Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Pasartea

        Beste egun bat da gaurkoa. Parkeko lagunak han dabiltza beren txoko ederrean. Eguraldi gozoaren patxadan daude, hizketan. Eta berriro gure adiskide Gloria zurrungaka:

        —Zurrunnnn, zurrun...

        Jarrek errespetuz begiratzen dio:

        —Gaur oso gau txarra pasatu din Gloriak.

        Lekuk, hala ere, gaueko kontuak ez ditu ahaztu:

        —Gaur oso gau txarra denok pasatu dinagu.

        —Bobi babu horrengatik denok gaizki... —Zakarrontzi gaizki sentitzen da lo gutxi egiten duenean.

        Baina Arbolak Bobi erdi itoaren aurpegiarekin egin du amets:

        —Bobi babuak berak ere ez zian ondo pasatuko.

        —Bobi babua babua dun, eta babuak babukeriak egiten ditin, eta pertsona normalok jasan behar izaten ditinagu.

        Zakarrontzik, behin batez, Iturriri bere ziriketen ordaina emateko burutapena izan du:

        —Eta gu pertsona normalak al gara ba?

        Iturriri ez zaio gustatu beste inork bere-berea duen jokabidea hartzea:

        —Hi behintzat ez! Hi zakarrontzi nazkagarri bat besterik ez haiz!

        Eskerrak Arbolak badakien bakea egiten. Solemnitatez gogorarazten die Gloriaren poemaren hasiera:

        —«Normaltasuna, zorotasun era kontrolatua da».

        —Aupa, Arbola!, ondo ikasi dun Gloriaren poema. —Meritu handia iruditu zaio Zakarrontziri horren memoria ona izatea.

        Baina beste batzuek ere badute, Jarrek eta Lekuk jarraia ematen diote:

        —Adi zintzoari...

        —...ausart ikaragarria baita.

        Poema esaten ari diren momentu horretantxe, Gloria esnatzen hasi da, eta Peru, eskuetan Bobiren eskuargia duelarik, gure lagunen txokoan agertu da. Hari begira jarri dio Gloriak amaiera poemari:

        —Nik miretsi egiten dut...

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera