Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Burruntziya: atal bateko antzerkia

Alzaga, ToribioRikardo Leizaolaren Etxean, 1931 Antzerkia

Pasartea

BURRUNTZIYA

 

        Iruditegia erri txikiko etxe bateko gela nagusia. Atzean sarrerako atea. Ezker-eskuitan ateak. Atzeko orman asara (cómoda) bat, jostalluz eta antzezkiz betea. AIkiak batean eta bestean zabalduak. Alkietako bat txiki-xamarra.

 

1

MAÑAXI ta KOXME

 

        Mañaxi etxekoandria da. Berrogei ta zortzi urte ditu; arpegi zorrotza ta izakera zorrotzagoa. Betaurreko aundi batzuek begietan dauzka, ta alki txikian exerita braka batzuei arabakiak jartzen ari da. Koxme. bere aldamenean zutik dago; ogei ta iru urteko inutil gaztia da.

 

KOX.- ¿Beaz ezetzian zaude?

 

MAÑA.- Ezetzian irauten degu.

 

KOX.- Zure alaba nik maite detanarekin...

 

MAÑA.- Emazteaz jabetzeko ez da aski naitasuna.

 

KOX.- Bere begietatik ikusiko nuke nik.

 

MAÑA.- Jan ere bere abotik naiko zenuke noski: ta ori da guk iñola ere ezin eraman deguna.

 

KOX.- Mañaxi...

 

MAÑA.- Zure buruentzako lain ezin sortu dezu, ta emaztia biar dezula?

 

KOX.- Nere bearrak nere lanarekin osatzen ditudala erri guzia jakinen gañian dago.

 

MAÑA.- Ez dakit ha, gurasuak utzitako ontasunetatik ez det uste asko-askorik gelditzen zaizunik.

 

KOX.- Buruntzi bat gelditzen zait.

 

MAÑA.- Ori da. Ta zuk orain biarko zenuke noski, nere alabak ollaxkuak eramatia zure burruntzi orretan erretzeko.

 

KOX.- Ez dizut nik ollaxkorik eskatzen. Alaba bakarrik eskatu det.

 

MAÑA.- Ez dezu beintzak egakirik, lumarik ere izango.

 

KOX.- Ez ta bear ere. Ondo dakizu nere gurasuak utzitako ontasunetatik eten bearrian arkitu banaiz, luzaroan gaxo egon naizelako izan dala. Badakizu. osasunez ondo izan nitzan bitartian gurasonkarria zuzen gordetzen nuela; sendatu naizenetik lanaren bitartez aurrera ateratzen naizela. Badakizu...

 

MAÑA.- Nik dakitana da, burruntzi bat besterik ez dezula. Ta etzait iduritzen neskatxa bat eskatzeko, burruntzi bat naikua izan litekenik.

 

KOX.- Ez det burruntzia bakarrik eskeintzen; biotz bat ere eskeintzen det.

 

MAÑA.- Sartu zazu ba burruntzian, ta ia nolako jakia sortzen dezun sendi, pamili bat mantentzeko.

 

KOX.- Zuk bai, Mañaxi, burruntzia sartzen didazula zure esaera zorrotzakin.

 

MAÑA.- Egia beti zorrotza izan oi da.

 

KOX.- Len esaten zenidana ere egiya izango zan noski, baña ez zuen orrelako zorroztasunik. Orduan zerorrek laguntzen zenidan zure alabarekin nerabilzkien asmoetan.

 

MAÑA.- Orduan burruntziya baño zer edo zer geyago bazenuelako.

 

KOX.- Baña, zure alaba, nerekin edo nere ontasuakin ezkondu nai zenuen?

 

MAÑA.- Zurekin, zure gurasuak utzitako ontasunen jabe ziñan bitartian. Baña, orain burruntzi bat besterik ez dezu ta...

 

KOX.- Egiya. Burruntzi bat besterik ez. Nere amak, ez dakit zergatik, baña, burruntzi orri zale aundiya ziyon. Aurrekoen aurrekoak utzitakoa zala esan oi zuen. Ez du beaz nolanaikoa izan biar. Baña, dana dala, egiya aitortu dizut: ez det besterik ezer.

 

MAÑA.- Aurrekuak edo atzekuak utziya, ori beti buruntziya; ta ez daukat nik alaba burruntzi batekin ezkontzeko.

 

KOX.- Burruntziarekin ez; nerekin ezkontzia eskatu dizut.

 

MAÑA.- Berdin zait; zuri begiratzen dizut, eta ez dizut ikusten... burruntzi bat besterik.

 

KOX.- Nai ez dezulako: garbi azaltzen dizkizut nene zintzotasuna, nere lanerako griña, zure alabaganako naitasuna...

 

MAÑA.- Ba. ba, ba... Alperrikako itzak. Uskeriyak. Oyek guziyak eltzeari koipe gutxi emango diote.       

 

KOX.- Eltzeak ez du koipea bakarrik bear; mamiya ere bear du. Senar-emazteen arteko mamiya, beren zintzotasuna ta alkarganako maitasuna da.

 

MAÑA.- Bai; ta mami ori berriz ametsetako lukainka besterik ez.

 

KOX.- Lukainka deritzaizu?

 

MAÑA.- Eltzeak ez dit koipea bakarrik bearko, baña, esaera zarrak dion bezela: «nun zopa, han salda».

 

KOX.- Ikusten det zuretzat ez dala koipea, lukainka, zopa ta salda besterik.

 

MANA.- Badakizu: santo guztiyak oliyokoyak; eta santuak oliyua bezela guk ere bizikaia biar.

 

KOX.- Eta uste dezu nere lanarekin ez detala sortuko nere emazteak biar duen bizikaia?

 

MAÑA.- Ori, asmo bat, uste bat besterik ez da. Eta asmo ta usteakin ez degu ezer egiten. Zuk, ezkontzarako, gauza bat bakarra dakarzu: burruntzi bat. Beaz, zu ez zera nere alabaren mallan jartzen.

 

KOX.- Eta len, bai?

 

MAÑA.- Len, bai. Baña, orain, zu Jetxi egin zera, ta nere alaba berriz, goyen, zuk ezin atxitu dezun goitasunean gelditu da. Beaz, zuk beragoko andregai bat arkitu bear dezu; nere alabak goragoko senargai bat. Bakoitzak bere mallan.

 

KOX.- Orduan, len esandako guziya, lengo eskeñiak, lengo agintzak, alperrikakoak dira?

 

MAÑA.- Alper-alperrikakoak. Mallaz aldatu zerate, beaz itzaz eta eskeñiaz ere aldatu bear dezute. Gañerako artu-emanetan gertatzen dan bezela. Txerri batekin tratua egiten dezu, baña pixatzeakoan uste baño gutxiago pixatzen badu, esan baño gutxiago ere ordaintzen diozu.

 

KOX.- Baña, zuk, ezkontza txerri-tratua dala uste al dezu?

 

MAÑA.- Anima salbo, txerri-tratu jator-jatorra.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera