Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Eneko Agerroa

Etxaide, JonHordago, 1981 Nobela

Pasartea

Herensugea

 

        Gariberto Tolosa-tik eta Eneko Elusaberri-tik bateratsu atera ziren. Eneko-k bere jendea zabaldurik zeraman hogei kilometroko zabaleran, gaurko neurritan mintzatuz, eta tarte handi xamar bat gorderik, Cariberto-ren urratsei jarraiki zihoan. Horrela heldu ziren Paris-eraino eta Eneko-k eta bere bi taldeek hiri hontan bilatu zuten ostatu. Cariberto Clichy-raino heldu zen bere jarraigoarekin, hiri hontan baitzuen Gortea Dagoberto handi-mandiak. Frankotarren hiriburuan besta handitan atotsi zuten Akitaniarren erregea eta Dagoberto berbera hiri ate nagusira bila atera zitzaion jauregilagun talde oparo batekin. Lehen hiruzpalau egunak protokolo hutsezkoak izan ziren eta bi anaiak orritsez-orrits ibili ziren, elizkizunak eta akto ofizialak bazter utzi gabe. Laugarren egunean izan zuten bi anaiek erresumarteko lehendabiziko hizketaldia. Jardunaldiok isil-tankerakoak izan ziren eta Erregeren gela bereizi batean ospatu zituzten. Dagoberto-k bere asmoa zakarkeria gabe baina garbi aditzera eman zion.

        —Euskaldunekin egin duan bake-ituna txit mingarri izan zaidak, Kari, gutxien gutxieneko neri jakin-erazi behar hidan pauso hori eman aintzinetik, zeren hik egin ituna arrisku handikoa baita nere interesentzat. Beraz, anaiak garen aldetik huts handi bat egin duala deritzot.

        —Anaia maitea —erantzun zion Cariberto-k pausatuki—, hi erresuma baten jabe haiz eta ni beste batena. Hik beste herrikin egiten duan itunen berri ez didak neri sekula aditzera ematen eta ene irudiko ez duk aditzera eman beharrik, zeren hi hire buruaren jabe baihaiz ni nerearena naizen bezala. Beraz, euskaldunekin egindako bakea hiri ez jakin-eraztea zeharo bidezkoa zeritzaidak. Biok gaituk jaun oso eta eztiagu baimen eske ibili behar gure erresumatan sortzen diren prolemak erabakitzeko. Hauxe duk nere iritzia.

        —Iritzi ausarta —ekin zion erremindurik frankotarren erregeak—, Kari. Egia esan, ez nian hire ahotik horrelakorik espero. Hitzak hobeki neurtzen ikasi behar duk. Gainera, hik egin duan gonbarazinoa ez duk bidezkoa. Gogoan eduki ezak euskaldun herria basatia, faltsua, ankerra eta batez ere traidorea eta frankotarren arerio amorratua dela. Hik uste baino lehenago damutuko zaik jende mixerable eta kulturagabe horiekin konponketa bat egina. Bederen, hire burua ezkontza batez lotu ez bahu, errezago litzaikek lokarri laidogarriok urratzen. Baina hire burua sobera makurtu duk duke traidore baten alabarekin ezkonduz, zeren, dakian bezala, Euskalerria-n gure arrazako dukeek ziteken aginte, eta Amando-k, aintzinako itun-bidez agintari zegoèn Aigino dukea ankaz-gora bota zian eta bera nagusitu zuan aginteaz, frankotarrekin adiskidetasun eta mendetasun lokarri guziak urratuz; eta gure erregetzari eta herriari egin zaion irain honek ez dik gaurdaino zuzenbiderik izan. Eta hik, zentzugabe horrek, euskaldunekin itun batera iritsiz, haien egoera sendotu duk eta nere erresuma arrisku batean ipini.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera