Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Desgizona

Haranburu Altuna, LuisKriselu, 1978 Ipuina

Pasartea

        Gerriz behera, txoriarena zuen tankera. Bere zango iletsu eta meharrek egaztienak bezalako atzaparrak zituzten. Bizkarrean hego bi zituen eta bata erdi lumaturik zuen. Gizonarena zuen aurpegia eta gizonarenak eskuak eta gerriz gorako soina. Nik ez nuen inoiz horrelako pizti edo gizonik ikusi. Ezagutu.

        Arrats euritsu eta gris hartan arroketara heldu nintzanean itsasoa inoiz baino bakartiago iruditu zitzaidan eta tristura larri batek herstutzen ninduen asperen baten antzeko boz hura entzun nuenean.

        Ez nuen bat-batean ikusi eta ez da gauza harritzekoa zeren bere tankera gris-berdea nekez nabarmen zitekeen arkaitzen artetik. Hondartzako area arkaitzekin nahasten den tokian zeutzan. Itsasoaren ondakin bat zirudien. Zakur heri bat izanen zela bururatu zitzaidan, baina bere asperenak ez ziren aberearenak, gizonarenak baino eta prestuki hasi nintzen gizon heritutzat jotzen nuen harengana abiatzen.

        Baina ez zen gizona. Ez zen aberea. Bietarik erdizka zen.

        Hogei bat metrotara gelditu nintzen izaki bitxi hari so. Bere begiak nireetan atxikirik nituen. Mina nekusan harenetan. Ez nintzen ausartzen areago joatea. Beldur nintzen haren jarrera eta itxura izugarriaz. Beldur ospela. Luzaro egon ginen horrela elkarri so eta mutu. Nire gorputza loturik bezala sumatzen nuen bere presentzian. Eskua eraman nuen faltrikara eta nere behatz bakoitzaren konszientzia nuen. Zigarro paketea nuen eskuan. Pospoloak nekez pistutzen ziren zeren lanbroa zekarten lainoek. Bere buruak ez zuen pisurik ez eta neurri jakinik. Bere lepoa oso meharra zen eta gezurra zirudien lepo hark buru handi hura sostengatzea. Buru ingrabidoa. Piztu nuen zigarroa eta kearen gazitasun epela eztarrian ausnartzerakoan seguritate apur bat gehiago nuen. Hotza izanen zuen... egarria eta gosea. Pentsa behar nuen zerbait. Hitzegingo ote zuen euskara? Nor ote zen? Zein bere izena?.

        Konturatu gabe blai-blai egin nintzen lainoek inguraturik. Eskuak faltrikara sartzerakoan zigarroak topatu nituen berriro. Ez nekien nola lagundu pizti estraino hari. Eta bistan zegoen laguntza beharren aurkitzen zela, baina ez zidan ezer eskatzen. Zenbat denbora egon ginen horrela?. Orain ez zuen antsiarik egiten. Begiratu egiten zidan soilik. Iluntzen hasia zen eta bere begien kolorerik ez nuen atxematen. Urrutiegi nengoen gainera.

        Korrika hasi nintzen hondartzan zehar eta batbatean nire oinek ez zidaten obeditzen. Asperen neurrigabe bat entzun nuen nire bizkarrean. Gizona edo abere zerbait egin behar nuen beragaitik. Baina zer egin nezakeen... itsasoak ekarri bazuen eraman zezala itsasoak!. Zenbait pauso berarengana ibili ondoren zigarro paketea bota nion nire indar guztiekin eta korri... ez dut inoiz hain korri azkarrik egin.

              Gauez ohean ez nuen begirik hertsi. Ezin nuen gizon edo abere zen izaki haren imajina alderatu. Han egongo zen hondartzan luze-luze etzanik eta heri. Gaueko haizeak xistu kezkagarria egiten zuen leihoaren pertsianan. Gizon heriaren asperena zirudien haizeak. «Bihar ikusiko dut».

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera