Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gau bat gauekoen artean

Garzia, JoxerraErein, 1988 Haur eta gazte literatura

Pasartea

1

    Munduan beste asko bezala bizi zen Martin herri txiki batean ama, aita eta amandrearekin.

    Goizean eta gauean bakarrik ikusten zuen Martinek amandre Joxepa; lotarakoan eta esnatzerakoan. Aita, berriz, ez zuen iluntzera arte ikusten, baina nahikoa lan bazuen egunean zehar etxean amari laguntzen, mandatuak egin eta jolasten, beste ezerekin akordatzeko.

    Ilundu bezain azkar afaldu eta joango zen amandrea sutondoko aulkira. Eskukada bat gatz sutara jaurti eta keinu egingo zion Martini, inguratzeko. Haretxen zain egoten zen Martin. Sukaldeko mahai handitik altxa, eta aita-ama isilak bertan utzirik, korrika joango zen amandrearen altzo epelean eseritzera.

    «Munduan beste asko bezala...» hasiko zen gero amandre Joxepa baju-bajutik, eztia baino ahots eztiagoz gaueroko ipuina kontatzen.

    Amandrearen hitzen doinu gozoan kulunkaturik, berehalaxe hartuko zuen loak Martin, amandrearen ipuina lehen ametsarekin batuz.

    Hasi, bazekien Martinek amandrearen ipuin guztiak «Munduan beste asko bezala...» hitzekin hasten zirela. Ez zuen, ordea, ipuin osorik ezagutzen, behin ere ez baitzion amandreari amaierara arte entzun ahal izan. Beti ipuin bera kontatzen ez zionik ere ezin segurta zezakeen, esan bezala loak hartzen baitzuen ipuina hasi eta berehalaxe.

    Gero kontuz-kontuz hartu, altxatu, eta eskilaretan gora eramango zuen amandreak Martin, poliki-poliki, iratzartzeko moduko mugimendurik egiteke, ahapetik kantu zahar hura kantatzen ziolarik:

   

    «Loa, loa, txutxurrun berte

    Loa, loa maxusta,

    aita guria abiatu da

    Bitoriako ferira...»

   

    Eta biharamun goizean esnatzean, hantxe izango zen amandre Joxepa, Martinek begiak ireki orduko «Egun on, bihotza, zer moduz lo egin duzu?» galdetzeko, ipuinen batetik aterea zirudien bere ahots ezinago eztiaz.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera