Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Barkamena, kondena, tortura

Azurmendi, JoxeElkar, 2012 Saiakera

Aurkezpena

Gure bizigiro politikoan egunero entzuten ditugun kontzeptuei buruz ari da Azurmendi liburu honetan; ez, baina, eslogan berak behin eta berriz errepikatuz gure belarriak zulatu eta burmuinak nahieran moldatzeko, ezpada ideia horien sakoneko esanahiak aztertu eta ur lohi horien iturri zaharrak argitzeko.

Damua, barkazioa, garaile eta garaituak, esijentzia etikoak, bizikidetzarako baldintzak, erru kolektiboa, helburu eta bitartekoen zilegitasuna, bortxaren kondena bezalako leloak haztatu ditu egileak, alea eta lastoa bereiziz eta jantzi demokratikoz saldu nahi dizkiguten errezeta totalitarioak salatuz.

Azken urteetan idatzitako hiru saiakera labur bildu dira lan honetan, eta hiruretan ere hari bat: garai batean Eliza bezala, gaur egun Estatua ari dela bihurtzen gure kontzientzien kontrolatzaile zuzen eta zorrotza, komunikabide lagunen eta ustezko intelektualen kolaborazio ezinbestekoz.

Hitzaurrea

AZALPEN GISA

 

Kontzientzien kontrola, Estatuak lehenago Elizaren bitartez egiten zuena, orain zuzenean berak egiten du, Estatu modernoak. Hori da hurrengo hiru saioak josten dituen haria.

Campanellaren Eguzkiaren Hiri utopikoan (1602) kontzientzien kontrol erabatekoa Estatu razionalaren ideal bezala planteatzen zen. Esaterako, hierarkia mailan, beheko karguek goikoarekin konfesatu behar dute. Espiatze eta kontrol sistema estu batek, herriak zer pentsatzen duen, uneoro informatzen du Sol, buruzagi gorena: honek badaki beti herriarekin nola jokatu.

Hor dagoke diferentzia nagusia: de fakto gero etorri den Estatu modernoan, buruzagi gorenak ez du nahi herriak pentsatzen duena jakin, baizik eragin; berak eragin eta ondo lotuta eduki. Gizartearen kontrola kontzientzien kontroletik hasten da. Gaia behin eta berriz eta modu askotan erabilia da literatura garaikideko distopietan, George Orwellen 1984 eta Aldous Huxleyren Bai mundu berria bi klasiko baino ez dina.

Dena den, horiek mundu handiaz eta etorkizun posibleaz aritu izan dira, eta eleberrian, gu orainaldi errealaz jardungo gara: Euskal Herri txiki honetako mundu berri zaharraz eta 1984 luzeaz.

Orwell eta Huxleyren konbinazio batean bizi baikara hemen: «Trantsizioak» hiritar guztiak zoriontsu egitea ez du lortu, baina bai hiritar asko konbentzitzea, demokrazia munduan gauzarik zerutarrena dela eta gobernari demokratak denak on-onak (beste Alderdikoak izan ezik), edo borondaterik onenaz dihardutela gutxienez (izan ere, krisiagatik eta, gauza batzuk oso zaila da konpontzea). Doktrinamendu demokratikoak apenas behar izan du trantsiziorik: hedabideen eta intelektual organikoen «hizkuntza berriak» masa frankistak aise ebanjelizatu zituen ebanjelio berrian.

Gu, baina, in partibus infidelium suertatu gara, hemen Egiaren Ministerioak kazeta eta irrati sinesgaiztoak itxixz eta kazetariak atxilotuz zaintzen du ortodoxia; Maitasunaren Barne Ministerioaren gazte eroentzako berreziketa programan tortura eta galdeketa efikaz emanaldiak programatzen dira. Mundu berri zaharra, beraz.

Mundu horretan kokatzen dira ondorengo saioak:

- Bakearen inguruko diskurtsoaren jasangaitza Xabier Insaustik eskatuta idatzia da, 2011ko EHUren Udako Unibertsitateko ikastaro baterako, eta argitaratua in: Euskal Herria: errealitatea eta utopia, Elkar 2011,

- Bortxaren kondenamaniaz edo kontzientzien kontrolaz 2009ko «ASKEncuentros. Jornadas de reflexión y debate»rako ASKE-Alfonso Sastre Kultur Elkarteak eskatuta idatzia da, eta argitaratua in: En defensa de la humanidad (Hacia un socialismo del siglo XXI), Editorial Hiru 2012.

- Torturaren inguruan behin eta berriro Hernaniko TAT-Torturaren Aurkako Taldeak 2003an eskatuta idatzia da, eta argitaratua in: Tortura Euskal Herrian. 2003 txostena,TAT 2004.

 

Askotan, beti ideia berak errepikatzen ari naizela, daukat irudipena (beharbada errealitatea da betiereko itzuleran dabilena). Idazten hasi nintzenerako jada paperetan kontzientzien kontrolaren gaia dago (ik. Jakin 12, 1960); gizaberearen erreibindikazioa protesta bat zen gure kontzientzia —hezkuntza— manipulatuaren aurka; Orwellen oroiturteak berriro gaia galdegiten zuen (Jakin 32, 1984).

Demokratak eta biolentoak, 1997, Euskal Herria krisian, 1999: moralismo politikoaren meditazioak. Gizarte faltsu bat tokatu zaigu.

Tortura da, hala ere, Estatuaren egintza basatiena kontzientziak bortxatu eta kontrolatzeko. Torturatuaren kontzientzia zanpatuz, inguruan terrorea zabalduz. Tamalez, torturari buruz idatzi beharra maiz egoten da gure herrian (ik. Jakin 12, 1979, bis; 28, 1983; 33, 1984).

Modernitatearen hasiera eta kontzientzien kontrolaren borroka batera etorri direla esan daiteke. Batetik, kontrol instituzionaldua (aitortzako sakramentuan eta Inkisizioan batez ere) borrokatu duten humanismoa eta luteranismoa; bestetik, kontrol sistemen garapena eraberritu duten Eliza eta Estatu moderno gazteak.

Erresuma katolikoetan kontzientzi askatasuna Iraultza politikoaren konkista izan da, ez iraultza humanista/erlijioso protestantearena berrehun urte lehenago: humanismoak ezin eragin izan zuena, Ilustrazioak eragin du. Ordea, «filosofo» ilustratuak —erlijioa adina humanismoa erdeinatuz— razionalitatearen monopolioa Despota ilustratuari esleitu dio, ez herriari (harrezkero, edozein despotatxok ilustratua uste du bere burua). Jaurlaritza ilustratu hori da Campanellaren Sol/Eguzkia bilakatu dena, razionalitate publikoaren organoa: beti daki herriarekin nola jokatu, berak erabaki baitu herriak zer pentsatzea daukan. Horra nondik poliziaren gomazko pilotak ezin diren ez izan beti razionalak eta zuzen disparatuak; edo hori pentsatu behar du behintzat herriak.

Eata gu? Joana Albretekoak huts egin zuen. Azkoitiko Zalduntxoek huts egin zuten. Hor gabiltza, besteen modernitatearen ihesi, oraindik geure modernitaterik gabe. Ikasten. Askatasuna kontzientziaren kontrolatzaile sakratu nahiz sasilaiko guztietatik askatuz hasten dela ikastein.

Kolonia, 2012ko udaberrian

 

Pasartea

TRANTSIZIOAREN BIRGOGOETAZ

 

Anekdota polit hau Quim Monzóri irakurri nion La Vanguardia-n (2010-09-07). Bruselako Europar Parlamentuan bitrina batean Espainiako Konstituzioaren ale bat zegoen, lehen orrian armarri nazionala erakusten zuela: arranoa, uztarria eta azkonak, eta «Una, Grande y Libre» idazkuna. Trantsizioan inprimatu zirenetako ale bat. ERCko diputatu europar batek eraginda, lotsagarrikeria hori «orria pasa» eta testua hurrengo orrian zabalduz erremediatu da: errealitatea ezkutatuz. «Pero la Constitución que nos rige y nos exprime —iruzkintzen zuen Q. Monzók— sigue siendo la misma, la que nació con el águila, el yugo, las flechas y el Una, grande y libre. Una Constitución que fue fruto de un acuerdo entre emergentes políticos demócratas y políticos franquistas con ansias de supervivencia, controlados todos por el Glorioso Ejército Español (...). Una Constitución que, por eso mismo, no es la antítesis de esa simbología, sino en buena parte hija de ella (...). El águila, el yugo, las flechas y la ideología subsecuente están aún en la base de esa Constitución».

Iragana kritikoki berrikusteko asmoa baldin badago, Trantsizio ereduzkoaren mitoa berrikusiz hastea ez litzateke gaizki etorriko. Hasiera guztiz berri hori menturaz hasiera zahar baten jarraipen berria baino ez baita izan. Gerra zibila ez da «cautivo y desarmado el Ejército Rojo» teatral harekin 1939ko apirilean amaitu. Gerraosteko politikak Errepublika ezabatuarekin gerra bizia izaten jarraitu du, nonahi susmatzen zen boltxebismo, judu-masoneria eta gorri-separatismoaren kontra, nazioartean faxismoa garaitua izan eta geroxeago bakarrik apur bat zuhurtzeko. Francoren erregimena bata bestearen ondoren eskuineko eszenategi sakabanatu guztia fascio (azao) batean lotuz joan da: Armada eta Eliz Hierarkia, Falangea eta Errekete karlista, Juan de Borbonen monarkikoak, Asociación Católica de Propagandistas jesuitako nazional-katolikoak eta Opuseko teknokratak, etc., guztiekin bando «nazional» trinkoa bilduz, «la reserva espiritual de occidente». Francok antirrepublikar denok Espainia Bat, Handi eta Librearen bandoan urtu baditu, Trantsizioak lortu duena bando horretara errepublikarrak berak biltzea izan da, horrela Francoren obra, ez apurtu, baizik jarraituz eta osatuz. Horregatik episodio hain loriatu hori norbaitek «trantsizioa Francorekiko frankismotik Franco gabeko frankismora» epaitu du; «frankismoaren autoerreforma», J. Vidal-Beneytok; «un Estado que, reconvirtiéndose, se ha sucedido a sí mismo», A. Reig Tapiak. Guztiz egia ez bada, gutxiago guztiz gezurra. Sinboloak heredatu dira (bandera, ereserki, ospakizun nazionalak), erregea, armada, ideologia, kultura politikoa, inpunitate poliziakoa, Justizia Exekutiboaren eskumakila izatea, iraungiezinezko nazional-espainolismo obligaziozkoa Gobernuan eta alderdietan, hisia nazional-zentralista unibertsala, furntzionario kiskil gaizkinahien sare nazio-salbatzailea, hierarkia katoliko bat adjektiborik behar ez duena, kamarilla politiko eta ekonomikoen «familiak» Diktadorearen adigurian gizenduak, burgesia tradizionalki hedabideen jabea, ondorioz kazetaritza molde bat boterearekin beti saleros-konpontxoa, berrondorioz kazeta handien arteko desberdintasun ideologiko sakon minimoa axalgaineko ekaitz itxuren azpian; eta batez ere isiltasun eta ahaztura total sinesgaitz bat nondik gatozen, militar desleial zin- eta lege-hausle batzuek supiztutako gerra zibil ankerrenetik alegia, errepresio basa odoljariotik («en más de medio país no hubo guerra civil alguna sino sólo golpe militar y represión fascista», N. Espinosa Maestre — «la matanza fundacional del franquismo») eta faxismoaren gau luzetik, aparatu faxista zaharretako mutilek aparatu berrietara leun-leun «trantsitatu» eta euren neurri-neurrira demokrazia atontzen zutela, euren gustuko amnes(t)ia bat ere hitzartuz.

G. Puente Ojea diplomatiko espainolak Trantsizioa delako une hori garratz errepasatzen du kapitulu luze batean, izenburu hau duena: «La llamada «Transición a la Democracia» en España. Del confesionalismo al criptoconfesionalismo. Una nueva forma de hegemonía de la Iglesia» (ik. Elogio del ateísmo, 1995), Elizari dagokionean inolako trantsiziorik ez dagoelako ebidentziaz aparte ere, trantsizio politikoaz hainbat ohar jakingarrirekin. Trantsizioaren ereduzkoa beharbada ez da gezurra, baina ipuin bat da, berarentzat ereduzkoa izan zen botere-kolektiboaren ipuina hain zuzen (erregea, Eliz Hierarkia, kupula militarra, produkzio eta finantzetako plutokraten kluba, alderdien aparatuetako oligarkiatxoa). «El proceso de la transición política española podría calificarse como una frustración de lo posible. En lugar de iniciarse la renovación de las clases políticas directoras —que implicaba la sustitución de quienes habían encarnado el régimen de la dictadura—, asistimos desde entonces a la fusión de los nuevos dirigentes democráticos con los dirigentes del franquismo, predominando, en esa fusión, la mentalidad, los intereses y las personas del viejo régimen». Batzuek hainbeste gurtzen duen Konstituzio santua, legitimitate politiko ororen iturria antza, Puente Ojearentzat «fue el producto de fórmulas urdidas por personas designadas digitalmente desde un Gobierno continuista derivado de un golpe militar» [apurtxo bat aldatua originaletik], hots, legitimitate demokratiko ororen oinarri izan behar duena, bera legitimitate demokratikorik gabe sortu eta inposatua da. Trantsiziorik egiaz ez da egon, h. d., ez da egon behin-behineko Gobernurik, erregimen zaharretik berrira iragaitza antolatzeko botere zaharraren menpekotzarik gabe; ez da egon Gorte Konstituziogile bat bozketa unibertsal librean hautatua, herri bozkatzaile horren ordezkaritzan Konstituzio testua izkribatzea beste zereginik gabe; ez da egon testu horren eztabaida eta jendaurreko prozesu konstituziogile agerikorik, talde guztiek esku libre berdina zutela euren iritzia hedabideetan manifestatzeko, talde pribilegiatuen propaganda eta manipulaziorik gabe; eta ez da egon idatzitako Konstituzioaren bozketa egiaz librerik, botere faktiko nazional eta internazionalen interbentzio lurpetar zein ageri askoak gabe, tendentzia eta alderdi guztiek inolako hesi legezkorik edo mehatxurik ez zutela. «La elaboración de 1978 no respetó ninguno de estos requisitos indispensables (... ). Se trató de pactos cocinados al margen de la opinión pública, que no sólo no condujeron a ruptura alguna, sino que aseguraron la continuidad de instituciones sin legitimidad democrática derivadas del golpe militar del 18 de julio de 1936 y la subsiguiente guerra civil». Bai Konstiuzoaren ponenteen izendapena, testuaren adostea beraien artean, eta bai gero haren bozkatzea, sekulako presioen pean gertatu da dena. «La transición que padecimos es un modelo de juego sucio e intrigas palaciegas». Gertatu dena da, nola gero politikak intriga eta inposaketa historia zikin berdintsua izaten jarraitu duen, hasiera ustel hura eredugarria iruditzeraino heldu garela. Hasiera itxaropentsu bat izan zitekeena lur berrietarantz martxan, maniobra bat izan da pauso bat aurrera bi atzera.

Hala, bada, Trantsizioak lehenbizi egin duena Botereak beti egiten duena izan da: bere burua sakralizatu, mito batekin jantzi; bere agerikotasuna sinbolo ukiezinetan mamitu: erregea, Konstituzioa — Ideia metafisikoaren figura unibertsalak antza, hiritarren interes guztien laburbildumak, Ongi eta Gaizki partikularren haraindian; zinez zauriak sendatu gabe, ezikusiarekin ezkutatzeko gizarte espainola aspaldidanik ausiabartzen zuten klase borroka eta nazio teinkak, eta gizarte zibileko gatazkak oro. Ez dago gehiago gorra zibilik, garaile eta garaiturik, azkenean «bi Espainiak» batu dira. Errege baitan, Konstituzioa baitan, Espainia «Bat, Handi eta Libre» da betiere. Zuzentasunaren esentzia —teologizatzen du intelektual organikoak— Konstituzioa da. Hala, patriotismo espainola orain konstituzionala da (ez da nazionalismoa), edozein erreibindikazioren aurrebaldintza konstituzionala izatea da; euskal nazionalismoaren ajea ez aski konstituzionala izatean datza, etab. Konstituzioaren Elizatik kanpo ez dago salbaziorik.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera