Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Egonean doazen geziak

Garzia, JoxerraAlberdania, 2000 Saiakera

Aurkezpena

        Begi-ninia ere kabituko ez litzatekeen zirrikitutik kabitzen zaio begirada Joxerra Garziari. «Emaidazue zirrikitu bar, eta ikusten dudanaren berri emango dizuet», hala ematen du esaten duela autoreak liburu honetan.

        Eta ikusten duenaren berri gezi itxurako pentsamenduen bidez ematen digu, jomuga jotakoan irakurleoi dardar doi bat eragitera iristen direnak. Kanoiek-eta jomuga suntsitzea dute xede. Geziok, berriz, azkura eragitea baino ez. Berak azkura sentitzen duelako jaurtitzen du gezilariak gezia, jomugan duenari azkura hori txertatu beste asmorik gabe.

        Jomugan dituenen jomuga izatea baitu gezilariak amets. Hargatik jaurtitzen ditu gezi egonean doazenok.

Pasartea

Aldaezinak

 

 

        Zenbaitek, bere maila intelektualaren gorentasuna adierazteko, «nik beti pentsatu izan dut horrela» esan ohi du, edozein delarik ere eztabaidagaia.

        Beharrik, pentsamenduaren gaitasunik behinena gauza eta egoerak aldatu ahala haietara egokitzekoa izanik, horrela mintzo denak ez dio bere buruari mesede handirik egiten.

 

 

Labe Zomorroak

 

 

        Labezomorro denak espantuz esnatu dira, lustraturiko zoruetan beren burua gizaki bihurtua ikusirik.

        Espaloietan, semaforoak hostogabetzen hasiak dira, orwelltzen.

 

 

Mamuak

 

 

        Aire egokitura egokitu zirenetik, itxuragabe itsusitu dira mamuak. Behiala bizileku kuttun zituzten beldur-zoko beldurgarrien beldur bizi dira orain uneoro.

        Izara batean gorderik beren burua.

        Ikara batean, haurrak noiz agertuko.

 

 

Solstizio

 

 

        Eskola umeak solfeoko liburuak San Juan bezperako sutan erretzen: ilusio kiskaliak sol maiorrean.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera