Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Euskal Herritik erdal herrietara

Alvarez Enparanza, Jose LuisEgilea editore, 1978

Pasartea

Idaho-ko euskaldunekin

 

        Snake River-aren hildotik eta lurralde idorretan barrena joan ondoren, gure Boeing 727-ak Ekainaren 1-goan Boise-ko aideportuko lurra ikutu zuenean, eta leihatilatik hangar batetan «Idaho» hitza irakurri genuenean, halako zirrara harrigarri batek astindu zuen gure bihotza: Idaho! (= «àida-ho» esan behar). Ba genekien, euskaldun guztiek dakiten bezalatsu, aspaldidanik jo izaten dutela hara gure artzainek eta baserritarrek; baina, besterik ba ote genekien zehatz? Ezetz erantzun beharko.

        Aurten ba zegoen Idahon orain arte sekulan egina ez zena: euskal folklorez oratutako jai eder bat; eta euskaldun jendetza gaitza espero zen Boise-n egun horietarako. Eta halaxe gertatu zen: igandean batez ere, Ekainaren 4-an, leku guztietatikako euskaldunak bildu ziren hara milaka: Idaho guztitik, Coloradotik, Nevadatik, Oregondik, Californiatik, Mexikotik beretik gure hiru adiskide: ehunka eta milaka kilometro eginda, han ziren gure anaiak, alai eta zalapartatsu, txapelak zabal, euskal itxura ezin ukatua. 50.000 bizi dira gaur Idahon, Nevadan eta Californian; beste milaka batzu gainerakoetan. Boisen bertan (Idaho-ko hiriburuan) bost bat mila.

 

 

Euskaldun puntuzko bat Boisen

 

        Pizkunde honen sustraian, besteak beste, gizon isil apal bat: Pete Zenarruza. Idahon sortua (Sun Valley-n haren aita eta ama agurtzeko ohorea izan dugu: 1907-an Bizkaitik joanak), gaur 54 urte, artzain ibilia, bizkaieraz lasai hitzegiteko gauza, Zenarruza jauna Idaho-ko Erresumako «Secretary of State» (alegia, Erresumako gobernaria edo, nolapait esateko); eta hango euskaldunen buruzagia da. Euskaldun jator gisa hitz gutxitako eta espantuen etsai, daukan postu gorenetik saiatzen ari da, eta lortzen, Idahoko jendea elkartzen eta esnatzen. Hegazkilari trebe bikaina (geronek izan dugu froga eder bat Stanley Valley-ra eta Sun Valley-ra bere hegazkintxo horian eraman gaitularik), gudu-garaian hegazkilarien erakasle izana, miloi bat mila eginak ditu hegaz. Zenarruzak, beraz, bere hegazkina hartzea eta guk bizikleta hartzea... hor nunbait!

        Gure zai zegoen Zenarruza aideportuan; eta elkarrekin trukatu genituen lehenengo hitzak euskaraz izan ziren. Aideportuan zeuden bizkaitar andere batzu memento hartan; eta euskaraz entzun gintuztelarik, bero-bero eta besterik gabe musuz bete gintuzten. Hizkuntzak ematen duen ahaidetasuna ez baita hutsaren hurrena!

 

 

Jaia

 

        Jaiak berak bi egunez iraun du; baina ostiralean bertan (Ekainaren 2-an) ba zegoen lehendabiziko dantza eta kantasaio bat. Miren Eguzkiñe Azaolak eraman zigun, gitarra eskuan eta edertasuna begitartean, kantu berriaren zantzua. Ikusgarrien aurkezpena inglesez egin zen osoki; eta xehetasun honek eman zigun erdararen arroztasunaren neurri egoki bat. Inglesez euskal festa batetan?

        Igandean euskarazko meza eman zen belardian. Aldarea eta banderak eguzki dirdaitsuak argiturik, ba zeukan ikuskari harek sekula ahaztuko ez dugun kutsua. Han bizi den Aita Garatea mintzatu zitzaigun jator eta ausarki; eta Aita Etxebarriaren zuzendaritzapean entzun ziren bazter haietan gure euskal kanturik ezagunenak.

 

 

Itzalean ari izan diren langileak

 

        Hori guztia lortzeko, barruki gaitz hartako erakustokiak eraikitzeko, folklore-saioak prestatzeko, jendea biltzeko, karraskan lan-egin behar izan da. Eta gisa da izen batzu agerraraztea.

        Joe Eiguren ezagutu dugu: egun hauetantxe emana zuen argitara, inglesez, Euskal Herriari buruzko bere liburu berria. Eigurenek ematen ditu bestalde han euskarazko eskolak. Berriki emaztea galduta, Eiguren-ek hartu gintuen hasera-haseratik adiskide antzean, baita Lekeitioko doinua galanki eman ere.

        Lehenagotik ere ezaguna (orain dela bi urte Euskal Herrian izana) eta Zenarruzaren eta Eigurenen laguntzaile zintzo, Mirenek harrera bihozkorra eman zigun eta festaren eraikieran laguntza aparta eskaini.

        Beste antolatzaile bat, euskaltzale gartsua: Diana Urresti («Daiana», hangoen modura esateko). Andereño izateko errabian, eta euskaraz horretarako hobeki ez jakiteko nardatua, Dianak txalo jotzea merezi du.

        Julius Bilbao aipa dezadan ondoan: euskaraz gutxi jakin arren, euskaltzale fina da eta nortasun handikoa. Honen aita ere ezagutu dugu, Cascaden duen ostatuan, Boiseko Iparraldean. Bai aitarengan bai semearengan Bizkaiko garra atxeman dugu fin.

        Euskaltzale gartsuak ere Erkiaga, Beristain eta Hormaetxea adiskideak, azkeneko hau Boise-ko Euskal Etxeko buru.

        Denoi hemendik, lerro hauen bidez, gure zorion-opa eta eskerrik beroenak.

 

 

Bi euskal irrati

 

        Eskualde urrun haietan, igandero entzun daiteke euskara irratian, eta luzaz. Eta irrati-sail horien buruzagi eta sustatzaile, bi bizkaitar jator. (Bidenabar esan dezadan: Idaho-ko euskaldunak bizkaitarrak        dira %99-tan... gutxienez!)

        Boise-koan andere bat Espe Alegria; eta Elko-koan (Nevadan hau, beraz) Lopategi, bertsolariaren anaia. Biek egiten dute lan hori ia inoren laguntzarik gabe. Biek errezebitu gaituzte ezin hobeki, baita antena eskaini ere. Bioi hemendik, txalo eta mila esker anitz.

 

 

Euskaldunak? Amerikarrak?

 

        Ia berezkuntzarik gabe, hau da Idahon aurkitu dugun gertakari-legea.

        Lehenengo belaunean, jatorriz Bizkaiko baserritar, euskaldun hutsak eta bihotza Euskal Herrian, baina heziketarik ez; inglesa ezagutu ez, edo gaizki, eta bizimodu garratza eta zaila «ranch» bakarti urrunetan.

        Bigarren belaunean, euskara etxean ikasia eta inglesa kanpoan, Idaho-ko euskaldun mordo hau euskaldun dago oraindik; baina ez du Euskal Herrira itzultzeko gogorik erakusten. Ameriketako euskaldunena da. Bizimodu errazagoa izanik (edo guztiz erraza askotan!) belaun honek euskal garra ba du, baina oinak han finkaturik.

        Hirugarren belaunean, berriz, euskara galdua da (ez beti halere: hirugarren belauneko euskaldun batzu ezagutu ditugu). Eta hemen biketa bat egin behar. Alde batetik, batzu, gehienak, errotik amerikartuak; baina beste batzu, gutxi izanik ere, Euskal Herriarekiko grina azkar batek eraginak, euskaldun sustraitzeko amorroan, baita Euskal Herrira etortzeko gogo nabarmenak eraginak dira.

 

 

Bizimoldeaz bi hitz

 

        Boise-ko bizimoduak atsegin ematen du. Boise ez da Chicago, Los Angeles edo New York. Boisek 80.000 biztanle ditu; eta hiri baketsua da. Jendea ez da apartamendutan bizi, kilometrotan barrena sakabanaturik dauden etxetxo eta xaletetan baizik. Ezagutu ditugun euskaldunek etxe ederrak dituzte, askotan, bizpahiru kotxe eder, errediza eta apaindura bikainak; eta, hitz batez, ekonomiaren aldetik, amerikar bizi-maila erosoan bide daude. Honen ondorioak ezagun dira pentsakeran.

        Boisen ez da beltzik ageri. Indio bakan batzu (ez baita oso urrun, Hegoaldetik, Owyhee-ko «erreserba»); baita españolez mintzo diren «chicano» batzu: beren kaseta iraultzailea kalean saltzen ari zen horietako batekin buruz buru hitzegiteko aukera izan genuen Boisen bertan.

        Elko-n, Boise-tik, 400 Km. tara, gipuzkoar batzu ezagutu genituen, Elko ez baita Idaho; eta hango joko-grinak eta kabaretismoak harrituta utzi gintuzten. Baina Nevada ez da Idaho; eta Nevadan hori guztia libro da, prostituzioa eta dibortzioa bezala. Elko herri txikia da: 8.000 biztanle; eta hauetako mila bat euskaldunak.

 

 

Datorren urtean bi ikastola «Far West»en

 

        Bai jaunak: hauxe da asmoa. San Franciscon zabalduko bide da bat; eta Boise, Miren Rementeria andereño delarik, beste bat. Udara honetantxe izango dira horretarako harremanak, hain zuzen, gauzak zehatz jartzeko. Bi ikastola hauek «Seaska» deritzan ikastola-elkartearen menpean ibiliko dira.

        Eta Boisen neronek ikusi dudanez ba daude beste bi andere, gutxienez, ikastola bana beren gain hartzeko gertu.

        Geroak erranen...

        Egun hauetan dator, Jon Bilbao erakaslearekin, Reno-ko eta Boise-ko ikasle mordo bat, hirugarren belaunekoa. Zertara? Euskara ikastera, Euskal Herria ezagutzera, gurekin anaitasunezko lotura egitera. Uztaritzen eta Arantzazun izango ditugu Uztailan eta Abuztuan.

        Egingo ahal diegu merezi duten harrera!

 

        (1972)

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera