Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Euskara, euskaldunon hizkuntza

Intxausti, JosebaEusko Jaurlaritza, 1990 Saiakera

Hitzaurrea

        Liburu hau «Euskal Hitz» da: ongi etorria, irakurle bisitaria. Ezagunak gara agian dagoeneko; beharbada noizbait elkarrekin topo eginak ere bai, nork daki, «Euskal Hitz» Erakusketa horretan.

        Izan ere, liburu honen funtsa hilabetetan ibiltari ibili den Erakusketa haren lehen agerralditik bait dator (1987, abuztua). Euskararen I. Erakusketa Orokorra bezala eskainitako hark bizitza luzea izan du geroztik; bi urte bete ditu, 40/50 erakustalditan eta 100.000tik gora bisitarirekin. Herrietako erakunde, kultur talde eta euskaltzaleek ez diote batere harrera txarrik egin. Eskerrik asko guztiei.

        Bisitari eta adiskide askok eskatu digu «Euskal Hitz»-eko edukin testual eta grafikoak liburu erabilgarriren batean argitara emateko. Eske horrek eztenkatu gaitu, hortaz, argitalpen hau prestatzera, herriz herri eskaini duguna, eskolaz eskola eta etxez etxe ere joan dadin.

        Hala ere, liburu honetan bildu duguna ez da, beste gabe, Erakusketan aurkezturikoa. Liburutarako moldatzean, testua egokitu egin da, eta lehengoaren haria galdu gabe, gidoia osabete egin nahi izan da; baina, hizkuntzaren hainbat alde ezberdin ukitzen bada ere, guztietan flash bizi eta laburrez argitzen da horietako bakoitza. Argibide orokorrenak bildu nahi izan direnez, ez zegoen gehiagotarako modurik.

        Liburua, euskararekiko lehen hurbilpenerako herritarren vademecum erabilgarri bilakatuko balitz, edizioaz arduratu garen guztiok ongi ordainduta geratuko ginateke. Eta, horrekin, esanda dago gure asmoa: dibulgazio-eginkizuna duen sintesi xume baten gisara ikusten dugu liburu hau.

        Gogo horri jarraiki, ikuspegi guztiz ezberdinetatik begiratzen da hemen hizkuntza, eta, horregatik, alde on bat bederen aurkituko du irakurleak: hainbat jakin-eremu eta liburutan sakabanatutako xehetasun galduak batera topa ditzakeela ondoko orrialdeetan. Ikuspide orokor horren ondorioz, edozein jakitunek murritzegia ikusiko du bereari dagokiona. Baztertu ditugun hautagarriak ainitz izan dira, noski, eta aukeratu ditugunak ongi kostata aukeratu ditugu; baina lehen hastapenak emateko zabalkunde-liburu bat, ezin zitekeen horrelaxe baizik egin: asko hautatuz, eta asko baztertuz.

        Testua lantzean, geure ezjakintasunaz ongi jabetzeko egokiera izan dugu. Kapituluxka bakoitzean lur ezezagun berriak begiratu behar izan ditugu, begiratu eta ikasi, ikasi eta laburbildu. Ehundaka autore eta idazle argirekin gara zorretan.

        Eta, horien lagunarte onean, aitortu beharrean gaude: puntuz puntu eta atalka doanak ez du originaltasun berezirik aurkituko liburuan, ez bait da berau originaltasun horren bila idatzi. Hala ere, aurkezpenaren osoan, saiatu gara hizkuntzaren ikuskizun berritu bat ematen. Marraztu den paisajean, zuhaitz-mota ezagunak aurkituko dira, betidanik ikusitako ibaiak, ohizko bide eta parajeak, auzolagun zaharrak..., baina hizkuntzaren filme honek, bere osoan, material ezagun haien muntaia berria behintzat izateko asmoa du.

        Liburuaren helmugak paisajea eta filmea aipatuz azaltzean, argitalpen honen balio propio batera gatoz: Euskararen ikonografia sozio-historikoa, aski zabala, bildu dugu orrialde hauetan. Hizkuntz historiaren irudi-zehaztasun honek ezohizko indar bizigarria eman diezaiokeela, uste dugu, testu-informazioari. Liburuaren baliorik onenetakoa da irudien hau, zalantzarik gabe, hizkuntzaren alde soziala bortizkiago azpimarratua gertatzen bait da horrela.

        Irudietatik testura etorriz, beharrezkoa da ohar bat egitea: Bi irakurbide parekide bildu ditugu. Bi irakurbide diot, elkarren parean doazen bi irakurkizun, alegia: Bata, testu korrituan doa zutabe testual parekidetan; bestea, irudien oin-oharretan emanda dago. Biak elkarren osagarri dira, noski, baina bakoitza bere gisara irakur ezinik ere ez dago, euskararen berri onak ezagutzeko.

        Euskaldun arruntak —helduak, alde batetik, behar ziren albisteak ukatu zitzaizkiolako; gazteagoak, bestetik, gramatika- edo literatur informazioak baizik izan ez dituelako— ez du eskuratu ahal izan, eskierki, bere hizkuntzaren ikuspen sozial sistematikorik. Neurriren batean, hutsune hori betetzen hasteko pentsatu da eskuartean daukazun argitalpena, eta, horregatik hona dakargun diskurtsu historikoa batez ere soziolinguistikoa dela esango genuke. Filologiaren ekarriak ahantziezinak badira ere, ez da alor hori izan liburuan arreta bereziagoz aintzakotzat hartu nahi izan dena. Hizkuntzaren alde soziokulturalek dute orrialde hauetan lekurik zainduena.

        Gaurko irakurlegoari begira, hizkuntzaren elkarrizketa soziala argitu eta laguntzeko ere idatzi dira ondoko kapituluak. Iragana errealismoz erakuts nahi izan da; egungo egoeraz ez da baikortasun hutsalik sortu gura izan, baina ez gara itxarokizun liratekeenak aldez aurretik itzaltzen ahalegindu ere.

        Historiar¡ eta orainari behatuz, baliozko bi baieztapen nagusi daude liburuan irakur litezkeenetan: Euskaldungoa, bere euskaltzaletasunean, buru-bihotzak argiagotuz eta indartuz joan dela, mendeetan zehar (behar hainbat ez izanarren), eta, Historiako arrazoi ¡lun eta oraindik gutxi ezagunei ezezik, borondate argitu horri ere zor zaiola gaur egun euskara bizirik izatea. Eta bigarrena: Herri eta hiztungo baten iraun-ahalmena sakonean datorren egiturazko korronte iraunkorra dela. Orain, gure belaunaldian, ikusi egin behar, beraz, gogo argitu hark eta indar sakon honek, elkartuta, geroa irabaz diezaguketen, ala ez.

        Bukatzeko, eskerron-agerpena zor diedanentzako bi hitz. Asko izan zarete argibideak ematen bihotz-zabalki saiatutakoak: guztion zerrenda ezin hemen bildu. Aipatu ere egin barik geratu den bibliografia ugariaren idazleen lanik gabe, orobat, ezinezkoa izango zen lantxo hau. Idazleen ondoan, unean uneko hainbat argi-emaile ezin dut ahantzi. Idatziz edo telefonoz, xehetasun ainitz jaso ahal izan dut beroriei esker (data bat, estatistika jakingarri bat...). Inor bereziki aipatzea, denoi bidegabekeria egitea izan litekeelako, bego aitorpen horretan zinezko nere eskerrona.

        «Euskal Hitz»-en lankide eta babesle izan diren guztiak ere gogoan ditut. Dagokien tokian emanak dira izenak. Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eskainitako laguntzarekin batera, badago horrelako Erakunde bati are gehiago eskertzen zaion zerbait: liburuaren mezuari eta beronen agermoldeei izan dien begiramendua. Eskerronez ari naizenez: Esker mila guztioi, denok banan-banan gogoan zaituztedanoi.

        Horiek horrela, liburuaren autore-erantzukizunak nereak dira, ez besterenak. Hamaika aldetatik, kritikakizun izan daitekeen obra honen egilea erabat irekita geratzen da ikusle, irakurle, kritikari eta jakitunen ohar zuzengarriak eta ñabardura osagarriak jasotzeko, hain zuzen, iritsi, beroriei esker iritsi ahal izango bait da azken buruan liburu hau bere heldutasun hobera.

 

Pasartea

Euskara, Aro Garaikidean

 

        Euskal hiztunen inguru sozialak aldakuntza handiak izan ditu Aro Garaikidean: aldakuntza ekonomiko, demografiko, politiko, kultural eta linguistikoak, denak elkarrekin.

        Zurrunbilo horretan, ondorioz, hizkuntzarekiko baldintza sozialak ere gero eta bizkorrago aldatu dira: Hiruzpalau gerra, iraultza industriala, migrazioak, gizartearen hiritartzea, eskolagintza, soldadutza, gizarte-komunikabide berriak, erakunde politikoen iraulketa... Dena nahasian eta batera.

        Euskararen geografiari eta euskaldungoari berari baldintza soziolinguistiko guztiz berriak ezarri zaizkie azken bi mende hauetan. Egoera larri honek astinduta, euskal gizarteak ekinkizun ezberdin eta saiatu askorekin aurpegi eman nahi izan dio hizkuntzaren hondamendi nabariari: hainbat eraso eta desegokitasun linguistiko salatuz, batzutan; euskararekiko kontzientzia indartu eta argituz, lan-modu eta erakunde arduratuak sortuz, herrian eta kultura eskolatuan ekintzak zuzpertuz, bestetan.

        Azkenik, Aro Garaikidean baliabide politiko egokien falta izan du Euskal Herriak, hizkuntzaren egitasmo orokor eta oso bat asmatu eta egikaritzeko, horretarako borondatea izan duenetan ere. Hala ere, euskal gizarteak, bere borondate-azalpenetan, gero eta areago estimatu izan du euskara, eta batzuetan norberaren diruz ere ordaindu izan ditu euskararen bizitza soziala indarberritzeko ahaleginak.

        XIX. mendetik gure egunak arte, euskaltzaletasuna hainbat lagun eta talderentzat lanerako eta ahaleginerako modu saiatu bat izan da. Eta, horri esker, aurreraekintza estimagarriak burutu dira. Aurreko mendeetatik zetorren lanak, eta azkeneko bi hauetan geldiro eta pixkaka argituz joan den euskaltzaletasunak, funtsezko giltzarriak eskaintzen ditu dagoeneko hizkuntzaren plangintza gidatu bat gizarteari propasatu ahal izateko:

 

 

                - hizkuntzaren kontzientzia eta eskakizun biziak,

                - euskararen «corpus» geroz eta modernoagoa,

                - hizkuntz erakunde sozial eta politikoak,

                - erabilera literario eta sozial berriak...

 

 

        Azken mende t'erdian bereziki, Euskal Herrian ahalegin handi eta ederrak egin dira hizkuntzaren alde, baina ez dira aski indartsu izan egokiera historiko berrietan atzerakada geldierazteko. Kanpotiko erasoengatik izan da, noski, horrela; baina baita euskaldun zahar askoren utzikeriagatik ere. Aro Garaikidearen atarian, artean Euskal Herriko lurralde euskaldunak ez ziren elebidunak, oso neurri txiki batean baizik: gaur egun Euskal Herri osoa elebidunduta dago.

        Euskaldunon, Euskal Herriko erdaldunen eta lagundu edo behaztopatu nahi eta ahal duten guztien eskuetan dago euskaldunok, euskara utzita, erdaldun huts ez bihurtzea.

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera