Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Begia begi truk

Etxaide, JonEganen separata, 1962 Antzerkia

Aurkezpena

        Yon Etxaideren Begia begi truk izeneko drama, Bereterretxeren heriotzaren kontesto historiko-politikoa argitu eta aztertu nahirik idatzia dago.

        Teatro historikoa, herri baten une eta pasadizu garrantzitsuei buruz, oso beharrezko zitzaigun euskaldunei; eta zer esanik ez hain gai sakon eta bortitza oinarri bezela harturik idatzia izan denean. Gerra osteko teatro historikoaren atal nagusi den Begia begi truk drama argitaratzeak, Etxaideren obra irakurleari hurbiltzeaz gainera, mesede haundia egin lezaiokela uste dugu antzerki montaketetan dabilen euskal jendeari.

        Beharrezko zaigu gerra aurreko eta osteko teatro idazlan garrantzitsuenen argitaratzea. Injustizia haundia da euskal teatro idazleei gertatu zaien marjinazioa.

 

Hitzaurrea

SARRERA

Gero, 1978

 

        Euskal Herriaren historiaren unerik larrienetako bat, Castillak Nafarroako erreinua armen indarrez menperatu eta bere buruaren jabetasunetik biluztu zuenekoa da.

        Zorigaiztoko gertakizun horrek arrazoi desberdinak izan zituen. Besteak beste, Castillari egoki zitzaion zatiketa bat gertatu zen Nafarroako jaun leinargien artean. Kanpotarren erasoa errezagotzeko maiz gertatu ohi diren barne-burruken baldintza kunplituz, agramontarrek eta beamontarrak hamabosgarren mende osoan zehar elkarren aurkako burruka izugarri eta azpijoko deitoragarriak burutu zituzten, Nafarroako erreinuaren ahulezia politikoaz baliatuz, bertako biztunen kaltetan eta arrotzaren bentajetan.

        Agramontarrak, oro har, nafar-zaleak ziren, hau da, Nafarroako erreinuaren askatasun zaleak; eta beamontarrak, aldiz, Castillarekiko batasunaren aldekoak, onez ala txarrez.

        Burruka luze eta gogaitkarri horrek Xuberoa eta Behe Nafarroan ere pasadizu gogor eta odoltsuak izan zituen. Burruka hoien kontestoan ulertu eta begiratu behar da, hain zuzen, Bereterretxeren gertakizuna. Bereterretxeren kanta ez baita leienda edo kontakari batetan oinarritzen, errealitatean eta egiaz gertaturiko odol-episodio batetan baizik.

        Yon Etxaideren Begia begi truk izeneko drama, Bereterretxeren heriotzaren kontesto historiko-politikoa argitu eta aztertu nahirik idatzia dago. Era berean, kuadro historiko haretan bizitu eta mugituriko zenbait pertsonajeren desio, grina, sentimendu eta ekintzak era dramatiko kontrastatu beatetan adierazteko idatzia ere izan zen.

        Teatro historikoa, herri baten une eta pasadizu garrantzitsuei buruz, oso beharrezko zitzaigun euskaldunei; eta zer esanik ez hain gai sakon eta bortitza oinarri bezela harturik idatzia izan denean.

        Esan liteke, gainera, Etxaidek, euskal abertzale bezela, oso kontzientzia ernea eta prezisua duela gai hoiei buruz. Hor dago, oraingo lan honetaz gainera, Gero-k laister argitaratuko dion Amaiur ere, esaten dugunaren zehazgarri. Begia begi truk «Egan» aldizkarian argitaratua izan zen, duela urte dexente. Orain Gero-k argitaratzerakoan, eta Etxaide beraren aholkuz, ortografia aldetiko orrazketa batzuk egin zitzaizkion, egin ondoren egileak berak berrikutu dituenak. Egile bakoitza bere lanaren jabe denez gero, Gero-ri ongi iruditu zaio Etxaideren erabakiak errespetatzea. Egia da Etxaideren idazkera, ortografiari doakion zenbait puntu aldetik, nahiko pertsonala dela, bere iritzien araberakoa.

        Literatur lanetan literatur balioak kontsideratu behar dira, oroz gain; Etxaideren drama honek balio hoiek ugari eta sobera dituenez gero, ez gara gu bestelako gorabera azalekoetan sartu. Gerra osteko teatro historikoaren atal nagusi den Begia begi truk drama argitaratzeak, Etxaideren obra irakurleari hurbiltzeaz gainera, mesede haundia egin lezaiokela uste dugu antzerki montaketetan dabilen euskal jendeari. Euskal antzerki testo baliagarrien urritasuna hain nabarmena izanik, astakeria hutsa baizen Yon Etxaideren lanak bazter batean gorderik eta erdi ahaztuan edukitzea. Etxaideren teatroa, hain zuzen, antzesgarri baita, besteak beste.

        Beharrezko zaigu gerra aurreko eta osteko teatro idazlan garrantzitsuenen argitaratzea. Injustizia haundia da euskal teatro idazleei gertatu zaien marjinazioa. Zenbat argitaratu gabeko lan, jendeak, bi edo hiru dozena euskaltzalez aparte, ezagutu ere egiten ez dituenak! Ez dago, ezezagutza batetan oinarrituz, dugunaz eta ez dugunaz pontifikatzen jardutzerik, maizegi egiten dugun gisan.

        Begia begi truk-en argitaratzea, Etxaideren obraren ezagutza sakonago baten lehen urratsa izatez beste, euskal antzerki-lan askoren argitaratzearen hastapena izan dedila nahiko genuke, beraz.

 

Pasartea

Lehenengo ekitaldia

 

        Maule-Lestarreko plaza nagusia. Garaia: 1445-garren urteko edozein egun. Plazan zehar, antzegile edo jardunlari nagusien gibeletik, jendea bere eginkizunetara bebil aldi hartako soinekoz jantzita.

 

Lehendabiziko agerraldia

 

        JOANES, LUKUZEKO BAROIA ETA BERTRAND DE MONTFERRAND ZALDUNA (Bi aitonensemeok aldi hartako zaldun jantzian ager bitez. Biok ezpata beramate gerritik zintzilik, eta Bertrandek gainera arranbela eta karkaiza geziz beterik.)

 

LUKUZEKO.         Beraz, Johana Mari nire alabarekin ezkondu nahi huke?

 

BERTRAND.         Bai, jauna. Hori da bion gurari bizia.

 

LUKUZEKO.         Zuen elkar maitasunari ez deritzat gaizki. Biok zarete etxe leinargikoak, jatorri garbikoak, haundikiak, egiazko aitonenseme eta alaba... baina...

 

BERTRAND.        Baina, zer?

 

LUKUZEKO.         Guzti hori ez dela aski... zorigaitzez. Gazteok, bihotzaren aldetik bakarrik dakusazue ezkontzaren auzia, baina mundu honetan badituk beste mila auzi-mauzi eta katramila, eta horregatik, gaur-gaurkoz ezin diat itxaropenik eman.

 

BERTRAND.        Baina, zer dela-eta? Zer eragozpen jarri nahi diozu gure elkar maitasunari, gure asmo zuzen eta garbiari?

 

LUKUZEKO.         Ezinezkoa dela, Bertrand, ezinezkoa...

 

BERTRAND.         Maitasunarentzat ez dago ezinik, Baroi jauna. (Etsipenak eman ohi duen ausardiz). Zure baimenarekin edo baimenik gabe, ni Joana Marirekin ezkonduko naiz...

 

LUKUZEKO.        (Suminduta). To! Bapo zegok. Errezago esan duk egin baino. Jakin ezak, ordea: Lukuzeko Baroiaren baimenik gabe ez haiz Johana Marirekin ezkonduko.

 

BERTRAND.        (Etsipenak eraginda). Esan iezadazu, bada, zer egin behar dudan zure alabarekin ezkon nadin. Edozer ere aginduta, gertu naukazu egiteko.

 

LUKUZEKO.-        (Gozatuta). Hori, besterik da... Honetara balitekek elkar aditu ahal izatea. Entzun: Hire aitak tratu bat egina zeukak Grazian Gramont deritzan Olhaibiko jaunarekin. Tratu honen bitartez, herorrek badakiken bezala, gerrate guztietan elkarri laguntzeko agintza egina zeukatek. Grazian Gramont, Olhaibiko eta Ahauzeko jauna, ene etsairik haundiena izan duk gaztetandik. Haren bilaukeriek ez ditek izenik. 1425-etik 35-erako bitartean agramuntesek eta Lukuztarrok, Joanes de Foix bitarteko genuela, egin genikèn hamar urteko bake-aldia ere ez ziken errespetatu. Noiz-nahi, bere gizataldeek nire jendea hiltzen, bazterrak sakailtzen, etxeak sutzen, emakumeak galtzen ziharduten. Bake ituna amaituz gero, gure etsaigoa biziago eta gordinago bihurtu duk eta elkarrenganako gorrotoa eta odol egarria duk gure arteko bizilege bakarra...

 

BERTRAND.        Ulertzen dizut... Baina, ene aitak eta nik ez dizugu sekula kalterik egin. Ez dizugu zure barrutiak hankaperatu eta sakaildu, ez dugu zure eremuetan burdinazko heriotzerik egin...

 

LUKUZEKO.        Egia diok, baina hala ere, burua lehengo lepotik zeukat. Zuek, adiskidego tratuz lotuak zaudete nire etsaiarekin, eta nire etsaiaren adiskide dena, ene etsaia duk.

 

BERTRAND.        Eta Grazian Gramontekin dugun elkar laguntasun tratua hautsiko bagenu, aginduko al zenidake zure alabaren eskua?

 

LUKUZEKO.        Hori litzateke bide bakarra...

 

BERTRAND.        Hori bada zure baldintza, hitza damaizut eginen dudala.

 

LUKUZEKO.        Eginen duala? Ez haiz hi nor erabaki hori hartzeko, hire aita baizik.

 

BERTRAND.         Ene aita makurraraziko dut nire nahitasunera. Eta baldin makurtu nahi ez badu, sorbaldan daramadan arranbelarekin edo gerriko ezpata honetxekin kenduko diot bizia.

 

LUKUZEKO.        Hitzetan bezain odolberoa izango ahal haiz eginetan, Bertrand.

 

BERTRAND.        Gure elkar maitasunaren oztopo eta eragozpen guztiak jo eta birrintzeko erabakia harturik daukat. Johana Mari da ene biziaren arrazoi bakarra, ene helburu eta ametsa:.. amets liluragarria; eta inork oztoporik jar baliezat ene maitasun bidean, dena dela, nire ezpata haretxen odolaz gorrituko dut.

 

LUKUZEKO.        (Gurendaren gozoa ausnartuz). Jo ezak bosteko hori, Bertrand. (Eskuak estutu bitzate elkar). Hi bezalako gizon ausart eta pijoak banizkikek nire gudari sailean, behin betiko mendekatuko nindukek Grazian Gramont etsai zital horretaz.

 

BERTRAND.        Ez naiz, inolaz ere, gorespen horien merezigarri, Baroi jauna. Orain, ordea, oker ez baderitzazu, iskribauaren aintzinean behar dugu gure tratua legeztatu.

 

LUKUZEKO.        Txit ongi deritzot burupide horri... Baina, tratu hau bilbatzen ari garenez gero, ertzak ongi lotu beharrak zegoztik. Hots, ene alaba emaztetzat nahi baldin baduk, En Grazian Gramontekin urratu ez-ezik, hire aitak eta hik nirekin egin beharko duzue elkar laguntasunezko gudu-tratu berbera.

 

BERTRAND.        Gero eta gehiago eskatzen duzu, Lukuzeko Baroi jauna.

 

LUKUZEKO.-        (Mutilaren itsumenaz ohartuta, segurantzi osoaz). Heuk ikusi, bada. Hori duk neure baldintza alabaren truk.

 

BERTRAND.        Ongi da. Johana Mariren maitetasuna iristearren, infemuko zuloan hanka eta buruz murgilduko nintzateke. Nire bidean ez dut zalantzarik edo atzerarik eginen. Zuzenaren odolaz kutsatuko banaiz ere, Joana Mari nirea izanen da.

 

LUKUZEKO.        Beraz, goazen iskribauauarengana.

 

BERTRAND.         Bai, goazen, tintaz egindako tratu honek odola ekarriko badu ere (Bihoaz).

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera