Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Elsa Scheelen

Alvarez Enparanza, Jose LuisKriselu, 1968 Nobela

Aurkezpena

        Utzi berria nuen nik ETA 1967-ko Apirilean; nahiz 1965-ko haseran eta Ipar Euskal Herritik, eta Frantziatik, lehenengo aldiz kanporatua izan nintzenez geroztik, ene militante bizikera, ezinbestez, dexente utzia banuen ere.

        Nolanahi ere, neure biziko hamalau urte zail eta nahasik osatutako bizialdia bukatzen zitzaidala ikusi nuen. Gaztaroa bera, batez beste! Ez baita hutsaren hurrena!

        Eta Waterloo-ko «morne plaine» hartan, Euskal Herrira inoiz itzultzeko esperantza izpirik gabe, buruaz eta bihotza ernetutako mogimendua utzirik, zinez antzeman nuen neure burua ukaturik, deserriturik eta frakasaturik. Inoiz baino azkarkiago.

        Eta bapatean, nobela bat idazteko gogoa piztu zen nigan. Ez, ordea, urte lantsu haietako gorabeherak azaltzekotan; gertakari haietaz nolabait ahaztu, eta sortzezko mundu harrigarrian murgiltzekotan baizik. Zer argitara nezakeen besterik?

Hitzaurrea

Hitzaurrea

 

        Orain dela zenbait aste, eta «Elsa Scheelen» nobela birrargitaratzeko aukerarik ez asmorik batere ez nuelarik, Fermin Jaka adiskideak egin zidan argitaraketa berriaren eskaintza: lehenengo aldeak ahiturik zeudela aspaldidanik; euskal testurik eza nabarmena dela; eta, bera liburu-saltzalle denez, «Elsa»-k irakurle asko lukeela ongi zekiela.

        Eta idazleri bere liburuak bigarren, eta hirugarren, eta ene-garren aldiz ere, plazaraturik ikusteak ez baitio minik ematen, nik neuk ere muzinik ez, eta baiezkoa eman nion.

        Eta, iaz «Leturia»-ren birrargitarakoan egin nuen bezala, liburuaren garai-giroa bederen laburki gogorazten edo sendi-arazten saiatuko naiz.

        Elsa hau, Scheelen izenak berak somarazten duenez, Belgikan, Waterloo-ko «butte» famatuaren ondoan bizi nintzelarik, idatzi nuen. Zehazkiago esateko, sei bat hilabetetan, 1967-ko udan eta udazkenean barrena, mamitu eta burutu nuen.

        Halere, euskal idazleok maiz ezagutu ohi ditugun eragozpenak direla bide, liburugaia urtebete luzez egon zen karpeta batetan zai, argitaratzailerik ezean. Eta 1968-an, «Estado de Excepción» saila Euskal Herrian hasten zen garaian, liburuaren azalean ene izena disimulatuz (eta ene gaitzizena, noski, ezagunegi nunbait, uxatuz!), agertu egin zen liburua. Eta Gabriel Aresti adiskideari esker irten zela esan behar dut.

        «Agirre-Saria»jaso zuen liburuak; eta honek berak ere ez zizkion Euskaltzaindiari bere harreman ofizialak erruz erraztu...

        Noski: ene nobela honek, garai hartako lekuko denez eta den neurrian, ba du, nabarmen, urte hits haietako kutsurik aski.

        Utzi berria nuen nik ETA 1967-ko Apirilean; nahiz 1965-ko haseran, eta Ipar Euskal Herritik, eta Frantziatik, lehenengo aldiz kanporatua izan nintzenez geroztik, ene militante bizikera, ezinbestez, dexente utzia banuen ere.

        Nolanahi ere, neure biziko hamalau urte zail eta nahasik osatutako bizialdia bukatzen zitzaidala ikusi nuen. Gaztaroa bera, batez beste! Ez baita hutsaren hurrena!

        Eta Waterloo-ko «morne plaine» hartan, Euskal Herrira inoiz itzultzeko esperantza izpirik gabe, buruaz eta bihotza ernetutako mogimendua utzirik, zinez antzeman nuen nuere burua ukaturik, deserriturik eta frakasaturik. Inoiz baino azkarkiago.

        Eta bapatean, nobela bat idazteko gogoa piztu zen nigan. Ez, ordea, urte lantsu haietako gorabeherak azaltzekotan; gertakari haietaz nolabait ahaztu, eta sortzezko mundu harrigarrian murgiltzekotan baizik. Zer argitara nezakeen besterik?

        Pasadizuak (eta nik 1967-an, espanturik gabe, pasadizu batzu kondatzeko delibero apala hartu nuen soilki) Belgikan eta Holandan gertaraziko nituen —Brussel, Brugge, Kinderdijk...—; personaiak ere belgikatar hautatuz. Urrun nengoen ni, neure barne-giro ezkor hartan, edonolako ikerkuntza formaletatik. Istorio «klasiko» bat egiteari aski neritzon.

        Abertzale ezkertarren artean gori-gori zeuden onduan ideologi-arazoak eta eztabaida azkengabeak; eta delako hizpide horiek ugariegi itzuri zitzaizkidan liburuko elkarrizketa eta ekintzetan. Hots, ideologi-betekada hura, aitor dut, areago zen Euskal Herriko landarea, Belgikakoa baino. Honetan ba dago, hontaz, halako «anatopismo» bat.

        Meunier apaiz-ohiak bere buruan nontzen duen eliz-krisialdia, esate baterako, bizi-bizia zen Euskal Herrian 1967-ko urtean; baina, lehenago gertaturik, ez maila berean Europan edo Belgikan. Gogoan han, esate baterako, esaten dudanaren adierazgarri gisa, Rikardo Arregi-ren artikulu-andanak; edo-ta Mikel Urkola-ren «Sekularrak apaiztu» liburua. Gogoan har, ere berean, fede zaharra galdu eta berriak sendoturik, ezker abertzalearen multzo isiletara igaro zen «défroqué» mordo gaitza, eta mamitu zuen apostolutza harrigarria.

        Ez zen oraindik 1968-ko Maiatza gertatu; ezta geroztik azkartuaz doan ikonoklastia hasi. Txekoslobakiako gertaerak hasiak baziren ere (Mnacko idazlearen arazoa Dubcek-en aurrerakada bitxia, Brejnef-en etorrera Pragara, 1967-ko Abenduan); Frantzia-ko ezker berriak, «Arguments» aldizkariaren baranoan, eta Edgar Morin, Fetjo, Fougeyrollas, eta abarren ingurua, mesiakeria zahar eta gaindituei buruz markatzen bazituen bere liferentziak; Europa-ko «inteligentsia»ren modak «estrukturalismoa» eta Kondairaren mitologiaren desegintza baziren ere (Levi Strauss, Lacan, Foucault); Euskal Herria, basa-kapitalismorik gorrienean, politikaren eta ideien munduan batera, arkaismo bete eta itsuan bizi zen, ezin sinisteko neurrian; fazismoaren kiratsak ulermenak kamusturik, nunbait, pentsamolderik absurdoenek, xaharkituenek eta muturkoienek gure artean txalo zarta guztiak bildu behar balituzte bezala.

        Ideologikeria horien kutsua ageri da, dudarik gabe, eta nik orduan uste nuen baino garbikiago, ene «Elsa» honetan.

 

* * *

 

        Euskaltzaindiaren Saria jasotzea pozgarri gertatu zitzaidan, nola ez.

        Baina benehala somatu nuen, errespetatzen ditudan adiskide ikasi batzurengandik, ene liburua ez zela gustatu. Batek «atzenako urratsa» aipatu zidan; beste batek, berriz, «nobelagintza berritik urrun» nenbilela; beste batek, hirugarren pertsona eta kondatzaile «orojakile»-aren ikuspuntutik idaztea, deskalabroa zela 1967-an; ideologiaren gehiegia salatzen zidan beste batek; eta abar. Arestik berak ere, «poeta» naizela esan zidan, ez nobelaria; eta «Elsa» honetan agertzen diren pasarte batzutako hildoan barrena idatzi behar nuela aurrerakoan, poesia alegia.

        Luzaz pentsarazi zidaten kritika horiek, eta nobelagintzarako osotara hoztu ere bai; eta nobelagintzari uztera deliberatu nintzen. Eta hamaika urte honetan ez dut nobelarik agertu. Agindua dut (eta ongi abiatua ere bai) batere «Elsa»-ren tankerakoa izango ez den liburu bat. Agian menturatuko naiz berriro plazaratzea.

        Bi hitz, bukatzeko, hizkerari dagokionez.

        «Elsa» idatzi nuenean, «Euskara Batu»-rik ez zegoen. Alegia, Euskaltzaindiak ez zuen oraindik Arantzazuko bere Biltzarre famatua egin. Zai ginen idazleok, hain zuzen.

        Eta, besterik ezean, horregatik, Baiona-ko Erabakien arabera (1964) idatzi nuen liburu hau.

        Idazkera hori erabili nuelako, eta Euskara Batu-tik hurbil xamar dagoelako, bere hartan uztea iruditu zait bidezkoena.

        Agian izango ahal zaizu «Elsa» hau, irakurle, honetan edo hartan,. entretenigarri eta aberasgarri!

 

Txillardegi

Donostian, 1978-ko Irailaren 26.

Pasartea

        Maiatzaren 30-ean eguraldi bikaina zen, eta ilunabarra poliki-poliki presarik batere gabe, Mendebalde gorrian mamitzen zen.

        —Oso leku polita ezagutu dut lehengoan ustekabean. «Un sitio precioso», Loza-k erakutsitako hitzak erabiltzeko. Nahi duzu han preskagarri bana elkarrekin hartzea?

        Vanden Broeck-en «Mercedes» urdinean sartu ziren biak, eta bizpahiru minututan Ixelles-ko aintziraren ondoko «Les Etangs» kafeko eguteran eseri ziren.

        —Eta ez zaizu inoiz damutu dentistaren kontsultazioa uztea? Orain egiten duzun administrazio-lana baino interesgarriago zen hura. Ez da hala?

        —Bizieran arras ebakitzen ez dakiena galduta dago —Elsa-k irmoki.

        —Emakume zoragarria zara, Elsa. Zoragarria alde guztietatik.

        Eta ezkerreko eskua hartu zion maitekiro; eta hitzik esan gabe minutu erdi batez edo laztandu zuen Vanden Broeck-ek. Denbora, Fujita-ren margoetan bezala, gelditua bide zegoen, eta giroa isiltasun-hodei trinko igarokor batek gerizatua.

        Elsa-k ez zuen eskua atzeratzeko betarik izan, egia esateko. Ez zuen halakorik espero; ez zuen «Elsa» izena entzutea pentsatzen, etxeko deituraz egin baitzuen beti hanartean. Ez-ustearen perlesiak jota zirudien.

        Pâquerettes-ko izkinan «Mercedes»tik irteterakoan, barne-zirrara bitxi bat nabaitu zuen, ordurarte inoiz ez senditua: hoben izugarri baten errudun gertatu izan balitz bezala. Eta gauza bat zitzaion tamalgarri, denbora berean: hogei-ta-hamar segundu iheskor labur argitsu haiek hain arinki, hain arreta gaberik, igaroak izatea. Inoiz senditu ote zuen Elsa-k halako ezinegon bitxirik bere buruaz nagusitzen ari? Ez zen zoriona, ez zen atsegin baketsu bat, ez zen poza. Ez zen, edo-ta ere, Luc-ekin inoiz ezagutu zuenik ezer: hau eskierki segurta zezakeen. Hiruetatik zerbait zuen egarri berri bat zen. Egarri izkutua, inoiz inori salatzerik izango ez zuen egarri isila.

        Geroztik denbora ez zen Elsa-rentzat jarraikia, laua, uniformea. Denbora, odola bezalatsu, taupadaka isuritzen bide zen Elsa-ren egutegian, jauzika, astelehenetik astelehenera. Ostegunetako eskolak berak utzi ez zituen bada?

        Hurrengo asteetan Vanden Broeck-ek ez zuen pausurik batere egin aurrerantz; eta Elsa kezkatzen hasia zen; pittin bat mindua, mikaztua, akuilatua. Azkeneko bietan, hain zuzen, presatua zela esan holandarrak, eta bakarrik utzi zuen etxerakoan.

        —Inoiz helduko ote dizkit berriz nire esku bakar hauek? —pentsatu ohi zuen igande arratsetan. Vanden Broeck hotz agertu ohi zitzaion, ordea; oso atsegin, oso begiko, bai; baina oso hotz ere bai, Elsa-ren aburuz bederen. Eta honen emakumetasuna minberatu egin zen: Elsa-k «ez» esan nahi zuen noizpait, eta ezin zuen.

        —Barregarria da hau —pentsatu zuen halako batez—. Gizon horrengatik tematzen hasia naiz, eta ez du balio. Ez dut bere jostailu bilakatu nahi; eta horretaratzen hasi naiz, nik uste. Gogorkiago jokatu beharko.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera