Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Etxearen negarra

Juaristi, FelipeElkar, 2007 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

  Etxea goitik bebera erori zitzaigun, eta gu behetik gora begira geratu ginen nola irekitzen zen aho handi, aho zabal, aho txantxazale bat, lehenago begiratoki serio, sendo eta sanoa egondako lekuan.

  —Etxe hila hasi beharko dugu, Edelmiro.

  —Erraz esaten da, Elisa. Nik ez dakit nondik hora hasi edo nondik nora amaitu.

  Esan ahala damutu nintzen; beranduegi, ordea. Elisak arrano batek erbi bati begiratuko liokeeen bezala begiratu zidan.

  —Txotxoloa halakoa! Noiz ikasiko duzu ezer egiten?

  —Hurrengo liburuan, Elisa

Pasartea

1

 

 

      Larunbat hartan, geltokitik irten eta gure aurrean justu ALOKAGAI hizkiak ikusi genituenean, larrian larri, «halabehar» hitza izan zen akordura etorri zitzaidan aurrena. Elisak eta biok, izan ere, ez genuen itzulbidean trena hartzeko batere asmorik, baina dena asmoz bestaldetik joan edo etorri zitzaigun egun hartan. Autobusa hartu genuen Errenteriaraino, edo Oreretaraino, ez dakit, hango plazan hitzordua hartuta baikenuen etxea erakutsiko zigun emakumearekin. Garaiz iritsi ginen, beti bezala, Elisa urduri jartzen baita, hitzordurako ordu-hitza eman duenean. Ez du bakerik izaten dezente lehenago iristen ez bagara agindutako tokira, baina horrek ez du esan nahi gero denborak ihes egin eta, ondorioz, berandutuko ez garenik, eta hitza emandako ordua atzean edo hutsean geratuko ez denik.

      —Zertarako nahi duzu lehenago joan, Elisa?

      —Zuk ez niri kasurik egin!

      Ordu erdi batean zer egin ote daitekeen ez dakienari esan behar diot gauza asko egin daitezkeela, egin daitezkeela sekula pentsatu gabeak, egin daitezkeela pentsatutakoekin batera, jakina. Hasteko, autobusetik jaitsi bezain pronto, kafetegi batera sartu ninduen, arrapaladan ia.

      —Eska ezazu txokolatea niretzat, komunera joan behar dut eta.

      —Bai, maltea.

      Elisa haurdun zegoen, sei hilabeteko, eta askotan joan behar izaten zuen komunera. Batzuetan izutu egiten nintzen, hainbeste aldiz komunera joateagatik, hustuko ote zen, zulatutako puxika bat bezala, edo bestela haurra joango ote zitzaion zulotik behera, ez dakit, hain izan ohi gara aitagaiak beldurtiak. Emakumeen haurdunaldia, niretzat, zerbait misteriotsu eta sekretua zen orduan. Orain ere bai, baina oraingo ezjakintasuna guztiz da ezberdina, ezjakintasun eskarmentuduna da, nolabait esateko.

      —Ez joan komuneko zulotik behera —esan nion, eta esan orduko damutu nintzen esan izanaz. Elisak bere begiak nire aurpegian jarri zituen, bi gezi bainoago bi misil lur-aireko balira bezala, eta zin dagit zerbait lehertu zela nire barnean, eztanda isila egin ondoren.

      —Txotxoloa zu!

      (?)

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera