Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Denborak ez zuen nora

Irigoien, Joan MariErein, 1991 Poesia

Aurkezpena

Buruan zeneraman koroak / ez zuen oraindik arantzik.

Bizitza dantza bat zen / eta neska mehe xarmant bat,

          bi eskuk eutsitako / ostadarraren markoan.

                      Denborak ez zuen nora.

Hitzaurrea

Sarrera gisa

 

 

        Aldi hartan egunak hogeitalau ordu zituela ikasi zenuen, orduak hirurogei minutu, minutuak hirurogei segundu: herrian zenuten Salamanca-ko maisuak ez zizuen besterik esaten behintzat.

        Baina egun haietan ere amak esan zizun:

        —Nahi al duk Birila abataren historia kontatzea? Eta txoriaren beste munduko kanta liluragarriaren eraginaz, eternidadea ezagutu zuen monjearen historia kontatu zizun.

        —Beraz, segundu hartan hirurehun urte joan zitzaizkioan abatari.

        Abenduko azterketak iritsi ziren.

        —Un día tiene 24 horas; una hora, sesenta minutos; un minuto, sesenta segundos... ¡y un segundo trescientos años! —erantzun zenion, maisuak egindako galderari.

        Hitz bakar batez eta tinta gorriz zuzenduko zizun honek:

        —¡Suspenso!

        Baina alferrik zebilen maisua...

        Izan ere hain ederra iruditu zitzaizun ipuin hura, ezen ezinezko segundu haren atzetik bait zabiltza harez geroztik.

        Ezinezko segundu haren atzetik...

Pasartea

Zentrua zen mugan

 

 

Mugaren mugak hautsi nahiz,

gure ezpain ardankarek zigilatutako gauean,

haragiaren biela zorabiatuak

zirkulu exzentrikoak zegitzan

eta Herioren ilargi-gurpilak

aingeru hilak eta estatua azefaloak proiektatzen zituen

marmolez zilarreztutako enparantzan.

 

Novarako marmolaren zain haietan

landatu zituen antzina isiltasunak bere mahastiak

eta eternidadeak bere altzairu-urki bakartia.

 

Stygiar Aintzira isladatzen zuten hontzaren gau-begietan

—gorputzak jainkoen neurriko jada—,

marmolaren arima erratua harat-honat ibili zen, deslai,

 

harik eta zure haragi egarbera

altzairura jaio zen arte,

 

non marmolak bere zentrua berridoro bait zuen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera