Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Consumatum est

Irigoien, Joan MariElkar, 1993 Nobela

Aurkezpena

        Baina une hartantxe Gadeak eskuak bildu, arnasa bete-betean hartu eta, bere ordua iritsia zela ulertuz, hizketan hasi zen, borreroaren labana aldez aurretik onartu duen biktima begiberaren antzera, hitzak ia ohartzeke ateratzen zitzaizkiolarik ezpainetatik, ziur eta konbentzimendu osoz:

        —Aspalditik nindukazun une honen zain, komandantea. Zuk bezain ondo dakit nik ere zer nahi duzun eta nik emango dizut zuk nahi duzun hori, baina Pablori bizia barkatzekotan. Nik neure orduak ditut, ordea, eta eskertuko nizuke arratsaldeko hirurak baino lehentxeago etorriko bazina. Sor Esperantzak erakutsiko dizu nire gelarako bidea.

        Moja gazte harengandik halako erantzun tajuzkorik inola ere espero ez zuelako, ez hara eta ez hona geratu zen Diego. Misterioz inguratuta zegoen emakume hura, eta misterioak are erakargarriago egiten zuen...

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

 

        Leireko komentuko ostatuan hasi zen dena, opor batzuetan, bertan Zarauelgo mediku batekin konfiantza egin nuenean, orain dela hogei bat urte.

        Birila abataren iturrian aurkitu nuen berau lehen aldiz eta hantxe izan genituen geure arteko lehen hitzak ere, txoriaren beste munduko kanta liluragarriaren eraginaz eternidadea ezagutu zuen mojearen iturrian.

        Aurrerantzean erlijioarekin lotutako gaiez maiz mintzatu ginen, eta, berak idazlea nintzela jakin zuenean, Zarauelgo probintziako Sotomonte izeneko herrian lekaime bat ezagutu zuela esan zidan —sor Esperanza—, moja domingotarrek bertan duten komentuan, hil baino egun batzuk lehenago ia sinestezinezko moduko historia kontatu ziona, eta berak, medikuak, zenbait puntutan benetakoa zela egiaztatu ahal izan zuena.

        Lagunaren esanetan Sotomontetik kilometro batzuetara beste herri bat zegoen/dago, Sotoviejo, zeinean harresi-inguru bat ikus daitekeen, barne-hesi batek bi esparrutan banatuta: esparru batean gotorleku bat dago, oraindik ere zutik eta aski oso; bestean, Ispanyako 1936/39ko gerran kainoikadaka eraitsitako gaztelu baten hondakinak begizta daitezke, horma erori eta erdi erori batzuen artean.

        Haren ikerketen arabera, gaztelu hori antzinako leienda baten oinarria izan zen, eternidadearen bila zebilen Abdul izeneko printze mairuarena, alkimista eta ameslaria, bazter haiek urrez jantzi eta bere zaldi beltza zuri bilakarazi nahi izan zuena. Sotoviejoko adineko gizon-emakume batzuek ederki oroitzen zuten gaztelua, baita beronekin lotutako elezaharra ere, nahiz eta nahiago zuten hartaz ez solastu, betiko ihes egina zirudien deabruzko zaldi zuri asaldagarri hura noiznahi itzul zitekeelakoan.

        Medikuaren baieztapenen arabera, gaztelu hartantxe egin zuen sor Esperanzak urtebete pasatxo, sor Rosa María de la Santísima Cruz izeneko mojarekin. Itxura guztien arabera, sor Rosa María moja atipiko bat zen, gaztea eta jakintsua, mistikaren urbegietatik edandakoa, aita alemaniarra eta ama ispanyarra zituena.

        Sor Esperanzaren erialdian, medikuak behin baino gehiagotan izan zuen mojarekin bakarrik egoteko parada, eta harreman haietatik sortutako adiskidetasunari esker, medikuak elkarrizketa, edo hobeto esanda, monologo batzuk grabatzea erdietsi zuen zinta batean, zeina altxor bat bezala gorderik baitzeukan.

        Lagunak monologo haien zenbait xehetasun eta gertakari jakinarazten zidan heinean, interesa pizten eta pizten hasi zitzaidan. Mirariak ukitutako pasadizoak ziruditen haietako batzuek. Lehen urrats haietan nik ez nekien egiazkoak ala gezurrezkoak ote ziren zirkunstantziarik latz eta gordinenetan garatutako historia haren euskarriak, baina axola ere ez zitzaidan gehiegi axola, bere hartan ederrak iruditzen zitzaizkidalako, eta edertasuna betidanik izan baita niretzat egiaren gradu bat, egiazko egiaren adierazgarri... ondo landutako lorategietan ezezik, eremurik lehorrenetan ere sor baitaiteke ederra, ezinezko lore baten agonian... edo behi-gorotzik itsusienaren gainean ere bai, basatxanpinoi miragarri baten forman.

        Handik aurrera lagun min egin nuen medikua eta, biok elkarrekin, hara eta hona joan ginen, Sotoviejo, Sotonuevo eta Sotomontera, balizko lekuko eta historian buruzko datuen bila, baita hango eta hemengo hemeroteketara ere. Suitza eta Alemaniarekin lotutako zer-nolei dagokienez, Suitzako Zug-eko semea den J. W-en laguntza neurriz gainekoa eskertu nahi nuke lerro hauetatik

        Kontutan izanda, alde batetik, mende-hasierako gertaera batzuen inguruan mugitu behar nuela, eta bestetik, informabideak eta iturriak bat baino gehiago nituela, datu horien arteko kontraesanik ere espero zitekeen, baita halaxe jazo ere. Baina kreazio-lanetan askatasuna beste edozein baliabide baino garrantzitsuagotzat jotzen dudanez gero, askatasunez jokatzea erabaki dut beti ere... historiari lotuz, bai, baina historiarekiko hainbat loturarekin ere hautsiz, historiaren errealitateak eta obrarenak ez baitute zergatik bat etorri behar ezinbestean, obrak ere bere dinamika propioa duenez gero, eta literaturaz ari baikara hemen, azken finean, historiaz bainoago.

        Eleberri hau lan horren fruitua duzu, irakurle.

Pasartea

        Semea izan zuenetik, ardoa alde batera utzi eta nahaspil eta iskanbiletan ez sartzen ahalegindu zen Paulino. Herritarren azken hiruzpalau urte haietako presioa eta zapaldia, ordea, hain latz eta hain gaitz egin zitzaion, non udazken arratsalde batez mandoa hartu eta menditik herrira joatea erabaki baitzuen, etxetik pasa gabe, mozkortzera, odolak halaxe eskatuta.

        Plaza Txikira heldu zenean, mandotik jaitsi, aberea horma batean zegoen obo bati lotu eta La Dehesa tabernan sartu zen.

        —Botila bat ardo, Paco, pinterdikoa —eskatu zion.

        —Etxera eramateko al da?

        —Ez.

        Pacok edalontzia atera zion.

        —Ez, ez diat horren beharrik —eta botila ezpainetaratuta, ia arnasarik hartu gabe irentsi zuen.

        —Kontuz ibili, Paulino —esan zion tabernariak.

        —Orain arduratu behar al duk hik Paulinoz, erremediorik ez duenean? —eta botila ordainduta, Plaza Handiko kafetegirantz abiatu zen, Imperialerantz, bere mandoarekin.

        Imperialean udaletxeko idazkaria, ostatu berriko nagusia, don Narciso eta Sotonuevotik etorritako beste lurjabe bat aurkitu zituen, mahai batean kartetan, bospasei gizon inguruan haiei begira.

        Paulino sartu zenean, salmahaira hurbildu eta ingurukoen arreta pizteko ukabilez astindu zuen salmahai gaina.

        —Botila bat ardo, pinterdikoa! —oihukatu zuen, kafetegian isiltasuna nagusitu zenean, isiltasunarekin are ozenago egiten zelarik Paulinoren ahotsa.

        Salmahaiaz bestaldeko zerbitzariak basoa luzatu zion.

        —Basoa, hiretzat! —eta botila eskuan hartuta, herriko jauntxoen mahaiaren parean jarri zen, don Narcisoren aurrean, zeinari begia gainetik kendu gabe ahoratu baitzuen botila, bere begi-keinu itsusi hartaz lagunduta.

Don Narciso urduri jarri zen.

        —Zer? Don Narcisori begizkoa bota nahi diok ala? —idazkariaren iruzkina.

        —Begizkoa ez, begia botako zidak horrek azkenean —esan zuen don Narcisok, Paulino begi-keinuka eta keinuka ikusi zuenean, kafetegiko bezeroen artean barreak eta irri-karkarak sortaraziz.

        Paulinok, ordainean, botila dzanga-dzanga hustu, gora altxa eta jauntxoen mahai gainaren kontra hautsi zuen:

        —Nahi baduzu eta nahi ez baduzu, gure semea zuena baino azkarrago duzu, don Narciso!

        Jauntxoak aulkietatik altxa eta guztiok batera ekin zioten Paulinoren aurka, bultzaka eta ostikoka, kafetegitik kanporatu arte.

        Behin kabean, Pauliinok mandoa obotik askatu eta etxerako bidean jarri zen, aberearen bizkargainera igo ezinean, oinez. Balantzaka zihoan ardoaren eraginez, baina ardoaren suak baino gehiago erretzen zuten une hartan barrutik gorrotoak eta amorruak.

        —Sasitara erori haiz ala? Zer gertatu zaik, Paulino? —galdetu zion emazteak arnasestuka eta eztulka, senarra etxera iristean.

        —Eta hiri zer axola zain? —ihardetsi zion Paulinok zakarki.

        —Bai ba, axola zaidak!

        —Kendu ate erditik, emakume!

        —Dena kontatu arte ez diat aldegingo!

        —Ez dunala aldegingo? —eta begiak lekutik irtenda, soinez soin, Paulinok emaztea lurrera bota eta ahal moduan bi ostiko eman zizkion, hantxe negar batean utziz—. Eta beste gauza bat —jarraitu zuen ondotik—: mutila ez dun aurrerantzean joango eskolara! Eta ez ezetzik esan, etxe honetan nik neuk agintzen dinat eta!

        Sukaldearen zoko batean izututa, Diegok ere negarrari eman zion.

        —Gizona bahintz, ez huke negarrik egingo!

        Semea ez zela isiltzen ikusi zuenean, beste ostiko bat eman nahi izan zion, baina bere balantzan huts egin eta lurrera erori zen.

        Handik berehala lotan zetzan, zurrungaka.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera