Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ehun metro

Saizarbitoria, RamonKriselu, 1975 Nobela

Pasartea

Tras una larga persecución en la que el fugitivo no obedeció las reiteradas señales de alto

 

        Autoak motoak bizikletak. Oraindik loaren seinaleak kontserbatzen dituzten aurpegiak: ezpain eta betondo handitutako aurpegi ilunak, bizartsuak, lozioz hezeak, grabeak, lentedunak egunon esateko luzatzen direnak. Kafe taza barnetan beren koilarak eragiten dituzten eskuak. Esku zabalak, iletsuak, morenoak, zain urdinez jositako esku zuriak, luzeak, hasperen bat estaltzeko ahoratzen direnak.

        —Desde luego huevos no les faltan.

        —A qué hora fué.

        —Por la mañana.

        —Ya jode. A la mañana yo estaba en la plaza.

        —Pues por la mañana temprano.

        —Es que meterse aquí es meterse en una ratonera.

        —Podía haberse metido en un portal. Y salir por el tejado.

        —Hitz egitea erraza duk.

        —Ez, ez. Potroena ez dik inork diskutitzen.

        Xinaurriak dirudite grisez, marroez, urdinez jantzitako zango gainetan. Gurutzatu, txokatu, baztertu, doazenak datozenekin pilatu egiten dira periodiko puestoetan. Batzuek, hirunaka alineaturik dauden auto barrenetan erlojuak konsultatuz, haien motor hotzak berotzen dituzte. Leihatila irekiz «deme» la Voz esaten du norbaitek goizetako eztarri hotsez.

        —Nada que se han chingado a uno.

        —No jodas.

        —Las vueltas oiga.

        Zangoak gelditu egin dira. Batzuek pausoa markatzen jarraitzen dute beren lekuetan hotza uxatzearren. Por un San Sebastián más limpio. Semaforoa berde jarri da. Palankek lehen martxa heltzen dute eta eskapeetatik gasolina errearen hodei beltz eta lodia isuriz, auto gorri, berde, zuri, beltz, kolore guztietakoak kalean gora abiatzen dira.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera