Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bazko arrautzak

Hernandez Abaitua, MikelElkar, 1995 Ipuina

Aurkezpena

        Liburu honetako narrazioek ez dute giro edo tonu narratibo amankomun bat, autoreak, hitzaurrean dioenez, erregu diferenteekin idatzitako ipuin liburuak nahiago dituelako. Halaz guztiz ere, hasieran dirudien baino erlazio handiagoa dute ipuin hauek beraien artean. Errealismotik fantasiara eta alderantziz, edo fantasia errealistatik errealismo fantastikora dabil etengabean autorea, funtsean oso diferenteak ez direla ongi jakinik.

Pasartea

        Denbora luzea pasatu den arren, ondo gogoratzen naiz anaiak etxetik alde egin eta betiko abandonatu gintuen egunaz. Ez dakit goizeko zein ordutan gertatu zen, baina egunsentia baino lehen izan zela ez dut dudarik, zeren oraindik ere ikus baitezaket, uxatu gabeko ametsaren urruntasunetik ene memorian argiro marrazturik, nola ireki nituen begiak eztiki eta laburki, nola ikusi nuen anaiaren itzal iheskorra gelatik isilka ateratzen gau beltzaren zati zarpailez nahasturik zetorren kaleko farolen argi elektrikoari esker. Pertsiana ez zegoen zeharo jaitsirik, erabateko iluntasunak oso beldurtzen ninduelako, eta haren zirrikituetatik sartzen zen argi apurrak arbazta meheak marrazten zituen zoruan eta hormetan. Oso denbora laburrez ireki nituen begiak, segundo banaka batzuk baino ez, ene masailan sentsazio xuabe eta heze bat somatu nuelako. Eta ahaztu egingo nukeen ziur aski, desolazio eta oroitzapenez betetako gertakizun bati lotuta egon ezean. Egia esan, ez nintzen hartaz gogoratu esnatzerakoan, geroago baizik, anaiak alde egin eta hurrengo egunetan itzultzen ez zela ikusi genuenean. Orduan ohartu nintzen haren agurrezko musua zela ikutu leun, heze eta arin hura, ez amets baten fragmenturen bat. Zaila zait deskribatzea gutaz jabetu zen etsipena. Ez da gauza erraza azaltzen, egunak eta asteak pasatu ahala, itzultzen ez zela ikustean sentitu genuena. Ezin nuen onartu gauezko musu ttipi hura baino ez zitzaidala harengandik geldituko bizitza guztirako. Hura eta oroitzapen mordoa, jakina.

        Joan zenetik ez zigun egundo lerro bat ere idatzi, baina ziur naiz ez zela gorroto arrazoiengatik izan. Hala ere, haren aldegiteak errudun sentiarazi gintuen, aita batez ere, aurrerantzean ez baitzen inoiz lehengoa izango. Zenbat eta helduago eta zaharragoa izan, orduan eta hobeto joan nintzen ulertzen niri baino mila aldiz gogorragoa gertatu behar izan zitzaiela hura gurasoei, zeren, niretzat asimilatzeko zaila izanda ere, gazteak garenean bizitzaren erasoetatik babestuago bizi ohi baikara, negutegi bateko plastikoaren azpian egongo bagina bezala, urteak aurrera joan ahala konturatu gabe galtzen den nolabaiteko oharkabetasun batek lagundurik.

        Anaiaren aldegiteak zeharo markatu zuen gure bizitza. Ezerekin ezin bete zitekeen zuloa utzi zigun. Urte asko joan dira harez geroztik, baina zenbat eta denbora gehiago iragan, orduan eta konturatzenago naiz ez genuela behar bezala laguntzen jakin, ez genuela haren izaera berezia inoiz ulertu.

        Harrigarria da zein diferente ikusten diren gauzak urteak aurrera joan ahala. Azken finean zer da errealitatea, bakoitzak asmatzen duena baino. Denborak hornidura harrigarriak ezartzen dizkie gure oroitzapenei. Baina txikitan ez nekien hori, eta gurasoek, beharbada, ez zuten sekula jakin. Horregatik ez nuen anaia inoiz behar bezala ulertu; horrexegatik ez nuen sekula konprenitu zenbait gauzak inori baino askoz min handiagoa ematen ziotela berari, uste baino sufrimendu handiagoa zegoela bere irribarrearen atzean, bera inoiz kexatzen ez bazen ere. Baina orduan ezjakinagoak ginen denok, eta horrexek leuntzen du apur bat ene errudun sentipena.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera