Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gauzaren hitzak

Azurmendi, MikelEdiciones Vascas, 1978 Nobela

Pasartea

        Lanera abiatzeko hiru ordu laurden falta zitzaizkidan oraindik eta kafe Melita kargatu bat egiteko bost bat minutu aski zen. Arroz platera fregaderara eraman nuen, lehenago ogi apurrak bertaratuz eta lurrean neukan serbileta jasoz. Eltze txikian ura berotzen jarri eta gero frigorifikotik yogourth bat atera eta jaten hasi nintzen. Joxeri deitu ez banio, pelota oraindik nere eskutan izango nuke eta kalean enkontru fortuitoren bat oraindik asma nezake, zeren nahiz semearekin joan, oraino ere Joxe Paseo Berrira sarritan joan ohi dela ba dakit. Halere ez nuen kaialdean topatu beharko, halako batek fortuitorik ezer ez zukeelako: behin gertatu den antzera berriz ere gerta arazten baduzu, gauzak premeditazioaren kutsua hartzen baitu, haur batekin jolasean ez-ezik: hamar aldiz toki berean haurrari bakarrik izkuta zakizkioke-eta. Baina Bateria de las Damasko hartan ez zen azaldu. Bederatzi t'erditan zakur bat igo zen eta Aquarium gaineko terrazako ertzetan usnatzen hasi zen pisa egiteko leku egokiren baten bila-edo. Erdi aldean aurkitu zuenean, txorrotada bat egin zuen, atzekaldeko ezkerreko hanka busti gabe zihur aski. Soldadu bat koarteletik zakur batekin ez dela irtetzen banekien, baina zenbait zakur galduk edozein hartu ohi du adiskidetzat; Ravenan gosaldu gabe eta daukadan gonarik ederrenaz apainduta belar bat eskutan zai nengoela, zakurtxo bat adiskidetu zitzaidan, eta egin ahalak eta bi egin arren, ezin izan genuen guregandik uxatu. Cafeteria batetara gurekin sartu zen, gero gure atzetik zetorrelako piszinara ez ziguten sartzen uzten, eta gurea ez zela aitortu arren, ez ziguten sinetsi nahi izan, hain guri lotuta baitzirudin. Azkenean zakurra han ez bastertzea erabaki genuen eta ez genuen geure bikiniak jantzi ahal izan. Elène zegoen campingean ez ziguten horratio zakur xuri hartaz deus ahitatu eta dendako lona naranjaren itzalpean egon zitzaigun Elènek eta biok elkar maitatzen genduela ixil-ixilik entzuten. «Virgule» bataiatu genuen zakurra, gu biok zakurtxo haren presentziak bakarrik taldekatzen gintuelako. Gauean monjen konbentura Virgulekin sar nendila gomendatu zidan Elènek, «c'est un bon alibi, tu verras», eta monjen istilu guzia zera izan zen, zakur bat leihotik ikusirik ea nola gosaria utz nezakeen zakur harekin egun osoa botatzeko. Virgulen ixtoria hori kontatu niolarik, Joxek esanda dakit zakur bat betidanik koartada ona izan dela. Azkue adibidez, klandestinitateko joan-etorriak zihurrago izan zekizkion, kotxez xagu-zakur xuriska baten konpainian mugitu ohi zen eta kontroletan berdegrisen atentzioa zakurrarengana erakartzen saiatzen omen zen.

        Zai nengoen ea kaiaren inguruan edo beste nonbait zakur hura soldaduari erantsi ote zitzaion, baina kainaberaren punta bat iskilaratik gora azaldu zen orduko, arrantzale baten zakur pixontzi bat besterik ez zela jakin nuen. Gero euria berriro eta ezer ez gehiago. Hamarrak inguruan emakume gazte bat haur batekin igo zen eta zuzen-zuzen ezkerretara jo zuten. Terrazara. Norbaiten zai zeundela zirudin, edo gutienez norabaitera joateko asmotan zitezkeen eta berant ez ziezaien-edo erlojuari behin eta berriz begiratzen zion emakumeak. Hamarrak eta hamabitan soldadua etorri zitzaien emazte semeari eta besarkada orokor batek lotu-loturik jarri zituen «M» gainean itsasoari begira. «Haurrak katarro bat harrapa dezake» izan zen nere pentsamendurik bizkorrena eta hirurak maite nituela kanprenitzen hasi nintzen.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera