Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bidean ihes

Mujika, Luis MariKutxa, 1997 Nobela

Aurkezpena

        «Bidean ihes...» eleberria, autorearen Loitzu herrien uda-partean lehen nobelan bezala, Espainiako gerra zibilaren koordenadetan kokatzen da. Eleberriak, alabaina, ildo desberdinak eta nabarrak ditu Euskal Herrian eta kanpoan. Zehazki, protagonistak Argentina utzita euskal lurretara itzultzen da. Eleberrian narrazioaren kontestu fokala Erandioko kanposantuan kokatzen da, puntu hartan —errealismo majikoan sarturiko ildotan— hiltzat emandako protagonistari asabak eta ahaide zenduak hizketan azaltzen zaizkiola. Argentinako koadroek —linealtasun oro apurtuta— alde psikologiko eta deskriptiboak garatzen dituzte eleberriaren orijinaltasuna —idazkera aberats eta olde luzeko tramotan emana— nabarmen utziz. Euskal brigadista den protagonistaren dialogoak iloba anarkista eta fraide karmeldar inozoaren pasartetan gauzatzen dira, eta Argentinako tramoak sorpresaz —eta ustegabeko tenkaduraz— azaltzen dira, han-hemen, errealismo majiko baten ildotik.

Pasartea

        Edurne eta Frai Eustakio utzi nituen bordaren hurbilean, supitoan, oihu zakar bat entzun nuen:

        —¡Alto!, ¡Alto! ¡Deténgase! —Burua jiratzean bost gizonez osaturiko errekete-taldearekin ikusi nuen inguraturik ene burua. Ihes egitea pentsatu nuen hasieran, baina ene bidaideak bordan zeudela oroitzean:

        —Zer nahi duzue niregandik? —esan nien totelki.

        —¿Qué dices? ¿Has visto, por aquí, alguna patrulla de milicianos?

        —Ez dut inortxo ere ikusi.

        —¡Cojones! Háblanos en cristiano... —apropos ez ulertuarena egin nahi izan nien nafar soldaduei euskaldunak ere bazirelako; orduan buru egiten zuenak:

        —Soldado Joancorena, tú que sabes vascuence, dínos qué dice este tipo.

        —Que no ha visto a nadie.

        —Está bien... Pregúntale cuál es el camino que lleva a Vergara, pues andamos perdidos.

        Une hartantxe Frai Eustakio —zakurkumea ondotik zuelabordaren atera azaldu zen; zakurñoa zaunka hasi zitzaien erreketeei.

        Kaboak amorrazioz:

        —¡Perro de mierda, cállate! —eta tiro bat bota zion fijo begi bien tartera. Seko geratu zen zakurñoa. Frai Eustakiori negar-anpulu bi jausi zitzaizkion betondoetatik izarrak bezala...

        —Pregunta, de nuevo, si hay milicianos o sodados vascos por estos parajes... Que no anden con bromas.

        Joankorena soldaduak kabuak agindurikoa itzuli zidan Nafarroako euskara gaitz batera, baina nik berriro ez nuela inor ikusi; zorionez, erreketeak ez ziren Edurne zegoen bordara sartu, baina beheko baserrira eurekin jaisteko agindu zidaten. Entzuna nuenez, erreketeek gerrara bortxaz eramaten zituzten maiz hemezortzi urtetik gorako gazteak.

        Baserriko nagusiak gaztelania mordoiloan:

        —No, señor, aquí mujer y yo solo vivir.

        —A ver, Amunarriz y Joancorena, id al granero, y vosotros dos registrad la cocina, las habitaciones y la cuadra.

        Miaketa eginda gizaseme gazterik ez zegoenez, kaboak erneguz ikuilutik zekorra eta artirin-zaku bat hartzeko agindu zien, eta jarraian ospa egin zuten. Ni baserrian utzi ninduten.

        Handik ordu-laurden batera eskaileretako oholtzan pausu astunak entzun nituen; beherantz ganbarako belar iharraren azpian ezkutaturik egoniko seme galanta ikusi nuen. Amak aieneka ezkaratzetik:

        —Seme, zelako sustoa geurea, topau indutela uste neuen. Ene Jesus!

        Ni Edurne eta Frai Eustakiorengana igo nintzen erreketeak basotik jada desagertu zirela abisatzera. Frai Eustakio zakurkume lurperatuari, lurrean zulo bat egin ondoren, harri zurizta bat ezartzen eta aitaren bat egiten aurkitu nuen.

        —Baina, nola ezar diezaiokezu gurutze bat, Frai Eustakio, kristaua ez den animalia bati? Arima duelakoan al zaude, ausaz? —Edurnek.

        —Noski... Muxuren arima zerura joan da.

        Fraideak, benetan, «esnezko arima» zuela pentsatu nuen.

        —Goazen lehenbailehen hemendik —segidan nik—. Paraje hau laster beste errekete-patruila batzuekin beteko da, eta arriskutsua da hemen geratzea.

        —Nora joanen gara, osaba? —izua agerian zuela Edurnek.

        —Nire ustetan —Eibar eta Ermua igarota— Zaldibarren, nire osabaren Solagoen baserrian, gordetzea dugu onena. Ez gintezke luzaroan ibil bideetan zehar iheska. Osabak gustora hartuko gaitu, eta guk baserriko lanetan lagun diezaiokegu.

        Bi lagunak isildu ziren, baina euren isilunea baiezkotzat hartu nuen, eta bideari aitzinera ekin genion zalu. Egun batzuen buruan Zaldibarko partean izanen ginen, baldin eta beste errekete-patruila batek atxilotuko ez bagintuen. Ordura arte bezala, ordea, errepidetatik urrun ibili beharrean geunden.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera