«XX mende bukaera honetako euskal literatur aberatsaren ekipoa osatzen dutenen arteko fotografian badu bere jokoagatik leku berezia Joxeagus Arrietak. Hogei urte pasatxo hasi zitzaigula plazaratzen prosa malgu, trinko eta iradokitsuz bere irudimenaren oparoa. «Bidaia-Termitosti» (1978) Ustela Sailan bide aitzindari izan zen, Koldo Izagirre eta Ibon Sarasolarekin batera. Ondoren, «Abuztuaren 15eko bazkalondoa» (1979), eta «Manu Militari» (1987) eleberri mardulak aurkeztu zizkigun, suertatu zaigun bizi latz, garratz, eta trajikoaren adierazgarri. Hor dugu ere, Marguerite Yourcenar-en «Hadrianoren Oroitzapenak», hain zail den itzulpena laudorio gorenez burutzea lortu duelarik euskal irakurleon gozamenerako.
Zure irrian dut, maltea / neure tristuren galbaea, «Arrotzarena Neurtitz neurgabeak» (1983) poema liburuan zioskunetik, zalantzez eta gogoeta sakonez beterik, hor ditugu, besteak beste, lekuko «Bertso paper printzatuak» (1986) eta «Mintzoen Mintzak» (1989)-. Eta bide luzea burutu du Arrietak hemen maisuki ematen dizkigun «Peru Abarkaren Apokrifo markinarraz» ondu elkarrizketetaraino. Poetika propioaz egiten duen hausnarketa berezi, zehatz eta zorrotzeraino. Estetika light-etarik urrun, ur gaineko bitsetan galdu barik, sakon-sakoneraino pulunpaturik, izkutatu gabe beste idazleek diotena eta hauei dien zorra, bere eta geure eginez baizik hizkera ederrean, barne ahots eta deiei tinko eutsiz, oreka, edertasuna bilatzen saiatu zaigu honakoan eta lortu ere egin du egungo poesiaren ortzertza islatzen saiatuz «Graffitien Ganbara»-n».
Patri Urkizu
Aldiri arrotza
erdi-guneko kaosetik apartean.
Baina taxi-bozinak hemen ere.
Tailer bakanen burrunbada artean.
Lautada horiska
etxe-bitartetik ertikusia.
Telefono eta elektrizitate posteak
mugarri.
Kanposantura doazen
egunean eguneko kotxe funebre
tantakariak.
Besterik ez...
(karretera jenerala
bestaldera behar du).
Txirriten tenorea
arratsalde lamadatsuan.
Kirrinka hozkigarria
motorren eztul lakarrek estalia.
Ez dakit non nagoen.
Hesiaz bestaldera hausnarrean ari den behi horren
begirada bera daukat:
mika beltza pausatu da
kanposantuaren atalasean.