Donostiako euskal idazleak

Bilatu

Bilaketa Kronologikoki

Gorrotoa lege

Etxaide, Jon, 1964 Nobela

Aurkezpena

        Oñaztar eta Ganboarrak: Erdi Aroan Euskal Herria odolez eta zoritxarrez bete zuten bi alderdi etsaituak, izenez kristauak izan arren gorrotoa eta mendekua beste legerik onartzen ez zutenak. Garai gogor eta hits horretan girotu zuen Etxaidek bere eleberri eder eta mamitsu hau, 1962an Euskaltzaindiaren «Txomin Agirre» saria irabazi zuena . Butroe eta Abendañoko jauntxoak elkar txikitu beharrean heriosuharrezko borroketan dabiltzan bitartean, Jaun Matxin Olasoko altxatuko da basakeriaren erdian, gorroto harroaren gainetik bi taldeen arteko adiskidetasuna lortu nahian. Gaur egun ere balioa gordetzen duen bake-mezu kristau horrez gain, abenturaz beterik kokontakizun bizia egin du egileak: hilketak eta erreketak, hitzarmenak eta traizioak... Osagai horiekin guztiekin epopeia bat biribildu du Etxaidek, urteak iragan ahala gure literaturaren klasiko handia bihurtu dena.

Pasartea

        Egun sentia zen Butroeko talai-gizonak bere kanpai eta adar-hotsak jo zituenean zaldun bitxi baten etorrera iragarriz. Eguna ongi argitu gabea egonarren, delako zalduna, eginahalean zetorren, aztalak jo eta zizta, lauazka bizian, abere gaisoa akabatu beharrez. Gaztelu atarira heldu zenean, zaldia bat-batean geldiarazi zuen eta honek, atzeko hanken gainean zut-zutik geldituz, ia-ia ipurdiz gora boata zuen zalduna. Honetatik igarri zion talai-zaindariak, nekez zitekeela zaldun edo eskutari, hauek trebeagoak baitziren zaldia beren gisa hezten. Arrotzak, arnas estuz mintzaturik, bere buruaren berri eman zion talai-gizonari:

        —Orti Beltza deritzat eta Onzalu Butroekoren morroi naiz, Begoñako gaztelutik ihes nator... —Etenaldi bat egin zuen arnasa lasaiagotu zekion—. Otoi, jaits iezadazu zubia, Jaun Gomizekin mintza nadin.

        —Jaun Onzaluren partez al zatoz? —Talai gizonak mesfidantzaz.

        —Bai... eta ez. Baina, zubia aguro jaisteko agindu, talai-gizon horrek, Jainkoarren!

        —Esan iezadazu aurrena, Jaun Onzaluren mandatari zaitudan ala ez.

        —Bere morroia naizela esan dizut. Ondikotz, berak ez du abagunerik izan ni mandatari bidaltzeko eta neronen kabuz etorri naiz. Baina, Jaungoikoarren! jaits-iezadazue zubia eta ideki atea, baldin zuen Jaun Onzalu hilotzik ikusi nahi ez baduzue!

        —Gure Jaun Onzalu hilotzik? Zer gertatzen da, ba?

        —Zer gertatzen den jakin gura baduzu, ideki ate hori lehenbailehen eta ez nazazue nire onetik atera. Begoñako gaztelukoak salbatu nahi baditugu, ez dago une bat galtzerik.

        Talai-gizonak une berean arrisku hotsa jo zuen bere turutaz eta zubia jaisteko agindua eman zuen. Zurezko pasadizua jaisten zen artean, beronen ontzek karranka latz eta bizi bat atera zuten, gurdi-ardatza koipetu gabeak bere jira nekosoan igurtzika atera ohi duenaren antzekoa eta handik laster, Orti Beltza izenarekin aurkeztu zaigun gizasemeak, ate-sarrailak idekitzearen burdin-hots gozakaitza sentitu ahal izan zuen.

        Jaun Onzaluren zerbitzariak arnas batean igaro zuen hobi gaineko zubia eta gazteluan sartu bezain laster, eskaratze dotore batean aurkitu zuen bere burua. Aurrez-aurre, goardiako kapitana bistatu zuen dozenerdi bat gudariz lagunduta, eta gazteluko morroi batek oliozko argiontzi bat pizten zuen artean, kandela argal batzuek txepelki ematen zuten argia gehitzeko, bere gibelean berriro ere entzun zuen —ziega batean preso sartzen dutenaren irudipen zarrastagarria sentituz—, zubiaren ontzek, altxatzerakoan, egiten zuten kirrinka garratz eta gozakaitza eta atearen sarrail hotsa, isterakoan, giltzari eragitean.

        Krisailuaren argitasunean, kapitanaren eta bere gudarien gizatankerak begietan gardenki islatu zitzaizkion, baina, euren irudi irmoak bere baitan ausnartu ahal izateko betarik ez zuen izan, begiak jaso orduko kapitanak galdegin baitzion:

        —Nor zaitugu eta zerk zakartza desordu hauetan?

        —Berriz ere galdera horrekin? —ekin zion Jaun Onzaluren mandatariak minduta—. Lehenago ere esana naiz Orti Beltza deritzadala, Jaun Onzaluren zerbitzaria naizela eta haren bizia salbatu nahiak nakarrela.

        —Zer gertatu da, ba, Begoñako dorretxean?

        —Gaur goizeko hiruretan, Jaun Peru Abendañokok eta bere gizataldeak, Jaun Txordon Arzeitz Leizamonekoren gazteluari eraso diote eta sarraski ikaragarri bat egin ondoren, jauregiari su eman. Ni Jaun Txordonen baratzezaina naiz eta neure etxetxoa dorretxetik apartetxo dagoelako, ene mainadarekin bizirik atera naiz, eta aurrena egokitu zaidan zaldia zelatu eta parte ematera etorri natzaizue.

        —Inor bizirik gelditu ote da? —galdetu zion kapitanak bekozkoa ilunduta trajediari igarriz.

        —Ez jakin, dena gau ilunean gertatu baita... Ez dakit inork lortuko ote zuen itzul egiten, baina ez deritzot, zeren gaztelua jende sail ikaragarriaz inguratu baitute.

        —Zenbatsu ote ziren?

        —Hori ezin esan, baina, zazpirehunetik milara baietz egingo nuke.

        —Barka —ekin zion Antso Iturriko kapitanak, horrema baitzeritzan mintzatzen zitzaion gudariari—, baina, zuhurki jokatzea behartua nago. Jaun Gomiz gure nagusiak etsai asko du eta berarekin egon aintzin miatu egin behar zaitugu, iskilorik gordean daramazunentz.

        —Nik iskilorik? Zertarako baina?

        —Jaun Gomizen etsaietakoa bazinateke, bera hiltzeko.

        —Baina, jaun kapitaina, ni zuen adiskide naiz.

        —Zuk hala idozu, baina, nik ez dakit, ez baitzaitut ezagutzen. Hemengo legea da Jaun Gomizekin egon behar duten pertsona desezagunak oro beren iskimoak kapitanaren eskuetan uztea, eta oker ez banago, berarekin mintzatzeko eskabidea egin duzu.

        —Bai, horixe, eta betarik galdu gabe gainera hitz egin behar dut. Beraz, har beza (ezazu) nik daramadan iskilo bakarra —eta hau esanaz, gerritik zintzilik zeraman aietz bat eskuratu zion.

        —Barka berriz ere, baina ez da aski; neure gudariek miatu egin behar zaitute —eta bi gudariri agindua eman zien—. Miatu errespetuz baina ongi arropa azpiak gizaseme honi, iskilo txipirik bit ote daraman gordeta.

        Bi gizonek aztertu zuten gure mandataria goitik behera; haizto bat aurkitu zioten zurabulen sakeletan eta kapitanari eskuratu zioten. Orti Beltzak protestatu zuen berriz ere eman zioten tratuaz, baina, Antso Iturrikok esan zion, arren, ez gaitzesteko bere jokaera eta lasai egoteko; segurtamenduzko neurriok nahi eta nahi ez hartu beharrekoak zituztela, baina horregatik bera ez zeukatela etsaitzat. Gainera, kendutako tresna guztiak berriro itzuliko zizkiotela ateratzekoan.

Idazlearen beste liburu batzuk

Atzera