Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Balatza: tximistaren alaba

Garcia-Viana, TxemaAlberdania, 2000 Haur eta gazte literatura

Pasartea

Anabasen jauregia: labirintoan galdua

 

 

        Hunkigarria izan zen, zinez, neskari egindako agurra. Mexter guztiak malkotan zeuden, kopetilun eta lurrera begira. Batzuek, suharrenek, buruaz jotzen zuten harkaitza begitarte osoa odoltzeraino; besteek, berriz, otoitz ulergaitzak murmurikatzen zituzten.

        Ez zegoen zalantzarik: gehiago ikusiko ez zuten uste osoan zeuden Mexterrak.

        Abiatu aurretik, Malaxatengana inguratu eta, musu ematen zion bitartean, objektu bat luzatu zion hark erdi gordeka.

        —Ontziaren hondakinen artean ume batek topatu zuen hau. Ez dakigu zer izan daitekeen; baina baliagarri lekizuke agian.

        Balatzak ezin zuen sinetsi ere egin esku artean zeukana: zer eta kutxatila magikoa!

        Guztiei eskerrak eman —oso bereziki Malaxat eta Baleitti, emandako laguntzagatik—, eta «laster arte» hunkigarri batez agurtu zituen. Atzean gelditzen ziren lantu erdiragarriak eta otoitz betiberdinak.

        Balatzak, kobazulotik kanpora irten zenean, bota ahala ari zuen euria. Kolore grisaxka batek hartzen zuen uharte osoa, eta zeruan laino beltzak zapa-zapa ageri ziren, uharteari nolabaiteko kutsu triste eta malenkoniatsua emanez.

        Ez zekien ondo neskak nola lortuko zuen Anabas maltzurrarekin biltzea; baina haraz gero, aurrera jo behar zuen, eta zerbait otuko zitzaiolako esperantza bazuen.

        Aurrera egin ahala, Balatza ohartu zen isiltasun misteriotsu bat jabeturik zegoela uharteaz; euria xarra-xarra hostoen gainean erortzen besterik ez baitzen entzuten ingurumari osoan. Laster konturatu zen neska horren zergatiaz: animaliarik ez zegoen inon ere! Ez txoririk, ez katagorririk, ezta zizare xumerik ere! horrenbesterainokoa baitzen Anabasen gehiegikeria: gizon ahaltsu baina guztiz ero baten neurrigabekeria zitala!

        Ibilian-ibilian, muino leun batetik sigi-saga jaisten zen ur gardeneko errekasto batekin egin zuen topo. Eskukada bat ur bildu, eta, hurrupa egin ostean, Baleittek emandako mapa eta argibideak aztertzeari ekin zion arretaz. Ez zegoen dudarik: errekasto haren bideari jarraiki, magoaren egoitzara iritsiko zen luze gabe.

        Gaua zen Balatza iritsi zenean; gau itsua. Iluntasuna zela kausa, etxea ezin izan zuen ikusi baina bai, ordea, Mexterrek aipatutako hesi ikusezina sentitu. Bat-batekoa izan zen, ukaldi bortitz bat bular aldean, lurrera atzeraka erori baino instant bat lehenagokoa.

        Ez zen, baina, gure neska kikiltzen diren horietakoa, eta, aurrera jarraitzeko oztopo iragangaitzaz jabeturik, oihuka egin zuen albait ozenkien, eztarria urratzeraino egin ere:

        —Anabas! Hiru koloretako itsasoa gainditurik daukat, eta, hortaz, zure aurrera aurkezteko eskubidea exijitzen dut!

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera