Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Biozberak. Ekitaldi bakarreko irri-antzerkia

Alzaga, ToribioNartin eta Menaren Etxea, 1929 Antzerkia

Pasartea

BIOZBERAK

 

        Zestoako uda-etxe apain bateko gela nagusia. Atzian, ezkerrera gela-sarrerako ate zabala. Atzerago etxe-sarrerako atea. Eskui aldian leyo aundi bat. Atzeko aldian aulki luze bat. Ezker-eskuitan mai polit batzuek, gañian ixpiluak dituztela. Inguruetan aulkiak, eta aben gañak eta baita ere maigañak apainketako tresnaz betiak ageri dira.

        Oyala jasotzean, Bebel ixpillu-aurrian apaintzen dago.

 

I

BEBEL ta MARIANO JAUNA

 

MAR. J.- (Etxe-sarrerako atetik sartzen da) Aratsalde on.

 

BEBEL.- (Apainketak utzi ta Mariano jaunari agur egitera juanaz) A! Mariano jauna, zer diyo?

 

MAR. J.- Ondo, ta zu?

 

BEBEL.- Ederki. Exeri bedi.

 

MAR. J.- Eskerrik asko. (Atzeko alki luzean exertzen da) Eta ama, ta Lolot?

 

BEBEL.- Jazten ari dira. Gure erritar sendi bat bart iritxi zan eta ikustaldi bat egitera guazkiye.

 

MAR. J.- Biar dan bezela.

 

BEBEL.- Eta bedorri, zer dabil alderdi abetatik? (Apainketari pixka bat jarraituaz bañan era berian Mariano jaunari begiratuaz)

 

MAR. J.- Agerrepeko Mari-Antoni ikusten izan naiz, eta bidez, etxe ontan sartu atera bat egin gabe ez det juan nai izandu.

 

BEBEL.- Eskerrik asko. Ta, zer diyo Mari-Antoni gajuak?

 

MAR. J.- Zer izango du! Ondo nai ta ondo ezin izan.

 

BEBEL.- ¿Gaizki aldago?

 

MAR. J.- Ondo ez beintzat.

 

BEBEL.- ¿Eta, zer du?

 

MAR J.- Gaitzik okerrena: urtiak.

 

BEBEL.- Asko izango ditu?

 

MAR. J.- Irurogei ta amarrera baño larogeira alderago.

 

BEBEL.- Gajoa! Ondo emakume gordiña izana da bada.

 

MAR. J.- Inguru abetan ezagutu dan emakumerik sendo ta mardulena. (Une onetatik Bebelek bere buruaren apainketan jarraitzen du Mariano jaunari jaramonik egin gabe.) A! Bañan urteak, zuaitzik tantarrena ondatzen duten bezela, osasunik bikañena galtzen dute. Gure izamenari iraun-azitzen diona biotza da; ta urteak biotza nekatu, ondatu, apurtu, txetzen dute. Izan ere, bizi geran bitartean beñere geldirik ez dago; gau ta egun, beti tik...tik... tik... tik... Gañerako beste gorputz-atalak geldi-aldiak badituzte; biotzak beñere ez. Mingañak, bati-bat emakume-mingañak, egunak dituen ordu guztietan, eta zerbait geixiago ere bai, zorapen ikaragarrian zaramalkatuko dira, barrengo suak eragiten baliote bezela. A! bañan, noizbait ere ixil-aldia etorriko zaye eta mingaña geldituko da. Biotza ez ordia; biotzak beti bezela jaraituko du: tik...tik...tik...tik... Begiak, begi eziñ-egonak, ikusten dutena baño geyago ikusi nairik, zer nekeak darabizkiten, zer lanak, zer zoramenak izaten dituzten! A! bañan, noizbait ere, luak betazalak jetxiazitzen ditu ta itzalpe atsegiñean atseden gozoa arkitzen dute begiyak. Eta bitartean biyotza, betiko bere lanean, tik...tik...tik...tik... Eta berdin oñak, berdin besoak, esku, beatzak; gorputzaren alderdi guziak badituzte lan-aldiak, baña geldi aldiak ere bai; biotzak bakar-bakarrik ez beñere geldi-aldirik; biotza bere amaigabeko egitekoan, beti, tik... tik... tik... tik...

 

II

LENGUAK eta LOLOT

 

LOLOT.- (Eskuitik sartuaz. Asieratik Bebel ezkerreko ixpilluaren aurrian egongo da) Bebel, emen al dezu... zera...? (Mariano jauna ikusten du) A! Mariano jauna, noiz etorri da?

 

MAR. J.- Aiztiyan, eta ementxen negon zure aizpatxoarekin izketan. (Bi aizpak Mariano jaunaren ondoan biltzen dira).

 

BEBEL.- Ez dakizu; andre Mari-Antoni ez omen dago ondo.

 

LOLOT.- ¿Andre Mari-Antoni?

 

MAR. J.- Bai, Agerrepekua.

 

LOLOT.- O! Eznekiyen..... gajua! Ain maite genduen ta!

 

BEBEL.- Ia! Udaro beti juaten giñan ikustera.

 

LOLOT.- Ta arek egiten zigun ongi-etorriya.

 

BEBEL.- Ta aren guganako ongi naya.

 

LOLOT.- Ain maitekorra izan da...

 

BEBEL.- Ain andre atsegiña...

 

LOLOT.- Gajua! Oso minberatu nau beri orrek.

 

BEBEL.- Ni guztiz naigabetua utzi nau.

 

LOLOT.- Izan ere, ez da gutxiyagotako. Ta zer du bada?

 

BEBEL.- Mariano jaunak dionez, biotzetik izan biar du zerbait (Bebel juaten da lengo mai-aurrera ta ekiten du berriro bere buru-apainketan).

 

LOLOT.- Biotzeko miña du beaz!

 

MAR. J.- Ala nai bada, biotzeko miña ez da, beste aje asko dauzka gorputzian; bañan aje oiek guziak, zarretan batibat, azkenerako biotzera jotzen dute.

 

BEBEL.- Nik esan dizudana.

 

LOLOT.- Ta zer derizkiyo bedorri?

 

MAR. J.- Zer nai dezu nik esatia. Gaitz abetan sendagilleak ain gutxi egin lezake...Guzia gaxoaren gain dago. Ta emen gertatzen dan bezela, gaxoa urteak eta gaitzak menperatua daukatenean, zer itxaropen izatia nai dezu!

 

LOLOT.- (Bebel maiera joan eta zerbait artuko du, eta bere arekin eskuiko maiera juango da, ta bere buru-apainketan asiko da, noizean bein Mariano jaunari begiratuz) Beraz, beorrek, oso gauza galdutzat dauka?

 

MAR. J.- Ez det nik orrelakorik esan. Iraun lezake, biotzak irauten dion bitartian.

 

LOLOT.- Orduan, oraindik sendatu liteke?

 

MAR. J.- Sendatu ez; bizi, bai.

 

LOLOT.- Bestiak ere ori egiten degu bada: il arte, bizi.

 

MAR. J.- Bai, baña, zu bezelako gaztea osasun betean bizi da; osasuna galdu duen gaixoak berriz, egun negargarriak daramazki. Bizi dala ere, ezin esan liteke.

 

LOLOT.- Beraz, orrela dago, andre Mari-Antoni gaxua?

 

MAR. J.- Kupigarria! (Une onetatik bi aizpak beren buru-apainketan jarraitzen dute Mariano jaunari jaramonik egin gabe). Zure aizpatxoari len esan diyodan bezela, zarrak, biotza nekatua izaten dute, ta orretxek estutasun aundiak ematen dizkate. Izan ere, jayotzetik eriyotzaraño biotza ari da beti, tik... tik... tik... tik... Gañerako gorputzaren alderdi guziak geldirik, atseden osoan dauden bitartean, biotza, gorputzaren zaindari bakarra balitz bezela, etxe utsetan etxea zaitzeko gelditzen diranen antzera, ariko da gelditu gabe, tik... tik... tik... tik. Eta ori egunez, eta ori gabaz, orrela umetan, berdin gaztearoan, eta, azkenik, zartasunera irixtean; ez da arritzeko gauza, nekatua arkitzia, beti, gelditu gabe, aritu dana tik... tik... tik... tik.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera