Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Egunero hasten delako

Saizarbitoria, RamonLur, 1969 Nobela

Aurkezpena

        Gazteak dira eleberri honetan protagonista positiboak. Bi ezaugarri biltzen dituzte bere alde: gazte izatea eta artean bizitzeko geratzen zaien bide luzea. Ilusioa eta esperantza. Baita alaitasuna ere. Eta hori guztia, beraientzat, baita Giséle Sergier-rentzat ere, abortatu beharraren pasadizoak une miserable, maltzur eta hipokrita asko ikustera kondenatutako neskarentzat, beraientzat diot, egunero hasten dira bizitzak eta aukera berriak.

        Marmarrean isildu gabe ari den gizagaixoak —hitz egiten ari den bitartean gutxienez bizirik diharduelako ustean, seguru asko— aldarte umoretsu eta alaia erabili arren, bere jardunaz bestaldera gelditzen zaion mundua melankolia igurtzi batez kutsatzen du maiz: bizitzak egunero gauza jakinak dakarzkio.

        Bigarren protagonista berritsu horren marmarrean ironiak hartzen du gaina eleberrian: aldi berean da narratzailea behatzaile eta kontalari, aldi berean da zelatari eta murmuratzaile. Horra hor artista modernoaren eredua.

        Horra hor azken hogeita hamar urte pasatxotan irakurleriari huts egin ez dion eleberri ederra.

 

 

Hitzaurrea

Ibon Sarasola (1969) / Jesus M. Lasagabaster (1979) / Ramon Saizarbitoria (2007)

 

 

Hitz-aurre

Ibon Sarasola

1969

 

        «Z. Argia»-ko «Gazte naiz» orrialde famatu haren egunak pasa dira. Bainan han idazten zutenak ez dira pasa. Are gehiago, talde homojeneo bat osatu dute, literatur jenerazio bat. 64-ko jenerazinoa, hain zuzen. Letek, Saizarbitoriak, Kintanak eta izpirituz Arregik..., euskeraren prolemari buruz iritzi berdintsuak dituzte eta gainera, adixkidego komun batek bateratzen dituenez harreman ugariak dituzte heien artean.

        Ba dakit «Gazte naiz esperientzia» ez zela izan akats gabekoa. Bainan ezin dezake inork ukatu entrenamendu eta lantze haren inportantzia. Hor daude fruituak: Leteren poesi-sariak eta liburua, Kintanaren nobelak. Arregiren aurren liburua. Orriaren eragilea falta zen, Ramon Saizarbitoriaren boza, iduriz ixila.

        Idazle gehienen hasieran poema-liburu bat arkitzen dugu eta oso gutxik esan dezakete ez dutela gaztaroan ordu-erdi bat bederen galdu poema bat prestatu nahiean. Alde huntatik, 64-ko jenerazioak poesiari buruz oraindik mostratzen duen joera, gaztetasun seinaletzat har genezake. Bainan ez dut uste etapa hunek denpora askoz iraunen duenik. Bainan utz dezadan geroak baiezta edo ezezta dezala ene iritzi hau eta lot nakion hitzaurrearen hariari.

        Euskal-nobela problema izugarri batzuen aurrean arkitzen da. Lehenik, euskal-prosa modernoaren problema. D. Agirre bat euskal-prosaren maisutzat hartzen da. Orixe itzulari oso trebea omen zen. Guzi hau ongi dago. Bainan Agirreren euskera paregabeak «Garoa» idazteko balio zuen, eta Orixeren dohain guzia S. Agustinen liburua euskeratzeko. Zeren, nork idatziko luke Joice-ren «Ulises»-a Agirreren euskeraz? Ez dut uste Agirre edo Orixe lan huni ekiteko idazlerik egokienak izan zitezkeanik. Bainan problema ez da hau, baizik ikustea inor ez dela gauza, gaurkoz, holako bide batetik abiatzeko. Zoritxarrez orain ere egia da Axularrek zion «Orai badirudi euskarak ahalke dela, arrotz dela, eztela iendartean ausart, entregu, bithore eta ez trebe... « hura. Badakit «Ulises»-ena exenplu estremo bat dela, bainan euskaldun guziok (fanatiko ez garenok behintzat) ikusten dugu gure hizkuntzaren moteltasuna, eskasia eta atzeratasuna, gure hiztegi urria (alde batetik hitz gehiegi eta bestetik aldiz gutxiegi dituena), gure sintaxis hertsia eta ankazgoratua (alderdi batetik eta bestetik), gure jardunaren baserri-kutsu soportatu ezina.

        Bigarrenik, batasun falta. Nobelagile batentzat batez ere, behaztopa izugarria da hori. Nola idatzi artifizialkeria gaberik, nola berezi lengoaia landua eta forma herrikoiak, lehendabizikorik ez dugunean, nola eman hitz bakoitzari sentidu berezi bat euskal hitz gehienen (batez ere purismoaren kulpaz, «Jakin»-en nion bezala) esan-nahia ongi mugaturik ez dagonean, nola matizatu, eskualde batean perioratibotzat (adibidez) hartzen duten hitz bat beste eskualdetan hitz dotorea danean, nola, finean, euskeraz idatzi, euskeraz existitzen ez duenean eta bizkaiera, lapurtarra eta beste zenbait «patois» «euskera»-tzat hartzen ditugunean?

        Hirugarrenik, nobela-tradizinoaren falta. Edonork daki idazle handiak ez direla hutsetik sortzen eta konparazio baterako, ez litzake Sholojov gaur den bezelakoa izanen, Dostoiewki eta Tolstoi izan ziren bezalakoak izan ez batira. Ez dut jadanik arroka batetan sortzen den lorean sinesten. Instant batez, gerla ondorengo euskal-nobela ikus dezagun. Etxaideren «Joanak-joan» euskal-nobelarik onena, Loidiren nobela inportantea, Txillardegiren eraberritzea eta hizkuntzarekiko maitasuna, Erkiaga, Irazusta, eta Peilleren obra aurkituko dugu. Eta ororen gainetik tradizio bat. Tradizino urria, bai, bainan tradizinoa. Mogelgan hasi eta Agirre, Kirikiño, Etxaide Loidi eta Txillardegiren bidez heldu zaigun gure prosa modernoaren tradizino baliosa. Tradizino urri horri lotzeak, eten ez dedin berriro, izan behar du euskal-prosalarien egiteko nausia, naiz hortik ez den segitzen molde berrien ukatzea, delako «euskal kutsu» horren izenean.

        Horiek dira euskal-nobelaren akatsik handienak. Behaztopa horiekin kausitu dira gaurko euskal-nobelariak. Hau inportantea da, zeren, onduan, gure nobelariak juzgatzea erderazkoak juzgatzen ditugun eran ez litzake bidezkoa izanen. Har dezagun Txillardegiren kasoa. Ez nago ni oso ados S. Martinek 17-gn «Jakin»-en Txillardegiz dionarekin, alegia «bere bizi ezten prolemak artu izan ditu, ta ori oso gaitza da ongi erabiltzeko» (32-gn o.). Uste dut bizi dituela Txillardegik bere nobelatako prolema eta egoera gehienak, eta egin dituen extrapolazioak legezkoak direla. Eta hau egiztatzeko aski da haren obra osoa analizatzea eta harekin zenbait eztabaida izatea. Ez datza hemen prolema, euskal nobelan baizik, hau da «gaitza ongi erabiltzeko» nobela-mota horiek, euskal nobelaren egoera da. Hori konprenitzeko azter dezagun laburki euskal-nobelaren historia.

        Gerla aurrean ohitura-nobelak dira euskal-nobelagintzaren oinharria. Gainera, kasu gehienetan interpretazio liriko eta subjetibo bat ematen zitzaion errealitateari (nobelaren kaltetan), Agirreren «Garoa»-n gertatzen dan bezala. Gerla ondoan desorientazio izugarri bat atzeman diteke. Euskeraren eta euskal-prolemaren egoera aldatzera doa eta laster ohartzen dira idazle'ak. Desorientazio hunek ezeztatzen du Erkiaga baten nobelagintza. Hizkuntzaren aldetik Loidiren esperienzia da interesgarriena. Loidiren soluzioa populismoa izan zen. Eta garai hartan, ezinbestean, soluziorik progresistena zen. «Gordinkeria» Etxaiderekin azaltzen zaigu. Bainan «Joanak-joan»-en gordinkeria premeditatua da, eta funtsean itxurazkoa. Etxaidek «jarri» egiten ditu gordinkeriak eta badirudi «euskal nobelaren utsune hori» betetzeko ari izan dela. Inor ez bada harritzen, nobela Euskal Herriko herrixka batetan (eta beraz ohizko giro batean) gertatzen delako da.

        Hori zen Txillardegik kausitu zuen egoera. Beraz haren lehenengo nobela pauso ikaragarri bat izan zen, eta alde huntatik ezer gutxitan gainditzen du bigarrenak lehendabizikoa. Eman ditzagun pauso hunen xehetasunak. Lehenik, Leturia «fedegabe gogor» da, eta halaber Peru. Bigarrenik, bukaera negatiboa duten aurren nobelak dira. Hirugarrenik euskal-giroa ez da nahi-ta-nahiezkoa. Laugarrenik, gordinkeriak gordintasun bilakatzen dira, zeren ez dira arrotz nobelaren estrukturan eta bekatu-molde horrek ez du sentidurik personajeentzat. Eta bosgarrenik, enseiu-gai izan diren nobela bakarrak dira. (Ikus 20-gn «Jakin»-en, J. Azurmendiren enseinoa).

        Guzi hau gogoan hartuz gero esplikagarri da Txillardegiren irakurle guzieri gertatu zaiguna, halako arroztasun eta harritasun bat sentitzea eta konprenigarri harridura hori artifizialkeriatzat hatzea.

        Bainan goazen forma eta teknikara. Ezer gutxi berririk Txillardegi baitan alde huntatik. Ez da hori harritzekoa, batez ere azkenengo urte hauetan mamiarekiko eta esaten zenarekiko genuen hutsunea betetzen aritu garelako. Bainan gaur egun inflakzio bat dago jadanik mamiaren aldetik (hots, pentsalari baino areago hasi direla azaltzen pentsamendu lanak). Halaber hasi gara ikasten azal apropos bat dela mamia egokien emateko molderik hoberena, prosa-teknikaren aldetik bezala hizkuntzaren aldetik ere.

        Txillardegirenak dira (Sartre eta Camus-en nobela existenzialistari jarraituz), lehen pensonan iskribatu diren euskal-nobela bakarrak. Hortik kanpo haren moldeak klasikoak dira, ohizkoak gure artean. Ez dira gure nobelara oraino heldu azken berrogei ta hamar urteotan munduko nobelagintza eraberritu duten teknikak. Kontrapunto-estiloa, «Les faux monnayeurs», «Point, contre point» edo «Manhathan Transfer»-en erabiltzen dena eta zenbat nahi argumento eramateko ahaltasuna ematen duena (1); barne-bakarrizketa, Joicek lantzen duena eta zeinaz usatzen baidu maisuki Camus-ek «La chutte»-en. Halaber gaurko gaztelaniazko nobelaren dialogo-teknika bizi, arin eta konplejoa, Garcia Hortelano-rena adibidez. Hego-Amerikako Gortazar, Vargas Llosa eta beste zenbaiten nobelagintza harrigarria, gure artean hain ezezaguna...

        Hau guzia adieraziz gero, ikus dezagun Saizarbitoriaren obra.

        «Egunero hasten delako» nobela bat da. Nobela labur bat. Uste dut euskal-irakurleek (Saizarbitoriaren nobela bat irakurtzeko prest daudenak bederen) ba dutela gaur eguneko nobela-gintzaren joeren berri. Buruauste ainitz kentzen dit hunek, zeren ez ditut orduan egilearen bide berriak justifikatu eta defendatu behar. Gertaera hunen ondorio inportant bat aipatu behar da puntu huntan; euskeraz irakurtzeko ez da jadanik nahikoa euskera jakitea. Hori berori esan diteke Saizarbitoriaren obraz, ikusiko dugunez. Egilearen beraren asmoa izan da euskal-unibersitarioentzat (eta horien kidekoentzat) idaztea nobela hau. Bai gaiaren aldetik, baita ere teknikarenarenetik. Eta ba dut nik duda bat, alegia, danok dakigu ohizko euskal-irakurleari atsegin zaion liburu-mota zein den. Halaber, ez da profeta izan behar literatura berri hunen etorkizunak mintzatzeko, baldin irakurle gazte edo ikasiak ugaritzen ez ba dira. 64-ko jenerazioa esperantza bat da. Bainan horiek behar dituzten irakurleak ere esperantza bat dira. Eta esperantza hura esperantza huntan finkatzen eta oinharritzen da ezinbestean, zeren, jenerazino-arteko burruka hori ez da gazteek erabiltzen duten euskeragatik. Zoritxarrez prolema sakonagoa da.

        Nobelaren argumentua sinplea da. Hain da sinplea, non esan baiditeke argumentorik ez duela. Hau izan da egilearen borondatea, eta ba dirudi hunekin prolema teknikoei eman dien inportantzia adierazi nahi duela. «Egunero hasten delako» bi planotan desarrolatzen da. Plano batean gizon berritsu baten, historiako irakasle baten bakarrizketa etengabea ematen zaigu, lehen partean Durkheim-go estazioan eta bigarrenean telefono-zentral batean. Honekin nahasirik, bigarren planoa, zeinak ba du argumento apur bat.

        Saizarbitoriaren nobela bere osotasunean entelegatzeko sensibilitate bat behar da. Eta sensibilitate hau, gaur eguneko literatura-korrontetan murgilduz erdietsi diteke soilik. Sensibilitate huntaz usatuz nobela ausart bat burutu du, batez ere teknika eta formaren aldetik. Hunen ondorioz konplejitate handi bat atzeman dezakegu. Eta aitortu behar dut nahiko aise soluzionatu dituela egileak presentatu zaizkion prolema ugari eta zailak.

        Horien artean aitatu nahi dut lehenik elkarraizketak duen inportantzia. Euskeraz onaino erabili ez dan era batean erabiltzen du. Hola, elkarrizketaren bidez (eta medioen ekonomia handi bat agerraraziz), akzioak adierazten dituenean. Adibidez:

 

        »eta ez dut kontrako arrazoi bat ere ikusten, sua mesedez... nik ez dut asko biajatu... eskerrikasko... bainan konsidera zazu... «

 

        Halaber, Jean Paul-eren etxean, Maurice-ren hitzak diska baten letrakin nahasten direnean. Edo, telefonu-etxean, bakarrizketa eta telefonisteen oihuak nahasten direnean, eta abar. Era huntako nobela bat ezin diteke iskribatu gure artean usu diren medioekin. Nobelaren konplejitatearen araberazko neurriak hartuz, Saizarbitoriak «esan zion» «erantzun zion» eta horien gisako explikazio aztun guziak baztertu ditu, pentsamenduak eta hizketak adibiderik gabe ematen zaizkigu (bainan pentsamenduak «hika»-z ematen direla), zenbait zatitan anuntsioez ere baliatzen da, maixutasun handiz, eta halaber bar-etan eta beste zenbait tokitan entzuten diran hitz edo soinuez. Horrela, bi edo hiru lerrotan erdiesten du gainerantzekoek deskripzio aztun eta luze bitartez konsegitzen ez dutena.

        Beste puntu aipagarri bat deskripzioenarena da. Euskal-nobeletan irakurtzen diran deskripzio-moldeekin ohituta daudenek ez dute behar bada Saizarbitoriaren joera konprenituko. Adibidez:

 

        »Eskaparate baten aurren orrazkera konpontzen du.

        —Barkatu bainan isteko ordua da. Burnizko persiana jeisten dute. Dendako gizonak aurpegira begiratzen dio lehendabizi eta gero zangoetara. Jolasean dabiltzan haur batzuen pelota bere oinpean geratzen da...»

 

        Zenbaitek agian, ez dute ezer sentituko hori irakurtzean. Penagarri litzake benetan, holako eszenetan kausitzen diren xehetasunak guziz beharrezkoak baidira nobela bere osotasunean entelegatzeko.

        Influenziak: beste zenbaiten artean, zinema-gioiak eta «nouvelle vague»-ren experientziak oso inportanteak dira. Horietan ikasi duena landuz konsegitu du apur bat gorago aipatu ditugun egitateak.

        Akats eta huts-egiteak: Aurren nobela gehienak dituztenak.

        Eta aintzin-solas luze huni bukaera emateko egin dezagun balanzea. Akats eta guzi, Saizarbitoriaren obra inportantea da batez ere gure prosa-hizkuntzan bide ausart bat irikitzen duelako, kemen berri bat txertatzen diolako gure arbol zaharrari, euskeraren onerako.

 

 

 

 

 

Bigarren edizioaren hitzaurrea

Jesus Maria Lasagabaster

Donostia'n, 1979ko Maiatza

 

        1969garren urtean, «Egunero hasten delako» nobela lehen aldiz argitara zenean, euskal nobelaren atze-aurreen ardura zuen irakurleak nobela moderno baten aurrean zegoelako irudipen argia izan zuen, dudarik gabe; eta, gehiegi badirudi ere, hori euskal nobelagintzaren burrutian lehen aldiz gertatzen zelakoa. Saizarbitoriaren nobelagintza jaioberriari zerbait modernoren usaina eta kutsua zerion, izan ere.

        Ez ahal ziren modernoak, ordea, Europako nobela existentzialaren gizandi edo heroe nagusien euskal senide ttipi haiek ere, alegia, Txillardegik bere nobeletan sortutako pertsonaia nahigabetsu eta problemadunak? Leturia eta Peru Leartzako gure euskal Roquentin eta Mersault lirateke nolazpait nahiz eta horrek ez esan nahi izan gure Txillardegirengan Sartre eta Camus kolpe batean emanak genituzkeela. Dena den, Leturiak ez Peruk, Euskal Herrian sortu izan arren, ez dakarkigute geure mendietako garo-kolore sendorik, ez itsasaldeetako kresal-usain bizirik; kalekumeak ditugu horiek, bere eta gure amets eta problemak, fede eta fedegabekeria, esperantzak eta desperantzak nekez leporatzen dituztelarik. Haien eskuz sartu zen, bai, lehenik euskal nobelagintzan Lukács'engandik honaino nobela modernoaren nortasuna oinarritzen duen «héroe problemático» delakoa.

        Hala eta guztiz, «Egunero hasten delako» nobela irakurtzean sumatzen dugun modernotasunaren sentipen hori ez da Txillardegirenak irakurtzean sumatua bezalakoa.

        Euskal nobelaz hitzez eta lumaz ari garenok maiz esan ohi dugu gure nobelagintzaren eraberritzean Txillardegiri gaiarekikoa, Saizarbitoriari teknikarekikoa zor diogula. Eta horrek eguzkia bezain egia handi eta argia bazirudien ere esan batean, orain hamaika bider errepikatu ondoren, gezurra ez bada ere, erdizkako egia geratu da nere ustez, xinpleegi bait litzateke hori zenbait xehetasun egin gabe baieztatzea.

        Euskal nobelaren eraberritzeko prozedura historikoan, bai Txillardegik bai Saizarbitoriak, nork bere idazle-nortasunaren arabera, bere funtzio eta eragina izan dute, gure nobelagintza modernotasunean bien eskutik sartu delarik. Berebat, ordea, bion lehen nobelen arteko epea —hamabi urte handitako epea, gero— ez da alferrik igaro. 1957. eta 1969.urteen artean gauza asko aldatu da Espainiako eta Europako nobelagintzan eta aldakuntza hori nabari daiteke —eta hala behar— Txillardegiren «Leturiaren egunkari ezkutua» eta Saizarbitoriaren «Egunero hasten delako» nobelak elkarrekin erkatzean. Horrexegatik, bioi nobela moderno izena badagokie ere, ez dira zentzu berean moderno, 1975eko eta 1969ko nobelagintzaren modernotasuna bereizgarri berdinetan ezin finka bait daiteke.

        «Egunero hasten delako» nobelaren lehen argitaraldiaren hitzaurrean bi planoren nahasketa edo, hobeki esan, konbinaketa, eta artean euskaraz erabili ez ziren elkarrizketaren eta deskripzioaren teknikak aipatzen zituen I. Sarasolak elementurik aipagarrien bezala, nobela honen modernotasuna eta joera berria adierazterakoan.

        Argi eta garbi ikus daitezke alderdi horiek Saizarbitoriaren honako nobela honetan. Eta hainbestez, erabiltzen diren kontatzeko teknikei, hots, plano narratibo desberdinen txandaketari, elkarrizketari edo deskripzioari, dagokienez, oso aurrerapen garrantzitsua dakar berekin Saizarbitoriaren lehenbiziko nobelak, euskal nobelagintzaren desarroiluan.

        Baina, Saizarbitoriaren lehen nobelaren bereizgarririk garrantzitsuena modernotasuna dela esatean, azken urteotan erabiltzen den zentzuan hartzen dugu modernotasun izen hori; alegia, kontatzeko zenbait teknikari baino askoz gehiago, nobela bera, idazkera denez, asmatu eta ulertzeko moduari dagokionez.

        Nabari da nobelaren modernotasunaz ari garenean, ez dugula esan nahi soil-soilki gure egunotan idatzitako nobela denik; modernotasuna ez dagokio kronolojia hutsari nahiz eta nobela modernoak orain idatziak izan; baina, egungo egunean eginak izan arren, modernoak ez baizik oso «zaharrak» diren nobelak ezin konta ahala dira, «zaharrak» eta txarrak, jakina! Laurence Sterne'ren «Tristram Shandy» nobela, aldiz, zeharo nobela modernoa dugu, nahiz eta 1760-1767an argitaratua izan.

 

* * *

 

        Ezaguna da Jean Ricardou'k «nouveau roman» delakoari buruz esana: «Nobela, gertario, abentura baten kontaketa baino areago, kontaketa baten gertaria, abentura da». Horretan legoke, hain zuzen, gaurko nobela modernoa tradizionaletik bereizteko irizpide nagusia. Tradizionala da —dio Ricardou'k berak— gertari baten kontaketa den nobela; modernoa, ordea, kontatze baten gertaria den nobela; kontatzea bera gertatzen da, kasu honetan, nobelaren historiarik edo «intrigarik» nagusiena; nobelaren egitea bera, idazkera, da funtsean honelako nobela batean kontatzen zaiguna benetan. Nobela, hortaz, ez da izango errealitate baten errainua, imitapena, errealitatea bera baizik, beste errealitate bat; alegia, literatura eta sinboloaren barrutian existentzia duen errealitatea.

        Literaturazko iritzi errealista arrunt baten aurka kontraeraginez, «esanezko» literaturaren ondoan, «egitezko» literatura defendatzen du Roland Barthes'ek; alegia, literaturak ez du bakarrik aurretiko existentzia eta adiera duen errealitate bat errepresentatzen, baizik zentzu berri bat ematen, sortarazten, idazkeraren beraren prozeduran zehar. Nahiz eta gaurko literatur-teorilarien artean literaturaren nortasuna —formalistek izendatutako «literaturtasuna» hain zuzen— guztiz eztabaidatua izan, ados daude guztiak alderdi hori literaturaren ezaugarririk nagusienetakoa bezala azpimarratzean. Julia Kristeva'k dioenez, testua produktibitate bat da; idazkera eta zentzu-produktibitatea, noski; ikuspegi honetatik, literaturari, literatura denez, dagokiona, ez da esatea, izatea baizik; ez iruditaratzea, edo antzeratzea, baizik egitea eta sortaraztea; hemendik datorkio literaturaren hizkerari bere adiera plurala edo polisemikoa; hemen datza errealitatearen mugak lehertarazteko eta mitoaren barruti sakoneraino iristeko literaturaren indarra; hemen, azkenik, ideologia bihurtzeko literaturaren ezin-ukatuzko erresistentzia.

        Goian aipatutako Ricardou'k, beste toki batean, nobela tradizionala eta nobela berria, edo, berak dioenez, aro erromantiko eta aro modernoko nobela, bereizterakoan bezala, honelako bereizketa har dezakegu irizpidetzat, hain zuzen: aro erromantiko delakoan, nobela espresio edo errepresentaketatzat hartu ohi da; aro modernoan, berriz, nobela produkzio bezala ikusten da.

        lkuspegi honetatik begiratuta, historia bat kontatzean, kontatze honen beraren historia adierazten digun nobela, modernoa izango dugu. Nobela tradizionalean ardatza izan ohi zena, hots, argumentoa edo «historia», honelako nobela modernoan, bitartekotasuna besterik ez da, nobelaren, narrazioa denez, historia lortzeko; alegia, kontatzearen historia, idazkera narratiboaren sortaraztea, hitzaren, hitz literarioen, gerta; horrelako nobeletan, benetako garrantzia ez dagokio kontatzen denari kontatzeari berari baizik; nobelari modernoek historiak asmatzen badituzte, ez da historia horien berezko garrantziagatik, baizik eta hitza, mintzatzea, kontatzea posible egiteagatik. Mintzatu ahal izateko asmatzen ditu historiak nobelariak; hitza, bizitza da: mintzatuz, kontatuz atentu eta isil ledin une berean, hil egingo litzateke nobelaria, Scherezade bezala. Dilema dramatiko hori —mintzatu ala hil— agertzen da guztiz argiro nobela modernoan.

 

* * *

 

        Zentzu honetan ere esan behar dut, neure iritziz, modernoa dugula Saizarbitoriaren lehen nobela hau, bere kontatzeko teknikaz —elkarrizketaz edo deskripzioaz baliatzeko moduaz— aparte.

        Azaleko ikuspegi batetik pentsa daiteke nobela honetan abortatu nahi zuen neskato baten historia kontatzen zaigula, historia honen bitartez egileak abortoari buruzko iritzi bat ematen digularik. Eta bada hori ere benetan nobelan; baina, dena dela, nobela ez da hori, hori bakarrik, behintzat.

        Bai, noski, erantzungo luke norbaitek, beste historia ttipi bat ere kontatzen zaigu nobela honetan; alegia, gizon berritsu baten askotariko solas etengabea, lehenik Durkheim'go estazioan, gero telefono-bulego nagusi batean.

        Horrenbestez, pentsa daiteke, nobela honen konplexitatea honetan datzakeela; alegia, historia bakarra kontatu beharrean, bi historia kontatzen zaigula aldi berean eta txandaka: berritsuarena bata, eta abortatu nahi duen neskarena, hain- zuzen,bestea.

        Baina nobela, testu bakarra denez, batasunen bat izan behar duelarik, bi historia horien arteko erlazioa edo nolazpaiteko lotura aurkitu beharrean gaude; maila semantikoa datorkigu lehenik gogora posibilitate ugari eskainiaz, berritsuaren eta neskaren historien arteko harremanak finkatzerakoan; esate baterako, lehenbiziko kapituluan behin eta berriz azaltzen da berritsuaren hizketan zehar maletarekiko neskatoaren tema edo gaia: «Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan neskatoren bat maleta bat eskuetan duela, trenen baten itxoiten (...). Ni hunkitu egiten naute; haur bat jotzen ikustea eta, neska gazte bat maleta batekin, bakarrik, trenari itxoiten, gehien tristatu nauten bi gauzak direla uste dut...». Hurrengo kapituluan, Dunkheim'go estazio beltzaren oso deskribapen trebe baten testuinguruan, irakur dezakegu: «Gisèle: neska bat eserita maleta batekin, estazioan jende artean. Bakarrik».

        Nabari da, kasu honetan, berritsuak asmatutako —kusitako?— neskatoak eta Gisèle'k badutela zer ikusirik; gehiegi ote pertsonaia bera direla esatea?

        Beste batzuetan, nahiz perpaus, nahiz hitz bakar baten bidez egiten da lotura Gisèle'n eta berritsuaren historien artean; honelako erlazioa ideien elkarketan oinarrituta dago.

        Dena dela, berritsuak dituen heziketa, sexualitate, moral, maitasun eta gainerakoei buruzko burutapen, ateraldi eta, funtsean, obsesioen ispilutzat har daitekeela Gisèle'n historia esan dezakegu ia beti.

        Guzti honen, koherente eta onargarri izanik, ez du, nere iritziz, konta-mintzairan zehar sortzen den inplikapen oro azaltzen, nobelaren egiturari nahiz adierari dagokionez.

        Nene ustez, bi historien arteko topa-punturik garrantzitsuena ez da historiarena edo fikzioarena, narrazioarena, kontatzearena baizik.

        Gisèle'n historiaren eta berritsuaren arteko erlazioa, semantikoa baino lehen, narratiboa dugu, hain zuzen; nolazpaiteko giro edo justifikazioa baino gehiago, izate narratiboa bera da funtsean horrelako solas etengabearen bitartez abortoaren historian ematen zaiona; gizon hori berritsu eta mintzale delako, eta mintzo den neurrian, konta daiteke Gisèle'n historia.

        Horretan dago, nik uste, «Egunero hasten delako» nobelan kontatzen zaigun zinetako historia; abortatu nahi zuen neska baten historia kontatzean, nobelariak ez digu zuzenik eta bitartekotasunik gabe kontatzen; Gisèle'n historia beste historia batean txertatu eta harekin txandaka ematen zaigu nobelan zehar. Hemendik sortzen den erlazio narratiboen sistema berria irakurleak berak agerrarazi eta interpretatu beharko du.

 

* * *

 

        Honaino bi historia aipatu baditugu ere, funtsean hiru historia kontatzen zaizkigu; sorketa semantiko den nobelaren prozedura honetan, hiru historia gelditzen dira azkenean kontatuak; lehenik, sortarazle izendatuko dugun historia, hots, berritsuarena; bigarren, hemendik narratiboki sortutako abortoaren historia; azkenik bien arteko erlazio-sistema narratiboak paratzen digun hirugarren historia, alegia, kontatzearena berarena; maila honetan, Ricardou'k zioenez, bere idazkeraren gertaria edo abentura litzateke nobela, narrazioak esatean, kontatzean, «bere burua» esaten kontatzen duelarik. Nanrazioa historia gertatzen da, beste bi historien argumentoez adierazle gisa baliatzen delarik histonia.

        Horrenbestez beldun da kritikalaria ez ote dituen inork bere iritzi, ohar eta proposamenak testotik kanpo asmatutako irudipen eta burutapentzat joko; eta jakina! Literatur-kritika edo nolanahiko azterketa litenarioa egiterakoan, testuak berak, eta ez kritikalariaren irudipenak edo asmamenak behar nagusitu. Gatozen beraz testura.

        Non da, estazio goibel bateko tabernan, nahiz telefono-zentral bateko egongelan, ezinikusizko mintzalagun baten itxoinaldi luzeak etengabeko hizketa nahaspilatsu batez arintzen dituen gizon gazte bitxi hori?

        Agian, oso berri urni ematen zaigu pertsonaia harrigarri honetaz: historia inakasle eta ezkongaia denaz ia besterik ez dakigu; izenik ere ez. Eta, zentarako jakin? Non den ez dakigula nobelan banrena dabilen pertsonaia bakan eta bitxi honek bere ibileraren urratsez arrasto nabarmenak uzten ditu testuan zehan.

        Hasieratik darabilgun «berritsu» izen hori, erosoa ezezik, ezin zuzenagoa da, gure gizonaren nortasuna mugatzeko. Estazioko tabernan edo telefono-zentralean, pertsonaia horren egitekorik eta desirarik biziena mintzatzea da; edonon eta edonorekin, edozertaz ere bai, noski.

        Horrexegatik doa estaziora, ez trena hartu behar duelako, baizik jendez betetako andenaren bakardadean eskuan maleta duten neskato beldurtiekin topo egiteko; eta tabernara, mostradore aurrean, zigarro eta kopatxo eta zerbeza batez —a! eta, jakina, bere etengabeko hizketa liluragarriaz— edonoren itxoinaldia arintzeko; edota beste batzutan telefono-bulego nagusira; bada han ere jende piloa, edonorekin minutu pare bat hitzegin ahal duen eta nahi duen jendea, inork hizpiderik ematen dionoro. Hala ez bada, zertarako estaziora joan, trena hartu beharrik ez izan eta?, edota telefonora, gero egonaldi luze baten ondoren, «Saint Amand'ekin seigarren kabinara mesedez» entzun orduko, Aizu, andereño, anula ezazu mesedez», patxadan erantzuteko?

        Garrantzia duena ez da telefono-solasaren gaia, norbaitekin hitzegiteko aukera eta hartarako lagunen baten beharra baizik; eta laguna, edo asper-asper eginda zain egon behar duen jendea eta inor entzuteko prest dagoena bederen, hortxe aurki daiteke: estazioan edo telefono-zentraletan; edota, agian, autobusean. Hamaikatxo dira hor zehar gure gizon hori bezalakoak, berritsukeria eta azkengabeko jarduna gauza ona direla pentsatzera behartuak daudenak. Eta, zergatik ez, gainera? Esate baterako, idazleak berak. Eta ez naiz ni hori dioen bakarra; gure berritsuak ere hala dio: «Eskritoreak hitzegin behar du, eskribitu nahi dut esan, bestela ez da eskritorea. Ez al zaizu iruditzen? «

        Bai, noski, neri behintzat hala iruditzen zait; idazlea, idazle denez, berritsu da eta hala izan behar. Berritsua, gure nobelako berritsu hori, idazle, edo zehazkiroago esateko, kontalari da eta hala izan behar ere.

 

* * *

 

        Horrenbestez Gisèle'n historiaren narratzailea berritsua bera dela esan nahi ote dugu?

        Bi ikuspuntu narratibo desberdin bereiz daitezke nobela honetan, ageri denez, honaino berezitako bi historiei dagokienak, hain zuzen.

        Estazioko tabernan edo telefono-zentralean gertatzen den historian, berritsua dugu kontalari eta pertsonaia aldi berean; pertsonaia noski narratzaile denez, eta atzekoz aurrera ere bai; ezin dateke bata bestea gabe; pertsonaia —edo, estrukturalistek diotenez, «aktantea»— denez, bere egiteko osoa eta bakarra, bere «funtzioa», hitzegitea, funtsean, narratzea delarik.

        Guztiz ongi hatzeman ditu Saizarbitoriak narrazio eta pertsonaiaren barneko lege narratiboak; eta hatzemateaz gainera, oso ongi bete ere.

        Kanpotik etorritako kontalari batek aurkeztu beharrik gabe, pertsonaia bera agertzen zaigu hasieratik kontatzearen jaun eta jabe bakarra. Berez elkarrizketa egituna duen etengabeko solas hori, benetako bakarrizketa gertatzen-da azkenean, ha-hiz eta kontalari berritsu horrek beti mintzalagun bati hitzegin; baina erantzunik hartu gabe, ezin hobeki; berritsuaren hitzegin behar asegabe horrek ez bait die erantzunei lekurik ez biderik uzten. Berritsuak, jakina, nahi eta ez hitzegin behar; han edo hemen, honekin nahiz harekin mintzatu behar, bere nortasun narratiboa edo «nobelezko nortasuna» «izatea» ez, «esatea» denez gero.

        Historiatik kanpo dagoen kontatzaile batek kontatua dugu, ordea, Gisèle'n historia. Bada, bestalde, «focus narrationis» delakoaren zenbait aldaketa narrazioan zehar; alegia, historia batzuetan pentsonaien barrendik ikusita badago ere, beste batzuetan, aldiz, kanpotik eta objetiboki, ia narrazio behabiorista baten antzera, kontatzen da; baina, aldi berean, pentsonaia ez den kontatzaile baten bitartez beti.

        Non da, orduan, Gisèle'n historia hori kontatzen digun kontalaria? Narrazio osoaren logikak berritsua bera dela esatera bultzatzen gaitu. Bera dugu, testuan zehar, hitzaren, kontatzearen, iturri eta indar sortzaile bakarra. Bere berritsukeria bitxi eta batzuetan farregarri hura zinez hantu behar da azkenekoz, haren bitartez egiten ahal bait da narrazio osoaren oinarria. Interesgarriena berritsu honengan —bestalde, beste berritsu guztiengan bezala— ez da berak esaten duena, esatea bera baizik. Berak dioenez, «neri egia esan ez zait axolik, hitzegiteko adiskide bat egiten badut noski... «

        Ezinbesteko hitzegin behar honek —eta Caporalen laguntzak, jakina!— lakartu eta lehortu egiten dio eztarria azkenerako eta haren isiltzeak hitzaren etena, nobelaren amaia marratzen du.

 

* * *

 

        Hona hemen «Egunero hasten delako» testuaren nik egindako irakurketa, bigarren argitaraldi honen irakurleei proposatzen diedana. Nobelaren egiazko irakurketa ote, zinez eta izatez? Ez, noski, baizik eta ahal direnetarik bat, nerea, hain zuzen.

        Gaurko kritikalariok badakigu literaturaren ezaugarririk nagusienak bere aniztasun semantikoa eta bere —U. Eco'k dioenez— irekitasuna direla; ez dezake ezein irakurketak edo interpretaketak literatur-testuaren adieraz-indar konotagarria agor eta ahi. Eta zorionez gainera, literatur-testua beti zabalik bait dago, zentzu berririk hartzeko prest, gauza bizia, ez zurrundua, denez gero, nahiz eta egitura den aldetik itxita egon. Eta hori dela bide, baliagarri izatea besterik ez dezake kritikalariak bere irakurketarentzat eska.

        Hemen proposatutako interpretaketa, egiazko bakarra ez izanik ere, balioduna bai iruditzen zait, testuaren esanahiren bat argitzeko; garrantzitsuenetako bat, apika, eta nobelaren modernotasuna biderik erabatekoenez finkatzen eta oinarritzen duena, nere iritziz.

        Badu nobela honek, nahiz egituraren, nahiz adieraren aldetik, aski garrantzi duten elementu asko; horietako batzuk aipatu baizik ez ditugu egin; badu ere —nola ez, egilearen lehenbiziko nobela delarik?— zenbait akats eta mugapen; adibidez, pertsonaien eta egoera narratiboen gehiegizko eskematismoa edo.

        Baina, hutsak huts, nobelak ezin-ukatuzko garrantzia honegatik du: haren bidez, nobelagintzaren eta bere izate narratibo eta semantikoaren bide berriak, azken urteotako modernotasun narratiboarenak, hain zuzen, irekitzen dizkiolako Saizarbitoriak euskal nobelari.

        Antzinako segurantzarik gehienak galdu edo problematiko bihurtu diren gaurko munduan, hizkera ez da aurrerantzean zentzuz betetako eta harmonikoki eratutako unibertso bat deskribatzeko eta aztertzeko tresna mozo eta eragilea. Ez. Hizkeran bertan gertatzen dira eta bizi munduaren eta gizonaren desegurantzak eta bilaketak. Hizkera, kontatzea bera gertatu zaigu problematiko, eta idazlea dugu problematikotasun horren lekukorik argitsuen eta larriena. Nobela idazkera baten nahitaezko gertaria, abentura izango da honela, historia baten kontaketaz aparte. Horixe dugu erabat berria, euskal nobelagintzari dagokionez, «Egunero hasten delako» testuan, honaino adierazten saiatu garenez.

        Hala eta guztiz, ezin uka alde hori argi eta esplizitoki ez, baina beharrezko ezaugarritan finkatzen dela maizago, interpretaketa honen balioa indartzen eta sendotzen duen oinarri nagusia testua bera bada ere. Kanpoko argibidetara jo beharko balitz, egilearen hirugarren nobelak, «Ene Jesus»-ek sendotuko luke idazkera narratiboaren eta kontatzearen beraren problematikotasunari Saizarbitoriaren nobeletan irekitzen zaion leku zabal eta handi hori.

        Euskal nobelagintzan pertsonaien saila ez da hain luzea, damurik; leku berezi eta nagusi bat merezi du horratik, eta egin behar zaio, sail horretan, Ioanes artzain zahar baketsuaren eta biziminez jo eta zauritutako Leturia nahigabetsuaren aldamenean, gure berritsu bitxi izengabe honi ere.

        Batak bere sorbalda urtetsu eta sendoen gainean eusten dio gure ohiturazko nobelarik onenetako bati; besteak ezinegonez eta etsipenez sartzen digu euskal literaturan nobela existentzialaren gizandi edo «heroe problematikoa»; hirugarrenak bere ezin agortuzko hitz jarioz zabaltzen dizkio gure nobelagintzari modernotasunaren bide berriak; horietan idazleak hizkeraren eta kontatzearen beraren abenturaz, gertariaz, gozatu egiten badu batetik, pairatu ere bai bestetik.

 

 

 

 

Bosgarren edizioaren hitzaurrea

Ramon Saizarbitoria

2007

 

        Lur argitaletxeak 1969an lehen aldiz kaleratu zuenetik, hiru argitaletxe desberdinen eskutik argitaratu da, oker ez banago, nire opera prima den nobela hau. Berrargitalpen horietan, batzuetan behintzat, jatorrizko testua berritzen joan da, ortografiaren eta lexikoaren aldetik batez ere, euskara idatziak azken mende laurden honetan ezagutu dituen aldaketa etengabeei —etengabeegiak ere esango luke norbaitek, ez arrazoirik gabe—, hau da, garaian garaiko modari edo arautegiari egokitzeko asmoz.

        Egokitze lan horiek beharrezkoak ziren, izan ere, 69an erabiltzen zen euskarak —eta bereziki nik erabiltzen nuenak— ez baitu zerikusirik oraingo euskara garatuarekin, eta jatorrizko testuaren irakurketa oraingo irakurle bati nekeza gertatuko litzaioke. Bestalde, hurrenez hurrengo moldaketak beste gauza askoren arrean filologo oso konpetenteak diren pertsonen ardura izan dira, zeintzuen arrean eskuizkribuaren zuzenketa egin zuen Ibon Sarasolaz gain —«eskuizkribu» jatorrizko zentzuen, eskuz idatzitakoa zuzendu baitzuen—, Koldo Izagirre, Ramon Etxezarreta eta Iñaki Iñurrieta ditudan gogoan. Guztiei nire esker ona, eta barka norbaiten izena aipatzea ahaztu badut.

        Duela pare bat hilabete, argitalpen berri bat egiteko asmoa zuela eta, Iñaki Aldekoa adiskide eta editoreak komentatu zidan hainbeste errebisioren ondoren, testuak ez ote zuen bere jatorrizko zerbait galdu, ez ote zen jatorrizkotik gehiegi urrundu, arrisku hori ere izaten baita, gehiegikeria filologikoarena, alegia —gehiegikeria terapeutiko moduko bat edo—, eta ez ote zen komeni, originala eskuan, neronek berrikustea eta kezka lexikalak alde batera utzita, hala baneritzon, neurera ekartzea berriro.

        Baietz esan nion, egingo nuela, nahiz eta ez naizen sekula gai izan neure testu bat behin argitaratua izan den ondoren irakurtzeko. Bi lerro begiztatuta, lotsa eman ohi dit hain dorpeki idatzia deritzodana erremediorik gabe beste norbaitek irakur dezakeela pentsatzeak. Baina jatorrizko Egunero hasten delako-n bazen akats tekniko bat, nobela aipatuta ikusten nuen bakoitzean, eta azken urteotan sarritan izan da, nire lotsarako gogora etortzen zitzaidana. Giséle izeneko protagonistak abortatzen duen pasartean, nolabait ere eszena girotzeko, ginekologoak, halako batean, forzeps bat eskatzen dio laguntzaileari. Garaian, nik ez nekien fitsik abortatzeko teknikei buruz, ez haurdunaldiaren fisiologiari buruz, eta, ondorioz, ezta protagonistaren gestazio denborari zegokion enbrioiaren neurriari buruz ere, eta pentsatzen dut filmaren batean ikusitako irudiak hala iradokita, efektu dramatiko bat lortzeko edo —besterik ezean ere bai— azaltzen nuela bestalde hain izen bortitz eta zirraragarria duen tresna kirurgikoa.         Baina, noski, agerikoa denez, erabat lekuz kanpo gertatzen da zentimetro bat baino gehiago izan beharko ez lukeen enbrioia askatzeko aipatzea, hain zuzen ere, umeak erditze kanaletik irteteko arazoak dituenean, handiegia delako sarritan, erabiltzen den tresna baita. Kontua da «lehen nobela modernoa» eta horrelakoak entzuten nituenean, hanka sartze horren oroimenak torturatzen ninduela. Hori gutxi balitz bezala, nire ibilbide profesionala zela-eta, garai batean haurdunaldiari eta erditzeari buruz dezente irakurri behar izan nuenez —Perinatalidad y prevención eta Nacer en Guipúzcoa ere idatzi nituen, besteak beste—, oraindik ere mingarriago eta lotsagarriago gertatzen zitzaidan gaztetako arinkeria haren oroimena. Gainera, orain, literatura egiteko saioan zerbait zaintzen badut, obsesiboki zaintzen dudala esango nuke, zehaztasun teknikoa da, eta irakurle gisa jasangaitza gertatzen zait zabarkeria.

        Beraz, ez ninduen kezka filologikoak eraman nobela berrirakurtzera —era horretako kezka gutxi izateaz gain bai bainekien zuzentzaileek egoki egina izango zutela beren lana—, baizik eta hainbat urtetan zehar gogaitu ninduen aipaturiko akats tekniko hori zuzentzeko asmoak. Pentsatu nuen mereziko zuela behingoz forzepsaren aipu desegokia kentzea, behintzat.

        Kontua da orain arte egin gabe nengoena egiten saiatuko nintzela hitza eman niola Aldekoari, neure nobela bat irakurtzekoa, eta, egia esateko, aldez aurretik uste baino gutxiago kostata bete dut eginkizun hori, ziur asko idatzi nuenetik hainbeste urte pasatu direnez, hain urrunekoa gertatzen zait, ezen ez baitzait neurea denik ere iruditzen. Zer esan, duela la berrogei urte, hogeita hiru nituela, idatzitako nobela berriro irakurri ondoren?

        Lehendabizi, freskoa, hezea iruditu zaidala. Batek baino gehiagok esan izan dit hori, oraindik ere zutik mantentzen den historia dela, baina, jakina, idazlearen inguruan intentzio oneko jende gehiegi izan ohi da eta ez du fidatzerik. Baina, egia esateko, neuri ere harrigarria gertatu zait zein elementu gutxirekin lortu nuen, zein efizienteki, beraz, historia bati eusten. Esan nahi dut lorpena izugarria ez bada, aski ona dela erabilitako baliabideak kontuan hartuta. Bestalde, teknika narratiboa, inkoherentziaren bat alde batera utzita, kontakizunaren zerbitzuan aurkitzen da, bizitasuna eta indarra emateko; esan nahi dut ez dagoela teknikakeriarik, ez dago ezer alferrik, edo ezer gutxi. Hizkuntza, bai, narrasa gerta lekioke norbaiti, baina, gainerakoan, agerikoa da narrazioa erabat, hitzez hitz, egitasmo zehatz bati jarraiki planifikatuta dagoela.

        Ez dakit ondo egiten dudan inpresio hauek azaltzen, norbaitek pentsa baitezake neure burua losintxatzeko joera dudala, baina esan dut lehen ere oso urrunekoa gertatzen zaidala egilea eta, edozein kasutan ere, barka beza irakurleak izan nintzen gaztearen aurrean, merezi zuen baino onberagoa banaiz.

        Nobela abortuaren aldeko alegatu bat da —abortua ilegala zen garaian idatzitakoa— baina, han ere idazle hasiberri haren alde, ez da inondik ere panfleto bat. Abaituak —Mikel Hernandez Abaituaz ari naiz— ongi igarri dion bezala, nire nobeletan beti dago edo ia beti —beti esango nuke— tesiren bat defenditu nahia. Aitortzen dut. Nahiz eta ez naizen literatura konprometituaren zale, nahiz eta gehienetan gorroto dudan joera hori, ezin erreprimitu dut nire fikzioan mezu sozial eta politikoak sartzeko beharra, eta mezu horiek kontakizunean era literario batean —disimuluan ere, esan nezakeen— integratzeak ematen dizkit lanik handienak, hau da, predikatzen ari naizela nabari ez dadin, esan gabe esatea alegia. Egunero hasten delako-n abortuaren aldeko jarrera argia da, esplizitua, zuzena eta ausarta, lotsagabea garai hartarako. Horregatik

iruditzen zait —zentsura gaietan adituek nahi dutena esango badute ere— gazteleraz idatzia izan balitz, ez zuela 1969an argia hain erraz ikusiko. Behin baino gehiagotan entzun dut zentsura frankista pasatzeko euskaraz idatzia izatea eragozpen gehigarria zela testu batentzat. Egia izan daiteke testu politikoei dagokienez, baina iruditzen zait Egunero hasten delako-ren kasuan alderantziz izan zela, bidea erraztu ziola alegia. Noski, lagunduko zion halaber gurearekin zerikusirik ez zuen urrutiko errealitate baten kontakizuna izateak.

        Arestiren gomendioari jarraituz, esango nuke —barka beza irakurleak digresio hau, baina, beharbada, garai hura ezagutu ez zuenari nobelaren testuingurua ulertzeko ongi etorriko zaio— Antonio Arrue euskaltzainari pasatu nion eskuizkribua, irakur zezan eta argitaratu ahal izateko modurik ikusten zion esan ziezadan. Arrue, sasoi hartan 69 urteko gizona, Asteasun jaiotako abokatua zen, Donostiako Okendo kalean bizi zen tradizionalista, Francoren Gorteetako prokuradorea eta Euskaltzaina; nolabait esateko, erregimenaren euskaltzalea. Zentsore funtzioak ere betetzen zituelakoan nago. Dena den, maite zuen bere burua Arestiren adiskide gisa azaltzea, nazionalisten aurrean batez ere, euskara politikaren gainetik jartzen zuela, eta, bide batez, pertsona «irekia» zela erakusteko. Hori da nire susmoa. Kontua da ildo horretatik, gizonak, oso era atseginean dena esan behar badut, nobelarekiko ez-adostasuna aitortu zidala, baina era berean azalduz ez zuela ikusten zergatik ez ziren erabili behar euskaraz ere beste hizkuntzetan tratatzen ziren gaiak. Argitaratzeko baimen eske garaiko Turismo eta Informazioko delegatuarengana joateko esan zidan; bide batez, bere aldetik eragozpenik ez zuela ikusten esateko baimena eman zidan. Hala egin nuen. Delegatua Felipe de Ugarte zen, urte hartan Donostiako alkate izendatuko zuten gizona —beste bidegabekeria askoren artean, Kursaal zaharra botatzea baimendu zuena— aurpegi gaiztoko tipo bat, bibote fina zuten haietakoa eta betaurreko beltzak kentzen ez zituena —Pinochet erretratu famatu batean bezala dut gogoan—. Arruek esandakoa azaldu nion, eta kezkagarriak gertatu zitzaizkidan pare bat segundoz betaurreko beltzen atzetik begiratu ondoren, besterik gabe, baimena emateko agindu zion idazkariari.

        Ez dut gogoan argitalpenak inongo arretarik merezi izan zuenik. Esango nuke garaiko giroan ez zela gustukoa gertatu. Argitaratu aurretik iritzia eskatuz pasatu nion idazle ezagunen batek ere ez zuen entusiasmo handirik azaldu. Ibon Sarasolak bai, harrera gartsua egin zion, bion laguna zen neska baten bitartez Duque de Mandaseko etxeko gutunontzira Friburgotik helarazi nionean. Gartsua baita Ibon, eta kideko asko ez bezala, eskuzabala, lan batek merezi duela iruditzen zaionean. Beti eskertu izan diot harrera hura, eta aitortu behar dut niretzat Ibon izan dela, urte askotan, idazle batzuek, ez baitirudi guztien kasua denik, idazterakoan gogoan izaten dugun irakurle eredua.

        Harenaz aparte, ez dut beste laudoriorik gogoan; errieta bat bai, eta merezi du agian haren berri eman dezadan, garaia girotzeko hau ere. José de Arteche idazlea izan zen errieta egin zidana. Gazteleraz idazten zuen —El abrazo de los muertos izango da bere lanik ezagunenaeta garaian, 63 urte zituela, Probintziako Diputazioko Biblioteka esaten zitzaionaren zuzendaria zen. Oso zen katolikoa, Julien Green idazlearen antz fisiko handia zuen, bere eredua ere bazela esango nuke, eta harro zegoen horregatik. Bibliotekako irakurketa aretoa beren liburu eta apunteekin ikastera joaten ziren gazteez beteta egon ohi zen. Esan nahi dut gutxienak zirela bertako liburuak kontsultatzen zituztenak, eta ni nintzen hauetako bat, ziur aski, urte haietan ikasi baino gehiago irakurri egiten nuelako, irakurtzen nuenaz oroitzen ez naizen arren. Kontua da noizbehinka fitxategian egoten nintzela obraren baten bila. Fitxategia armairu luze bat zen, pertsona baten altuera baino zerbait baxuagoa, Bibliotekako sarrera eta funtzionario arduradunaren lan aretoa banatzen zituena. Fitxategi aurretik areto hori bistan zegoen, beraz. Funtzionario higatu bat egon ohi zen, bata gris higatu bat soinean, bere mahai atzean eseria, zigarro bat ezpainetatik zintzilik zuela beti. Bere portzelanazko listuontzi biribila dut gogoan, lurrean, mahai ondoan izaten zuena, nazka ematen zidalako. Areto horretan, fitxategitik eskuin aldera, Artecheren bulegoa zegoen, haren ahots burrunbatsua handik zetorkidalako dakit, baina ez nintzen bertan sekula egon. Batzuetan, ordea, fitxategiaren bestaldeko areto horretan egoten zen tertulian, batzuetan baino gehiago, esango nuke. Dakidanez, Miguel Pelay Orozco idazle barojazalea zen solaskideetako bat, gainerakoez ez naiz akordatzen, ezagutzen ez nituelako ziur asko. Kontua da, behin fitxategi aurrean nengoela eta Arteche bestaldean jaun gehiagorekin, aulkian atzera botata, ohi zuen bezala, halako batean, hatz erakuslearekin seinalatuz zera galdetu zidala: «Zu Saizarbitoria zera, ezta?» Ez zuen euskararik sekula erabiltzen, Bibliotekan behintzat. Ni pozik, ezagutu ninduelako; norbait nintzen; ez zidan, ba, eskainiko ikertzaileen areto baketsuan, non beti zeuden aulki libreak eta ez zen ikasleen algararik jasan behar, sartzeko baimena...? Baietz erantzun nion. Eta berak, orduan, sabaia dardara suminkorrez seinalatuz, «barkamena eskatu behar diozu Euskal Herriari belauniko» esan zidan, bere ahots burrunbatsuaz Jainkoaren hirak hartuta. Ni, txundituta, beldurtuta eta lotsatuta. Lotsatuta, batez ere. Ez dakit zer gehiago esan zuen, ez bainintzen izan gai entzuteko ere. Mundu guztia zegoen niri begira, bere solaskideak, funtzionario higatua eta irakurketa areto osoa, eta, noski, ni kezkatuta inor gutxik jakingo zuelako han euskaraz, eta zekienak ere errieta hura zertara zetorren jakingo ez zuenez, libururen bat lapurtu edo zerbait askoz grabeagoa egin izango nuela pentsa zezaketelako. Gutxi pentsa zezakeen jende hark Bibliotekako zuzendariak nik idatzitako liburu batengatik errieta egiten zidanik. Horrek harrotuko ninduen, alegia, jendeak jakiteak nire obrak bere onetik atera zuela lanorduetan tertulian egoten zen karka hura, baina hori ez zen oso probablea. Normalena liburuak lapurtzen harrapatutako miserable bat nintzela pentsatzea zen, eta lotsa horrekin ez nintzen gehiago Bibliotekan azaldu. Gero, ez dakit nola, jakin nuen gizona haserretu zuena, nobela bera bainoago —ziur asko ez baitzen irakurtzera iritsi—, azala izan zela. Lehendabiziko argitalpenaren azala orain mundu zabalean ezaguna den Alberto Corazón diseinatzailearen lana da, eta bertan neska baten aurpegia azaltzen da. Artechek Santa Bernardetteren antza hartu zion, nonbait, eta pentsatu bide zuen asmo txarrez aukeratu genuela abortatu egiten duen protagonista irudikatzeko. Ez zen ideia txarra —bekatuaren kontra dagoen jende horrek bekatua baitu buruan—, baina niri behintzat ez zitzaidan halakorik burutik pasatu. Alberto Corazóni galdetu nion ea asmo horrekin egin zuen azala —zeren egiaz Santa Bernardette izan baitzitekeen, eta baita Santa Ines ere, hala nahi izanez gero— eta ezetz esan zidan, hain zuzen ere, berarentzat familia bezalakoa zen Donostiako Castells-Artetxetarretako neska bat zela. Uste dut egungo giroan nekez imajina daitekeen eszena honek balio duela nire garaiko hura ulertzen laguntzeko eta, batez ere, orduko urratzaile modernook zenbateraino ginen gizajo erakusteko; neurri batean, hain adierazgarria delako, eta Corazónen oroimenez ere, argitalpen berri bakoitzaren azalean gorde nahi izan dut neskato horren irudia, zeinarengatik, berak jakin gabe, errieta zital hura jaso behar izan bainuen.

        Askotan kontatu dut Egunero hasten delako idatzi nuenean, bokazio literarioak bainoago euskararen egoerak bultzatu ninduela, eta ez dut uste nire lelo hori ongi ulertua izan denik. Abertzaletasun sutsu baten deia izan balitz bezala interpretatu baita, eta hori ere bai, agian, baina hori bakarrik ez baitzen izan. Idazte kontuan, kontu guztietan bezala, bi eragile klase izan ohi dira, aldez aurrekoak eta bultzatzaileak. Umetan literaturazalea nintzen, asko irakurtzen nuen, eta idatzi ere egin izan nuen. Gogoan dut koaderno bat Donostiako zenbait lekuren —portua eta Okendoko plaza baziren, behintzat— eta giroren deskripzio idatziekin eta neure ilustrazioez apaindua. Baina egia da euskararen egoerak bultzatu ninduela, bidea erraztu zidala, galdera bati erantzun nahiak azken finean: zergatik ez gure hizkuntzan ere beste hizkuntzetan idazten diren historiak?

        Banuen idazteko grina, baina zulo batek, nabarmena zen gabezia kulturalak, eraman ninduen beharbada beste egoera batean emango ez nuen pausoa ematera, izan ere, erraza baitzen, deus ez zegoelako, ia deus ez. Horregatik egiten genuen teatroa ere. Garaian antzezten ziren obrek gai hau izan ohi zuten gutxi gorabehera: andregaia herrian utzi eta Ameriketara emigratu ondoren, baserrira aberastuta eta mutilzahartuta itzultzean, maitea beste batekin ezkonduta aurkitzen duen gizonaren historia. Zerikusirik ez talde gazteek erdaraz antzezten zituzten obrekin. Panorama horren aurrean, Beobidek zuzentzen zuen Jarrai taldekook Miller edo Camus bezalako egileak antzezten hasi ginen arrakasta nahiko handiz, euskaldungoaren sektore tradizionalistenak joera hori, arrotza zen neurrian, jatorra ez zelako alegia, arbuiatzen bazuen ere. Gogoan dut, bereziki, Miller-ren Denak nire semeak —All my sons— obraren errepresentazio bat. Azpeitian zen. Keller familiaren etxe aberatsa antzeztu genuen —Mikel Forcada izan ohi zen dekoradorea—, eta eszenatokian, garaiko etxeetan ikusten ez ziren altzari moderno eta aberatsez hornitua, interpreteak dotore jantzita azaltzen ginen —eszenaren batean esmokinez, esango nuke—. Antzezlana bukatuta, zenbait ikusle inguratu zitzaizkigun, emakume adindu batzuk —niretzat orduan adinduak zirenak behintzat—, besteak beste, eta zin dagit ikusi berri zuten obra gazteleraz eman genuela uste zutela, pentsatzen dut arrotza gertatzen zitzaien euskara batua erabili genuelako, baina, batez ere, testuinguruaren modernotasuna eta dotorezia ezin zutelako euskararekin lotu.

        Aurrerago, teatroa egin ahala zaletzen joan ginelako eta gure inpultso aurrerakoiari jarraiki, abangoardiako obrak antzezteari ekin genion neurrian, ez-ulertze arazo gehigarriak izan genituen. Behin —Donostiako Antzoki Zaharrean, esango nuke—, Eugéne Ionesco-ren Le nouveau locataire —ez dakit nola zuen izena euskaraz— obraren azken eszena amaitu eta oihala jaitsi ondoren, publikoak, absurdu hartaz deus ulertu ez eta eserlekuetatik mugitu gabe jarraitzen zuenez, proszeniora atera beharra tokatu zitzaidan «Jaun andreok, honekin amaitu da obra» esatera.

        Urte haietan Donostiako kaleetan apenas hitzik egiten zen euskaraz —Bilbon gutxiago eta Gasteizen zer esanik ez: ni 58 inguruan interno egon nintzenean, bi euskaldun izango ziren han, eibartarra bat eta betiko azkoitiarra bestea—, jendeak ez zekielako gehienetan eta ez zuelako oso dotore ematen askotan. Ahaztu zaigu jada baina entzute handikoak izan ziren Pello Kirten Donostian eta Txomin del Regato Bilbon, baserritarren gaztelera irrigarri utziz, «historias y susedidos» kontatzen zituzten haiek. Herrietatik kapitalera etortzen zen jende asko —neskak bereziki— lotsetan zen euskaraz egiteko. Euskararik entzuten ez bazen, ez zen jada errepresio kontua, hori lehenago izan zen eta nik ez nuen ezagutu, estatus baxuko hizkuntza zelako baizik, gazteleraz hitz egiteko gai ez ziren baserritar ezjakinen kontua.

        60ko hamarkadan, Donostiako estudiante itxura bazenuen, Gipuzkoako herri ez hain txikietan ere kanpotartzat hartzen zintuzten, oso kanpotartzat esan nahi dut, eta taberna batera sartzen bazinen, erreparorik gabe hitz egin zezaketen zutaz euskaraz, ez baitzitzaien burutik pasatzen euskalduna izan zintezkeenik. Zenbat iruzkin lotsagabe entzun behar izan nuen, baina zeinen gozoa mendekua alde egiterakoan esatarien aurpegietan lotsa eta txundimena ikusita, «ongi izan» edo, hitza dotoretzeko, «izan untsa» exotiko batekin despeditzen nintzenean. Hori zen gure asmoa, nirea behintzat, euskaraz ere bazegoela moderno izatea, ez genuela lotsatu behar euskara erabiltzeagatik. Are gehiago, Francoren Espainia kutre, ilun eta atzeratu hartan, euskarak eman zezakeela, hain zuzen ere, «a touch of distinction», modernotasun ukitu bat, alegia.

        Agerikoa denez, iraganaren bisitan horrenbeste luzatze honek aguretu egin naizela adierazten du. Barka beza, batez ere, garai haiek ezagutu zituen irakurleak, baina, neure burua desenkusatu nahi ez dudalarik ere, hain da handia egungo egoera juzkatzerakoan nondik gatozen ahanzteko dugun joera —iragana desitxuratzekoa ez denean—, ezen ahal dudan bakoitzean neure testigantza ematera behartuta sentitzen bainaiz.

        Egunero basten delako-ra bueltatuz, arestian freskoa eta hezea dela esan dut. Horrekin adierazi nahi nuen bertan darabiltzadan edo nerabiltzan gaiak, inmigrazioa, hezkuntza, sexua, abortua bera, pil-pilean daudela oraindik. Lerro hauek idazten ari naizela, Portugalen abortuari buruz eginiko erreferendumaren emaitzak agertzen ari dira telebistan. Saio berean, emakume ginekologo nafar bat ari da esaten Nafarroan —gure arragoa omen den horretan— azken hogei urteotan ez dela abortu legal bat bera ere egin, eta ez beharrik izan ez delako, noski. Lehenago, legea indarrean jarri berritan, bakan batzuk egin omen ziren, berak —telebistan azaltzen zen emakumeak alegia— baten bat, baina egiteari utzi behar izan omen zion mehatxu kezkagarriak jaso zituelako. Hori, ordea, adierazle bat besterik ez da; asko legoke abortuaz hitz egiteko Euskal Herriko beste eskualdeei dagokienez, nahiz eta, zorionez, ez gauden erabat ilegala zen garai haietan.

        Sexua asko aipatzen da Egunero hasten delako-ren orrietan, eta egiten den trataera ikusita, egungo irakurleren batek pentsatuko du inuzentea naizela, egin dudan bezala, nobela oraindik ere freskoa eta, are gehiago, hezea dela esaterakoan. Urte haietako aldarrikapen nagusia, nobelan ageri dena —sexua ugaltzetik bereiztea—, nire auzoko erretoreak berak ere onartuko luke, ziur asko, gaur egun. Hala ere, Giséle-k, neska protagonistak, sexua eta maitasuna batuta nahiko lituzke oraindik, eta hori, gaurko munduan jada anakroniko xamarra gertatzen da. Nobelan zehar, harreman sexualak izendatzeko «maitasuna egin» esapidea erabiltzen da, «larrua jo»ren ordez. Gaur egun, askoz gehiago erabiltzen da «larrua jo», eta gazte askori entzun diet «maitasuna egin» kurtsia dela. Koldo Izagirrek esan zidanez, neu izan omen nintzen lehena esamoldea erabiltzen, eta ohorea litzateke hala balitz. Larrua jotzea Bilboko La Palancan egiten zena zen, edo erromeria bukatu ondoren artasoroan atximur batekin hasten zen hura. Gutako batzuek beste musika bat jarri nahi izan genion sexuari eta aireak, garaian erremediorik gabe, frantses kutsukoa izan behar zuen.

        Egun, sexua eta ugaltzea bakarrik ez, sexua eta maitasuna bera ere argi bereiztu ohi dira; orokorrean, gure gizarteak onartzen du maitasunik gabeko sexua, eta, are gehiago, badirudi zibernetikoa bihurtzen ari den mundu honetan, ukipen fisikorik gabeko sexua ere gero eta normalagoa bilakatzen ari dela. Ondo deritzot, bakoitzak antolatu beza nahi duen bezala bere festa, baina susmoa dut gaozen bidetik sexua, bakarrekoa nahiz taldekoa, ez ote den masturbatze ariketa egozentriko eta obsesibo konpultsibo triste bilakatuko. Auskalo, ez naiz ni izango askatasun sexualari —prostituzioaren legalizazioarekin zerikusirik ez duen kontua, euskal idazleren batek ikusten ez dakien arren— mugak jarriko dizkiona, baina, nolabait esateko, Giséleren nostalgia sentitzen hasia naiz.

        Baina jada oso ondo ulertzen ez ditudan sexu historiak utzita, eman diezaiodan amaiera hitzaurre honi birmoldaketari buruzko pare bat argibiderekin. Esan dudanez, azkeneko argitalpena berrikusten hasi nintzenean, iruditu zitzaidan, orokorrean, nobelak izan dituen zuzentzaileek lan ona egin zutela, oso adeitsuak izan zirela testuarekin eta ez nuela aldaketa handirik sartu beharrik izango —gero eta garbizaleago egiten ari baikara—, belarrira gogorregia gertatzen zitzaizkidan «estudiatzen», «eskribitzen», «estazio» eta antzeko erdarakadaren bat aldatzeko ez bazen.

        Aldaketa huts horiek sartzen hasi nintzen, beraz, nahiz eta lerro askotan muturra okerrarazten zidaten gauzak ikusten nituen, ez huskeria lexikoak, baita forzepsarena adinako desegokitasun larriren bat ere, gogaikarriak gertatzen zitzaizkidan lardaskeriak barne, nouveau roman zale batentzat bakarrizketaz baliatzea bezala, jasanezinak gertatzen diren errazkeriak. Beraz, han eta hemen perpausak aldatzen hasi nintzen, paragraforen bat ere bai —neurea zenez, ez bainuen testua errespetatu beharrik—, eta azkenerako, bosgarren kapitulutik aurrera batez ere, ia dena berridazteari ekin nion, errazago gertatzen baitzitzaidan. Oso lan neketsua eta aspergarria izan da, esan dut lehen ere, testua traizionatzea bai bainuen, baina neurri batean bai

Pasartea

        Arrazoi duzu, estazioetako buffet-etan ematen duten kafeak ez du kafe izena merezi. Izan al zara noizbait Italia-n? Ez? Ai Italia-ko kafea! Mamma mia! Italia-ko ristretto-ak! Un ristretto signore? eta a ze nolako kafea ateratzen dizuten... Beno, niri egia esateko estazioetako buffetetan ematen duten kafea ez zait gustatzen, buffetak berak gutxi, estazioak gutxiago... Estazioak, estazioak deus ez.

        Estazioak tristeak izaten dira: bagoi abandonatuak, tren bat joanez Agur! Agur!... maletak, besarkadak, malkoak... traka-traka, traka-traka bagoi abandonatua... Beste kafe bat! E, hi gazte! Eta kopatxo bat? Hi gazte bi kafe eta bi kopa. Bai edozein marka. Ba estazioak ez zaizkit laket, baina estazioetan gutxien atsegin zaidana... Ez, ez, beltza erretzen dut. Zuk ere ikusi izanen zenuen edozein estaziotan neskatoren bat maleta bat eskuetan duela trenen bati itxoiten. Zenbat ikusten dira gero? Batzuetan pentsatu izan dut «Protection de la jeune fille»k inpakto egiteko propaganda bezala ez ote dituen jartzen. Ni hunkitu egiten naute; haur bat jotzen ikustea eta, neska gazte bat maleta batekin, bakarrik, trenari itxoiten, gehien tristatu nauten bi gauzak direla uste dut. Zergatik? Neska horren destinoa tren horrek ekarri eta eramanen duela pentsatzen dut nahi ez badut ere. Bai, bai, bai, jakina, egiten dituk beste era bateko reflexioak. Ama ikustera joanen duk edo egun batzuk Riemmes-en alaiki pasatzera... Baina ez! Azkenean derrigorrezko zait abandonatutako neskato bat dela pentsatzea eta tren horrek bere gal-lekura eramanen duela. Zertan fundatzen naizen hori pentsatzeko? Ezertan ere ez, egia esan. Nire esperientziei kasu eginez, kontrako arrazoia izanen litzateke logikoena. Begira... gazte urteak joan bazaizkit ere... Zenbat, zenbat botatzen dizkidazu? Eskerrikasko. Ba ni, Sacha Distel ez naizelarik ere, estazioetan, maleta batekin bakarrik dauden neskatoekin amistadea egiten espezialista naiz. Zenbat izanen dira ba... Hogei, bai. Hogei izanen dira gutxienez zirkustantzia horietan ezagutu ditudanak, eta ez dut izan baserik nigan sentimendu hori, intuizio beltz hori ene baitan gordetzeko. Ez, ez, hori Cide-ra doa; korreoa da. Ba gehienak, kasu bakarren bat ezik, neska sanoak ziren, guraso pare batekin eta estudiatzera edo libertitzera zihoazenak, zihoazen lekura. Gainera neska batek suizidatzeko asmoz, Riemmes-eko trena hartuko lukeela pentsatzea, suizidoa destinoaren jokorik txarrena bezala hautatuz, ez da logikoa, zeren eta hori dagoen lekuan eginen luke gehiagorik gabe, bestalde kapritxu hori izanik ere ez luke maletaren beharrik izanen. Baina zer nahi duzu? Ni horrelakoa naiz eta dagoeneko ezin aldatuko naiz gainera. Ez dut logikaren aztarrenik ere ene buru handi honetan eta nola diren gauzak e? —biaje bat egin behar dudan aurretioko bi egunak, munduko estaziotan, bakarrik aurkitzen diren neskato horietaz pentsatzen pasa ohi ditut. Lokartzea ere zaila egiten zait eta azken mementuan —ikusi duzu nola Caporal erretzen dudan— ba... rubio pakete bat erosten dut ziurki aurkituko dudanari eskaintzeko.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera