Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Beluna jazz

Cano, HarkaitzSusa, 1996 Nobela

Aurkezpena

        Bob Ieregi, Kentuckyko euskaldun baten semea, munduko jazz tronpetajolerik ezagunenetarikoa duzu protagonista Harkaitz Canoren lehen nobela honetan.

        Klara Miao amorantea eta Estatu Batuak atzean utzita, Europara iritsi zelarik Nikolas Holoborodko pianista lagunarekin, tronpetista hasberri guztiek imitatu zuten Bob Ieregiren jotzeko era eta gamuzazko gabardina. Esan ohi da, Beluna Moon izeneko klubean eskaini zituela jam session ederrenak, psikiatriko batean sartu zuten arte.

        Jazz kontzertu baten moduan eraikitako eleberri honetako doinuek errealitatetik ametsera eramango zaituzte, eta ametsetik tronpetajolearen zorabiora. Giro surreal eta miragarri honetan askatu ditu nobelagileak Bob Ieregiren memoriak: «Badakit tronpeta jotzen onenetakoa naizela. Baina tipo korriente bat besterik ez naiz, zigarroak erre eta poteko tomatean ogia bustitzea gustatzen zaiona».

Pasartea

Marihuana bila irteten dira gauez arrabioak

 

 

        —Badakizue? Gaur gauean lo egin ezinik nengoela jaiki eta komunera joan naizenean arrabio bat ikusi dut bainontziko zulotik ateratzen.

        —Ziur arrabioa zela? Ez zen bada, arratoiren bat izango?

        —Ezetz, arraioa, Nikolas, ikusi izan bazenu... egundoko izuikara eragin dit. Bihotza, josteko makina bat bezala hasi zait taupaka.

        —Beharbada ehiza saio bat antolatu beharko genuke, hermano. Nork daki, akaso iraungitze bidean dagoen espezieren batekoa dateke arrabioa, diru kopuru majo bat emango ligukete zooan piztiaren truk.

        —Nikolas, ez nabil txantxetan, badakit gezurra dirudiela, baina...

        —Bob, Bob, Bob, esan nizun bart marihuana gehiegi erre zenuela. Gramola ondoan utzi nuena ere ez zenuen bada erreko?

        —Zuei hitz egitea baino hobe dut Van Goghen erretratoari hitz egitea.

        —Ba bai, Bob, hark ere harrikada handi samarra omen zuen. Belarria moztu eta bizilagunari oparitu omen zion, sobre batean sartu eta postara bota ondoren.

        —Hala duk, ez pentsa, kartazalari erremitea jarri ziolako zekitek belarria berea dela Bob, izan ere, beste edozeinena izan zitekeen...

        —Bai, gaur egun edozeinek mozten dik belarria lagun hurkoari oparitzeko.

        —Entzumena fintzeko-eta, badakizu...

        —Hori dun Klara, labanarekin fintzen dun ongien entzumena, areago, zorroztu ere egiten dela esango nuke nik.

        —Eta belarria moztuz gero zer esanik ez.

        —Zoazte tximeletak ferratzera.

        Klara gramolara inguratu zen Monken diskoa jiratzera. Bobek leihotik begiratu zuenean ez zuen euririk ari, gramolako orratz zikina zen diskoaren binilozko eraztunetara kateatzean deblauki euria egiten zueneko soinu baxu berbera sortzen zuena.

        —Bob, serios, non utzi duk gramola ondoan laga nian marihuana?

        —Zer marihuana baina? Nik ez dinat hirerik hartu... Badakin zenbat ordu diren erre ez dudala? Erlojura begiratu zuen jainkoarren, erloju horiek guztiak atzeratuta egon behar dute...!

        —Bob, nik hemen, atzo gauean, hazbete marihuana utzi nian gramolaren ondoan eta orain ez zagok, ez zagok ezer, Bob.

        —Ez zeukanat gezurretan aritzeko arrazoirik. Ez ninan nik hartu, Klara, benetan.

        —Noski, orduan hontzak erre zian ez duk? Horregatik zeuzkak flipatu begi horiek berunezko hontza aluita honek!

        Alferrik zen. Bobek hontzari begiratu zion. Litekeena zen begi berdedun hontza hark erre izana Klararen marihuana, nola iraun osterantzean esnai hainbeste denbora. Berunezko izanik ere ezin. Gero ordea ezetz deliberatu zuen, hontza hura ez zela erruduna, nahiz eta haren begietan zegoen marihuana desagertuaren nondik norakoaren erantzuna. Gramola ondoan zegoen berunezko hontzatxoak, irmoki begiratzen zion horman zintzilik zegoen Van Goghen autoerretratoari. Vincent azeri zahar hark bizarra hazita zeukan eta lastozko kapeluak eskainitako itzalak, nekez ezkutatzen zizkion ohizko espresio erasokorraz gain goiz hartan bestetan ez bezala gorrituta zeuzkan begi salatariak. Hermano, hermano, hi izan hintzen beraz.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera