Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak

Garzia, JoxerraBertsozale Elkartea, 2001 Saiakera

Pasartea

        Bat-bateko bertsoa, izenak berak ere hala dio, bat-batean sortzen da. Inprobisazioa —daitekeena da Euskal Herrian eta hain zuzen ere bertsolaritzaren eraginez horrelakorik ez gertatzea—, ez dago beti ongi ikusia egungo gizartean.         Bat-batean ari dena, aldez aurretik ezer planifikatu eta taxutzeko gaitasunik izan ez duelako ari liteke bat-batean. Horrelakoetan, bat-batean aritzea azken orduko irtenbide baino ez da, eta bat-batekoaren emaitza beti izango da eskasa eta iragankorra. Hori da, beharbada, bat-batekotasunari buruzko ikuspegirik hedatuena. Inprobisatzearen alde ona ere aipatzen da ordea askotan. Bat-batean honako edo halako jokaldi sumatu duen futbolaria edo edozein arazoren aurrean bat-batean konponbidea asmatzen jakin duen teknikaria, pertsona talentudun, argi eta injeniotsutzat hartua izango da.

        Bertsolarien kasuan bat-batekotasunak ez du zerikusirik aldez aurretik zerbait taxutzeko gaitasun faltarekin eta pertsona bereziki talentudun eta argia izatearekin ere ez. Bertsolariarentzat bat-batean aritzea bere sentimenduak eta ideiak azaltzeko era bat da. Eta era hori aspalditik datorren kultur ondarearen zati gisara jaso du gaztetxotatik. Bertsolariarentzat bat-batean jardutea, bere buruarekin eta inguruarekin duen harremana ulertzeko modua da; joko-arauak dituen modu jolastia.

        Bat-bateko bertsoak badu magia itxurarik baina ez da magia. Entzuleak adi egongo dira bertsolariak kapelatik untxi txuria noiz aterako. Baina badakite kapelak ez duela ezkutuko atalik; gehienez ere bertsolariaren arrazoiketarako eta kanturako gaitasuna. Bertsoak bat-batean botatzen dituenak ez du erabiliko inolako tranpa edo trukurik. Ez da injenio izugarri baten edo talentu neurriz gaineko baten emaitza ere.

        Paradoxa badirudi ere, bat-batean aritzea oso ongi planifikaturiko ekintza da bertsolariaren kasuan. Aldez aurretik trebatu da une jakin batean sor daitezkeen antzeko egoeren aurrean bat-bateko erantzun bat emateko. Bat-bateko bertsogintzaren arauak bereganatu ditu oso (doinuak, errimak, neurriak...) eta bereganatze horren ondorioz zenbait arau galera eta zailtasun gertatu beharrean, askeago sortu ahal izateko erabiliko ditu. Ohitu da inguruko orori begia eta belarria itsasten, ikusia eta entzuna buruan gorde eta buruan ordenatzen, bat-batean aritu behar duen unean baliagarri gerta dakion.

        Azken batean, bertsolariarena, pilatze eta hornitze lana da lehenik eta behin. Almazena bete eta ordenatu egin beharko du, unerik egokienean erakusleiho txukun eta erakargarria atondu ahal izateko. Jakineko kontua da erabat bat-batekorik ez dela. Hutsetik abiaturiko berbaldirik nekez osatuko du inork.         Orduan zertan datza bat-bateko bertsogintzaren erakargarritasuna? Gainerako arte-ekimenetan ez bezala, bat-bateko bertsogintzan aldi berean egiten da sortu eta sormenaren emaitza erakutsi. Bertsolaria sortuz doan ahala ari da entzulea sormenaren emaitza jasotzen. Hartara, igortzailea eta jasotzailearen arteko harremana askoz ere estuagoa da.

        Duela zenbait urte itsasoaren beste aldetik azken orduko hitzak iristen hasi eta purian jarri zirelarik, «performance» hitzak harritu gintuen, zerbait berri, handi, bitxi, harrigarriaren harrigarriena zelakoan. Halako batean, ordea, hitz dotore horrek adierazten duena bat-bateko bertsolariek betidanik egin izan dutena baino ez zela jabetu ginen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera