Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bertso-paper printzatuak

Arrieta, Joxe AustinElkar, 1986 Poesia

Aurkezpena

        «Bertso-paper printzatuak» izenburu pean bilduriko olerkiak, sintesis unean landuriko poemak dira: poesiaz kanpo autorearen lumak Iorturiko trebetasuna, aberastasuna eta berritasuna daude teknika aldetik; literaturaren barruko gai-multzoa ere ageri zaigu, egilearen gai zaharrak eta gure poeten tematika isladatzen dela; eta moldetzat hartu ditu, baita ere, gure bertsogile hoberenek konprobaturiko sistemak eta estrofak.

        Liburua, autorearen ikuspuntutik begiratuta, dohai jakinez horniturik datorkigu. Lexikon poetikoaren aldetik, garaiko beste poeten hizkeraz gainera, aurkientza berririk ere eskaintzen digu, puntu honetan bere maisutasuna agertuz (zentzu literalean ere bai!). Estrofagintzan saio ugari egin du, emaitz ondorio desberdinez: sonetoen eraikuntza ederrenetarikoa du, baita klitxeen edukin modernoa ere. Egiturak, bestalde, benetan arretagarri iruditu zaizkigu, batez ere bertso libreen eraikuntza azpimarratzen dugularik. Hau da, agian, bertso libreen multzo bakoitzeko tolestura, Joxe Austinek eskaintzen digun literatur dohairik jakingarrienetakoa. Eta oso aipagarriak, gutxi badira ere, miniaturismoz landuriko hiru poema paralerroki eraikiak. Eta azkenik, poesia klasiko eta modernoaren presentzia intra-literarioa, poesia idatzia sagaratuari amore emanez meta-poesiara, garaikoen antzera, lerratzen dela.

 

Juan Mari Lekuona

(Hitzaurretik hartua)

Hitzaurrea

Sintesis unean landuriko poemak

 

 

        Gure artean jaiotako poema-liburuek badute arriskurik euri-zaparradaren antzera gera daitezen, irakurlegoaren barne emankorretan barrendu gabe. Gauzak holatsu daude: poesiak salmenta urria du, are eta urriagoa irakurleen kopurua, eta argitaratutako aleek gehienetan aipamen soilen bat merezi dezakete, baina inolako kritikarik edota iruzkin tajuzkorik eskuarki ez dute jasotzen. Eta poetok dakigu ondoen kritika dela, azken batean, poemagintzaren sendogarri bakarretakoa eta iraunkorrena.

        Ingurugiro honetan plazaratzen digu Joxe Austin Arrietak bere bigarren poema-liburua, «Bertso-paper printzatuak» deritzana. Eta aspaldiko ezagun eta lagunaren idazlanari aipatu «zaparradarena» gerta ez dakion, amore eman diot poemon aurkezpena egin beharrari. Uste bait dugu uste, gure aipamen hau lagungarri gerta dakiokeela, ez, noski, guk diogunaren balio objektiboagatik bakarrik, baizik eta ofizioko bat mintzatzeak duen alderdi sujektiboagatik ere bai; eta ez gutxiago noski.

        Eta aitortu beharra daukagu, pozik gaudela aurkezpen-lan hau egitera behartu izanaz, poemagintzak berea baduelako, eta gure poesiari buruzko gogoeta franko egiteko modua eskaini digulako, besteak beste.

        Autorearen gainerako idazlanak kontuan hartuz gero, ez dakigu liburu honek berak bakarrik gauza berri eta puntakorik ba ote dakarren. Baina guretzat garbi dagoena da, idazle heldu batek aurrera-pausu estimagarria eman duela bere gailur-bide poetikoan. Sintesis garaiko poema-sorta eskaini digu, orainartekoa eta gerokoa bereizten diren mugan oretua.

        Bilduma honen osinera hiru literatur ibai iristen zaizkigu: autorearen poemagintza, azken urteotako beste poetek ere bulartua; Marguerite Yourcenar-en «Hadrianoren oroitzapenak» euskaratzean Arrietak bereganaturiko luma aberats, kultista eta estilo berezikoa; eta azkenik, egileak euskarari buruz landuriko hiztegigintzaren eta unibertsitate-eskolen ekarri kontrastatuta.

        Horregatik ematen diogu garrantzizko balioa poema-liburu honi: subjektiboki, gailur bat hartzea bezala delako autorearentzat, sintesis bat, segurantzia bat; eta objektiboki, berriz, poesia askaturako estiloan maisutasun bat dakarrelako, teknika modernoa ekarri ere, itzal bat eta izen bat ematen diotenak gure errukien errukizko poesi baratze honetan.

 

 

1. AZTERGAIAK: ZER ETA NORAINO

 

        Poema-liburu bat irakurtzerakoan, bistan da bakoitzak bere ikuspuntu jakinetatik begiratzen diola idazlanari, eta bere gustoko lege eta moldetan neurtzen duela autore jakin baten ekarria.

        Gure erizpide eta zaletasunei amore emanez, poemon lehenengo irakurraldiak honelatsuko susmoak sortu zizkigun: lexikon mailakoa zen aurrenekoa, Arestiz geroztiko poetek baino gehiago behartzen gintuelarik hiztegia erabiltzera; estrofismo ugaria bigarren, liburuko poemagintza librean itzal egiteraino; metaforagintza ausarta eta kultoa hirugarren, modernotasun haize-bafadaz; eta azkenik, tentu onez eta gaiak gozatuz eginiko olerkigintza aurkitu izana.

        Eta nolerebaiteko azterketa metodo bati atxeki behar eta, bide honi ekin diogu: gure susmo zabal horiek arakatzeari, gaiak zehatzago markatuz, zertxobait kuantifikatuz, dauden-daudenean konstatatuz. Eta uste dugu baduela berea horrelatsuko azterketa batek, gauzak eskuarki ulertzeko eta gaurregun poesi esparruan planteia daitezkeen zenbait arazo garbiago ikusten hasteko.

        Gure arakatze hauek guztiek ez dute garapen berbera lortuko, jakina. Lexikonari buruzko ohar hauek ez dira nahiko hedatuak, baina intuizioari apio ematerainokoan badirela uste dugu. Agian estrofagintzari buruzkoek eskain dezakete gauza, kantitatez bederen, finkatuagorik, kasu ja denak kontuan hartzen direnez. Gero, egiturei buruzko oharkizunetan ere gaia nahiko zabal eta estu hartzen dela esango genuke, ikusbista zehatzagoa lortuz, autorearen alderdi hau ezagutzeko. Bestalde, metaforei eta irudiei gagozkielarik, zaila litzateke gauza sendorik asmatzea, gure aurkezpen honen mugabarruan.

        Dena dela, iruditzen zaigu poema-liburu honek planteiaturiko auzi premiazkoenetara hurbil gaitezkeela; eta Joxe Austinen poesiak adierazten diguna, ezaugarri on gerta daitekeelakoan gaude, gaurko euskal poesiak dituen zenbait arazoz jabetzeko.

 

 

2. IRAKURKERA LITERALAZ

 

        Gauza sujektibo batek eman dit apio gai honi hel diezaiodan. Eta zera da: poesi belaunaldi batetik bestera lexikon arazoetan ikusten den aldea. Mende honi gagozkiolarik, guretzat ez du zailtasun handiegirik «Jautarkol», Emeterio Arrese, «Satarka» edo «Zubigar» ulertzeak. Baina Lizardi eta Lauaxetaren kasuan ez da berdin gertatzen: poesiaz poesia ahalegin bat egin behar da, hitzezko irakurkeraz neurri batean jabetuko bagara. Eta hori, erdara alboan eduki arren, gainera, behin baino gehiagotan.

        Hurbilago ditugulako, eta hurbiltasun hau esanahirik zabalenean hartuz, askoz ere errazago egin zaigu gerrondoko poemen irakurkera literala, batez ere «Harri eta Herri» bildumaren inguruko eta geroko poemagintzaren lexikona, Miranderen kasua salbu, bistan denez.

        Baina azken urteotan berriro ere zailtasun bereziak ditugu zaharragook hiztegi berrira jar gaitezen. Bai Joseba Sarrionandiaren kasuan, bai Joxe Austinenean, aldaketa bat nabaria da lexikon alorrean. Susmo dugu poesia modernoago eta unibertsalago baten lehia ote dabilen azpian. Baina, dena dela, intuizio mailan sugeriturik uzten dugu, hutsaren truke ez dela aldatu oraingo poeta aurrerakoienen hiztegi arazo esanahitsua.

        Gaiaren sakontzea ikerlarientzat utziz, adibide modura zenbait ale jasoko ditugu. Euskalkien muga zeharo gainditzen duen euskal moldea dabil hor; zainak egindako hitzak dira. Gehiago oraindik: gerraurrekoek ere nunean-nunean erabilitakoak, noski. Baina ez hemen duten lehentasunez eta protagonismoz, hemen duten sistematze eittez. Konstatazio huts beste asmorik gabe, zerrenda bat demagun:

        Orrits (BN), (festín, banquete); deitore (BN, L), (lamento, llanto); lekora (L), (kanpora); joran (B), (empeño, afán); ainube, (sombrío); habuin (AX), (espuma); jitoan (B), (a la deriva); tiraina (L, BN), (resaca); deslaiturik (B), (descarriado); maskal (B), (hoja seca, brizna); boli (Z), (marfil); sopikun (BN), (cómplice, partícipe); zizakatu (L), (balbucir); malgu (BN, L), (mullido); satitsu (AN, G), (musaraña); abaildu (B), (deprimido, arruinado); ugertua (AN, L), (enturbiado); dortoka (G), (tortuga); ostertz, horizonte; ukuztu (Z), (lavar); erresinul (ruiseñor); ahur (BN, Z), (palma de la mano); nimiño, (pequeño); iratzar (AN, B, BN, O), (despertar)... Eta horrelako beste asko.

        Honetan Arrietak bere belaunaldikoen joerari eusten dio; ez du berea bakarrik hau, bere garaikideen isuria eta joera baizik. Agian, esan behar genukeena da, autoreak baduela motiburik aski hiztegi kontuan bere dohaiak ager ditzan. Bere idazlan motek eta ekintzek garantizatzen digute lexikonaren inguru egileak duen maisutasuna.

        Hiztegigintza ez zaio arrotza Joxe Austini: parte ederra duela uste dugu berak, UZEI-k plazaraturiko «Finantz Hiztegian» (1983). Eta literaturaren aldetik begiratuta, ez du eragin txikiagoa Arrietaren idazkeran «Hadrianoren oroitzapenak» (1985) liburu aberats, kultista eta konplikatua euskaratu izanak: gehienon eskuetan euskarak dituen ahalpideak ikusita, gauzarik zailenetarikoa jotzen dugu liburu hori gure hizkuntzara itzuldako hitzak dira. Gehiago oraindik: gerraurrekoek ere batek berea utziko zuela edonoren luman eta idaztankeran, eta ez gutxiena bere hiztegi mailan.

        Ez nuke bertan behera utziko beste alderdi hau ere:

        Deustuko Unibertsitatean euskal literaturaren irakasle izana dugu egilea, eta orduan sakonki eta lupaz aztertu zituela Txomin Agirre, Lizardi, Orixe, Lauaxeta eta gerraurreko idazleen hizkerabideak.

        Arrietarentzat konstante bat izan da erreferentzia intraliterarioak gure tradizioaren barruan aurkitzea. Eta bilaketa honen ondorioak inon bada ere, alderdi semantikoan nabaritzen dira bereziki, sintagmen edukia, kolorea eta ikuspegia zehatz eta aberats ematen digula.

 

 

3. ESTROFAGINTZAN AHALEGINETAN

 

        Liburu honetan bigarrenez arretagarri gertatzen zaiguna estrofagintza dugu. Ugari eta ohartuki landua. Estrofa eta bertso librez ehoriko poemak aurkezten dizkigu. Ez liteke esan estrofaz moldaturiko poemak bi halako direnik, baina ez dabil urruti proporzio horretatik. Estrofetan bilduak %63,05 dira; eta libreki tajuturikoak, berriz, %36,95. Batez besteko hau gauza arretagarria dela esan behar, batez ere gaurko joera eskuarrak kontuan hartzen baditugu.

        Ez dugu uste Joxe Austinek estrofari lehentasun bat ematen dionik, nahiz eta proporzio horrek hala eman aditzera. Sintesis une honetan gogoan du garaiko nahiz aurreko poetek egindako estrofagintza, eta ikerketa poetiko mailan ahalegin bat egin nahi izan du. Barrunbea hitzez isladatzeko garaian, besteek erabilitako batek berea utziko zuela edonoren luman eta idaztan daramana loratuz. Ikerketa ere badela dirudi estrofon helburu poetikoa.

        Erabili ereduez arduratzen bagara, gutxienez 20 molde erabiltzen dituela esan behar. Baina oharkizun honekin: ereduok denok euskal poetek lehendik erabilitakoak direla, nahiz eta azkenaldiko poeten moldeak gailendu. Ez litzateke zaila izango bilatzea noren haritik doan estrofa-mota bakoitza. Nabarmenenak aipa daitezke orientagarri: Etxeparetik hasiz, Oihenart, Mirande, Aresti, Urkizu eta abar ditugu tartean, herripoesiatik ere hartutako ereduak zehazki aipatuz, musikaren kulunkan poemak tajutzen dizkigula autoreak.

        Eskema metriko hauek ditugu, liburuan azaldu ordenuan emanak:

 

        1. Hamalaukoak

        Sei pieza ditugu guzitara. Baina seirak ez dira berdinak silaben aldetik: multzo fonikoen zatiketa inoiz (6+5) egiten da, 30. orrialdean bezala; beste batzutan (5+5), 89. orrialdean egiten denez; eta azken parteko hirukotean (5+6) ebakera da nagusi, 120., 121., eta 122. orrialdeetan datorrenez. Gainerakoan, eta estrofagintzatik begiratuta, ez dira txarrenak, behar bada, hamalauko hauek.

 

        2. Beste ereduak

        Hogei molde direnez guzitara, ezinezkoa zaigu bakoitzetik textu-eredu bat aurkeztea. Horregatik, eskema metrikoak soil-soilik emango ditugu, gure aburuen argigarri.

 

                2.1.- 9 A / 4 B / 9 A/ 4 B/ 9 A/ 4 B (26 or.)

                2.2.- 7 A / 7 A / 7 - / 7 A (53 or.)

                2.3.- 8 - / 8 A / 10- / 8 A / 6 A / 6 A / 8 A (56-57 or.)

                2.4.- 3 A / 8 A / 13 A / 5 A (62-63 or.)

                2.5.- 10 A / 10 B / 10 A // 10 A / 10 B / 10 B (64 on.)

                2.6.- 9 A / 9 A / 8 B / 9 - / 9 - / 8 B (65 or.)

                2.7.- 5 A / 5 B / 5 B / 3 C (70-71 or.)

                2.8.- 10 A / 10 A / 10 B / 10 B / 10 A (72 or.)

                2.9.- 8 A / 8 A / 8 B / 8 B / 8 A (76 or.)

                2.10.- 10 - / 8 A / 10 - / 8 A / 10 - / 8 A / 10- / 8 A (77-78 or.)

                2.11.- 8 A / 8 B / 8 A / 8 B / 6 C / 4 - / 4 - / 5 - / 5 C (79-80 or.)

                2.12.- 10 A / 8 A / 10 A / 8 A / 10 - / 8 A / 8 A / 8 A (81-82 or.)

                2.13.- 10 - / 8 A / 10 - / 8 A / 10 - / 8 A / 10 - / 8 A / 10 - / 8 A (83-84 on.)

                2.14.- 9 - / 7 A / 9 - / 7 A / 8 - / 7 A / 8 - / 7 A / 7 A (85or.)

                2.15.- 8 A / 8 A / 8 A / 8 A / (9l or.)

                2.16.- Trikitia, (95-97 or.), (114-117 or.)

                2.17.- 8 A / 8 A / 10 - / 8 A (98-100 or.)

                2.18.- 8 A / 8 A / 8 A / 8 A / 10 - / 8 A / 8 A / 8 A (102-105 or.)

                2.19.- 8 A / 8 A / 8 B / 8 B / 8 A / 8 C / 8 C / 8 C (106-107 or.)

                2.20.- 8 A / 8 A / 8 B / 8 B / 8 C / 8 - / 8 C / 8 A / 8 A (110-112 or.)

 

        Prosagile ere den batek hainbeste estrofa-mota aukeratu eta gero, bistan da helburu jakina duela autoreak. Sintesis une honetan, begirunezko omenaldi bat eskaini nahi dio, ia dena estrofismoaren barruan mamitua izan den euskal poesiari; eta bestalde, bide berriak urratu asmoz, estrofetara behartu nahi du bere burua, lehen besteek zanpaturiko bidetan oinak tinkatu behar bait dira ezer ofiziozkorik lortuko bada.

        Horregatik saiatu zaigu Joxe Austin bertso-jartzaile txukun ere izaten. Bererik lortu duen edo ez, hori besterik da. Baina garbi erakutsi digu, poesia kultoa eta herritarra ezagutu beharra dagoela euskal poeta izaten hasteko.

        Estrofismoari aitormen praktikoa egiteaz gainera, saiakera ederrik badagoela esan behar, batez ere berritasunaren aldetik, puntu ez-ohituak sartuz eta metaforagintza modernoaren bidez klitxe finkoak aldatuz eta arnas-berrituz.

        Kantuzko tradizioarekin loturarik ez dutelako edo, hamalaukoak egin zaizkigu molderik adigarrienak. Gainerako ereduetan, batez ere musikaren kulunkaz jastatzekoak direnetan, zailago zaigu aitomen betea egitea, gure estrofen kalitatea, bai herri mailan eta bai poetika idatzian, nahiko dekantatua dagoenez. Hala ere, kontuan hartzekoa dugu autorearen ekarria estrofen modelakuntzan.

        Azkenik, bertsoen efektu estetiko zabalagoari begiratuta, lorpen beteagoak ditu serio ari zaigunean, hala nola lirikan, ironiaz ari zaigunean baino. Agian, kantu-egiturazko ironizazioa ez da beti erraza gertatzen intelektual jendeen zenbait esparrutan, batez ere ironia filosofikoa denean. Hala ere, eta Arrietaren kasuan, eta adibide modura aipatuz, arretagarria dela derizkiogu «Arta ganbaran» poema erotiko-jostaria: badu estilizaziorik, badu ironiarik, badu efektu poetiko jakingarririk. Baina zailago zaio ironia soziala estrofaren mihian biztea. Eta ez da hau harritzekoa: estrofen ironia ofizioa ere bai bait da gure tradizioan.

        Arrietak, estrofagintza jakin bati jarraitu asmoz baino gehiago, sintesis lanari ekin dio, han eta hemen egindako experientzien emankizunei hurbiltzen zaiela. Baina ez dirudi, ohartuki behintzat, estrofismoari buruz erizpide eta praxis berririk planteiatu nahi lukeenik, aurrekoen langintza estetikoari atxekitasuna eta ardura auto-pedagogikoa erakutsi baizik.

 

 

4. EGITURAK ETA ESTRUKTURAK

 

        Estrofak ez du agortzen poesi egitura guztia, nahiz eta, erabiliz gero, asko eta asko baldintzatzen duen textu poetikoa, azalez bezala mamiz ere. Baina estrofa ez da molde bakarra, bertso librea ere hor dagoenez. Hori bai, olerki libreak egiten dituenak ere ezin-utzizkoak ditu erritmoa, musikalitatea, proporzioa, kontraposizioa, plastizitatea, enfasis mundua eta abar. Eta guzti hau eskueran edukitzeko, eskola ezin-hobea dela esan behar estrofen molde-barruan eginiko bertsogintza.

        Guk hemen poesia librearen egitura estetikoak bakarrik aipatuko ditugu: saio libreen mugak eta ertzak, forma espazialak, sentsazio berriak, dinamismo azkarragoak. Estrofez kanpoko egiturak lirateke, arretagarri diren formulak azpimarratzen ditugula.

 

        4.1. Paralerroki deseinatuak

        Hiru piezatxo dira guzitara, miniaturismo fin-finean landuak, eta ia elkarren errenkan datozenak. Hiru konbinaketa hauen eraikuntza plastikoa demagun.

 

        4.1.1. Katearen irudipean: Estrofa berdinak morfo-sintasi eta silaben kopuru aldetik, eta sintagma ber-berak estrofa bakoitzaren lehen hitza eta azkenekoa. Katea dirudi, begi berdinez osatua, 69 or. datorrenez.

 

        4.1.2. Zurubiaren irudipean: Gorakoan ordenu hau darama: 1. Edan nuen; 2. Erhan nuen; 3. Ase nuen; 4. Sua nuen... Eta beherakoan alderantziz, aditza nor forman erabiliz: 4. Sua nintzen; 3. Ase nintzen; 2. Erhan nintzen; 1. Edan nintzen... igoerako nominatiboak bigarrenean instrumental bihurtuz. Ikus 73. orrialdean.

 

        4.1.3. Bi txaplasta kontrajarriren irudipean: adjetiboak kontrajarriak, «hertsiak/zabalak»; gero, konparaketak berdin eraikiak baina kontrako irudiak alboratuz, «ur-zapal/aztore»... Eta multzo bakoitzaren muga, errimaz markaturiko metafora aberastuak... Ikus 74. orrialdean.

        Hiru miniatura hauetan, bukaera laburren sugerentzi indar konklusiboa ere aipatzekoa dela esango genuke. Trebeki landuak hiru poemok.

 

        4.2. Esaldien errepikak

        Estrofazko moldea ez denean poemaren ertzak eta barne-mugak markatzen dituena, orduan bertso librea deituriko honek nolerebaiteko beste mugaketak behar ditu, poemaren multzoak seinalatuko dituen geometri markak eta hariak.

        Joxe Austinen poema-liburu honetan, eta egiturei gagozkielarik, oso ondo tolestaturik aurkezten digu poemen egitura azalekoa, batez ere esaldi giltzarriak errepikatuz lorturiko hura, poema libreen barruan anaforizazio intuitibo bat nabaritzen dela.

        Zortziren bat poema ditu teknika honen bidez eraikiak, lehen partean datozenak, hain zuzen. Eta beti sintagma berak errepikatuz lorturiko expresio multzoak dira.

 

                —«Ez diot... ez diot...

                       Zeren eroa bait zara...

                       Zeren txoria bait zara...

                                   harik-eta

                                   harik-eta...

                                             gomuta bizia...

                                             gomuta bipila...» (36-37 or.)

 

                         —«Orduan jakingo dugu jakin...

                           eta jabetuko gara-jabetu...

                           jakinen bait dugu...» (38-39 or.)

 

                —«Jaioko dira nire eskuak...

                 Jaioko dira nire eskuak...

                             non...

                             non...

                             han...

                                     laister...

                                     orain...

                                     gero...» (43-44 or.)

 

                         —«Ez dago odolik...

                           ez dago odolik...

                                         baina haize-hotsa dabil...

                           amets dagigun...

                           hertsi ditzagun...

                                         baina haize-hotsa dabil...

                                         badabil, bai, badabil haizea...»

                                                                     (45-46 or.)

                —«O, Osiris...

                O, Osiris...» (51-52 or.)

 

                         —«Eta Lauaxeta jaun kapitaina...

                           Eta Oihenarte jaun eskribaua...» (54 or.)

 

                —«Ai! Baletoz!

                   Ai! Baletoz!...» (87 or.)

 

        Eta liburuaren lehen parte honetan estrofaren mugaketarik ez egon arren, multzoak beste plastizitate batez markaturik datoz, poemaren azpi-sekuentziak ondo marrazturik azaltzen zaizkigula. Errepikek paralelismo moduko bat ikusarazten digute, poemen tolestura eta proporzio egokiak bereganatuz.

        Gero, teknika honi eransten badizkiogu Arrietak estilistikarako duen sena eta ofizioa, eta esaldien eraikuntzan agertzen digun aukera, ugaritasuna eta erritmoa, esku oso ona agertzen digula esan behar poemagintza libreak egituratzeko ofizioan.

 

        4.3. Kontraposizioa

        Bi zutabetan eraikirik dago poema. Ezkerrekoek estura adierazten dute, eta eskubikoek baretasuna; ezkerrekoek titanismoa eta eskubikoek olinpismoa... Eta estrofetan hasierako hitzaren definizio poetikoaren moduko zerbait adierazten da.

 

                           Maitea...                 Ingudea...

                           Emazte...

                Goldea...

                           Andere...

                Sugarra...

                           Bidaide...

                Hildoa...

                           Jainkosa...

                Zigorra...

                           Laztana...» (62-63 or.)

 

        4.4. Forma espaziala

        Han eta hemen tartekatzen dituen pusketa espazialez gainera, badu autoreak poema bat Joseba Arregiri eskainia, inprimaketaren konposizioak eskaintzen dituen posibilitate plastikoez baliaturik eraikia.

        «Latza» adjektiboa hartu du leitmotiv bezala, Joseba Arregiren esaldiaren oihartzun gisa. Eta «latza» hori adierazi eta senti arazteko textugintzan, puntadun zenbait bilakatzen da idazkera, lantzaren formakoa, arantzaren irudikoa, gure bihotzen zulatzaile bait litzan. Eta, jakina da, poetak erritmoz unea ispilatzen duela, eta hor daudela unearen latza adieraziz hitzen hausturak, erdarakada arrotzak, kaleko hotsak, hots haundiko ahokadak eta sentimentuaren haundia... Baina egitura espaziala zen guk, batez ere, hemen azpimarratu nahi genuena.

        Lau egituraketa seinalatu ditugu, besteak beste, aipagarri iruditu zaizkigunak. Gutxiago dira paralerroki eta inprimaketako espazioz tolestatuak, errepiken bidez marrazturikoak baino. Eta kalitateari begiratuta, berriz, bertso libreen errepikak berezigarriak direla uste dugu, autoreak egiturazio aldetik liburu honetan aurkezturiko gauza berezitako bat dela uste izateraino.

 

 

5. INTRA-LITERATURATIK

 

        Beste ezer baino lehen, liburuaren irakurketan zera da nabari: beste poetek idatziriko textuen presentzia, «collage» modura ezarriena. Eta ez hori bakarrik: poemaren garapenean bertan ere, sarrera eta orientabide ezezik, leitmotiv bezala gertatzen dira, kreazio poetikoak txaplastako tematikari jarraitzen diola. Gehiago oraindik, intertextualitate sugerikorra jasta daiteke pasarte bakoitzean. Intra-literatura moduko bat agertzen zaigu, mundu aberatsa eta fina eskainiz, mundu modernoa ispilatuz.

        Eta alderdi hau nahiko arretagarria dela joko genuke azken urteotako poesigintza berrian.

        Izenbururik gabeko poema hauek zita horietan eskegitzen dute diskurtso poetikoa. Eta gaiek inguruneko mundu tematikoa adierazten digute, sentiberatasun zenbait aukeratuz: «mairu-baratzeko mahaikideak», «gure ateondorainoko itsasoa», «leihotik kanpo paradisu bat», «esku hau», «nire bularra», «buru ederreko adatsa», «printzeak ezin du ihes egin», «maitea», «haren beso luzeek», «Ana Juanixe», «Arta ganbaran», «amorioa», «xinaurri tipi gorriñoak», «marfilezko dorre bat», «aintzina joan ziren untzian», «isurtzen den odola», «ur bazterrean eseri nintzen» eta abar. Mundu guzti honen oihartzunak oroitzapen asko bizten dizkigu poemen irakurketan, liburuak olerkigintza euskaldunaren eta kanpokoaren konnotazio jakinak sentiarazten dizkigula.

        Guretzat mundu hau sugerikorra da, oroitzapen kolektiboz potentziatua; errealitatean baino gehiago literatur bizikizunean oinarritzen den altxorra isladatzen du; hor idatzirik dagoen eta bakoitzak gu baitan daramagun ondare poetiko hura.

        Eta intra-literatura honen presentziak ematen dio berritasuna gaurko poemagintza berrienari, eta Joxe Austinen poetikari ere bai. Eta presentzia hau liburuan batez ere euskal poesiarena izan arren, honek ez du kentzen beste herrialdetako literaturen eragina, Arrietak expreski adierazten digunez, eta expreski adierazia ez egon arren, han eta hemen gauza nabaria denez.

        Beste textuen isladatze honek zer ekar diezagukeen markatzerakoan, gaurko poesia berriari begiratuta, hauek aipa genitzake: metaforagintza ausartagoa tradiziozkoa baino; textu aberastua kultur ebokazioz, biziagoa kolorez, hornituagoa figura poetikoz. Eta ikerkuntza unibertsalagoa suposatuko luke, iruditeria ere unibertsalagoa, konnotazio literarioz hornituagoa, sinbolismo kultistagoz jantziagoa.

        Eta honetan Joxe Austin Arrieta garaiko joeren lekuko dugu.

        Bai formazioz eta bai ikerlanez, autorea euskal poesia berriaren ildotik doa, dela mundu modernoaren presentziaz, dela poesia berriak bere eginiko baliabideez. Eta euskara biziaren ahozko tradizioa ongi bereganatu badu ere, hori bezain estimagarri jotzen dugu gaurko idazkena unibertsalago baten, eta batez ere poetikoaren, presentzia gure artera aldatu izana. Gauza aberatsa dela esan behar eta ohart-erraza Joxe Austinen textuak maila semantikoan dakarren baliabide poetikoen zerrenda. Laister jabetuko da irakurlea bertsoon azal poetiko kultoagoaz.

 

 

6. AZKENA

 

        Aintzin-solasa luzeegia irten baldin bazaigu, helburuak barkagarri bihurtuko ahal du errua, gure asmoa, aurkezpena egiteaz gain, azterketa bideak markatzea ere bazenez.

        Sintesis unean landuriko poemak direla esan dugu: poesiaz kanpo autorearen lumak lorturiko trebetasuna, aberastasuna eta berritasuna daude teknika aldetik; literaturaren barruko gai-multzoa ere ageri zaigu, egilearen gai zaharrak eta gure poeten tematika isladatzen dela; eta moldetzat hartu ditu, baita ere, gure bertsogile  hoberenek konprobaturiko sistemak eta estrofak.

        Liburua, autorearen ikuspuntutik begiratuta, dohai jakinez horniturik datorkigu. Lexikon poetikoaren aldetik, garaiko beste poeten hizkeraz gainera, aurkientza berririk ere eskaintzen digu, puntu honetan bere maisutasuna agertuz (zentzu literalean ere bai!). Estrofagintzan saio ugari egin du, emaitz ondorio desberdinez: sonetoen eraikuntza ederrenetarikoa du, baita klitxeen edukin modernoa ere.

        Egiturak, bestalde, benetan arretagarri iruditu zaizkigu, batez ere bertso libreen eraikuntza azpimarratzen dugularik. Hau da, agian, bertso libreen multzo bakoitzeko tolestura, Joxe Austinek eskaintzen digun literatur dohainik jakingarrienetakoa. Eta oso aipagarriak, gutxi badira ere, miniaturismoz landuriko hiru poema paralerroki eraikiak. Eta azkenik, poesia klasiko eta modernoaren presentzia intra-literarioa, poesia idatzia sagaratuari amore emanez meta-poesiara, garaikoen antzera, lerratzen dela.

        Guzti hauek dira, gure iduriko, liburu honek eskaintzen dizkigun baliorik tajuzkoenak. Une honetan autoreak bigarren poema-liburua kaleratu du. Egiazko igokundea hasia du, poemagintzaren mendirantz dagoen eskaladan, hirugarren liburuko joaldi berri baten aurrean geratzen zaigula.

        Euskal poesiaren aldetik begiratuta, berriz, liburu honek bide egokia eskain diezaguke gaurko poesigintzaren inguruko zenbait arazo planteia ditzagun. Hor dago lexiko poetikoaren aldakortasuna, hor estrofismoaren auziari emaniko soluziobide bat, hor maila semantikoan eskatzen zaigun textugintza modernoa. Guri Joxe Austinek jokabide mordo bat eskaini digu. Eta ikusi ahal izan dugu gauza asko teori mailan ondo planteiaturik daudela eta ondo lorturik praxis mailan, baina badirela oraindik birraztertu beharreko alderdiak, batez ere sakonago landu beharrak, egungo poemagintzan. Eta eskertzekoa da Joxe Austinek egin digun zerbitzua, gure ohizko bideetatik abiatuz, gauza berriagoak lortu asmoz egin digun saiaera poetikoa.

        Gure lagun zaharrak eskaini digunari buruzko kalitate eritzia nolerebait emana dugu: sintesis unean landuriko poema desberdin estimagarriak. Baina ez gutxiago estimagarri, gaurregungo poesiaren alderdi sendoak eta kolokak, gailurrak eta zokoak, ikus-arazten eta balioztatzen lagundu digulako. Eta poesia berrian gaudela aitortu behar, egungo euskal olerkigintzak Lizardiz geroztik dakarren sentiberatasun garaikidean.

 

Juan Mari Lekuona

(Donostia, 1986-III-22)

Pasartea

Lantokira noanean

eguneroko goizean

autobusean kuluxka

botatzen dut zanbuluka

zubi parean jetxita

abian Avenidara

begiak erdi itxita

kioskora hurbiltzean

beti bezala trantzean.

 

 

Egunkari'erostera

—eskua sar sakelera

«zer ote dakar gaurkoan?»

darabilt beti gogoan

titularrak irakurriz

esnatzea ez da gozo:

GALek erailketa berriz

txakurrak berriz ehizera

euskal odol'isurtzera.

 

 

Arazo latza txit oso

iparraldean da lauso

oraingoan lau dira hil

ez dirudi arras hurbil

auzi honen bukaerak

urdailean korapiloz

amorrazio-tankerak

gure bidea nekoso

ez da bat ere eroso.

 

 

Begiak bustirik malkoz

lantokira noa pausoz

erlojuan fitxatzean

jendea beti antzean:

sekretaria pertxentak

modelitoak jantzita

beti bezain dixtirantak

«buenos dias»ka'ta jestoz

buruak beterik lastoz.

 

 

Gizonek badihardute

futbolaz, lanaz'ta beste

Muñagorri modernoek

errendizale petoek

ote dute arrazoia?

gerla galdua dugula

sinetsi behar duguia?

hainbesteko gutxieste

Euskadiri al diote?

 

 

Hor dabiltza lankideak

euskal arrak'ta emeak

iji'ta aja, langartsu

gogoetari jangartsu

euskaldunak izan arren

erdara hutsez mintzatuz

lotsagabeki pozarren

ikastolara umeak

bidaliz gero aseak.

 

 

Omen dira abertzale

o!, eta kultura-zale

umeei euskaraz rnintzo

zakurrei ere bai, zintzo

lau urtez be'in hauteskundez

—peneuvé ed'hatxebé

—jazten dira euskaldunez

ez dute egiten kale

baina horrenbestez bale.

 

 

Gustor'asiko nintzake

karraxika jo eta ke

ez bailitzan ezer gerta

ho'iei denak bost inporta

ixil nadin, alabaina

Herriak ez du behar-ta

sasi-profeten destaina

odol hori ez da merke:

emana da musu-truke.

 

 

Utzi ditzadan sermoiak

non gabeko hodeiak

lankideok bertan beude

ez nadin neka debalde

«pa'dos dias que vivimos»

jarrai dezadan jokoa

«López Ufart'es divino» oilaloken lo-leloa

«viva'l amor, viva'l vino».

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera