Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Denboraren mugan

Irigaray, Joxe AnjelPamiela, 2005 Ipuina

Aurkezpena

        Liburu honetako narrazioak —litterazioak deitzen ditu egileak— kontakizun solteak dira, nahiz zehar-josturaz kiribilka edo patchwork gisa harilkatu idatzlantzat ere har daitezkeen.

        Agerian edo ezkutuan beti present dirudien Jan F. Ella pertsonaia-idazlearen eros eta thanatos-en arteko bidaia-isladak direla esan daiteke, denboraren mugan eta joan jinean garatuak. Istoriak eta idatz tankera bereziak dira, aldiz surrealismo edota errealismo poetikoaren ildokoak, aldiz metaliteratur airea dutenak. Denetan hizkuntza bera eleder bilakatzeko joera, literaturaren patuan egositakoetatik amaierako isiltasuneraino, tour de force bat den agoran gaindi.

 

Pasartea

Agoran zehar

 

        —Eta agorako batzar-bilera-bilkura-biltzar-asanblada-entsaimadan erresumako ia hiritar guztiak bildurik ziren, kanpoko ordezkari ez guti, badakizu erakunde, elkarte, elkargo, eliz, kofradia, baltsa, baldarna eta antzekoen parteliant, partzuner eta urdezkariak oro, egon nahi-beharreko denak aizu; xabalkoa leher eta zapart, mukurru betea, bertan itsus, eder eta afrus —hura biloen kalantika!— pilda suerte guztietarik, pildaire ere ez guti, mustatxdun, mutxurdin eta gaineratikoak, papardak hornitu krabata, txulufreia eta pitxi, tente potente, lepondoan pikardak, anitz eskumutur eta matrail bete kalitxa eta txitxabegi.. .

        Elemeniaka, oro begi belarri, mihi, aho eta zintzur, leher eta zapart sekula fingabeko otoruntza eta edasian, goseak amikatuak txitxipapetan batetik bestiala kurruk, uzker eta zurrut, arraileria, potroiska eta horderia nasai, kirika eta koroka barrastan, ez guti lo korrokan, sudurzilo, uzkuzilo eta uretra, zangopilo eta kultureta txotxalamotxean —elasturiaren kalamatika!— hitzaspertu, tirrita, entrabaleko solas, eta molas, xarduki merke, nahaste borraste, itzuli mitzuli, gezur melur, deliberio, dezibelio eta desiderio...

        —Nortzuk, baina?

        Bada, Kanpoeder andere eta Barnehuts jaun buruzagi fiafari burfuriatsuak eta ondoko azkazia, Xardukimerke jaun-andere kontseilari kraskatuak, Ixtepe Tripontzi eta Pegartara Berritsu seme-alaba gailumeak, Ordotsa-Urrixa eta Kopetaundi-Xinpletzar eta Teilahuts eta Kopetaxilo jaun-andere deputatiak eta haurreria, eta ofizialdegia eta handureria guztia eta ondoko ganbelapeko pulunpariak eta noharroin elia, eta, bistan da Arxebixko adarküloa, Apezküpü adarbildua eta serorategia, Errepittit, Sabelxuri eta Sabelgorri got(hor)zainak eta Papoanbilo artximandrita eta kohorta, eta kalonjer eta erretor saldoa, Babaxkot Apatia, Apezestea, Apezkondo eta parropiantak, apezorde, apezgei, apoño, apoxka eta bereterrak, Fraideria ia guztia, Zintzurmehar abadesa eta Lekamehe hameka ahizpak, Benedita familia, mutxurdinak eta Fraidesoroko umeak.. .

        —Eta gisa horretan joan zarea?

        —Eta Buruzahato-Biligarro jaun andereak eta pulustariak, barrendariak, trenkalariak, zirtolariak, pitolariak eta zenbait pirdila, eta Kontratxintxur eta Uzkuzilotikakoak eta Iren Zikiratoil, Urdekurios, Urdemin eta senideak, eta Omalki Zabalaga lehengusinak, Urdail Enpo, Txotxagerren, Estamin eta Tilingo su-kalte buruak eta sehiak, eta Oilargandor Xingola perfeta, Oilokoloka emaztea eta oilokindegia ia osoa, orobat Urdanbuztan Kardaburu erregeordia eta Ahuntzkente emaztea, erregexkot, erregetxopita, erreginaxka eta errenbes, oro ahabi erresumeta milika-lamikan, eta Ezkabetsu, Aketz, Urdaska eta memeria...

        —Eta zertaz, bada, zerika?

        —Fandabila! Darrotzer, beti ere, lonbre handian, eskanetx, herengila, estupila, mendre, singil eta arkilumendi anitzez inguraturik, orobat Ahuntz Tripustel samaldan, beti alhan, Gurutz Ezpatatzar kaserna buruarekilan eta Pettirisantz eta Oihes Eltxo hodeika eta Kakabarbalot lerroka, eta, araiz, baratari eta juje mordoa espartinero dinamitero jeneral konfiterua axuanta alboan, ezker-eskuin Zakurrantonio jaun txit gorena, eta Zakurtzar, Zakur, Txakur eta Txakurño —eta txarrantxa— samalda txit beherenak, orotako esku-makilak, Furrustako eta Marizartako kupla ezinago joria txispaz armaturik, ez urrun trabukariak, Zirikarroltze, Esgot, Uzkipitxer Arnega eta Doilor Tutuluti profesurrak eta eulixka ikasleria, eta Errient Errieta marimaisuen leinua, Zorogarbi, Zoroasto eta Eztabilondo psikiatren aldra eta Soraio Külüpüts psikanalistail abila, Herstu, Mehar, Pantzart eta Bargoxta omonierrak, musean ari biga bostetan, eta Muturzimur, Muturzuri eta Muturzikin mutursaldan, Juanpitolanda eta Joanapika ostalier eta ostaliersa beti beha —han karraka, hemen kirrika—, Negal Muxkin eta Osinbeltz Horosakola bankaxefa eta ondoko klikatzaileak, Aranibar Ttallajuria eta Zapatkoxkorren azkazi luzea, orok Yodoko tratamendu-oditeria sudurziloan —badakizu, bozio eta kretinismoa, endemikoa—, eta Antuste, Barrabilttipi, Hipogonadiaga, Arrandius eta Murrukutun Farfail jaunak eta Mustra, Murrunga eta Zurrunga, Ditixut eta Histerila andereak, Akilimarro, Esteiari eta Nagi Geldo burokrat bipilak eta Oromustra, Hego Melo, Zuntzun Barea, Fardel Farras, Uzkorno Mardo eta Narrats Bordela artista famatiak, eta agintaritza goreneko Leloments, Mustupil, Ttunttunaoisko, Kankaila, Tentel, Txepel, Motel, Ustel, Zimaur, Elkor, Lerdo, Azalxingar eta Pikabuztan lunbrera ezinago ipurtargiak, eta Galtxapot, Trakets eta Markets, Traskal, Mirrin eta Mirrintsa bikote adoretsua eta, nola ez, Negar Anpulo andere joria —beti oküpü!—, eta Negarrontzi-Zakurmihi tribu txit zabal eta katilipurdia, eta Martin Bonbin erregeren sorgin tipula eta gatz Martin ipurdi hatz...

        —Munta handiko zerbait, doikabe; hainbeste jende!

        —Eta Gorotziaga, Errule, Errutoi eta Hagotzpikorreta Kontseilu Nagusiko kideak, Sabaihandi, Artopil, Arbilore, Arbilixta eta beste kalipu handiko idazleak, Egoa Teleka buruzagipean, orobat Nigoihen-barren-garai eta Mina Zinkurin azkazien poeteria, Puntalakuilo eta Punpilitaka kritikariak, Erlats eta Azantz kantariak, Betibegar eta Petelan bertzunari eta trapezilariak, Piltzar Marrant kontakatilua eta kideak, Tinter Arlot eta Keinuts Lekeda antzerkilariak eta konpainiak, Gorkestrako gidaria eta Sor Kankailu pilarmonikoak, Besomotz eta Zango Maingu kilo-lariak, eta Pantzoil, Kaskamuno, Zaragoil eta Mandika hizkuntz-hilariak besazpian de(h)iztegiak eta latin-gramera, eta Zapaburu, Hiruzirrika eta Araumeta bazkaltegiburuak, Memelo Kurkuilo, Saputinxka, Tripazorro, Mokodun eta gainerako lehendakari ohiak —artxipanpanoak, baina adirutsuak, aizu— eta Ipotx Tropokila, Mihiluze eta Mihizikin bozeramaileak, Kaskagogor eta Elezaku ihalozkariak, Frakanasai Sabeldarraio Ogasun kontseilaria, Farramail Artaburu eta Gainxuri Hezkuntza kodeatzaileak eta Martinkoska gidazkaria, Eskoil Perrolbide trafikoburua, Kultur Zuzendaritzako Trufa, Iseka, Ihakin eta Adarjo burokratail porrokatuak eta antzar ferratzaileak, azaleriako apoxka, xibalet eta mandeuliak, Mozkin-lorratza arxitekta eta Kitxnasai Muthiri huribanisten samalda, Zikinaga Hondarret ekologilariburua, Nausa Tipulburu auzapez-alkate-mera eta Karraskots, Eskuxuri, Txoriburu eta Tripahandi zinegosi jaunskila eta andrakiloak, eta Urtsuako dorreko aitamabrahirasoak eta Bozateko Bentako agote bilo holliak...

[...]

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera