bainituen. Ez zen aski, nonbait, goizero-goizero eritasunaren lore zorrotza usaitu beharra; aitzitik, mediku jendearen dantza zinikoa ere ikasi behar izan nuen. Ikasi nuen, adibidez, erretiratzeko bezperatan zeuden katedradunen esanetara egoten, edota haiek itxi nahi zituzten erien begiak argi printza batekin kontsolatzen. Halaber ikasi nituen langileen arteko argotaren esaldi asko, hala nola zer zen «zirujau bat egitea»: ospitaletik aise eta garaiz-lehen ateratzen zen jendea baitzen zirujaua, eta inork lanaldia bukatu aurretik aldegiten bazuen, «zirujau ederra egin du!», aditzen zen ahapetik bazterretan.

  Hori guztia neraman buruan ospitaletik atera nintzenean, funtsean hori baitzen bikinitan ez beste ezertan pentsatzeko arrazoia. Zer bikiniondo! Tanga ziztrin bat ere askiko nuen eguzkiaren burduntzian buelta eta buelta egiteko! «Horrela», neure arteko egiten nuen, «abuztuaren bukaera aldera itsasotik itzuli, eta azal eta mami berriturik abiatuko naiz Nikaragua aldera».

    Taxia Erdi Aroko harresien inguruko hiribide batera iritsi zen. Eta orduan konturatu nintzen —artean ez nuen ikusi besterik egin— kalean oinezko asko zebilela, denak gorriz eta txuriz jantzita, eta ia guztiek plastikozko poltsaren bat edo bizkar-zorroa zeramatela ondoan.

    «Zahartzen ari haiz!», tu egin nion neure buruari. Nola ez ote nintzen lehenago ohartu? Goretti donearen eguna zen, beste garai batean, hiritarren bizigrina berritzen zuen joko iniziatikoaren seinale zelako, urteko egunik luzeena niretzat eta adiskide guztientzat, eta esango nuke orduan ere halaxe zela nerabe-sail berdearentzat.

    Taxiaren kristaletik begiratuta, gaztetako —kasik umetako— garai haren nostalgia bilatzen saiatu nintzen, irudiren bat, soinuren bat, kirats-bafadaren bat. Baina ez nuen aurkitu. Harrizko zola baten antzekoa sumatzen nuen oroitzapenen hondoa jotzean. Neure barneko poz-garño bakarra Mediterraneoko eguzkiaren gogoak pizten zuen, amorante oldarkor baten azpian etzateko itxaropenak. «Gero gerokoak», pentsatzen nuen, «eta aftersun hartu beharrak».

    Taxia hiriguneko kale-bazter batean gelditu zen. Gidariari ordaindu eta modako arropa-dendara jo nuen estu-estu. Eguerdia zen eta, kalean gero eta txuri-gorri gutxiago ageri zenez, beldur nintzen ez ote zidaten dendako atea itxiko.

   

   

Dendariaren lekukotasuna

 

  Aspaldiko bezeroen konfiantzarekin sartu arren, nik berehala antzeman nion zertara zetorren. Apenas begiratu zien ezker-eskuin utzitako apalei eta, zuzenean, bainurako arropa zegoen sailera jo zuen. Nahikoa lan izango zuen, ordea, txuri-gorritik aparteko deus aurkitzeko. Kamisetak, burukoak, gerrikoak, merchandising-eko litxarreria guztia... denak hizkuntza berean mintzo ziren, denak batera, larderiatsu samar. Lankideen artean ez genuen ukatzen emakume hura bezalako jendearen berezitasuna, izokinaren biajea egin nahi izaten zuenarena. «Hiri honetan», esan zidan kutxazain zegoen neska hasberriak, «jai du jairik nahi ez duenak».

  Barrea saltatzen zitzaidan. Emakumeak ezin zuen bainujantzirik bereizi marea txuri-gorri hartan, baina lotsa zen guri deus ere galdetzeko. Izan ere, begira sumatuko gintuen, arrain-begi erraldoien itxurako ispiluetatik zelatan, poltsan zer edo zer ezkutatu nahiko zuelakoan. Mundu guztia festaren hasiera ospatzera joana eta bera dendan bakar-bakarrik zela, rara avis sentituko zen. Nola esango zigun, bada, parrandaren ihesi zihoala, hegazkin batean sartu eta hondartzan lur hartzeko irrikaz zegoela? Nahikoa zuen, beharbada, tanga bat, ardi edo barraskilo estanpaturik kabituko ez zen kulero ziztrin bat, edo, bestela, zergatik ez?, Malagako kanpin nudista haren aukera geldituko zitzaion, askok gomendatzen zuten «La hoja de parra» izeneko hura.

  Azkenean bainujantziren bat aurkitu eta esku artean erabili zuen, baina ez zitzaizkion, antza, modeloak gustatu. Gero bikini-sail bat ere topatu zuen, behi eta zezen naif txertatuz betea.

  —Bakar bat ere ez datorkit ongi... —esan zigun, esku-hutsik atera zenean.

  Begiekin jarraitu genion, kalean izkina egin zuen arte, baina aski zen haren figurari erreparatzea, aitzakian ari zela konprenitzeko.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera