Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Aurkezpena

        «Exkixu» nobelak, bere barnean aberriaren sua irakiten sentitzen duen gazte baten ibilerak kontatzen dizkigu, harrika hasi Burgosko epaiketaren kontrako manifestazioetan eta metraileta eskuan bukatu Carrero hil eta geroxeago. Tartean, aurrerapen zoroak eraginda baserria utzi eta kalera jaitsi beharra, euskararekiko grinaren suspertzea, amodioaren gazi-gozoak, errefuxiatu bizitza, ekintzak, poliziaren torturak...

        Gure herrian horrenbeste garrantzia izan duten urte horiek agertzen zaizkigu protagonistaren bitartez. Noizbaiteko abertzaleen epelkeria eta «izquierdismo»aren izenean euskara baztertzen dutenen jokaera salatzen dizkigu egileak, eta Lartzabalen hitz suharrak txalotzen. Ekintza da nagusi elaberri honetan, eta gertakariak arin-arin igarotzen dira, bata bestearen atzetik, liburuko orriak oro bukatu arteko irrikan; Txillardegiren betidaniko hizkuntza dotorean baina elkarrizketa bizi-biziekin tartekatuz.

Pasartea

        Lozorroan nengoen.

        Baina, ezari-ezarian, igande goizeko isil-giro luzakorrak esnatu egin ninduen.

        Bafore baten dei etsia entzun nuen, bakarra, iheskorra.

        Ondoren, besterik ezer ez.

        Geroxeago, dena dela, egunero bezala, egunero baino nabarmenkiago hobe, burni zarata gailendu zen; eta, gero eta bertago, gero eta mantsoago ere bai tankateko ezagun hura, ia neure gela pareko geltoki hitsera zetorren «Topoa» berezi nuen, errealitatera deika ari:

        —Seirak eta hogeitabost —pentsatu nuen.

        Eta aspaldidanik neure buruan hausnartutako ametsa, eta bezperan zinki erabakitakoa, betetzen hasi nintzen.

        Eta batere nagikeriarik gabe, baina kontuz eta isilik, jaiki egin nintzen ohetik.

        Leihora hurbildu; eta oraindik ere begiak igurtzi aurretik, eta guztiz iratzarri gabe zeudelarik, nahi ere gabe irakurri nituen, zirrikitu batetik, bi hitz aspergarri haiek: «Pasajes-Molinao». Zenbatgarren aldiz egin ote nuen bi urte t'erdi etsigarri eta luze hartan?

        1970eko Urria abiatua. Zirrikitua zabalago egin; eta giroa, epel benetan igande hartan. Lanera beharrik ez! Ohizko larria ez zen etorri.

        Guztiz bertan neuzkan bizpahiru emakume goiztar igo ziren bagoietara. Interbentoreak bere txilibitu zorrotza jo zuen orduan; eta tranbiatzarrak, Irun aldera zubiaren gainetik pasa ondoren, betiereko bere burdin kirrinka atsekabea barreiatu zuen bazterretan. Eta nik ere, egunero bezala, berealdiko hozkia senditu nuen.

        Ekialdean pareta ilunen artetik are itsugarri ere agertzen zitzaidan zeruaren hori diztirantea.

        Bikaina udazkena gure herrialdean...

        Eta bat-batean jauzi egin bide nuen neure barrunbean. Aittona Antton entzun bide nuen ustekabean: halako goizaldeetan «haizea heldu» esan ohi zigun. Eta ez zen sekula nahasten.

        Artean, Felix neure anaia ez esnatzekotan, argia piztu gabe jantzi nintzen bixkor. Eta ezin polikiago eta isilkiago —nik uste bederen— gelako atea ireki nuen.

        Nire gelakidea ez zen zipitzik ere mogitu:

        —Argia piztu banu ere —pentsatu nuen—. Hori lotia!

        Eta komunean zaratarik ez ateratzekotan musua busti ere gabe, kale aldera abiatu nintzen zuzenean.

        —Antton! —entzun nuen, zoritxarrez, gurasoen gelako ate zirrikitutik—. Baina, mutil, nora hoa ordu hauetan?

        — Kaka putza! —jaulki nuen ahapeka, baina beharbada nire amak entzuteko moduan. Zergatik ez ote du honek Felixek bezain sakonki lo egiten? Eta ez nion txintik erantzun. Zertarako?

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera