Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

        Jaio bezain laster, galdetu zuen arkakusotxoak: ?Zenbat denbora biziko naiz, guraso maiteak?? Dantzari ospetsua izatera iritsi nahi zuen arkakusoaren historia kontatzen da liburu honetan. Baina animalitxo hauen bizitza oso laburra denez, denbora ondo aprobetxatu behar izan zuen. Jaio orduko Errusiarako bidea hartu zuen. Eta bidaia hau pertsonaia batengandik bestearengana jauzika egin behar izan zuenez, era guztietako jendea ezagutzeko aukera izan zuen. Baina lortu ote zuen azkenean nahi zuena?

Pasartea

    Jaio bezain laster zera galdetu zuen arkakusotxoak:

    —Zenbat denbora biziko naiz, guraso maiteak?

    Arkakuso amak aurpegi iluna jarri zion: Ai, maitea! Gu arkakuso arruntak garenez, bi aste bizi ohi gara gutxi gorabehera... Baina ez zaitez kezkatu, aski dira bi aste bizitzan aspertzeko eta...

    A, bale! —erantzun zuen arkakuso jaio berriak—. Dena dela, ez dut denbora galtzeko astirik!

    —Badakizu —esan zion arkakuso aitak—, hemen norberak bilatu behar duela bizitzeko erarik erosoena. Eta, gure kasuan, besteen kontura biziz lortzen da hori. Beraz, txiki, esaera zahar batek dioen bezala... «ez egon lotan, bestela jango duzu mehe!»

    —Horrek esan nahi du, maitea —erantsi zuen arkakuso amak samurki—, bizidun baketsu eta zaporetsu bat bilatu beharko duzula lehenbailehen, mundu honetan igaro behar duzun denbora ondo gozatzeko...

    —Nik bizileku egokia bilatu dizut —esan zuen arkakuso aitak presaka—. Kaleko txakur zikin baina leiala. Esperientzia handikoa eta izaeraz aparta. Gaur egungo egoera larria kontutan harturik leku ezin hobea!

    —Txakurra? Oso ondo! —Itxuraz proposamen hura asko gustatu zitzaion arkakusotxoari—. Eta non dago ostalari jator hori?

    —Begira, hortxe duzu! —erantzun zion arkakuso amak—. Ez al duzu ikusten izkina horretako zabor piloan miaketan dabilen txakurra?

    —Bai...

      —Ba, Karuso txakurra duzu. Gure lagun handienetako bat. Berarekin primeran biziko zara...

      —Eta zergatik deitzen diote horrela?

      —Ba, egunero kantari ibiltzen delako. Auzoko guztiak nazkatzen ditu zaunka eta zaunka, baina berak kantatzen ari dela dio, eta horregatik Karuso deitzen diogu...

      —Karuso, abeslari italiar oso famatua izan zen, txiki! —informazioa eman zion arkakuso aitak, bizitzan bildutako jakinduria ondorengoari pasa nahian.

      —Bale! Agur, guraso maiteak! Bizitza estreinatzera noa!... Besterik ez baduzue esateko, jauzi egingo dut...

      —Zaindu zaitez! —esan zion amak.

      —Zintzoa izan! —gehitu zuen aitak.

      Gurasoek esan bezala, arkakusotxoak Karusorengan aurkitu zituen kabi epela eta eguneroko jana.

      Karusoren joera artistikoaren eraginez, bibolina jotzen zuen eskale bat izan zen arkakusotxoak ikusi zuen lehenengo gizakia:

    —Begira, arkakuso —esan zion Karusok—, entzuten ari zarenari musika deitzen diogu, gizakiek duten trebetasun zoragarriena. Ba al dakizu nik oso ondo abesten dudala?

    —Bai, hori esan didate...

    —Bai, baina gutxik ulertzen dute nik espresatu nahi dudana.

      Eta Karuso sutsuki hasi zen zaunkaka. Eskale bibolin joleak harri koskor bat bota zion eta Karusok atzera egin zuen aztoraturik...

      —Ikusten al duzu, e? Ikusten?

      —Bai, Karuso. Baina arrazoi duzu. Musika hau zoragarria da, bai, zoragarria! Dantzatzeko gogoa sortu zait, Karuso!

      —Ez esan horrelakorik, koitadua! Dantzari izan nahi zuten mila arkakuso ezagutu dut jadanik eta denak, akabo! Abentura horretan beren buruak galdu zituzten gaixoek!

      —Ba niri, Karuso, hankak mugiarazten dizkit musika honek, burua zorabiatu, bihotza hunkitu... Karuso, dantzari izan nahi dut!

      —Ixo, ixo, arkakuso txoriburua! Musika ondo dago urrutitik entzuteko, norberak, bihotzean gordetzeko eta gauerdian gogoratzeko. Baina bestela arriskugarria da, ardoa baino ere mozkor eragileagoa baita!

      —O, Karuso! Begira nola mugitzen naizen! Olatuen antzeko mugimendu goxo hauek bihotzetik datozkit! Nik uste dut artista izateko jaioa naizela!

      —Arkakuso inozoa! Saltotxoak egitea dantzarekin konfunditzen duzu eta! Egon isilik, eta eskerrak eman ni bezalako bizikidea topatu duzulako!

      Eta Karuso txakurra eskalearengandik apartatu zen, arkakusotxoa tentaziotik urruntzeko asmoz. Baina jadanik ez zegoen mundu honetan arkakuso hari dantzaria izateko ideia burutik kenduko zionik, arkakusoen egoskortasuna txalogarria bezain ezaguna baita.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera