Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bestea da mundua

Irigoien, Joan MariElkar, 2008 Nobela

Aurkezpena

    Hutsetik hasi eta handiki izatera iritsi da Nazario Orbe, XIX. eta XX. mendeen arteko industrializazio-prozesuan, lanaren lanez eta zapaldu beharrekoak zapalduz. Ez da txikiagoa haren emazte Regina Aldasororen epopeia, erdaraz ez jakitetik Madrilgo Villalbako markesen jauregiko konfiantzazko neskame izateraino.

    Pertsonaien xehetasun psikologikoak azken muturreraino zaintzen eta aztertzen dituen nobela idatzi du Joan Mari Irigoienek, prosa jori, zehatz eta aberatsean. Aipaturiko protagonistez gainera, leku nabarmena hartuko dute Nazarioren senideek, bereziki Beñardo bertsolari xelebreak, Reginaren ahizpa Ernestinak, moja izan nahi eta komentuan hainbat istilu izango duenak, edo markesen alaba bikiek: Natalia eta Natividad, biak ere mutil berberaz maiteminduak.

    Hona «Orbetarrak» sagaren lehen liburukia, familiaren hastapenak kontatzen dituena, eta beste zenbait istorioren aurrekari izango dena.

Pasartea

Bestea da mundua

1

 

    Regina Aldasorok pena handi bat zuen, nekez ahatz zezakeena: nola ahaztuko zuen, bada, aitak bizitzaren azken orduan arbuiatu zuen-eta!

    Apaiza aitari olio santua ematen ari zitzaion bitartean, sukaldean zegoen Regina —hamasei urteko neska gaztea, 1898ko uda hartan—, bere ama zenaren ahizpa ezkongabe bat lagun —izeba Eugeni—, apaiza gelatik noiz irtengo.

    Reginaren aitak, berriz —Rufino Aldasorok—, bat-bateko gaitz infekzioso ezin larriago baten erasopean zegoenak —lepoko eta galtzarbeko gurintxoak zituen, baita azalean azkura etengabeko bat ere... sukarraren mende maiz, izerdi batean, kexuka eta hasperenka noiznahi—, bere amaren zaintzapean egin zituen azken egunak, ez baitzuen ama —Reginaren amona: amona Luisa— beste inor nahi aldamenean, nahiz eta gutxi batzuetan bere emaztearekin ere oroitzen zen: alferrik, hura —Reginaren ama— hiru urte lehenago hil baitzen.

    —Zer iruditzen zaio berorri, don Roke? —galdetu zion Eugenik apaizari, honek bere egitekoak egin ostean.

    Don Rokek burua ezker-eskuin mugitu zuen lehenik eta, segidan, mediku jakintsuaren paperean jartzen zela, honela mintzatu zen:

    —Azkenekotan dago, eta zerbait esan nahiko dizue, beharbada, agurtu edo...

    Gelako atea ireki aurretik, Reginak pentsatu zuen —oso litekeena da behintzat— muxu batekin edo fereka batekin agurtu eta sarituko zuela aitak, so errukitsu batekin edo hitz samur batekin. Izan ere, mundu gauzak esaten zuen aita-alabak antzekoak zirela izatez... biek ere gauzak pilatzeko joera berdintsua zuten behintzat: aitak labana bildumak egiten zituen, baita kartoi batzuetan inprimatutako armarri bilduma koloretsuak ere, aldasorotarrena ere —hartz beltz bat, zuhaitz bati helduta— tartean, noski, eta Reginak soineko —jostun bikaina zen— eta ispilu bildumak. Regina, beraz, espero zuena espero izateko moduan egon zitekeen; aitak, baina, hauxe esan zion, urduri eta arnasestuka, alabak atean barrena egin zuela ohartu bezain laster:

    —Ez dinat ikusi ere egin nahi nire apellidua gordetzeko gai izango ez dena...!

    Semearen hitzak entzunda, Rufinoren ama aho zabalik geratu ten, eta are aho-zabalago izeba Eugeni. Regina, berriz... Reginaren ezustekoa! Aitak, izan ere, ez zion —ez zuen?bizitza osoan halakorik ez antzekorik adierazi: balizko eta mirarizko grabagailu batek, aitarekin unez une eta pausoz pauso ibilitakoak —hark esandako guztia jasotakoak, beraz—, edo aingeru guardakoak berak ere —aingeru guardakorik balitz, jakina— ez zuten besterik egiaztatuko. Egia zen, bai, Rufinok behin baino gehiagotan so egin izan ziola alabari gainetik, so harekin zera esan nahi balio bezala: mutil jaio bahintz, hobeto nengoken... eta egia zen, halaber, aitak betidanik izan zuela halako handinahi bat —herriko txiroetakoa ere ez zen arren, jauntxoetakoa izatea zuen amets—, asmatzen zituèn egoerekin asetzen saiatzen zena: alkatea banintz, erregea banintz, aita santua banintz...

  Arrazoi hauek, haatik, nekez esplikatzen zuten esplikatu heharrekoa: aitaren azken orduko arbuioa. Kontua da, baina, kontzientziaren auskalo zer geruzaren azpian zegoèn kezkaren satorrak kanpora egin ziola aitari, auskalo zer mekanismo psikologikoren bidez, luzaroan irentsi izan zuèn gutxiagotasun konplexu batek-edo eraginda; une hartan, agian, Fortunato López de Legazpiren itzala ari zitzaion hizketan, munduko ibilialdian Rufinorekin behin baino gehiagotan lehian aritutako herriko idazkariarena —lagunak ziren arren, biak liberalak, beren eztabaidatxoak izaten zituzten—, oroimenaren apalategiko apal batetik aterata:

  —Apellidua galtzen duena bigarren mailako gizona izatera kondenatuta zagok, Rufino, eta hi horietakoa haiz, naturak erabakitakoan daukak ftoga, heure ondorengoak heure bi alaba horiek ez dituk, bada! Baina, alde batetik, hobeto. Izan ere, zer da Aldasoro bat López de Legazpi batekin konparatuta? Ez al dakik, bada, nor izan zen Miguel López de Legazpi? Mexiko hiriko alkate nagusia... baita Filipinasko kapitain jenerala ere, post mortem, hortik atera kontuak!

  Edo, beharbada, haiek ez ziren Fortunato López de Legazpi benetakoaren benetako hitzak, baizik eta Rufinok berak bere burmuinetan osatutako lagunaren irudiarenak, eta Rufinoren konstrukzio mental bat, azken batean, bekaitz-sentimendu batek piztutako eta bizitzan zehar sendotutako susmo baten inguruan eraikia, Fortunatok bere burua eta bere leinua Rufinorenak baino maila goragokoak ikusten ote zituen...

  Ikusiko ez zituen, bada, Fortunatok gauzak horrela, baldin eta Rufinok ere horrelaxe ikusten bazituen, bere leinua ez baitzegoen López de Legazpirenarekin parekatzerik, aldasorotarren artean nekez aurki zitekeen-eta —ez hiztegietan ez historia liburuetan— izen handiko inor! Baina horregatik, beharbada, errealitatean harro egoteko moduko aitzakiarik aurkitzen ez zuelako, fikzioan aurkitu zuen Rufinok, ausaz, konpentsazioa: «Aldasorotarren artean ez dago, ez, Historian gailendu den inor, baina zer, ni izango banintz lehena?». Nola, baina, baldin eta bera —Rufino— herri txiki bateko dendari apala bazen, eta ez, adibidez, itsasontziak egiten eta saltzen zituèn jabe ospetsua? Eta, halere, Rufinok aurkitu zuen, bai, bere ihesbidea, etxean zuèn liburu bakarretakoaren esaldi batean —Espainiaren Historiari buruzko liburu bat zen—: ?No sólo fue Viriato, sino todo un pueblo, con cientos de héroes anónimos que con su sangre sellaron la gesta del gran jefe militar que consiguió mantener a raya a los romanos? hura irakurtzen zuen bakoitzean, ezin ekidin izaten baitzuen halako atsegin bat, aurpegieran igartzen zitzaiona, keinu harekin zera esan nahi balu bezala: «Horra hor esplikazioa! Izan ere, hamaika eta hamaika gerra bizi izan ditik Euskal Herriak, bai, eta nola ez da, bada, izango, hain historia luzean, heroi anonimoa izan den aldasorotarrik, balentriaren bat edo beste egin duenik, han ez bada hemen, ekintza batean ez bada bestean...!». Halako zerbait behar zuen Rufinok buruan, esan ere, esaten baitzien bere alabei lantzean behin, kontu harekin kezkatuta egon zèn garaian: «Heroi batzuk Historiara pasatu dira, beste batzuk ez, baina heroiak beti dira heroi gero...!». Argudio hura aurkitu ondoren, errealitatetik fikziorako jauzia egitea ahalbidetzen ziona, fikziotik errealitateranzko jauzia egitea falta zitzaion, ordea, Rufinori, zirkulua osatzeko: horregatik eginarazi zion herriko zurginari, apika, kutxa bat...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera