Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Galerna

Esnaola, IratxeElkar, 2010 Nobela

Aurkezpena

        Egunak zeramatzaten Hotelean etortzekoa zen ekaitzaz hizketan. Arrats aldera bezero eta zerbitzariek Hoteleko kafetegitik begiratzen zioten udako kostalde eguzkitsuari. Galernaren zain zeuden denak, ozeano atlantikoko ekaitz bat-batekoaren zain, itsasotik sartzen zena egun sargorien amaieran. Zerua zikindu eta haizea norabide kontraesankorretan bere buruari bultzaka hastea espero zen; euripean udatiarrak aterpe bila hastea. Baina uda hartan galernak ez zuen eztanda egin nahi eta bero sapak berean jarraitzen zuen S.S.ko hirian. Itxarote hura, azkenerako, itxitura bat zen bere batean.

 

        Abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean; beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia: Nora eta Sebastian Bechener, batetik, adin ertaineko turista bikotea, zer nahi duten argi ez dutela; hoteleko zuzendaria eta bere alaba nerabea, bestetik, nora ezeko uharte banatan sartuak. Lauren arteko harreman sare bat hedatuz doa, gero eta nahasiagoa, guztiak ere korapilatuko dituena.

        Erritmoaren erabilera zehatzez eta tentsioari une oro eutsiz, sentimenduen biluzte-ariketa bikaina egin du egileak Augustin Zubikarai nobela labur saria irabazi duen lan honetan. Erromantizismoaren antipodetan, pertsonaiekiko distantzia nabarmen uzten duen idazkera hotz eta zorrotz baten bidez, opera prima batean eskertzekoa den trebezia erakusten digu Iratxe Esnaolak.

 

Pasartea

HIRUGARREN KAPITULUA

 

        Ezustean iritsi zen arren gauza jakina zirudien orain. Abuztuko azken arratsean Nora Bechener senarraren egiak muturrean jo eta erabat zipriztindu zuen. Ordu berean S.S.ko neskatilak maleta bat atontzen zuen Hotelean, aita atzean utzita gizon batekin ihes egiteko. Bitartean, aita hura bera, zuzendaria, alderrai zebilen itsas paseoan, Noraren senarrari zuzendutako eskutitza eskuan zuela, heriotzarako prest, nonbait.         Apartamentuko leiho zabaldutik uren sosegua aditzen zen. Hain bate itsasoa, duda gabe hurrena helduko zen galernak aztoramena sortuko zuen hirian. Urteroko ekaitzak gogoangarriak baziren, batez ere uda amaierakoak, arratseko ordu aurreraturen batean berebiziko indarrarekin heltzen zirenak, urte hartakoak eramanezina izateko itxurak zituen. Laurak paseak ziren, edonola ere, eta ezeren arrastorik ez zen.

        Apartamentu kanpoaldean kolpe lehor bat entzun ondoren poliki zabaldu zen atea. S.S.ko neskak herarekin ekarritako maleta arrastatu zuen eta beste bi maleten aldamenean paratu. Ez zuen ate ondoa uztea lortu, ezta egongelan behar bezala sartzea ere, Nora ikusi zuenean leiho aurrean, argiaren barruan, berari bizkarra emanez. Sebastianek ez zuen agurtu neska bere posizio umiliatutik, katearen ondoan, burumakur. Biek ere, senarrak eta emazteak, jendarteko ohiturak albo batera utziak zeuzkaten.

        Itsasoan bainua hartzetik zuzenean etorria, ura zerien neskaren ile luzeei. Ikastaroan zehar uniformea jantzarazten zioten eskolan eta ilea bilduarazi. Uda hasi orduko askatzen zuen ile luzea, ohartua zegoenez gizonek so egiten ziotela hari. Han zegoen, beraz, azkenik. Zer ote zen bere adineko nerabe batentzat errepidean ihesi zihoan autoarekin eta gasolina usainarekin amestea, kilometroak kilometroen atzetik.

        Bere adinarekin bat zetorren apartamentura eraman zuen jarrera, behintzat: gauzen muturrera joatea, araututako jokamoldeei jaramonik egin gabe. Aita uzten zuelako seinalea ausardian zekarren. Nola bestela apartamentura joan esandako ordu eta egunean, eta nola jasan emaztea han. Guztiaren gainetik behar zuen promesa errepikatuak, asteetan trazatutako ihesaldi planak.

        Neskagan arreta deitzen zuena haren adina zen. Nabari zitzaion umetasunaren akabua, hain goiz. Bere hasiera besteena baino azkarrago heldu zen eta uda hartan baino gehiago ez zuen antsia halakoarekin ezer begiratuko. Bizitza begien aurrean zabaltzen zitzaion. Han ziren jakin nahi basatia, begiradaren neurrigabea, lekuz kanpoko arreta, gose eskandaluzkoa. Nabarmena zen, agerikoa aitarentzat ez beste guztientzat, begietan zeraman irentsi beharra.

        Eguerdiko laurak ondo paseak ziren ordurako. Neskak ez zuen ezer zehatzik eskatu. Aski zuen, aldiz, gorputz arin eta malgua egongelan paseatzea, arreta bereganatzeko. Jaiki eta Sebastian besarkatu zuen. Besarkada Nora ez balego bezala izan zen.

        —Esan mate nauzula —eskatu zion, sufrimendurik adierazten ez zuen doinuan.

        Sebastianek burumakur jarraitu zuen.

        —Lagunik agurtu gabe etorri naiz —neskaren ahotsa arina zen eta ardura gabea—. Hobe dut urruntzen garenean idatzi. Postalak bidaliko dizkiet. Leku bakoitzetik bana.

        Ustekabean, burua jaso eta besoetatik heldu zion Sebastianek.

        —Nork ikusi zaitu hona etortzen —agindu zuen.

        —Inork ez —barre egin zuen neskak.

        Bechener jaunak ile bustiei erreparatu zien.

        —Itsasotik zatoz. Edonork begiratuko zizun maleta horrekin.

        Neskatoa irri harro batean nahastu zen.

        —Inor ez dago niri begira.

        Esaldi haren argitan erraz irudikatzen zen nerabea itsasertzean zipriztinka, toalla urrunduetako gizonen begiradapean. Zalantzarik gabe, ez zen Nora Bechenerren erakarmena berea. Zehaztugabea zen, baina hartantxe zegoen beranduago izango ez zena, orduan baino ezin izan zena, haurtzaroaren urradura. Sebastian besarkatu zuen beste behin. Haren posturak ez zuen ilusio nahikorik adierazten.

        —Goazen hemendik —eskatu zuen neskatoak irrikaz—. Atera giltzak, arrankatu autoa!

[..]

Atzera