Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Baina zein ez zaio esperantzaren bati atxekitzen

Beloki, Jose RamonGipuzkoako Kutxa, 1986 Ipuina

Aurkezpena

        «Ondoren ez zuen, jada, gehiago ezer ikusi, ez entzun, oihu ikaragarri harek, mendeetan zehar harpeetatik zetorren alarau betiereko, basati, harek, garuna taladratu zion arte... « Halaxe mintzo zaigu, ipuinaren puntu gorenean , narratzailearen ahots sendo sotila, kontakizunaren aldapa trebeki gainditu ondoren. Ipuin zinez irakurgarria, dastagarria; asaldagarria ere bai. Jose Ramon Belokiren eskutik, gure kanpo-geografiaren edozein herriska eta gure barnekoaren edozein mamu-bazter izan daitekeen arizpe horretan barrena ibilaldi bat egiteko gonbitea luzatzen zaigu irakurleoi, literaturzale petoek, segurki, uko egingo ez diotena. Arauak eta arau-hausteak, amodioa, plazerra, eta heriotza...: ba ote dago, bada, beste ezertaz hitzegiterik, literatura deitu ohi dugun gizarte-legeen ispiluaren harantzaldeko ihardun-lekuan?

Pasartea

        Sei urte eman zituzten ezkongaietan, beste sei zeramatzaten ezkondurik eta berrehun eta hiru aldiz joa zuten elkarren larrua, baina gau hartan izan zuen Andresek, berrehun eta laugarrenez jotzean, Paularen irribarre gozo hura irribarre amatiarra zeneko lehenengo zantzua; zakila gozatzen zioten laztan pausatu haiek ama-laztanak zireneko lehenengo susmo-errainua.

        Gozatzen al duzu, Paula? galdetu zion une hartan gizonak. Minutu erdi oso bat igaro zen galdera jaso eta Paularen begitartea habitatzen zuen irriño beatifikoak «baietz uste dut» jaulki zuen arte. Eta Andresek ba zekien norberak beste inork segurutik ez dakizkien gauzei buruzko uste izateak gezur hutsak direla edota gezur errukitsuak.

        Ez zen, halere, Andres hain erraz amore ematen duten gizaixo depresibo horietako bat, eta beste hogeita hemezortzi aldiz jo zuten, Paularen begiek adierazten zuten maitetasun babeskor hura desiotan mudatzeaz zeharo etsi zuen arte. Orduan, bakarrik, esan zion: Zaldizko berria probatzea ez al litzaizuke gustatuko, Paula?, bajubaju, zergatik, bainan,... — lotsak, gizonak. Ixo, tonto!, erantzun zion berak gorri-gorri eginda, irribarre maitekor lotsatuaz ere, lehenengo aldi hartan. Bai, agian, ihardetsi zuen bigarrenean. Gelako sapai kuxkuxeroari igorririko hasperena izan zen hirugarrenari egokitu zitzaion erantzuna.

        Bost egun iraganak ziren hirugarren aldi hartatik, eguzkia indarra galtzen hasten den ordu horretan, sukaldean sartuz: Gaur ekarriko dizut zaldizko berria, Paula, esan zionean. Ba nekien, burua jetxi zuen emakumeak. Ba zenekien gaur..., harriturik, berriz gizonak. Ba nekien noizbait, norbait ekarriko zenuela; mina hartuko duzu, Andres. Bai, baina zuk poza, maitea, amoltsu Andresek. Nik plazerra, agian, eta mina, ordea, seguru, xuxurlatu zuen emazteak. Elkarren barrrua miatu zuten lehendabizi, eta pena lausoa lagunaren sorbaldan pausatu, ondoren. Eta pena ez zen ihesean saiatzen, zuhurra bait zen. Kaleko atea ixteko itzuli zenean, Paularen gorputz ttiki mamitsua bilatu zuen berriro. Andreak, gizonaren begirada sentitzean, harengana jiratu zuen burua. Adoretsu izan nahi zuten irribarrez maitatu ziren oraindik. Atea ixten bukatu zenean, zurezko plantxa bi etsipen arteko mugarria zen.

Atzera