Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bestiario bat

Haranburu Altuna, LuisHiria, 1999 Ipuina

Aurkezpena

  Bestiario bat idatzi du Luis Haranburu Altunak, bere Bestiarioa. Erdi Aroan eta haratago galtzen diren denboretan piztiak, animaliak eta gizonek anaitasun ederrean eraz eta itxuraz aldatzen ziren sarri, izadiaren zentzuaz jabetzeko. Geure artean ez da oraindik bestiariorik gauzatu, nahiz eta hainbat euskal idazle —Oxobi, Mogel...— animalien metaforaz baliatu diren ipuinak eta elezaharrak idazteko. Haranburu Altuna euskal mitologiako zenbait izakiz jabetzen da batzuetan eta egungo mitoez besteetan, gaurko Bestirario hau burutzeko.  Ironiaz aldiz eta maitasunez beti, ikusten ditu autoreak gure Euskal Herriko pizti bitxi hauek.

Pasartea

Barea

 

  Goizeko ihintzetan garbi ageri da nire arrastoa basoan zehar. Goiztarra naiz oso. Lehena. Nahiago nuke aztarnarik ez uztea, baina nire soina nahi eta nahi ez garraiatu behar dut goroldio, garodi eta belar txikietan zehar. Betidanik jakin dut ez nautela maite, baina badakit, halaber, nire arrastoei esker bideratzen direla besteak.

  Beti izan dut aparteko dohaia perretxikuak aurkitzeko eta onddoak non dauden jakiteko. Sena kontua da. Jakin, ikasten da usadioaren poderioz, baina beti dago azken zentzu bat giberlurdina non dagoen aurrez adierazten dizuna. Norbaitek esan dezake ero-ero eta noraezean mugitzen naizela basoan, baina nire ibilerak beti dauka azken helbururen bat.

  Oso goizetik hasten naiz miaketan; iratzarri bezain azkar onddo, kuleto eta zizengan dut jarria nire adimena. Esnatu orduko badakit nondik ibiliko naizen; badakit bezperan gazteegi iruditu zitzaizkidan perretxikuak dagoeneko beren hedadura hartua dutela. Badakit ilargi berriak non ukitu duen erreka ondoko goroldio ezkoa, badakit han aurkituko dudala arraultzaren moduko gibel ubela. Oker daude alpertzat hartzen nautenak, zeren ez dago ni bezain goiz mugitzen denik. Barea naiz, bare sentitzen naiz eta ez dut hargatik inolako lotsarik. Hori bai, bare guztien artean hoberena naiz. Aurrenekoa eta gailena.

  Aurrenekoa izan behar da gainera, osterantzean beste batek jango ditu onddo beltzenak eta barrengorri gazteenak; kasik izadiaren aurretik ibili behar zara naturari aurre hartzeko eta behar den momentuan aproposko tokian gertatzeko. Nire arrastoa jarraitzen dutenek badakite guttitan ekibokatzen naizela. Nehoiz. Zeren nik beti aurkitzen dut zerbait, nahiz eta besteak ez ikusi eta ez aurkitu. Toki jakinera abiatzen naizenen ez da beti lurraren emaitzak hartzeko, baizik eta basoaren ezkotasunaz jabetzearren edota pago handiaren ipurdian lurra mugitzen hasi den jakiteko. Nire ibilerak beti dauka jomuga eta ez dut milimetro bakar bat ere alferrik egiten.

  Bareak, guttienetan izaten du lagunik eta ni oso gustora sentitzen naiz bakardadean. Bakardadearen kontua, bakoitzaren baitan datza gainera, zeren nik nahiago dut bakarrik basoetan zehar ibili eta ez zabortegietan edo kaleko bazterretan metatzen direnen antzera, bata besteren gain bizi. Ez naiz arraroa, bakartia baizik; eta bakartia banaiz bizia hobeto menderatzen dudalako da. Izadia oso gune krudela da, eta norberak atera behar ditu eltzetik babak. Perretxikuetara ez daiteke taldean joan ez eta arrabots handiz. Emeki-emeki eta astiro hurbildu behar zaie perretxikuei, zeren korrika batean bazoaz ez duzu ikusiko goroldiotik askatu gabe ernaldu den gibelurdinaren punta edo hostopean jaio den onddo trinkoa. Basoan ez dago perretxiku berdinik, guztiak dira bereziak eta bakan; itxuraz eta jaiotzeko trazaz ez dago onddo bat beste baten iguala. Honek kolore zurizta izan dezake edo beltzagoa; txapela zabalxegoa edo ttonttordunagoa eduki dezake; oina potologoa edota meharra. Guztiak dira diferenteak eta horregatik ez naiz inoiz aspertzen onddo batetik bestera, eta gibelurdin honetatik gibelgorri hartara. Eromenezkoa dirudi lurrean uzten dudan arrastoak, baina badu zentzu sakonik. Nire sena eta grinak ezartzen dio bidea etengabeko joan-etorriari. Barearen bideak ez du norabide jakinik, baina jomuga garbia du: perretxikuaren aurkikuntza. Baina ez edozein perretxikurena.

  Alde guztietan bezala, basoan ere gaitza eta kaltea ondasunarekin nahasian aurkitzen da. Perretxikuak, gauzak guztiak bezala, txar eta onetan banatzen dira. Itxuraz ederrak dira guztiak baina ezin daiteke edertasunaz fidatu.  Ederraren ederraz, guztietan ederrena, kuletoen familiakoa da; gorri-gorria du azalgaina eta pinporta zuriaz dauka txapela hornitua; ederra izanik, ordea, pozointsua da. Begira-begira askotan egon naiz perretxiku ederrari so, beti alboratu dut, ordea, eta ez dut inoiz hozkatu; inork esan gabe ere badakit han dagoela heriotza zelatan. Berdin gertatzen zait kolore berdea duen beste amanitarekin ere, hau ez da itxuraz ederra eta badakit halabeharrez dela mortala. Zakil traza du eta phaloides deitzen diote horregatik, ez nintzateke itsuturik ere tronpatuko, zeren nire sena sakonenak adierazia dit bere kalte letala.

  Onak eta txarrak dira bai perretxikuak, baina onen artean ere badaude klaseak eta aldeak. Batzuk hobeak dira, besteak baino. Nire gustoz gibelurdinak dira hoberenak; jaio berriak izan behar dute, ordea. Oso haragi zuria eta biguna dute eta beraiek dira pizti gehienek jaten diztuztenak. Zerbaitegatik izango da. Gibelurdinak gainera era askotakoak dira eta beren koloreak ubeletatik hasi eta berderaino doaz, urdinak baino berdeak ditut maiteago, batez ere bordearen pinportak arrainen ezkatak bezala hedatzen direnean. Urrutitik jakin dezaket non jaioa den gibelurdin gazte eta lerdena; niretzako, bederen, gibelurdina da perretxikurik maitagarriena. Baina badaude besteak biziki preziatzen ditudanak eta guztien artean fraile kaperaren antzeko buru txiki eta marroi kolorekoa duten perretxiku txiki batzuk ditut gogokoen. Perretxiku hauei esker memento zoragarriak iragan ohi ditut.

  Bizitzak baditu uneak eta egoerak oso maldan gora egiten direnak; zenbait egunetan iratzartzeak ere nazka ematen du eta bizitzaren zama astunegi egiten denean premiazkoa da zerbait aldentzea. Ni, bistan dago, ez naiteke oso urrutira joan, ez baitut modurik ezta nora joanik, hala ere sarritan joaten naiz nire baitatik eta bidaia luze eta atseginak egin ohi ditut. Psilocibeen familiakoa da fraile kutsua duen perretxiku ttipia, baina txikia izanik ere handia da bere boterea; aski da bat edo biri hozka egitea beste mundu batera iratzartzeko. Droga den edo ez, hori da besterik, baina izadiak eskaintzen digunez ez daiteke gauza okerra izan. Basotik mugitzeke munduari bi buelta eta erdi eman diezaioket; ez dakite, ez, hori nire etsaiak, zeren bestela nireak egina zuen honezkero.

  Perretxikuei esker lortzen ditudan biaje hauetara jarri arte oso makal eta gaizki sentitzen nintzen. Depresioaren hortzak ikusia naiz eta badakit landarearen pareko bilaka daitekeela norbera. Badakit goizean ez iratzartzeko burutazioa zer den, baita ere neure buruaz beste egiteko burutazioa izana dut. Izan ere bizitza arrastratu honek baditu parada gaiztoak eta gune ezin nekezagoak. Nire buruari eutsi ahal izan badiot basoko oreka nireganatu dudalako da. Basoaren legeak irakatsi dit bizitzaren seinua.

  Nire etsaiak aipatu ditut lehen, eta orain esan beharra dut norbera dela askotan bakoitzaren etsairik nagusiena. Batez ere norberaren baitatik jalgi ezin denean. Baina egia da etsaiak ere baditudala. Alper fama dut, agian arrastaka bezala mugitzen naizelako, baina halakoek ez dakite zein toki aldrebesetaraino heldua naizen. Mantso, baina gelditu gabe, ordu askoren zehar ibil naiteke basoan. Asko ibili nahi duenak ez du halabeharrez azkar ibili beharrik eta niri mantso ibiltzea gustatzen zait. Baina etsaiez ari nintzen... eta asko dira; hala ere guztietan okerrenak beste perretxikuzaleak dira; ez dute nonbait maite nire trebetasuna. Kontua da basoak ez duela jaberik ezta bertan jaiotzen diren onddo, ziza eta perretxikuek ere, egunero, beraz, hutsetik hasi behar da eta bezperan erdizka jaiorik ikusitako gorringoak ez du hurrengo egunsentian jaberik. Lehenik iristen denak bereganatzen du saria, horretan oso konpetitiboa da izadia. Hoberenak bakarrik iraun dezake, eta hainbeste urtetan iraun badut zerbaitegatik izanen da.

  Gero, perretxikuenganako nire joera obsesibotzat dutenak daude. Ezin dute ulertu nola une osoan, lurrak ematen dituen fruitu ñimiño eta eder horiei esker bizi naitekeen. Ez dakite ordea, halakoak, perretxikuak, urte osoan aurkitu daitezkeela. Badira perretxikuak udaberriko zizen antzera udaberrian bakarrik sortzen direnak, eta badira besteak udara eta udazkenean soilik aurki daitezkeenak: onddoak, galanpernak, ziza horiak, barrengorriak, gibelurdinak edo kuletoak orduan bakarrik jan daitezke. Egia da udazkena dela perretxikuzaleon sasoirik oparoena, baina urte osoan daude era batekoak edo bestekoak. Neguak ere baditu bere perretxikuak, basura izoztuan sortzen direnak edota lurpean ernaltzen direnak. Trufak dira azken hauek. Trufen arazoa zera da, alegia, lurpean aurkitzen direla eta nekeza dela oso non aurkitzen den ziur jakitea; jakituria hori esperientziak eman dezake soilik; esperientziak eta pazientziak.  Badira euli batzuk oso trufazaleak direnak eta aski da euli horiek non dabiltzan jakitea bertan trufak aurkitzen direla jakiteko. Nik, egia esan, ez ditut askotan dastatu trufak, zeren oso nekeza zait lurpean aurkitzen den fruituaz jabetzea, baina inoiz haizeak edo tximistak zuhaitzak jausten diduenean beren erraietan aurkitu izan ditut. Entzuna dut tximistak jotzen duen tokian jaiotzen dela trufa eta egia da, agian, zeren tximistak eta trufak badute elkarren artean loturaren bat, nik, bederen, tximistari esker jan izan ohi dut lurrak ematen dezakeen fruiturik ezkutuena. Kaskobil beltzaren forma dute trufak eta halabeharrez izan behar dute tximistaren ume.

  Etsaiak etsai, bareak ordea nire lagunak ditut guztiak. Ezin dut bareekiko haserrerik gorde, aitzitik, anai eta lagun ditudala sumatzen dut. Onartua dut ezin dudala baso guztia menderatu eta hargatik ez naiz haserretzen, beste bare bat, perretxiku ederren baten haragia bazkatzen ikusten dudanean. Barearen izaera niregatua dut orobat. Bareen artean bare sentitzen naiz basoan eta ilunabarrean kalerantz abiatzen naizenean badakit ostera hurrengo goizean nire benetako bizigunera igorriko naizela.

  Lehen, parora joan aurretik, Olaberriko fundizioan lan egiten nuenean Bare ezizenaz bataiatu ninduten, jaiotzez Beasaindarra naizelako eta orduan ez bazidan grazirik egiten orain onartua dut eta Ordiziako ferira perretxikuz beteriko otarrarekin agertzen naizenean harro sentitzen naiz, Kaixo Bare! esaten didatenean.

  Langabeziarekin gauzak jarri diren moduan, nik basoan aurkitu dut ogibidea eta bizimodua, paroko subsidioarekin ezingo nuke luzaro iraun eta perretxikuei esker ezin kexatuko naiz nire sorteaz.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera