Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Eman eta gero

Genua, EnkarniErein, 1996 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

Gure jolas-gela baino zerbait gehiago ba ote dago hor kanpoan?

Zer gertatzen da gure burua besterik ez badugu maite?

    Zerbait aldatzen al da eman eta gero?

    Marikris Marikriseiluk ideiarik ez zuen, baina Txorizorrotz txoriak bai.

    Horregatik, ipuina bukatu baino lehen, Marikrisek, eta agian irkurleek ere bai, Txoriaren azkeneko kantan entzun daitekeen egia biribil hau, ulertuko dute:

    «Nik zuri eman ta gero aberatsago naiz ni, zuk niri eman ondoren denok gaude pozik».

 

 

Pasartea

Nola Marikris Marikriseiluk

ahoa irekitzeak zertarako balio duen jakin zuen

 

      Marikris Marikriseilu hasiera-hasieratik konturatu zen, jaio orduko: bere barruan ahalmen handi bat zuen!

      Dakizuenez, haur jaio berriak negarrez hasten dira mundu honetara bere burua atera bezain pronto. Ez dute negar egiten triste daudelako, ezta minak daudelako ere. Munduari beren lehendabiziko agurra emateko egiten dute negar. Horrela edo:

      —Buooo!

      —Buaaa! Buooo! Hau da: —Egunooonnn! Oso pozik nagoooo!

      Marikris Marikriseiluk ez zuen horrelakorik egin. Inguruari begirada zorrotza luzatu zion jaio zenean. Han zen bere ama, izerditan. Han zen aita, urduri. Han erizainak, lanean. Han ere sendagilea, pozik... eta, denak, Marikrisen agur-garrasia entzun zain. Baina Marikris Marikriseiluk denbora hartu zuen. Denak inguratu zitzaizkion, kezkatuta. Eta, orduan, garrasi desberdin bat egin zuen. Horrela edo:

      —Buooo! Gehiagooo!

      —Buaaa! Denaaa! Buooo! Dena niretzakooo!

      —Mila demonio! —pentsatu zuen sendagileak—, behin ere ez dut halako garrasirik entzun!

      —Ummm, ummm, ummm —erizainak, marmarka bere baitan—, ui, ui, ui! A zer marimatraka izan behar duen neska ttiki honek.

      Bestela zioten neska jalo berriaren gurasoek:

      —Negarrez ondoen egiten duena, huraxe da gure alaba! Hizketan ari dela ematen du. Ez du, bada, «gehiagooo» esan! Zer duzu, politorrek? Esan besterik ez duzu. Zer da, politori? Kutxi-kutxi!

      Eta haurrak, berriz:

      —Buooo! Gehiagooo!

      Orduantxe jakin zuen Marikris Marikriseiluk bere armarik onena negarra izango zuela. Eta ongi erabiltzen saiatuko zela erabaki zuen.

      Ondorioz edo, handik aurrera maiz izan zen etxe hartan antzeko ?elkar hizketa?:

      —Buooo! Buooo! Gehiagooo! —beti garrasika Marikris Marikriseilu.

      —Ene, ene, zer duzu? —zioen beti, kezkatuta, amak.

      —Kutxi-kutxi —izebak, irribarre ahoberoa eginez.

      —Txupete berria erosi beharrean gaude —zioen amonak.

      Eta horrelaxe, kasketaldiz kasketaldi eta maina handien artean, hazten joan zen Marikriseilu.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera