Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Bigarren haurra

Ezkiaga, PatxiEuskaltzaindia - BBK, 2002 Nobela

Aurkezpena

        Alaba jaio berria umezurztegira galdu ondoren, Lourdes gazteak Bilbo aldera egingo du bizimodu berri baten bila.

        Stripteaseko dantzari gisa diharduen bitartean ezagutuko du Martin argazkilari eta margolaria, eta haren eskutik biziko ditu 1970eko hamarkadan Euskal Herria iraulitako gertakariak. Herri honen azken aldiko historian hain eraginkorrak izan direnak.

        Alabari gutun luze baten bitartez kontatzen dizkiola, ahots berri bat somatuko du bere ondoan, gero eta indartsuago, lubakiaren beste aldetik, tiro egiten zuenarena, hain zuzen.

Pasartea

III

 

 

        Atzo, bazkal ostean, autoa hartu eta buelta bat emateko gurariari amore emanez garajera egin nuen, jertsei lodi bat jantzi ondoren, eguraldia txarrera egiteko itxura hartzen hasia baitzen, negu hurbilaren anuntzio. Autoaren giltzak ezkerrean neramatzala, eskuinez garajeko atea irekitzen ari nintzenean ohartu nintzen zenbateraino zegoen giroa hoztuta eta kosta egin zitzaidan sarrailari ireki ahal izateko derrigorrezko bi birak egitea. Eskuzorroen bila joan ala ez joan zalantzak hartu ninduen; azkenean, halako deskuidoak adierazten zuen axolagabekeria madarikatzeko hasperen egin eta etxera itzuli nintzen, autoa gidatzeko erabiltzen ditudan ahuntz-larruzko eskuzorroen bila. Autoa utzi ondoren ibilaldi labur bat egiteko asmoa nuenez, artilezko parea sartu nuen eskuko poltsatxoan.

        Zazpi ahalak egin arren, ezin izan nuen autoa martxan jarri, eta estalpe aldera egin behar izan nuen, arlotea han ote zegoen esperantzarekin. Orduantxe kaletik sartzen ikusi nuen.

        — Ezin dut autoa martxan jarri.

        Begira gelditu zitzaidan. Gero, hitzik esan gabe, garajera lagundu zidan. Nahikoa lan izan genuen autoa garajetik atera eta Hondarribitik Errenteriara egiten duen errepideari begira jartzen, haraino dagoen aldapa behera motzaz profitatu asmotan. Bigarren martxa sartuta eragin behar niola kontaktoko giltzari esan zidan, autoak abiadura pixka bat hartu bezain pronto. Horrela jarri genuen martxan, bera atzetik bultzaka ari zela. «Eta nirekin etortzera gonbidatuko banu?» Bat-bateko burutazioa ez zitzaidan asmo guztiz txarra iruditu, eta esan egin nion. «Jaizkibel aldera egitekotan nago. Etorri nahi baduzu...» Zabalik utzi nion atetik sartu eta ondoan eseri zitzaidan, txakurra bere hanken artean jarrita.

        Gaintxurizketatik haratago, Lezorako bidea hartu arte ez zidan ezer esan. Zentral termikotik zerura egiten zuen keak are beltzago bihurtzen zituen, Pasaiko bokale guztia inguratuz, itsasotik Sorgintxulo aldera hedatzen ziren hodei mehatxulariak.

        —Ez dirudi itsasoa batere bare dagoenik —komentatu zidan, Pasai Donibane aurreraxeago utzi eta portuko bihurgunea hartu genuenean.

        —Goitik ederki asko ikusi ahal izango dugu —erantzun nion, behako azkarra botatzen niola, aldatz gora hasi ahala; begiak itxita harrapatu nuen, nitaz guztiz fidatuko balitz bezala—. Txikia nintzenean —jarraitu nuen—, oporretan, Antonio «Putzu»ri bizikleta eskatu eta Basabetik Koateko igoera bitarteko bidean behera egitea izaten zen gure plazerrik handienetakoa, ziztu bizian, behin edo bitan bakarrik eraginez frenuari. Behin, eguneko azken lasterketan frenua berandu ukitu eta aldameneko sorora erori nintzen. Ez zitzaidan gauza handirik gertatu, belaun eta ukondoko urratu batzuk izan ezik, gorputzarekin lurra jo nuen aldean.

        Ez zidan ezer erantzun. Berriro begiratu nion. Begiak itxita segitzen zuen, esku batez harengana itzulitako txakurraren burua laztantzen zuela.

        —Ez da zorriak kentzeko sistemarik txarrena —bota nion, zirikatzeko asmoz.

        —Zuk begira ezazu aurrera —erantzun zidan—. Ezkerretik behera joanez gero, itsasoa baitago. Bidetik ateraz gero, ez duzu pastila gehiagoren beharrik izango hezurretako minarentzat.

        —Nazzzkagarria zara —bota nion.

        Irrati antenaren pareraino iritsi ginen arte ez genion ezer gehiago esan elkarri. Motorra itzali eta kanpora egin genuen. Haize hotza zegoen. Txakurrari jarraiki, Txingudiko badiari begira dagoen mahaiaren ondoan eseri ginen.

        —Barkatu —esan zidan.

        Ozta-ozta entzun ahal izan nion hitza. Ez nion galdetu zer barkatu behar nion. Bagenekien biok zein itsusia den heriotzaren hurbiltasuna, arma gisa erabiltzekotan. Gorputza itzuli eta Hendaiatik haratago dagoen kostaldera begira jarri nintzen. Arlotea ez zen mugitu ere egin, haren begiak Aiako Harriei so.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera