Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bide-giroak

Mujika, Luis MariSendo, 1963 Poesia

Hitzaurrea

ITZ-AURREA

 

    Gizonak barne-barnean Jainko-joera darama. Bere barren sakontasunaren arkibide t'azalpenera jotzen du, ta onek bete-bete daragianean barrenerazten da gizona geienik Jainkoz. Poesiak —olerkiak— barren muiñaldea agerrerazten dio gizonari, norberarekin arkitzen laguntzen, ta bein lasaiturik, espirituaren egi ain mee ta zail ori ukitzea aierazten.

    Poemak espiritua azkengabeko arkibidean ipintzeko asmoa du; xoiltasun-deia egin nai du, Jainko-deia egin, bidean emandako Izadi-edertasun eta abotsean goiko arki-dela egin. Beraz, Izadi edo Natura begiztatzean ezin dut etsi nunaitik sar naiaz dudan Jainko-ibaikada.

    Poema, Jainkoa gertuagotzen duen alako zerbait bailitzan eskeintzen da, edo-ta, espiritu-arkibidea aragitzea lankidetzen duen beste edozer bezela. Bai, Izadiko zentzungaien bideetan sendotuta dirdiratzen dan Jainkoaren arkibide betikoa, ta beti egungoa osatu.

    Poesiak, edertasun eta xoiltasunez mamitua badago, benetasunez ernea badago, espiritua bersortu oi du, ta barren-kemenak bizitu Jainkoa aixago arki ta uki dezan, beraz, gizona erlijioduna da izatez.

    Poemak Jainkoz arnastutako Mundua azaltzen du, bañan Kristo-Gizonduaren eragitez, Jainko-ikuspenez kutsututako Mundu erosi t'igurtzia batez ere. Eroskundea iritxi da, zearka bada ere, materidunetara, gizonak Erredenzioa eldu baidu, ta onen barna beeko sorkarietara luzatu. Mundua Soin Mistikuan sartzen da, ta beregana biltzen.

    Jainko-Gorputzaren ikutupen ontan Izadi osoak darama osasun-azia, kultu-azia, naiz-eta aurrez eta apurrean. Beraz, Izadia —Universo— oraindik gizagriñetara menderatua dago, pekatu ta graziarteko gizonaren eskari on eta okerretara jarria.

    Bai, Izadia petaku ta graziarteko ezbaitasun ontan larritzen da. Gizona, bataioko apez-eginkizunean, Mundua graziaren askatasunera menderagotzen, azkenaldiko «'Zeru berri ta lur berriaren» —I Petr. 3, 13— osatasunean borobiltzen, saia bear da.

    Poeman barna, olerkariaren egoera Izadia grazi-askatasunera erakartzeko eginkizunean dago. Askatasun ori, gizonak Izadia Jainkoagana zuzendu, bideratu ta eramaten duenean bete oi da. Olerkariak etengaberik arkitzen ditu grazi-indar auek Eroskundez kutsututako Izadian. Eta geiago, alkar-izketa Beragan murgiltzen du grazi-askatasuna obekigo aktuatzearren, Jainko-gertuera bizigo eustearren. Jauna ta biok goaz jarduten, biok begiztatzen bidea gure alkarraldia sendoago dedin.

    Olerkariaren jokaera auxen da: Izadi beeko ta ezjakitunari norberekiko itz eta konzientzia ematea.

    Paisajea, erri-giroa ta lurraldean zear ez-berdiñetan ekite poetiku ori, ez da nire «barren-giroen» dirdira, motibu ta eragite baño. Olerkariak  ondoko giroarekin, paisajearekin jarduten du, au da, bere «barnea» bailitzan buruatutako lurraldeakin ekiten. Bai, paisajearekin lankidetzen du, onek barrua, gogoa kreatu dezaion. Orra bada, zergaitikan ainbeste paisaje-ekite poemaren zatiburuetan.

    Bañan, begietako paisajea «barren giroen» lankide ez-ezik, Eroskunde ta Jainkoz —osoro ez bada ere— gañezkatutako Izadiarekin «arkitze oraingo» bat dut. «Arkitze» ori mamitzearren, bada, Eroskunde-gañezkada geiagotzen dut nire almenez, au da, Izadi estetiku-begiztatuari abots eta dinamismu kultuala erasten. Kristo'ren Soin Mistikuan kosmo-sarreraren konzientzia prestatu.

    Ondorioz bezela dator igo-neurrian azitako «barren-dirdira» ta «arkitze-jardunen» paisajezko aktuatze atergabe ori.

    Alkar-izketa, noizbeinka, ta neguan batez ere, moztu-edo, baldartu egin oi da paisaje-goibeltasunaren barren eskari argiztatua bezela. Orra bada, euskal-lurraldeko natura otz, luze ta narrutuaren aurreko biotz-beeraldi, zapuzkeri ta larri-bearrak... Paisaje ta barrenartean lankidetasuna, alkartasun giroa dago.

    Poema osoa idea ontara biltzen da: barren-giro ta paisajearteko lankidetasunera, ta Izadiaren —Jainko-antzagaitik— Jaunarekiko «arkitze t'alkar-jardunera». Dena nire almenez Izadiaren Jainko-kutsupena, Izadiaren goi-aunditasun ta kultuaren «arkitze atergabera» bildu. Nire alkar-izketa neurrian, nire barren-eskeintza neurrian azitzen da Natura begiztatuaren askatasun-grazia, Eroskunde-konzientzia.

    Idazkerari dagokionez, poemak barren benetasunean, gai-erantzietan, bearrik gabeko adierazpen edo expresioan itzultzen —azaltzen— ditu biotz-egoerak. Poetiku-izkerak barren benetasunaren eragiñez, oarpen nire-nirez, norberekikoaren arkitzeaz ernetzeko asmoa du.

    Ez da aski zentzunen mundua. Ba-dira beste gogo-eskari, beste transzendentzi-eskari, beste poesi-eskari ainbat gaurko gizarte materizale ontan. Poesia da, bada, gaurko garaitze, gure transzendentzi osakizun ori.

    Bañan, biotz eta izkerazko naturaltasunez egindako literatur erantzian mamitutako transzendentzia. Barnea narrutsik eman ederraren kutsupenean; benetasuna, berezkotasuna bakarrik gozagarrien dirdira aurrean...

    Nire xoiltasun eta erantzi-nai onengatik baliteke poema, aldizka, sensibilidade zenbaitzueri goitarregi gertatzea, edo-ta nire estetika-sugarrarekin irakurleak ain aixa ez lankidetzea; orientzat aski da Juan R. Jimenez'ek zion ura egitea: «Ez dut uste «iñoiz» ederti edo artea geienentzat ditekeanik. Ez dio ajolikan ere, gutxienak edertia osorik ez konprenitzea; aski da bere ixurgai sakonez asetzea».

    Egoki da adieraztea, poemak, lirika-deskrizioagatik literaturkera ta idazgiro ezberdiñak dauzkala. Au kritikatzale baten batentzako arrigarria izango da. Auxe izan da nire aukeramena: barren-giroak, arimaren lirika-giroak kanpoko egoera berrietan ipintzea. Lirika berez, kanpoko deskrizioetan girotzen da, adierazpen barrenkoi-kanpokoetan aragitzen. Beraz, barrentasuna Izadiko azalpen zentzunberaen arkitaldian sendotu ta ugaritu oi da.

    Ez dio ajolikan lirika-deskrizioera au tradizionala ez izatea. Kartesianu edo arrazoizale batzuentzako pekatua izango da batasun-etentze au, binomio edo bi literaturkera ezberdin batean erabiltze au. Estetikan aukeramen asko egin ditezke, eta iñork ez bitza galazi eder-egikera berriak.

    Bestaldetik, protagonista, Izadi erosiaren aurrean, gizon-eginkizun kultuala beteaz azaltzen da. Bere egoera Izadiarekiko apez-egoera da; olerkaria Izadia Jainkoaganatzeko, bere kultura erakartzeko eginkizunean dago. Itz batean, Izadiari Jainko-kutsupenaren konzientzia, bere almen sakramentudunen konzientzia eman abotsaren, mirestearen eta begiztatzearen bidez. Beraz, egoera ontan edozein gizon Izadiaren apez gerta diteke.

    Orregatik, poema erlijio ta teoloji-sakontasunez egoeratua agertzen da. Au da, Izadi itzalkorra, bere goi-gardentasunean, miresten eta maitatzen duenaren apez-konzientziaz Egilleaganatzen.

    98'ko idaztaldea XIX'garren gizaldi azkeneko erdal kastizismu latz eta akademismu geiegikoaren baldakeri kontrako reazio-benetasun eta estetika bizitasunezko eginkizuna izandu zan.

    Akademismuak sasi-billaketa puztuaz erromantizismuaren lehenengo zain benetakoa zulatzen eta legortzen zuen, gogorkeri zuriz jantzi nai araziaz.

    Bañan 98'ko idaztaldeak astindu egin zuen esaeraen zaharkeria, Kastilla'ko izkuntza aberatsari kolore, gaztetasun eta bizilarria erantsiaz.

    Reazionismu ark literatura burges eta garbizale kontrako idaz-zartadatasuna, esaeraen umiltasun eta xoiltasuna zeraman. Alako «kasta» edo mailla biurtutako literatura aurrean, eginbide berrien, erri-indarraren arrera eskatzen zuen. Izkuntza agor-larriaren aurrean, itzberri ta atzerrikoen arrera eskatzen zuen. Ta, batez ere, errealismu ta españiar kulturaren bakarkeriakin ausi-bearra, Europa'ko aats-iturrietara irten zedin.

    Osakizun reazionatzalle ori, Europaratzearekin, Europa-kulturetara etxekoa sar-naiarekin, ta berezkoera, xoillera, benetakoera idikitzearekin eskuratu zan.

    Unamuno'k onela lotzen du baieste ori: «Europaratu ta errian murgildu bearrean gaude».

    Euskal literatura ere adierazitako aketsetara menderatua ikusi da ainbatean, eta segitzen ere du, esfera batzutan beintzat.

   

    Naiz-eta euskera geienean izkuntza-jardunetikan ez irten, azken urte auetan baña, ta batez be gizaldi ontan, loretze bikaiña ikusi du literatura idatzian. Euskeraz idatzi da, dotoretu ere nai izan zaio garbikeri, akademi ta erromantizismu itxuraz, bañan idazkera oiek beste izkuntzetan gainduak zeudenean.

    Jokaera zakar eta baldar ori, geienean, gure bakarkeri aketsari, gure estranjeri-igesnaiari, gure erdal beldur ainbestekoari zor zaio. Euskalerri'ko kondaira edo historiak auxe esaten digu: alako kezka diogula gure lurreko ta gure-gure ez danari. Atzerrikeri geiegiaz Aberria itzal bear ez dala jakinik ere, bakarkeriak aitu, baldartu, bearreratu egin oi du Erri baten gogo-iturri estetikua. Aita Villasante'k bere «Euskal literaturaren Kondairan» adierazi digunez, Euskalerria baztertu xamarra, bakar xamarra iraun da gizaldien barna bere mendi-lerro ta izakeraen barnean, ta orregatik ez da iñoiz kulturan Erri-aurrelaria izan. «Euskalerria, gizaldien zear, kultura-soroan alako alderdi bakandua izandu da; kultura-kezkatara saiestu xamarra egondu dan zokoa...» Bakardadea, lagun izan zaio euskerari gordin eta bizidun irauteko; bañan, ez du geiago onik egoera orrek. Mugak erori egin dira, mendien babesak itzaldu gaurko gizartearen estruktura berrien aurrean. Orregatik, euskera ere il egingo da aiekin, euspen berri ta positibuetara eltzen ez bada.

    Gure izkuntzaren berpizte-alegiñak —Euskalerrialde ain bakanera iritxitakoak— akets ontaz janak egon dira neurri ainbestekoan.

    Gure majiña bat idazleek bere probintzi-sorotxoan jorratu dute, alako literatura baserritar-lehenengoan, noizean-bein erromantizismu baliotsu bat-edo gaintzea iritxiaz. Tarte bezela, zuzenezkoa da esatea, reazioak izan ditula positibu-zatiak euskeraren itz, gramatika ta joskera ainbat mordollokeri ajolakabetik garbitzeakin. Orixe ta beste batzuen ekiteak bere aipamena merezi dute ontan. Bañan, neurri batean ez du eskuratu bakarkeritik irtetzea, bere baserrikeri kulturagabe ta merketik desegitea, bere soroa europar arnasez igurtzitzea.

    Bakarkeriak, adierazi dugunez, agortu, pobretu egiten ditu izkuntzak, ideak ta Erri baten gogoa. Ideak, beraz, bizitasun dira, ta bizitasun irauteko ber-sortu egin bear etengabe, gaurkoan jardun, «izate» ta «oraingo» izaten segitzeko.

    Unamuno'ren egoera europaratze-larritasuna zan. Beraz, Erriak gogo ta idea-batasunean aberasten dira, bat-besteren kulturak berenganatuaz.

    Gure euskerak bakarkeri-gaitz au izan du ta oraindikan ere ainbestean dauka. Alabañan, egondu dira bakarkeri ori nolabaitean ongi xamar garaitu dutenak, esate baterako, Lauaxeta parnasianismura ta Lizardi modernismu estu ta gogor xamarrera irtenaz, eta beste zenbaitzuk... Kultura-irtetze ta erdal-ekarpenaren elementu argienetakoa Txillardegi nobelari gaztea dugu naski. Euskerari kutsu berritua, Europa'ko arnasa eman dio. Alabañan, esan bearrekoa da, ba-dirala bere berrizaletasun ta idikieragatik errukitu ta salatzalle deitu diotenak. Eta konprenitzekoa da, oraindik ainbestek alako begirune edo reserba jokaeraz jarduten eta gogoartzen baidute, beaien pentsakera eusleen radikalismuekin ez datorrena sasi-berrizalekeri bailitzan artuaz.

    Kulturak legortu —eskaxtu— egiten dira beren izatea oraingoaren ikupenez berritzen eta ber-sortzen ez badute.

    Berritze orren ondorioak segituaz, bidezko da, apurtxo bat bederenik, gizaldi ontan ernetzen etorri dan euskal literatura-berpiztearen pentsakerak aztertzea. Berpizte guztiak bezela, bere gar, arnas eta ekiteaz, asko egin zuen euskeraren bizitza alde. Bere aketsen aurrean, gogoz azaltzen dugu Erriaren konzientzi kulturaduna astindu zuela iltzera zijoan izkuntza mil-urtedunaren alde, ainbat esferataldeetan ez baizegon —eta ez dago ere— bera pizteagatik ez kezka, ez-eta interesik.

    Bañan, literatura-berpizte arek radikalismu gogoa, osokeri gogoa, garbikeri-gogo dexentea zeraman.

    Auek, alde batez, onak dira neurri ainbatean; berez, gai positibuak dira, bañan, «izate» ta «oraingotasun» eginzikunarekin alkartu bearrekoak. Orregatik, oso keri edo integrismu arek berpiztea garbikeri, erdal-amorru, erromaniku-amorruzko jokaera latzera eraman zuen. Ametsa aundia zan, bañan ilusiozuri egineziña, ta kaltegarri euskeraren «bizitza» eginkizunerako.

    Unamuno etzegon erderan itzberri ta galizismuak sartzearen kontra. Izkuntza «bizitza» bailitzan burutzen zuen, ta ortaz esakera berrietara, esakera aktuatzalletara menpetutako elementu bezela, naiz-eta aiek izkuntza berarenak ez izan.

    Gure berpizteak, neurri batean, erdal ekarpen oien amorru izan zuen, euskal etzana zapuztu egin zuen, bañan izkuntza «lantegiko itzberri» 'en sistema gogorrera sakrifikatzeko zalantzarik gabe. Ta orra... erriaren kutsu ta aogozorik gabeko izkuntza baldartua. Egitan, itzberrietara ?neolojismuetara— jotzea etzan errua, geiegian jotzea baño, au da, liburuak indar-aatsik, erri-izkeran «egonik» etzuten itzez okitzea. Izkuntza zigortu egin zuen bere akademi-gogorkeri ta gramatikakeri zorrotzez, euskerak idazle batzutan arintasun, alkarbide, esanbizi ta gozagarritasuna galdu ainbatean.

    Izkera baldartu ordez, betiro sortu ta berritzen lagun bear dion gramatika-fenomenu aurrean, Unamuno'k dasaigu idazlea —eskribitzallea— «berezko gramatika erara, aora obekien datorren izkeran» berritu bear dala. Ba-dakigu Pio Baroja'k alako ezespen edo despreziua egiten ziola gramatikari zegokionari, alabañan etzuen galtzen txairotasunik literatur-lanean.

    Egi au gramatikakeri beartuxearen kontra doa, izkuntza gramatika-mail egiñetara bear-naiaren kontra.

    Euskerak, beste ainbat izkuntzaen antzera, ez dauka oraindik gramatika-egonik ainbeste eratan. Legez bezela, ezin diteke gaurko izkuntza joandako gizaldien eratara beartu, naiz-eta auek egi ta berezkoagoak izan, bañan ezkutatuak. (Adi bidez, «a» muga-itza lehen itzarena, orain itzatik askatua, au da, artikulu biurtua). Izkuntzak aldaketa atergabera ezarriak daude, ta ori ez da uts. Izkuntzaren bizitasun eta indar-dinamismua erri-zornatik jaten duenean jaiotzen da, errian «murgiltzen» danean, «izate» ta «oraingotasun»-deiari leial irauten duenean.

    Literatur-berpizteak aurreko idazleen itz eta gramatika-ajolakaberiaren kontra eraso zuen. Mordollokeria ezin izan legezko seme gaurko gizaldian. Bañan, bere borondate on-eta guztiz, berpizteari zuzenbide pixka bat palta izan zitzaion, «existentzi» egoera palta, alako lillura edo idealismu egin-ezin eta zuria segi baizuen.

    Ondorioz, zenbat itzlau edo prosa egin zan idazkera ontan, dena itzberri, izen konpreni-ezin eta aditzera sintetikuz betea. Zenbat poesi egin zan —eta egiten ere da— zakar ta luzatua, neurtitz eta erorkeraren —rimaren— morrontzara mendeatua noski, bañan gogo-estetika barrentasunik gabea, espresio berezko ta biurkorrik gabea, betiko folklore baserri, zelai, mendi, txistu ta dantzaen... literatura-aituan aspertua. Gure literarurari arnas-berrituen igurtzia, literaturkera berrien kemena, barren-aberastasun eta idazkera biurkorra palta izan zaio. Mozkera geiegia kaltegarri da alkar-jarduna, adimen da gozapenezko alkarketa eragozten duelako. Jakinean eduki ordea, dena ez dala egin linea ontan. Nik jokaera batetzaz jarduten dut orain.

    Erri-izkerari begirune bear zaio, literatura bere gaiez eraiki, eta ez «lantegiko terminoloji» ainbestekoaz.

    Izkuntza kulturadun guztien antzera, euskerak beretu ditzazke erdal itzak, teknikuak batez ere, ta bere-bere egin ezerren kezka ta damurik gabe, alabañan aixa konpreni ta egingai diran euskal itzeri lehendikoa edo preferentzia ken gaberik.

    Ontan, edozein egoera gogorra, ilgarri litzaioke gure izkuntzari. Gaurko euskeraren erio-krisisak errealismu geiago, gure balioenganako konzientzi geiago, ta batez ere, jokaera lekukoagoa eskatzen digu.

    Literatur-berpiztearen egintza oraindik maillatalde —esfera— batzuetan —naiz-eta itzalxeago— bere osozalekerian segitzen du. Jokaera orrek ez dio izkuntzari ez indar ez aberastasunik erantsiko, ezta ere salbatuko inguruka ari zaion eriotzetik. Bañan, ba-dira zorionez, beste maillatalde idikiera-kezkadunagoak, adiera berrietara arriskuratzeko kemenduagoák. Batez ere, gaztetaldeak ezin dituzte etsi 60 edo 70 urte ezkeroz gaindutako euskal literaturkerak. Ezin dute jasan gure baserrikeria (ots, txarra, ez bestea), gure sasi-kultura. Joseba Intxausti'k onela zion: «Jakin dezagula, erdalkeria bezin kaltegarri zaiola Euskalerriari gure txanponezko kultura uskeria».

    Poemak egoera zaharren reazio-galea, astin-galea dakar, Kastilla ta Europa kulturetara idiki-naia. Nire asmoa erri-izkeraren xoiltasun eta umiltasunean «murgilduaz» izkuntza egitea da.

    Erriari itzala eman, ez zigorrarazi bereturik ez dauzkan itzez, ez-eta saiestu literatura idatzitikan. Nire ustez, gure literaturaren egite ta «tasunaren» bakankeri edo eskaxkeria aipatutako fenomenueri zor zaie. Mingarria da nabaitzea: erdera gizaldi erdian zortzi edo amar literaturkeraz ber-sortu ta ugaritu dan bitartean, gureak ez duela eskuratu ez 98'koen reaziora, ez modernisten kezkara, ez-eta kreazionismu edo errikerara samaldan idikitzea... Ikusmira, erdal-ikupena, «oraingoaren» zentzua palta izan zaigu ainbestean.

    Nire orrialdeetan, bearbada, reazio-jokaera geiegia igarriko da. Nire egoerak, reazio-jokaera guztiek bezela, bere geiegikeri euts-eziñak urratuko dituela aitortzen dut. Bañan, bearrezkoa zaigu arriskuratzea, bearrezkoa saltu edo jauzi egitea, euskeraren bizi-zorna antzutu baño lehen.

    Nire literatur-egoera espresio ta «poesi-erantzi» idazkera garbizalean maillatu liteke. Ez dut segitu literaturkera berezi bat, barren-sentimentuak eskatu dit izkera au, beste «kera» egiñetara jartzea asmotu gabe.

    Erri-errian irauli naiz, erri-izkera umilla on-artu dut literatura ta gogo-sakontasunaren bide bezela. Nire asmoa onela jokarazten da: euskera alkarbide, ideoloji edo gogo-batze, estetika gozagarri ta beste kulturakin alkar-ukigai egin. Kastilla ta Prantzi'an sendotu dut izkera, erdal aats edo gogoz sustraitu nai izan izkuntza-ama.

    Unamuno'k zaputz egin ez bazuen, Vitoria, Azpilkueta, Baroja ta gaurko intelektualak, Europa-kulturaz arnastu ondoren, euskera-ama zahartua sendotzera etxeratu baziran, ez genduke edukiko oraingo eskaxkeri ta antzutze-zentzupenik alkarbide, adimen eta maite-batasunera erne zituen izkuntza berbera artan. Ori izandu da gure intelektualan utsa ——pekatua—.

    Orain, izkuntza bizi ta eriotzarteko azken-burruka larrira makurtua dagolarik, orain dirudi intelektualak Euskalerri'ko kultura-balio lendabizikora esnatzen asi dirala. Bañan, pekatua geiegi luzatu da, ta zabarkeri ta estima-ezazko egoera arek erri xeea ere jo du, ta orra bere euskeraganako ez-aiñeko konplejuak.

    Euskeraren egoera larria da benetan. Amar-urte gutxitan bakandu egin da bere jeografia, ta oso euskeradun ziran errietan galdu egin galanki batasunindarra, gizarte-indarra, alkarbide indarra. 23 urte auetan 70.000 baño euskaldun geiagoek zapuztu ta aztu dute beren izkuntza. Euskera-amaren bizi-zorna ugarira il dira zabarkeriz. Zifra ori ilgarria gertatzen da benetan Europa'ko izkuntza zaharrenaren zabalalde txikia gogoan arturik. Eskandinabiar irakasle ta filologu askoen esanez, euskerak, beste Asiar izkera batzuen antzera, il-zoria darama, guk-geok ezer eragillerik tajutzen ez badugu. Ta gauza geiago zertuaz, 40 urte bederenik agintzen dizkiote euskeraki Prantzi aldeko Euskalerri'an. Ikatu diteke zifra oietaz, bañan mingarriak dira, gure zabarkeri-frutu diralako. Gure kristau konzientziak eskatzen digu Erriaren ta Jainkoaren balio au ez zapuztea; ori da kristau benetasuna, ez igesnai zabarra; Aberria, balio goi-absolutu bailitzan gurtzea bezin pekatu da, bere balioak baztertzea.

    Kondaira edo Historiak ez digu barkatuko; beste ainbat erriekin antzera biotz-gogor izango da. Alegin beranduegiak alperrikakoak dirake. Euskalerri —ta gure gizaldiak— beren zirriborro edo uts aundienetakoa botako dute izkuntza galtzen uztearekin.

    Euskalerriko seme guztiak —euskera ezagutu edo ez—, denak esnatu bear dira izkutza-amaganako konzientzira. Euskera galduaz Europa'k kultura bat geiago galduko du, ta Prantzi ta Españi'k beaien kultura-ondorea pobretuko.

    Denak ekin bear dute balio au gordetzearren, denak eutsi bere bizi ta adierazpen-eskubidea, denak lagundu, ordu ontan —naiz-eta on—, kaltegarri zaion giro-arrotz inguratzallean ez galtzeko. Pio XII'garrenak Itali'ko dialektu-olerkarieri auxe esaten zien: «Alde batetik, ainbat bidez erreztutako errien arteko ikupen eta ezaguera beti aundituak benetako aurrerapen dirala esan badezakegu, bestaldetik ordea, bein baño geiagotan gertatutako oitura ta pentsakerak asimila-nai naasiaren arriskua azaltzen da. Bearrezkoa da, bada, kosmopolitismu gaizki-artu batek erri ezberdiñeri bere balio tradiziodunak zapuztera ta beren izakerak barren-aldatzera bideratzen galaztea».

    Barka idazute gogo-banaketa luzeegi au. Bearrezkoa zan nire euskal literaturaganako reazio-jokaera nolabait arrazoiaraztea. Baretasunez eta borondate onez egin dut, iñori gaitzik opa gabe. Orduak eskatzen du au.

   

Castelgandolfo'n, 1962'ko iraillaren 17'an.

Pasartea

BIDEAN

      Bidean nabilkizu, Jauna, bidean ibillaren atsegiñean...

      Gogoa sutsuki barrentzen zait, sutsuki berritzen bera begiztatzez, eta ikusi-ala eskeintzen... Arnasa, kolorea, garbitasuna zipozki amiltzen dira niregan...

      Begiok ibaia, mendia, piñudia, urdin birjiña, lanbropeko basoa bizitzen... Dena barnean girotzen, barnean jaiotzen, dena otoi biurtzen...

      Alkar-jardun otoia, antsi otoia, begirada egartizko otoia... Bidean banatutako otoia, nire zoramenez mamitutako otoia...

      Begiok Izadia —Natura— estutzen, eta bere ibaikadan blai gelditzen... Begiok Izadi umil eta aberatsa, Izadi illun-karraskduna sumatzen...

      Bidea Zutaz ukitutako izadira bideratzen, zure Erospen-kutsupenezko Izadira erakartzen... Alako Izadi zabal, ugari, itzalkorra!

      Eta ni bidean begi berriaz, barrualde berriaz, antsi berriaz bidegiten...

      Gaur jaiotzen zatzaidan bide, jabetza goituan utziko nauzu —grazizko jabetzan—, eta nik alturan amore egingo bein-betirako...!

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera