Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Egurra Pinotxori

Gorrotxategi, AritzAlberdania, 2002 Nobela

Aurkezpena

        Hotel batean gerlari misteriotsu batekin topo egiten duen irakaslea; hondartza ezezagun batean esnatzen den amnesikoa; maitasun istorio bitxi bat bizi duten bi pertsona heldu; guztien heroia den futbolaria, Humberto Rojas aurrelaria; hilezkortasunari buruz galdezka bizi diren pintorea eta idazlea; sexua lortzeko edozertarako gai den mutiko gaztea; bizitza gris betiberdin bat bizi duen komisarioa; alargun eder bat... pertsonaia asko gurutzatzen dira hiri berezi honetan.

        Bata bestearen gainean pilatu dituzte eraikuntzak. Lehen ez zegoen ezer. Orain, egitura erraldoi bat nagusitzen da ordokian: La Torre izeneko hiria. Istorio txikiz osatzen dira kaleak, istorio ezberdinak, baina bakarra osatzen dutenak. Itsasertzean biltzen da kosmos liluragarri hau. Abenidetan topo egiten duten pertsona hauek zerbait uzten dute atzean. Pixkanaka desagertzen doaz, baina beste pertsonengan zerbait utzi eta gero. Era honetan, euren nortasunak nahasten dira, eta, etxera itzultzean, beste irudi bat topatzen dute ispiluan.

Pasartea

Zazpi pausoak

 

 

        Hegazkinean sartu ziren buru makur eta etsirik, sorbalda leihatilaren aurka ipini eta isiltasunean egin zuten etxerako bidaia. Humberto Rojas aurrelariari hogeita bosgarren eserlekua egokitu zitzaion. Lanbrotsuak ziren bere oroitzapenak: oihuka ari zen jendea, taldeko zaleak hesien gainean zoraturik, milaka paper berdegunerantz hegan, txori saldo mehatxariak bailiran... eta herrialdeko ereserkia Maracanako estadioan, gaueko bederatziak puntuan, jokatzear zegoen Askatzaileen Kopako finalaren atarian.

        Behin airean, lagun zuen Arturo Casagranderi begiratu zionean, honek ez kezkatzeko adierazi zion esku keinu batekin. Eskerrak eman ondoren, bi mila metrora galtzen zen ikuspegia bilatzea otu bazitzaion ere, ezin izan zituen zaleen negarrak eta mehatxuak burutik kendu.

        Baloia hartu zuen, atzelari bat gainditu, beste bati baloia hankartetik pasatu eta gero, atezainak orkatilatik heldu ote zion ziur ez bazegoen ere, lurrera jausi zen. Epaileak penalti puntua adierazi ote zuen jakin gabe, protestaka hasi zen berehala. Laurogeita bederatzigarren minutua zen eta husna berdindurik zeuden.

        Orduan gertatu zen guztia. Epaileak penaltia zela argitu ostean, Humbertok berak baloia hartu, eta jaurtiketa puntura abiatu zen itsu-itsuan. Baloia egoki kokatu, atzera zazpi pauso eman, eta atezainari begietara so egin bazion ere ez zuen atezainik ikusi, beltz basati bat baizik, Afrikan lehoi harrapaketan ibil zitekeen tribu galdu bateko erraldoi horietako bat. Zaleen garrasiak eta beldurra nahastu zitzaizkion sabelean, garaipena eta xanpaina edo etsipena eta hoztasuna..., aitak lehen baloia oparitu zioneko egun berezia, La Torreko jubenil mailako futbol taldean hautsitako markak, talde handietako ikuskatzaileen zorion askotarikoak, bere bizitzako lehen kontratu profesionala, haurrak autografo eske etortzen zitzaizkioneko arratsaldeak..., baina, batez ere, Lizardi futbolari bikainaren argazkia logelan ipinia zueneko garai lausoa. Aitaren eskutik helduta abiatu zen igande hartan Manizales futbol zelaira. Lau gol sartu zituen aurrelari latorretarrak eta, partidu amaieran, aldagelako atean zain geratu ziren aita eta biok. Aurrelaria irtetean, argazkiarekin gerturatu zen Humberto Lizardirengana. Sinatu ez ezik, animoak ere eman zizkion goleatzaileak mutilari: «noizbait zuk ere lortuko duzu, gazte». Huraxe zen gaztarotik argitasun handienez oroitzen zuen pasartea.

        Zazpi pauso atzera eman eta...

        Hegazkinak lur hartu zuenean oso zale gutxi zegoen taldearen zain aireportuan eta jokalarien aurkako mehatxuak oihukatzen ari ziren, gainera. Entrenatzaileak koipe leun pare bat eman zizkion bizkarrean, «ez da ezer, ez larritu». Humberto animoengatik esker oneko agertu zitzaion, eta, maletak eskuan zituela, taxi baten bila abiatu zen aireportuko sarrerara. Behin barruan, gidariak, erantzunik jaso ez zuten milaka galdera egin zizkion Rojasi. Humbertok, ordea, kale hutsetan galtzen ziren azkeneko mozkorrentzat baino ez zuen begiradarik. «Nire errua izan da dena», esan zion ordaintzerakoan.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera