Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Etorkizuna

Zaldua, IbanAlberdania, 2005 Ipuina

Aurkezpena

  «Heldu orainari» dio zuhur-hitzak, «etorkizuna gure esku dago» errepikatzen dute nekagaitz medioetan. Eta bien bitartean, iraganari begira, mirarik gabe bada ere, ari da Zaldua ipuin-sorta berri honetan. Zer ote du iraganak halako setaz aldatu nahi izateko. Beharbada ez gaude iraganaz oso harro eta horregatik aldatu nahi genuke.

  Autoreak bere aurreko ipuinetan erabili ohi dituen osagaiak erabili ditu liburu honetan ere: ironia erregosi apur bat, zientzia fikzio ukitu sinesgarriez lurrindua, absurdotik atximur bat, egunerokotasunetik koilara bete, akaso giza harremanen gatzak gazituago dator oraingo honetan; beti bezain iradokizunez betea, hala ere.

  Ez da erraza esaten horietako zein osagaik behartzen duen irakurlea ipuin bakoitza hasi eta bukatu arte ez eskuetatik uztera, beharbada denen nahasteak. Segurua dena da ipuin bilduma irakurri eta nekez ahaztuko dituela bertan kontatzen direnak eta aktoreak.

Pasartea

Adulterioa

 

  Adiskide biak erdiguneko kafetegi batean elkartu ohi dira, hamabostero, beti ere astelehenean eta eguerdian. Eskola garaian adiskide minak izan ziren, eta, familiek, ikasketek eta lanbideek pixkana-pixkana elkarrengandik urrundu dituzten arren, lotura horri eusten saiatu dira. Egia esateko, ez zaie bereziki zaila suertatzen: Karlosen lantokia kafetegitik hurbil dago, eta Jorgek, bere bizitza profesionala dela medio, aise egin ditzake hura bezalako ihesaldiak.

  Europako Konstituzioaren erreferendumaren biharamuna da gaur, eta Karlosek badaki gai hori izango dutela hizpide; aurreko enkontruan ere aipatu zuten zer edo zer. Ezetzaren aldeko agertu zen Karlos, eta Jorgek «bai» bozkatuko zuela iragarri zion.

  «Ez pentsa ni ere guztiz konbentzitzen nauenik konstituzioak —esan zion Jorgeri—. Baina AEBei eta Txinari tinko aurre egiteko modu bakarra begitantzen zaidak».

  «Txinari aurre egiteko, diok? Inposatu genien ekonomia-lezioa bikain ikasi dutelako soilik? Gogoan hartu ezak Opioaren Gerrarena... «

  «Ez hasi hire txaplata historikoekin, Karlos. Badakik zertaz ari naizen. Gainera, hire txinitoek tranpa egin zitean: ez al ziren ba komunista egin, halako batean? Eta orain atzera berriro ere, kapitalismoaren arauekin jokatzera? Ez zaidak guztiz garbia iruditzen...».

  Edonola ere, ez da hori buruan dabilkiona Karlosi, ez nagusiki behintzat. Larunbatean, lehenengo aldiz, Elena bere emaztea engainatu du Karlosek. Lankide batekin, S-rekin. Emaztea eta umea Busturiara joanak ziren, aitaginarrebaren baserrira; hala egin ohi dute Karlosek txosten atzeratuekin dabilenean. Eta hala izan zen asteburu honetan ere: lan pilatua zeukan Karlosek, eta etxera eraman zuen, eta baita amaitu ere. Azken batean, langile fina da Karlos, eta emakume batekin oheratzeko ez da horrenbeste denbora behar.

  Kafetegira hurbiltzen ari dela, Jorgeri kontatu behar ote liokeen ari da erabakitzen.

  Gauzak ustekabean gertatu zirela azaltzea gustatuko litzaioke, baina ez zen hala izan. Eta horixe du kezkarik handiena. Dena erabat planifikatuta gertatu baitzen. Hilabete batzuk daramatzate elkarrekin lan egiten S-k eta biek, hiruzpalau proiektutan, eta, halako batean, Karlos ohartu zen, S ohartu zen bezala, aldi berean gertatu ote zen jakiterik ez dagoen arren. Adinarekin sumatzen diren gauzak dira, xehetasunak, Karlosi gaztetan guztiz eskapatzen zitzaizkionak, baina orain ageri-agerikoak direnak berarentzat. Inoiz komentatu izan du lagunarekin, demasa litzatekeela orain dakiten guztiarekin institutu garaira itzultzea, baina barre egin zion Jorgek:

  «Garai hartako eta ondorengo hanka-sartze eta porrot guztiek osatzen ditek, baina, aipatzen duan 'orain dakigun guzti hori' hain zuzen...».

  «Hamabi urteko aldea ez duk horrenbestekoa, azken finean», azalduko dio Jorgeri, S-ren adinaz galdetzen badio.

  Karlosek ostegun eguerdian jakin zuen emazteak baserrirako plana egina zuela, eta ostegun arratsaldean luzatu zion proposamena S-ri. S-k baietz erantzun zion, eta bere etxea eskaini. Larunbata gaueko bederatzietarako egin zuten hitzordua; lasagna afaldu zuten, zantzu guztien arabera S-k berak prestatua, eta hamabietarako etxean zen berriro Karlos, ziurtasun baten jabe: gau hartakoa ez zela azkeneko aldia izango. Pare bat txosten gehiago berrikusteko astia izan zuen lotara joan aurretik.

  Gogora etorri zaio Jorgek ezkontza egunean isilka bota ziona: «Hire andre hori zinezko pertsona duk. Serio ari nauk. Ez duk suerte makala izan». Karlosek ez zion halakorik esan Jorgeri ezkondu zenean.

  Edonola ere, zergatik kontatu behar dio ezer Jorgeri? Bai, Karlosek ondo daki hura duela bere lagunik handiena, baina zalantza egiten du Jorgerentzat maila berean ote dagoen bera. Tira, zalantza baino, seguru dago: bera ez da Jorgeren adiskiderik handiena. Baina zertarako engainatu du bere emaztea, lagunari ezin badio kontatu?

  «Zazpi urteko aldea ez duk horrenbestekoa, azken finean»: Jorgeri hori esango diola erabaki du azkenean, S-ren adinaz galdetzen badio.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera