Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Galtzerdi suizida

Landa, MariasunElkarlanean, 2001 Haur eta gazte literatura

Aurkezpena

        Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi nituzke hemen niri, bederen, sinestezinak eta harrigarriak iruditzen baitzaizkit.

Pasartea

        Gauak baditu bere biztanle bereziak, egunekoekin zerikusirik ez dutenak.

        Plinioren oinetik ikusia nuen guztia mahaiaren bi hanka eta beste zapata eta galtzerdi batzuk ziren, zurezko zorua eta inoiz zangoren bat. Horretara mugatzen zen nire esperientzia. Gauak, ordea, geranioak ezagutarazi zizkidan, ilargia, haizea, ingelesez egiten zuen arratoia, usnan zebiltzan katuak, tximista bezala pasatzen diren taxiak...

        Ni ohartzen nintzen hura gauez gertatzen zenaren zati ñimiño bat besterik ez zela, baina inoiz ez nuen imajinatu Kloti bezalako damarik bazenik, lurrean altxor harrigarrien bila ibili ohi zirenak, alegia. Eta are gehiago esango dut, sekula ez nuen pentsatu ni harentzat altxor interesgarri horietakoren bat izan nintekeenik: lurretik jaso eta adi-adi beha geratu baitzitzaidan.

        Horregatik esan dut lehen nik ez nuela ezer ikusten, baina Klotildek ikusi ninduela. Jaso egiten ninduela sentitu nuen, eta emakume haren aurpegia oroimenean betiko iltzatuta geratu zitzaidan. Egia esanda, sorgin itxura zuen, baina haren eskuek ukitu nindutenean, konturatu nintzen izaki gozo eta txeratsua zela. Klotildek arretaz behatu, laztandu eta garbitu egin ninduen. Gero, zurezko arrautza bat sartu zidan puntan, eta adabatu egin ninduen mimo handiz. Ez dakit nola deskribatu emakume alderrai hark eragin zizkidan sentsazioak. Gorputzaren gozotasun guztia eskuetan behar zuen; izan ere, ez ninduen estutu, ezta inolako minik egin ere. Printze bat bezala tratatu ninduen, edota printze baten galtzerdi bat bezala behinik behin. Lehen unetik konkistatu ninduen, eta pentsatu nuen hiltzea tokatuz gero haren esku artean hil nahiko nukeela. «Beti bezain erromantiko zu!», esango zukeen nire anaiak ikusi izan banindu. Baina, beno, jakina da harentzat nire kezka eta desira guztiak «inuzentekeriak» zirela.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera