Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Ekialdetik iritsi zen Enara

Etxaniz Rojo, XabierAlberdania, 2008 Kronika

Aurkezpena

    Adopzioaren munduan esan ohi da gure seme-alabak ez direla gure sabeletik jaiotzen mundura, baina bai, ordea, gure bihotzetik. Gure bihotzaren seme-alabak direla arrapostu egiten diegu genetikari garrantzi handiegia ematen dietenei. Erantzun ederra da, inondik ere, eta nik segida eman nahi diot liburu honetan.

    Hori bai, liburu honetara nazioarteko adopzio bat burutzeko gida bat aurkituko duzulakoan hurbildu bazara, oker zaudela esan beharko dizut. Era berean, adopzioaren aldeko panfleto bat nahi duena ere oker dabil. Ez dut inor konbentzitu nahi. Ez dut inor konbentziru behar. Gurasotasun biologikoaren aldeko panfleto bat bezain absurdoa litzateke adopziozko gurasotasunaren aldekoa; azken batean, nork bere bidea egin behar baitu. Guk gurea egin dugu eta horixe kontatu dut, gure istorioa, gure esperientzia. Txinan gauzatutako adopzio baten istorioa, gure alabarengana eraman gintuena.

    Bihotzaren lumaz idatzitakoa.

 

Hitzaurrea

SARRERA

 

    Istorio bat idazten hasten naizenean, nire lehenengo buruhaustea protagonistaren izena asmatzea izan ohi da. Izenak sinesgarria izan behar du. Izenak protagonistaren izaerarekin bat etorri behar du. Izenek maparen puntu zehatz batera garamatzate, denbora zehatz batera eta tentuz ibili beharra dago aukeratzeko garaian. Jakina da, esate baterako, Espainiako Gerra Zibiletik ihesi Errusiara joan ziren haur euskaldunen artean ez zegoela Nahia edota June izeneko neskatorik. Eta jakina da, halaber, nekez aurkituko dugula Teofilo edo Apolonia bezalako izenik gure seme-alaben ikastolako lagunen artean. Garai bakoitzak bere izenak ditu eta nago horretan idazleak ezin duela hutsik egin. Harkaitz gaztea gure herriko futbol taldearen goleatzailea izan daiteke hala nahi izatera. Harkaitzek gol piloa sar dezake partida batean eta harmailetan bere aitona egon daiteke. Harkaitzen aitona harro egon daiteke bilobaren joko azkar eta bikainaz. Eta Harkaitzen aitonak —benetan kontatu nahi dugun istorioa aitonarena baita— birgogora ditzake ezker hegaletik korrika egiten zitueneko urruneko urteak eta bere bizitzako pasarterik gogoangarrienak ekarriko ditu liburura. Baina Harkaitzen aitonaren izena ezin Harkaitz izan, inola ere ez, inortxok ere ez bailuke sinetsiko.

    Idazle bakoitzak bere zoroak bizi ditu, bai, eta nire lehenengo buruhaustea horixe izaten da, izenarena. Gero beste buruhauste gehiago etorriko dira, beste korapilo batzuk, askatu beharrekoak narrazioak aurrera egingo badu. Haatik, idazten hasi naizen istorio honetan ez dut horrelako arazorik izango, inoiz baino errazagoa gertatu baitzait izenen kontua erabakitzea. Protagonista nagusiaren izena, liburu honen azalean irakurri ahal izan duzun bezala, Enara da, Enara Fuhan. Beste protagonisten izenak ere erraz asko aurkitu ditut, gehiegi ere bilatu gabe. Xabi, Larraitz eta Garazi. Gure familia-liburuan daude hirurak, eta, bi mila eta bosteko urriaren hogeita lauaz geroztik, Enara Fuhan ere agertzen da bertan aurrekoekin batera.

    Yantze ibaiaren ertzean dagoen Fengdu hirian jaio zen Enara Fuhan, 2005eko urtarrilaren 21ean. «Fengdu hirian jaio zen» idatzi dut nahiz eta badakidan ez dugula inoiz jakingo egia ala gezurra ote den. Behin baino gehiagotan entzun izan dut Txinako emakume askok bidaia luzeak egiten dituztela haurra abandonatu aurretik, haurra euren jaioterritik urrun aurki dezaten, baina hau ere ezin esan dezaket egia ala gezurra ote den. Ez dakigu China Center of Adoption Affairs izeneko erakundeak esandakoa besterik, Fengdu hiriko umezurtz-etxera eraman zutela Enara, 2005eko urtarrilaren 28an, eta, euren kalkuluen arabera, astebete lehenago jaio zela. Jertse koloredun bat omen zeraman jantzita eta eraikitzen ari diren presaren inguruetan aurkitu omen zuten. Feng Fu Han izena jarri zioten jaioberriari: «Feng» abizena, hiriko umezurtz-etxeko haur guztien abizena da, «Fu» hitzak zortea esan nahi du besteak beste, eta «Han» hitzak esanahi asko dituenez gero, ideogramaren idazkerara jo behar izan dugu «Bustita, blai eginda» esan nahi duela jakiteko. Bai, Feng Fu Han-ek zorte handia izan zuen presa haren ondoan aurkitu zutenean...

    Idazleon buruhausteen inguruan hasi naiz idazten eta hari horri helduko diot atzera. Izan ere, protagonistaren izena asmatzeari baino askoz garrantzitsuagoa irizten baitiot idatzi nahi duzuna argi eta garbi izateari, dela paper batean idatzita, dela burmuinaren txokoren batean gordeta. Ideiak argi izateak asko laguntzen du orri edo pantaila zuriari ekiteko orduan. Hainbat idazlek diote ez direla lanean hasten bukaera zein izango den jakin arte. Beste batzuek, aldiz, kontrakoa diote, idazteari ekin ohi diotela bukaera zehatzik izan gabe, istorioak berak gidatuko dituelako itxaropenaz. Batzuek eskemak egiten dituzte, atal bakoitzean kontatuko dutena zehatz-mehatz jakite aldera eta beste batzuk ideien kaosaren barnean murgiltzen dira handik nahi dutena aterako dutelakoan. Ez dago esan beharrik bakoitzak bere metodologia daukala eta ez dagoela eredu txarrik. Azken batean, idazteko pare bat gauza behar baita: batetik, istorio bat kontatzeko eta, bestetik, berau idazteko gogoa. Horixe besterik ez. Aitor dut inon kokatzekotan, lehenengo idazleen artean kokatuko nukeela neure burua, bukaera jakin arte lasai geratzen ez direnen artean, alegia. Idazle eskematikoa ere banaiz —eskematxoak egiten ditut nahiz eta jakin gehienetan ez diedala jaramon handirik egiten—, eta idazten hasi aurretik gusturago sentitzen naiz dena kontrolpean daukadala pentsatzen badut —gehienetan ez da hala izaten, baina—. Oraingo istorio honetan, berriz, ez daukat oso argi zer idatziko dudan.

        Eta hala da, neurri handi batean, nire sentimenduez eta nire bizitzaz lehen pertsonan idatzi behar dudalako. Egia da askotan idazleok gure sentimenduez eta gure bizitzez idatzi ohi dugula, baina gehienetan zeharka egiten dugu. Harkaitz jokalari gaztearen adibidea hona ekarrita, zera esango nizueke, ni ere gaztetan futbolean aritu nintzela, eta, noizbait futbola ardatz duen istorioren bat idatzi beharko banu, lehenik eta behin, oroimenaren kutxan bilatuko nuke, ez istorioaren funtsari dagokienean, baizik eta xehetasunei dagokienean. Harkaitzen istorioak —edozein delarik kontakizuna— kolpe guztiak sendatzen zituen Reflexaren usaina izango luke nahi eta nahi ez, bai eta Herrerako zelaian atsedenaldietan ematen ziguten kafearen zaporea ere. Harkaitzek nik sartutako golak sartuko lituzke, eta nola ez, nik egindako huts galantak egingo lituzke. Bai, Harkaitzek eta biok antza handia izango genuke nahiz eta bere istorioa nirea ez izan.

    Liburu honetan, baina, lehen pertsona erabiliko dut, singularrean nahiz pluralean. Eta lehen pertsona erabiliko dudanez, fikziozko pertsonaiak asmatzeari uko egingo diodanez, ez daukat batere argi zer idatziko dudan. Errazagoa suertatuko litzaidake kontakizun hau pertsonaiaren baten atzean ezkutatzea, istorioa mozorrotzea, horixe baita gehienetan egiten dudana, baina, tira, ezin korrituko dugu beti biderik xamurren eta motzena.

    Ez dut gogoan nori irakurri nion idazleok gure ipuin eta nobeletan biluzten garelako kontu ospetsu hura gezurra dela, eta ni bat nator esaldi horrekin. Idazleok arropa janzten dugu idazten dugunean, biluzik ez agertze aldera, benetan garen bezala ez agertze aldera. Eta aipu horrekin bat natorrenez gero, biluztu nahi dudala esan beharko dut, halabeharrez, urte hauetan sentitu eta bizi izandakoa gogoratzen dudan bezala kontatzeko, galbaherik gabe.

    Adopzioaren munduan esan ohi da gure seme-alabak ez direla gure sabeletik jaiotzen mundura, baina bai, ordea, gure bihotzetik. Gure bihotzaren seme-alabak direla arrapostu egiten diegu genetikari garrantzi handiegia ematen dietenei. Erantzun ederra da, inondik ere, eta nik segida eman nahi diot liburu honetan. Beraz, irakurle estimatu hori, bihotzarekin idatziko dudala agintzen dizut, nahiz eta, arestian esan bezala, zer idatzi oso argi ez dudan. Hori bai, liburu honetara nazioarteko adopzio bat burutzeko gida bat aurkituko duzulakoan hurbildu bazara, oker zaudela esan beharko dizut. Liburu hau ez da «Adopta ezazu hamar pausotan» edo «Zu eta nazioarteko adopzioa» gisako auto-laguntzarako liburu horietako bat. Ez nuke jakingo horrelakorik egiten, eta gainera informazio mordoa falta zait. Ez naiz aditu bat, gure prozesua —eta lagun on batzuena— besterik ez dut ezagutzen, nazio bakoitzak bere legeak zein xehetasunak ditu, eta Txinarako balio duenak ez du zertan balio Etiopiarako. Informazioa nahi duenak erakunde publikoetara jotzea dauka eta han jakinaraziko diote zer egin behar duen haur bat adoptatzeko. Adopzioaren munduan dabiltzan elkarteek ere behar den informazioa ematen dute, bai eta Interneteko sarean barreiaturik dauden adopzioari buruzko orrialdeek ere. Baina ez hemen.

    Era berean, adopzioaren aldeko panfleto bat nahi duena ere oker dabil. Ezin ukatuko dut Enara Fuhan guregana iritsi (ala gu Enara Fuhanengana iritsi ginela esan beharko ote genuke?) baino askoz ere lehenagotik naizela adopzioaren aldeko militante, baina horrek ez du esan nahi etengabe nazioarteko adopzioaren apologia egin behar dudanik. Ez dago Enararekin paseoan ateratzea bezalakorik jende askok begi onez ikusten gaituela ohartzeko. Eta, era berean, gaur arte inork ezer esan ez badigu ere, jakin badakigu askok ez duela ulertzen adopzioaren bidea. Askorentzat, «Ez dira zuen benetako seme-alabak». Askorentzat, «Arazotan sartuko zarete eta arazoak ekarriko dizkizuete». Askorentzat, «Ez duzue berdin maiteko». Askorentzat, «Arazoa konpondu beharrean areagotzen ari zarete». Eta bada esku zuriko lapurtzat jotzen gaituenik. Zoritxarrez, informazioaren aroan bizi garen honetan inoiz baino informazio gutxiago daukagu eta, ondorioz, aurreiritziz inguraturik bizi behar dugu. Haatik, ez dut inor konbentzitu nahi. Ez dut inor konbentzitu behar. Gurasotasun biologikoaren aldeko panfleto bat bezain absurdoa litzateke adopziozko gurasotasunaren aldekoa, azken batean, nork bere bidea egin behar baitu. Guk gurea egin dugu eta horixe kontatuko dut, gure istorioa, gure esperientzia. Txinan gauzatutako adopzio baten istorioa, gure alabarengana eraman gintuen istorioa da liburu honetan aurkituko duzuna.

    Bihotzaren lumaz idatzitakoa.

    Sarrera labur honi bukaera eman aurretik kontu bat besterik ez. Idazleoi maiz galdetzen zaigu ea zergatik idazten dugun. «Merezi al du idaztea oso jende gutxik irakurtzen duela jakinda?». Argi dago baietz, merezi duela, bestela ez genuke ezer idatziko. Nork bere bidea aukeratzen du hala aita edo ama izateko orduan nola ondokoarekin komunikatzeko garaian ere, eta ni ezin gusturago sentitzen naiz gertatzen zaidana orri zuriaren gainean jartzen dudanean. Badut zer kontaturik eta badut kontatzeko gogorik, beraz, ez dut ezer gehiago behar idazten hasteko.

    Ez da, baina, idazteko dudan arrazoi bakarra. Zuentzat, irakurle estimatuak, idatziko dut liburu hau, bai, baina, neurri handi batean Enara Fuhanentzat ari naiz, nora goazen jakitea bezain garrantzitsua baita nondik gatozen jakitea. Gure Enara txikiak ez du sekula jakingo nondik etorri zen —ekialdetik, bai, baina datu horrek ez dio askorik lagunduko bere iragana sortzeko garaian—, eta hutsune horrekin bizi beharko du betiko. Bere motxila partikularra izango da, eta galderez gainezka egongo da. Zergatik abandonatu ninduten? Zergatik ni? Zergatik adoptatu ninduzuen? Nork jaso ninduen? Non? Noren sabelean egon nintzen? Zein da nire iragana? Hainbeste dira erantzunik gabeko galderak non hutsunea zabalegia eta motxila pisutsuegia izango baitira, eta Enarak laguntza beharko du aurrera egingo badu.

    Orrialde hauek motxila horren zama arintzeko lagunduko balute, munduko aitarik zoriontsuena izango nintzateke.

 

Pasartea

ERABAKIA:

FAMILIA BAT SORTZEKO EGITASMOA

 

LEHENENGO MUGARRIA

   

    Datak garrantzitsuak dira gure gizarte honetan. Mundura jaiotzen garenetik datak biltzen hasten gara, perretxikoak balira bezala, eta horrela jarraitzen dugu mundu honetatik alde egiten dugun arte. Gure jaioteguna gurekin etorriko da bizitza osoan zehar bai eta gure seme-alaben jaiotegunak ere. Apika, ez dugu gogoan izango noiz hasi Binen eskolara joaten, baina ziurrenik gogoan izango dugu beti noiz hasi ginen lanean edota zein egunetan lo egin genuen lehendabiziko aldiz hain garesti erositako etxean. Gogoan gordetzen dugu gure ezkon-egunaren data —edota izatezko bikote bilakatu gineneko eguna, edota elkarrekin bizitzen jarri gineneko eguna, edota... zorionez hainbeste dira gaur egungo familia ereduak!— eta gure senide zein lagunen urtebetetze egunak, zoriontzeko besterik ez bada ere. Bizitza osoa mugarriz beteta dago, denboraren ibilbidea jarritakoak, eta atzera begiratzen dugunean mugarri horietara jotzen dugu egin duguna eta egin ez duguna ikuste aldera.

    Paper batean idatzita daukat 2004ko otsailaren 18an jarri genuela adopzioaren bidean lehenengo mugarria, egun hartan egin baikenuen eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Intxaurrondo auzoan duen Txara eraikuntzan. Haatik, denboraren bidean jarritako mugarri hauek beharrezkoak bezain gezurtiak dira, gauzak beti lehenago hasten baitira. Data «ofizialak» dira, nolabait esateko, paper ofizial batean idatzitakoak, zigilu ofizial bat ondoan daramatenak. Data estraofizialak, berriz, zera dio, Larraitz eta biok askoz ere lehenago hasi ginela adopzioaren bidean, askoz ere lehenago jakin genuela noizbait atzerrira joko genuela seme-alaba baten hila.

    Ez dut gogoan zehazki noiz hitz egin genuen lehendabiziko aldiz aita eta ama izatearen inguruan, baina garai bat esatekotan, 2001eko udaberria izango zela esango nuke. Udaberrian izango zela diot, gogoan dudalako eguzkiaren izpiak indar handiz sartzen zirela gure etxeko egongelan, eta hori udaberrian eta uda partean besterik ez zen gertatzen. Donostiako Parte Zaharreko kale estuek horrelako gauzak dituzte, eta esan behar dut, zulo batean ez, baina bai etxe ilun batean bizi ginela. Eta asteburua izango zen, telebista aurrean patxada ederrean geundela gogoratzen baitut. Jakin, bagenekien umeak, eduki, eduki nahi genituela, baina, artean, gaiari behar den seriotasunez hitz egin gabeak ginen. Eta udaberriko eguerdi parte hartan, Larraitzek zera galdetu zidan: «Noiz izan behar ditugu seme-alabak?».

    Arestian esan bezala, noizbait gaiaren inguruan hitz egindakoak ginen. «Lasai, iritsiko dira», erantzuten genuen senide edota lagunen batek seme-alaben inguruan galdetzen zigutenean. «Ez daukagu presarik», «Oraindik gazteak gara» bezalako esaldiak botatzen genituen, eta biok bat gentozen erantzuteko garaian. Zuzenean elkarri galdetu gabe, jakin bagenekien egunen batean iritsiko zela eguna baina denbora behar genuen. Eta gainera, zer demontre, 1997an elkarrekin bizitzen hasi ginenetik ondo baino hobeto bizi ginen. Lanik ez genuen faltan, diruz ere ondo geunden eta nahi genuen guztia inolako loturarik gabe egin ahal genuen.

    Seme-alabarik gabe primeran bizi ginen, zertarako aldatu? Zergatik aldatu ondo dabilena?... Galdera horrentzat, baina, ez daukat erantzunik. Ez dakit zergatik eduki nahi ditugun seme-alabak, eta ez naiz gutaz ari, orokorrean baizik. Zergatik ekarri mundura seme-alabak? Argiago ikusten ditut seme-alabarik izan nahi ez dutenen argudioak dagoeneko izan ditugunonak baino. Seme-alabak mundura ekartzea erantzukizun handia da, itzela, eta bada zama hori eramateko bere burua gai ikusten ez duenik, edo besterik ezean, bere burua gai ikusi arren, erantzukizuna hartzeko prest ez dagoenik. Bada seme-alabaren beharrik sentitzen ez duenik eta bada, burutik batere sano ez dagoen mundu honen norabidea aztertu eta gero, mundura beste biztanle bat ekartzea absurdotzat jotzen duenik. Seme-alabek sufritu egingo dute munduan, batzuek gehiago eta beste batzuek gutxixeago, baina denok sufrituko dugu, eta bada sufrimendu hori ikusteko eta are gutxiago onartzeko prest ez dagoenik. Bada seme-alabarik izanda besteren bat mundura ekartzeko prest egon bai, baina arazo ekonomikoak direla —ai, interes tipo madarikatuak!—, arazo fisikoak direla ?hirurogei metro koadro dauzkagu eta etxean ez zaigu inor gehiago sartzen— edota arazo fisiologikoak direla —adin batetik aurrera haurdunaldiak arriskutsuak dira— bere nahia bete ezinik dagoenik. Eta azkenik ida, besterik gabe, interesik ez duenik.

    Bai, errazagoa suertatzen zait seme-alabarik izan nahi ez dutenen arrazoiak eta argudioak azaltzea. Baina guk seme-alabak izatea erabaki genuen, eta nik ez dakit «Zergatik?» galderari erantzuten. «Seme-alabek zoriontasun ikaragarria ematen dizutelako», erantzungo du baten batek. «Seme-alabez gozatzeko», besteak. Bai, egia da, nago zoriontsuagoak garela Garazi eta Enara Fuhan gurekin daudenetik eta gure alabez ez ezik bizitzaz ere gehiago gozatzen dugula guraso garenetik, baina egia da, halaber, ez zarela horren jabe zure besoetan dauden arte. «Seme-alabak badituzu, zurea den zerbait utziko duzu mundu honetan, zure jarraipena izango dira nolabait esatearren», esan dezake urliak. «Animalia guztien antzera, guk ere espezieak iraun dezan nahi dugu, geneetan daukagun informazioa da», esango du Sandiak. Eta bai, hori ere egia izango da, baina ez nau asebetetzen, azken batean, zer dela eta gure burua iraunarazteko gogo hori?

    Bestalde, gizarteak ezartzen duen presio ospetsua dago, gero eta samurragoa dena, egia esan, gero eta gutxiago begiratzen baitiogu ondoko lagunari, baina oraindik bizirik dirauena. Badirudi adin batera iristen zarenean nahitaez egin behar duzun gauza dela, mundura jaiotzean hartzen duzun zorra, hurrengo berrogei urteetan kitatu beharrekoa. Badirudi, seme-alabarik izan ezean norbait etorriko zaigula kontu eske, arrozaren kontu ospetsu horri tira eta tira. Lekukoa pasatu behar da nonbait. Taldeko animaliak gara eta ez dago ondo ikusita taldeari ekarpenik ez egitea. Baliteke, bai, baina ez dut uste inor aita edo ama izango denik ingurukoen presioaren eraginez, eta hala balitz, ez zait oso erabaki azkarra iruditzen.

    lkusten duzuenez, ez naiz gai «zergatik?» galderari erantzun zehatz eta asebetetzeko moduko bat emateko. C?est la vie! Ezin izango ditugu beti erantzun guztiak eskuetan. Eta gure munduak eguzkiari bueltaka nola, hala jarraitzen du bizitzak, aurrera gelditu gabe, eta, berarekin batera, galderek.

    «Noiz izan behar ditugu seme-alabak?», Larraitzek zuen galdetu.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera