Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Galtzontziloak autobusean zintzilik

Gorrotxategi, AritzErein, 2002 Nobela

Aurkezpena

        Kurtso amaierako bidaia batean Tuneza jauzi egin zuten hiru lagun euskaldunen eleberrian emandako kronika jasotzen du narrazio honek. Langabezia zain zuten itzuleran, eta nolabait, bazekiten sei egun hauek zirela tren berri bat hartu aurreko azken geltokia. Handik itzuli ziren pertsonak ez ziren, jada, hasierako berdinak. Tartean, labirintu moduko merkatuak, «dromedarioaren sindromea», bidaia turistikoak, Islama eta mezkitak, euskaldunaren beldur atabikoak, Tunezeko historia nahiz kondairak, taxi zaharrak eta auzune zuriak, kontsularen alaba edo emakume misteriotsu bat, Darth Vader eta Ben-Hur, infernua eta paradisua, erregateoak, etorkizun iragarleak, Ali-Babaren diskotekak eta musika arabiarra, oasiak eta txirotasuna, gizakiari buruzko gogoetak...

        Ekialdea ezagutzeko modu umoretsu bat planteatzen digute hiru lagun hauek. Ekialdea eta Euskal Herria, tuneztarrak eta euskaldunak, kontrastea etengabe bilatuz, hiru lagunak euren buruak biluzten ikusiko ditugu, haien zalantza eta miseriak azaleratuz. Azkenik, galtzaileen istorioa ere izan daitekeen honetan, euren buruez barre egiteko gai direla erakusten digute hiru protagonistek. Horrela izan ezean, absurdoa da bizitza.

Pasartea

Schnechnek jaunaren gorabeherak

 

        Euri zaparrada itzela izan zen gau osoan. Ekaitza eta trumoien burrunbak. Gu, ordea, ohean etzanda geunden, ahiturik. Telefonoak jo zuenean, ni izan nintzen lehena jaikitzen. Puntuala izateko «ohitura txarra» izan dut betidanik. Ederki damutu zitzaidan ganoragabekeria. Hasieran esan dudan bezala, aspalditik dudan mania txar bati jarraituz, arropak armairuan sartu ordez, poltsaren barruan utzi nituen, lurraren gainean. Goiz hartan, ordea, ezin zen lurra ikusi, uholde txiki batek estaltzen baitzuen dena. Paperezko itsasontzia baizik ez zen falta. Uholdearen azpian nire arropak aurkitu nituen, blai eginda. Ondorioa: ez nuen bidaiara joateko arroparik, soinean neramana izan ezik. Antton eta Julen esnarazi nituen. Fetoaren posturan zeuden biak, «banoa, banoa» esaten. Txartel berdea Txikiak zuenez, non nuen galdetu, eta aulki gainean zeuden prakak adierazi zizkidan. Karteratik txartela eskuratu, eta patrikan irristarazi nuen. Dutxan sartu ostean, burua argitzen saiatu nintzen. Gaueko irudiak jiraka zebilzkidan. Eskerrak zerbezak ez duen aje zitalik uzten, bestela... Ondoren, lehorrak zeuden arropak jantzi, eta txof-txof, gosaltzera jaitsi nintzen bakarrik, beste biak logelan utzita.

        Goizeko zazpiak zirenez, ez zegoen jende asko jangelan. Hura aprobetxatuz, janaritik hurbilen zeuden mahaietako batean eseri nintzen. Txartel berde bat zuen jargailuan. Kafe txarra eta zuku eskasa, goragalea eragiteraino ia. Handik puska batera Antton agertu zen.

        —Ikusi al duk nola dagoen gela? Akuario bat zirudik. Cousteau baino ez da falta.

        —Eta gu gaituk arrainak -erantzun nion nik.

        Julen dutxan zagok. Ez duk gosaltzera jaitsiko... Casanova.

        —Utzi bromak alde batera. Arropa busti egin zaidak. Utziko al didak kamisetaren bat?

        Buruarekin baiezko keinua egin zidan. Berandu genbiltzala gogorarazi ostean, logelara abiatu nintzen Txikia arrautza egosi batekin borrokan utziz.

        Motxila txiki batean beharrezkoak ziren gauzak sartu nituen. Baita galtzontzilo eta galtzerdi parea ere, bidaian lehortuko zirelakoan. Julen dutxatik irteten ari zen une hartan. Honek ere iruzkin bat egin zuen uholdeari buruz. Baita kontsularen alabari buruz ere. Ni, ordea, haserre nengoen. Lezioa ikasi dut behintzat. Burua iturripean berriro freskatu eta berehala, beherako bidea hartu nuen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera