Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Babilonia

Irigoien, Joan MariElkar, 1989 Nobela

Aurkezpena

        Babilonia zen antzinateko herri bat, Isaias profetak hortizki madarikatu zuena. Babilonia zen baserri baten izena, eta Babilonia du nobela honek ere izenburua. Baserri horren historia eta Garayalde familiarena kontatzen dizkigu eleberriak: maitasun eta gorrotoak, norgehiagoka eta traizioak azaltzen dira bertan, eta horien guztien bitartez Euskal Herriko XIX. mende gatazkatsuaren kronika ere egiten zaigu: sinismen zahar eta progreso zientifikoaren arteko lehia, karlistadetako gudak, bizimodu desberdinek sortutako talka eta borrokak... Hala ere, gertaera historikoetatik harago jotzen du nobelak, natura eta naturaz gaindikoa elkartuz; gure arbasoen kosmologia berezia berreraikiz edo asmatuz, lurrarekiko bategitea, hilekiko hurbiltasuna eta mitoaren bidezko mundu ikuspegi oso bat adierazten ditu Irigoienek gogoan betiko itsatsirik geratuko zaizun eleberri liluragarri honetan.

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

 

        Orain dela bost bat urte L.M.Z. bedaniar gaztea egin nuen lagun.

        L.M.Z.-ri neure ipuin eta elazaharretarako zaletasunaren berri eman nionean, Bedanian bazegoela nik jakiteko moduko istorioa erantzun zidan: lagunaren esanetan, gaur Kamelia Zuriko Miserikordi Etxea dagoen leku berberean baserri bat izan omen zen, Babilonia izenekoa, non karlistaden arteko garaian bi anaia biki bizi izan ziren, batak bere burua kristautzat zuena, besteak mairutzat, behialako kristau eta mairuak bezala haiek ere beti borrokan ibili izan zirelarik, zaldi gainean, ezkutu, lantza eta guzti, ilargi betearen begiradapean.

        Xehetasun eta zertzelada gehiagorik ere kontatu zidan, han barano haietatik iragaten bait da gaur egun trena... baina geroago ere izango duzu gorabehera horien berri jakiteko aukera, irakurle —orri hauek irakurtzeko beta eta pazientziarik hartzekotan, alegia—, zeren L.M.Z.-rekin egon eta handik berehala pasadizo harrigarri haien inguruan zerbait idatzi behar nuela bururatu bait zitzaidan, nobela bat edo.

        L.M.Z.-k emandako informazioaren gehigarri eta osagarri gisa, garaiko egunkariak aztertu eta arakatzeko erabakia hartu nuen, han bestelako argibiderik aurkitzeko asmotan.

        Ekin nion, bada, lanari, gogoz, joan nintzen Itzurungo hemerotekara makina bat aldiz... eta hartan ari nintzela, udaberri egun batez, L.M.Z. ustegabeko berriarekin etorri zitzaidan, orain dela bi urte, Kaxiano Garayalderen eskuizkribua eskuetan.

        Begiak zabalik eta ahoa zabalago utzi ninduen lagunak.

        Hura nondik atera zuen galdetu nionean, Miserikordi Etxean obretan ari zirela erantzun zidan, eta langile batzuk, gela bat zabaltzeko, pareta zahar bat bota behar izan zutela eta hantxe azaldu zela: eskuizkribua paretan nahita egindako eta itzalgaizka itxitako zulo biribil batean bildurik idono omen zuten langileek, eta ekarri ere halaxe ekarri zizkidan L.M.Z.-k orri zahar haiek, biribilki bilduta.

        Ez dago esan beharrik lagunari eskerrak eman eta agurtu ondoren, orri horiek aztertzen ibili nintzela, eta horrelaxe ihardun nuela bi egun eta bi gauez hura miatzen eta birmiatzen, irakurtzen eta berrirakurtzen, korapiloak askatzen, mokaurik ere probatu gabe ia, lorik egiteke, horditurik banengo bezala.

        Haatik, lana ez zen erraza izan, zeren orri askotan lerro anitz ezabaturik azaltzen bait ziren edota erdi ezabaturik bederen, hezetasunak-edo eraginda, gela heze-hezea bait zen hor nonbait eta langileek eraitsitako pareta guztiz artesiatua.

        Baina jakin, jakin izan nuen behintzat zergatik gorde zuen Kaxianok bere eskuizkribua zulo hartan, haietako orri batean honelaxe bait zioen:

        «Urduri nengoen, lehengoan don Pascal etorri zitzaidanean.

        Don Pascali utzi bait nizkion nik eskribatutako orriak, hark bere eritzia eman ziezadan.

        —Letu diat eta asko gustatu zaidak —esan zidan—, baina kontuz ibili, hori Elizaren eskuetan erortzen bada, sutan erreko haute eta.

        Eta kontatu zidan nola garai batean Inkisizioak gutxiagogatik erretzen zituen gizonak sutan eta berari ere askoz gutxiagogatik debekatu ziotela meza ematea.

        Eta ea hainbeste izerdi atera ondoren paper haiek bota behar ote nituen galdetu nionean, berak ezetz esan zidan, oso gauza ederrak kontatzen nituela baina hura ezin zela argitara jarri, ez orduan behintzat, eta onena nonbait gordetzea zela, paretan zulo bat eginda edo sabaian, eta handik urte batzutara edo mende batzutara argia egin zitekeela han, zulo hartan, hura Jainkoaren borondatea baldin bazen».

        Puska horri dagokion orria osorik idoro nuen eta testuak, jakina, aurrera dagi, baina Kaxiano Garayalderen ebatzia aztertzeko aski dela deritzot, hor garbi azaltzen bait da Don Buenaventura apaiz ohiak emandako aholkua, zeina Kaxianok berak hain ongi eta hain hitzez-hitz bete bait zuen.

        Horrezaz gain, nire harridurarako, bikien borrokak —eta benetan jazo zirela egiaziatu ahal izan nuen, ez zirela leienda hutsa izan edota herriaren ahotik sortutako ipuinak, kristau eta mairuen arteko istilu zahar haietatik etor zitezkeenak.

        Lehen esan dudan lez ordea, orriok hezetasunak jota zeuden eta leku asko eta askotan idatzitakoa ezabaturik zegoen, hutsunez beteta: egoera horretan bi aukera nituen:

        1) Eskuizkribua bere horretan argitaratzea: baina hutsuneok kontutan harturik, hasieratik ohartu nintzen aski hankamotz gertatuko zela, etenegia.

        2) Eskuizkribu hori oinarritzat hartuz, kreazio lan bat egin, eskuizkribuari zegozkion zatiak osatzeko Kaxiano Garayalderen azalean barrena sartuz eta bere Babilonia berreraikitzeko asmoa guztiz aintzakotzat hartuz, horretarako Kaxianoren eskuizkribuaren oinarrizko iturriaz gain, L.M.Z.-ren laguntzarekin Bedaniako aiton-amonengandik jaso nitzakeen Babiloniari buruzko oihartzun erdi galduak nahiz garaiko egunkarietan azaldutako albisteak, batzu zein besteak erabiliko nituelarik.

        Eta lehen bidea baztertuz, bigarrenari ekin nion.

        Nobela hau lan horren fruitua duzu, irakurle.

        Eta amaitzeko beste bi ohar.

        a) Jakina da euskaldunok beste mundukoekin hitz egin izan dugunean, hika egin izan dugula. Hala ere Mariri dagokion testua zuka ipini dut nik, liburuaren estetika orokorrari beha hobeki zetorkidalakoan.

        b) Nobela osoan zehar, bai ortografia eta bai hitzen eta aditzen aukerari dagokionez, euskara batua hartu dut oinarritzat, salbuespenak salbuespen, jakina. Bestela ere joka nezakeen, lehen pertsonan eta bigarrenean idatzitako zatietan batik-bat, gaur finkatutako arauetatik erabat aldenduz, baina era horretan nobelak kolorean irabaz zezakeena batasunean galduko lukeela iruditu zait, eta nik, azken finean, nobelaren batasunaren alde jokatu dut.

Pasartea

        Berehala utzi dut atzean gerratea, gure etxean izan ez balitz bezala ia...

        Eta alde batetik egia bada, bestetik ez.

        Izan ere gure etxe inguruan apenas izan zen tirorik, baina pasa bai, pasatzen ziren soldaduak batetik bestera, batzuetan zuriak, besteetan beltzak... eta noiz edo noiz baserri batean nahiz bestean egiten zuten gaua.

        Haiek ez ziren lo egitearekin bakarrik konformatuko ordea, eta ahal zutenean behiren bat edo beste akabatuko zuten, behia edo ardi batzu... edo besterik ezean oilo batzu, haiek ez bait ziren ez esku hutsik joango!

        Lumatu gabeko txorikumea nintzen ni orduan, eta ez naiz gehiegi akordatzen, baina jakin badakit amaren eskuari lotuta egiten nituela nik egun haiek, beldurrak airean.

        Eta Lixtorekin asko ibiltzen nintzela ere bai, etxean garai hartan genuen zakurrarekin.

        Eta akordatzen naiz nola behin batean liberalak etxean sartu eta behi bat eraman zuten eta nola amak esan zigun: «Karlistak aingeruak dituk eta liberalak deabruak: horregatik dituk karlistak zuriak eta liberalak beltzak».

        Hurrengo urtean, berriz, karlistak sartu zitzaizkigun etxera eta haiek ere beste behi bat eraman ziguten.

        Gure amak, egun hartan ez zigun ezer esan, baina niri, harrez geroztik, mila bider bururatu izan zait aingeruen artean ere deabru asko dagoela.

        Aingeru eta deabru bana bait daramagu gizonok geure bihotzean, nik orduan ez banekien ere!

        Aingeru eta deabru bana, bai.

        Otso eta ardi bana...

        Ohi bezala, buruzut zihoan Feliziano Garayalde bere zaldi beltzaren gainean, Azaola baserrirantz.

        Burua irakiten zuen, gomutapenez gainezka, eta zaldiaren jauzien antzera, jauzika zebilzkion berari ere gomutapenok burmuinaren gordelekuetan barrena: hauen jauziak, ordea, zaldiarenak baino askoz luzeagoak ziren, Felizianoren irudimenean aise jazo bait zitezkeen Bedaniatik Itzurunainoko jauziak, Itzurundik Ameriketaraino.

        Jauziz jauzi zebilen, bada, gomutaz gomuta, urrutira Ixidoro Telleria zetorrela ohartu zenean, bere astoaren gainean.

        Elkarri agur egin ondoren hizketan ihardun zuten.

        —Gogor zabiltza oraindik, Ixidoro.

        —Baita zera ere! Ezkerreko hanka honetan erreuma zeukat eta ez zekiat ba... Hobeto nengoan, bai, hire aitarekin apustu hura galdu nuenean!

        Apustu hura sonatua izan zen Bedanian.

        Ixidoro Telleria eta Zipriano Garayalde ziren aurrez-aurre, zakutzar bat bete gari nork gehiagotan jaso.

        Gerra amaitzeko oraindik urtebete falta bazen ere, Bedania osoa bildu zen plazara igande hartan, gerraren miseriak ahaztu asmotan.

        Eguerdiko angelusa errezatu ondoren ekin zioten apustuari.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera