Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gertakarien lekuko

Alvarez Enparanza, Jose LuisHaranburu Editorea, 1985

Pasartea

Gero eta ziurrago

(1969)

 

        Joan dan Apirilean berri garrantzitsu bat izan da munduan; baina hots haundiago egin dute beste mila gertakari xumek nik aipatuko dudan albiste ondoriotsu hunek baino.

        Van de Kamp holandatar astronomoak, 1937 ezkeroztik jakintzasail hortan gogoz lanegin ondoren, bere helburua lortu du. Alegia: gure planeta-sistema, eguzkiaren ingurukoa beraz, ez da bakarra izartegian. «Barnard» deritzan izarraren ingurutik, karkulu-bidez Van de Kamp'ek erakutsi duenez, gutxienez bi planeta daude.

        Aski ote da, ordea, karkuluz hori frogatzea? Irakurleren batek hori pentsatu duke beharbada bere kolkorako.

        Bai. Aski da. Astronomian karkulu-bidez egiztatzea, egiztatu egitea da. Barnard izarraren ingurutik, beraz, nahiz oraindik ez geure begiez ikusia, planeta-sistema bat jiratzen dala egiztaturik dagoela esan dezakegu. Gauza berbera gertatu zan Neptuno deritzan planetarekin: teleskopioz ikusi baino lehenago karkuluz jakin zan planeta bat zegoela. Leverrier astronomoak 1845-ean, Urano planetari buruzko karkulu hutsen bidez, beste planeta bat ba zegoela frogatu zuen, eta nun aurki zitekean ere xehetasun guziez azaldu zion Galle zeritzan Berlin'go astronomoari; eta hunek, bilaka hasi berria, 1846-eko irailaren 23-an, Leverrier'ek esandako barrutian aurkitu zuen anartean ezagutzen ez zan «Neptuno» planeta iluna.

        Karkulu-bide berberetik aurkitu zan «Pluton» deritzan planeta ere. Kasu huntan, halere, Lowell astronomoa (karkulu-bide Pluton'en izatea eta hildoa egiztatu zituztenetatik bat) teleskopioz planeta berria ikusia izan baino lehenago hil zan; Pluton planeta urruna 1916 arte ez baita ikusia izan. «Sirius» izar argitsuaren bizkia ere (ilun xamarra hau, gaur «ikusia», urte askotan «karkulatua» izan zan soilik. Eta horrela beste anitz. Barnard-izarraren ingurutik, beraz, segurantzia ba dugu orain, planeta-sistema bat dago. Van de Kamp'ek egiztatu duenez, planeta horiek urrutiago daude Barnard-izarretik gure Lurra eguzkitik baino: Marte eta Jupiter'en paretsu, gutxi gora-behera azaltzeko.

        Gure galaxian, jakina danez, ehun mila miloi izar daude; eta, jakina danez ere, gure galaxia ez da izartegian bakarra, eta ez gutxiagorik ere, miloika baitaude galaxiak berak. Hortara gauzak, planeta-sistema bakar bat dagoela pentsatzeko (geurea ez besterik, hain zuzen!) izpiritu-zabalera oso txikia behar da izan... Aspaldidanik astronomo guziek uste dute planeta-sistema asko dagoela geure galaxian bertan; eta gauza bera urrutiko beste galaxia galdu horietan.         Iritzi huntakoa da Fred Hoyle astronomo ezaguna: «Hortaz, izarrik gehienen inguruan planeta-sistemak daudela pentsatzen hasi behar dugu». Izar baten inguruan planeta-sistema bat jiratzea normala zaio hain zuzen, eta ez batere harrigarria. Gauza berbera uste du Vilowsky astronomoak: «Gure ustez, F2 baino aurrerago dauden izar guziek dute planeta-sistema bana».

        Orain, dana dala, uste maila hortatik atera gera; eta ziur da Barnard-izarraren ondoan bederen planeta-sistema bat dagoela. Eta, Van de Kamp'ek berak egiztatu duenez, planeta bakar bat gutxienez beste hamar bat izarretan ere segurutzat jo diteke.

        Hunek garrantzi haundia du nere ustez.

        Baldintza batzuk betetzen diralarik, materiak berez ematen du bizia; eta planeta batzutan bizi-baldintza horiek gertatzen dira. Beste planeta-sistema anitz dagoela egiztatuz (eta lehenengo urratsa egitean, Van de Kamp'ek urrats zailena egin duela garbi dago), izartegian bakarrik ez gaudela gero eta ziurragotzat har diteke (edo hartu behar da!). Gau izartsuetan ez bide gera gu bakarrak hortzera so, eta eskergatasun ixil hortan txundituak.

        Munduari buruz dagoen teoria asko koloka gelditzen ari dala gauza nabarmena da. Ezagutzen dugun arima-kinka ez da inundik ere bitxia. Gizona ez baita itsua; ez arras bederen!

 

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera